Abenduko izarrak

sábado, 14 de abril de 2018

Ministerioak eta kleroa



Jose Maria Castillo
 
Jatorrizko agerpena: "Revista Latinoamericana de Teología" 33 (1994) 267-284, San Salvador 

Lan honetan esango dodanaren abiapuntua da egitate bat, Eleizearentzat ezaguna bezain mingarria dana: azken hogeta bost urteetan, 95.000 klerigok itxi dabe ministerio ordenatua. Beste alde batetik, abade-bokazinoen krisia eleizbarruti eta kongregazino erlijioso ia guztietan jazo da, eta horregaitik seminario eta nobiziadu askok itxi egin dabe edo kide gitxigaz geratu dira. Ondorioz, abade-kopurua ikaragarri urritu da ia Eleiza osoan. Eta halan, gaur herri eta parrokia asko meza barik geratu dira domeketan. Eta badira gune txiki batzuek, batez be Latinoamerikan, eukaristia urtean bi edo hirutan baino ospatzen ez dabenak. Beste alde batetik, abade askok domeketan lau edo bost meza emon behar izaten dabez, eta horrek errutina eta nekea dakartso meza-emoileari, ezin ditualako behar dan denpora eta atentzinoagaz eleiztarrak prestatu eta ospakizuna egin.


Beste alde batetik, egoera hau txarragora doa Eleizean. Kleroaren batez besteko edadea ikaragarri igon da, eta halan eleizbarruti askotan edade hori 50 urtetik oso gora dago. Horren ondorioa da, edo abade-bokazinoak ustebako hazkunde bat daukiela, edo datozen hogei urteetan abade-kopurua erabat urrituko dala Eleizean, fidelentzat egoera guztiz eroanezinak sortuz.

Kontu honen beste atal bat da kleroaren kontra dagozan kritikak. Egia da kritika horreetako asko antiklerikalismotik datozela, gure gizarteko hainbat girotan oso errotuta dagoen antiklerikalismotik. Baina hori autortuta be, argi dago borondate oneko pertsona asko Kristogaz eta Ebanjelioagaz guztiz identifikatuta sentitzen dirala, baina ez datozela bat kleroagaz eta bere portaereagaz (1). Hori halan izanik, kontu oso funtsezkoak planteatu behar dira: instituzino jainkotiarra da kleroa?, gauza bardina da kleroaren ganean egitea eta Eleizearen ministerioen ganean berba egitea?, irudikatu daiteke Eleiza bat ministerio bariatuakaz baina klero barik?, zer da onargarria eta zer onartezina kleroaren gaur eguneko errealidadean? Ondino gehiago, posible da Eleiza bat benetan askatzailea, gaur dagoan moduko kleroagaz?

Jakina, itaun honeek egitean Eleizearen bizitzarako oso funtsezkoak diran kuestinoak planteatzen gabilz. Azken baten, kontua da ulertzea zer dan aldaezina eleiz ministerioan eta zer dan aldagarria, edo akaso aldatu beharrekoa, ministerio horretan.

1. Eleiz ministerioan aldaezina dana

Eleiz ministerioa funtsezkoa da Eleizean, apostolizidadea funtsezkoa dalako Eleizean. Eta apostolizidadeak exijitzen dau oinordetza apostolikoa, zeina historikoki oinordetza episkopalean gauzatu dan eta gauzatzen dan (2). 

Horregaitik, hierarkia Eleizearen jainkozko egituraren elementu bat da. Eta horrek esan gura dau eze ministroak egotea, eleiz komunidade bakotxean ofizialki ezarritako ministroak, Eleizearen egituraren parte bat dala.
Horregaitik, esaten dodanean eleiz komunidadeetan ministerioak eta ministroak egon behar dirala, ofizialki ezarritakoak, esan gura dot egitate hori ez dala bakarrik Eleizearen eta komunidade bakotxaren antolaketari jagokon kontu bat, ezpadaze, hori baino lehenago, Eleizearen egituraren funtsezko osagai bat dala. Halan non komunidade batek uko egingo baleutso, ez holako edo halako ministroari, ezpadaze ministerioari berari, itxi egingo leuskio, horregaitik beragaitik, benetako eleiz komunidade izateari (3).

Baina esandakoak konkrezino handiagoa behar dau. Ezer baino lehen, garrantzitsua da kontuan izatea eze Eleizearen ministerio ofiziala, beste gauza batzuen artean, bere-bereak dituan botere batzuek ezaugarritzen dabela. Botere horreek, Trentoko Kontzilioaren doktrina ezagunaren arabera, dira eukaristia ospatzeko eta presiditzeko boterea eta pekatuak sakramentalki parkatzeko boterea (4). Jakina danez, gaur badira teologo batzuk defenditzen dabenak laiko batek eukaristia presiditu leikela salbuespen-egoera batean, hau da, eleiz komunidade batek ez daukanean presidentzia horretarako ministro ordenaturik. Eleiz agintaritzak ez dau onartzen aukera hori. Eta edozein kasutan, beharrezkoa da kontuan izatea Vatikano II Kontzilioaren irakatsia, alegia, "fidelen abadetza komuna eta abadetza ministeriala edo hierarkikoa bata bestearen osagarri dira, nahiz eta bakotxak modu partikularrean hartzen dauan parte Kristoren abadetza bakarrean. Euren arteko diferentzia funtsezkoa da, ez bakarrik graduala" (6). Eta kontzilio berak diferentzia hori ulertzen dan esanez abadetza ministerialak "gauzatu egiten dauala sakrifizio eukaristikoa, eta fidelek, barriz, euren abadetza errealaren birtutez, asistitu egiten dabela Eukaristiaren oblazinora" (7).

Ganerakoan, berbakera kontziliar hori guztia zabalik dago geroko zehaztapenetara, ze "abade" berbea erabilten dau Eleizako ministroak adierazteko. Baina badakigu berbakera hori Testamentu Barritik kanpo dagoala, hark, geroago azalduko dodanez, kontu handiz ebitatzen daualako eleiz komunidadeko ministroei "abade" berbea aplikatzea. Eta horrek esan gura dau, jakina, eze "abadetza" kontzeptua, "sakratu" kontzeptuari jagokonez eta "profano" kontzeptuari kontrajarria dan heinean, ez dala eleiz ministerioan aldaezina dan eremukoa.

Aldaezina, ministerio honetan, da gotzainak egotea, apostoluen oinordeko diran neurrian. Eta baita ministroak be egotea, zeinak gotzainaren esku-ezarpena jaso daben eta, ondorioz, gaituta dagozan eukaristi-ospakizuna presiditzeko eta pekatuak sakramentalki parkatzeko.

Alabaina, eleiz ministerioa berez danaren errealidade hori, aldaezina eta sinplea, modu askotara eroan daiteke praktikara eta bizi daiteke. Zehazki, forma bitan bizi daiteke funtsean: edo Eleizako ministro guztiek eleiz instituzinoaren funtzionario-kidego bat osotuz, eta orduan  kleroa daukagu; edo Eleizako ministroak Jaungoikoaren seme-alaben askatasunean bizi daitezen itxiz, exijentzia bakarrak diralarik euren komunidade-zerbitzutik (ministeriotik) datozenak, beti be kasuan kasuko gotzainaren buruzagitza eta zuzendaritzaren pean, fedea oinarri dala. Kasu honetan, ez geunke klero bat eukiko, ezpadaze komunidadeak behar dituan ministerioak besterik ez.
Printzipioz, bereizketa hau bitxia iruditu leikigu, akaso harrigarria, are ezinezkoa be. Hain ohituta gagoz kleroa ministerioakaz identifikatzen, eze gauza biak bereiztea ezinezkoa egiten jakun. Halandabe, nahikoa da gogoratzea eze, Testamentu Barriko idazkietan, ministerioez berba egiten dala luze, baina ez dala aitatzen ezertarako kleroa. Eta ez da berba kontua, laster ikusiko dogunez.

Jakina, azaldu dodan planteamenduak beragaz dakar ezabatu egin behar dala ministerio klerikalen eta ministerio laikalen arteko bereizketa. Ministerio guztiak izan behar dira laikalak, hau da, laosen (Jainko herriaren) ministerioak. Ze kleroak, azalduko dodan zentzuan eta egingo dodazan zehaztapenak, desagertu egin behar dau.

Baina, barriro dinot -parka bekit errepika-, kontua ez da zalantzan jartzea Eleizearen egitura hierarkikoa. Ezta be ukatzea ministroen beharrizana, zeinak obispoaren esku-ezarpenagaz gaituta geratzen diran eukaristia konsagratzeko eta pekatuak sakramentalki parkatzeko. Kontua ez da, orduan, ezeztea essentia eta non gradu bereizketa esku-ezarpena jaso daben ministroen artean eta fidelen abadetza komunean parte hartzen dabenen artean. Kontua da Testamentu Barriaren jatorrizko inspirazinora itzultzea. Halan deskubritzeko eleiz ministerioaren autentikotasuna. Eta aurkitzea be bide bat, konpontzeko kleroak bizi dauan krisiagaz Eleizeari planteatu jakon problema larria.

2. Ministerioetatik klerora

Jakina danez, Testamentu Barriak ez dau berba egiten "abadeen" ganean eleiz komunidadeetako zuzendari modura, ezta aitatzen ezertarako "ordena" edo "ordenatuak" Eleiza barruan, ezta berbagai hartzen eleiz zelibatua, ezta azaltzen zelan izendatu eta prestatu behar diran komunidadeko ministroak, eta ondino gitxiago dau hizpide zelan izan behar diran gotzainaren eta presbiteroen arteko hartuemon ekonomikoak. Egoera hori holan mantentzen da bigarren gizaldi osoan zehar. Jakina, nik oso ondo dakit ezin deutsagula eskatu Testamentu Barriari hark emon ezin dauanik. Eta batez be guztiz sinestuta nago Eleizearen bizitza ez dala gobernatzen Bibliaren letra hutsagaz, ze tradizinoa eta garapen dogmatikoa aberastasuna dira Eleizearentzat. Hori guztia argi dago eta ez dauka eztabaidarik. Baina hemen itandu behar dana da ea gero izan dan eboluzinoa, Testamentu Barriko ministerioetatik gizaldiak geroago sortu zan klerora dagoan eboluzino hori, ea koherentea dan kristautasunaren hasierako inspirazioagaz, edo, hori barik, ea lehen orduko originaltasun haren degenerazio-prozesu bat dan. Jarraian egingo dodan azterketak emongo deuskuz auzi honi erantzun ahal izateko beharrezkoak diren elementuak, kontu honetako auzi zentrala dan ezkero. 

Esan dot ministerioaren eboluzinoaren emoitza dala kleroa. Ebaluzino hori astiroa izan zan eta zazpiehun urte behar izan dira osorik gauzatzeko. Baina gaur gaur deskribatu geinke zer elementuk esku hartu eben eboluzino horretan eta zer elementuk ekarri eban emoitza modura instituzino hori, kleroa. Eboluzino honetan emon ziren pausoak honeek dira.

2.1. Abadetza 

Gaur ziurtasun osoz dakigu Testamentu Barriak kontuz ebitatzen dauala "abade" deitzea kristau-komunidadeetako ministroei. Eta orokorrean saihesten da hiztegi sakrala erabiltzea ministroak izendatzeko. Hau da, ez da bakarrik "isiltasunezko" argudio bat, alegia, Testamentu Barriak ez dauala berba egiten "abadeez" Eleizako zuzendari modura. Kontua da, batez be, Testamentu Barriaren egileek kontuz ebitatzen dabela "abade" deitzea komunidadeetako ministroei (8). Egoera hori holan mantendu zan bigarren gizaldi osoan zehar (9). Hirugarren gizaldian, barriz, Hipolitoak Tradizio Apostolikoan (10), Tertulianok (11) eta batez be Ziprianok 147 testutan (12), "abade" berbea erabili eben Eleizako ministroak aitatzeko. Ordutik aurrera, izendapen hori orokortu egin zan.

Garrantzitsua hemen da ulertzea ez dala hiztegi kontu huts bat. Baldin eta Testamentu Barriko egileak berariaz gura izan ez baeben "abade" deitzea Eleizako ministroei, horrek esan gura dau eze egile hareek ulertu ebela berba hori desegokia zala adierazteko kristau-komunidadeko ministro ziranak. Izan be, "abade" berba "sakratu" bat da, kondizino eta kualifikazino "sakratu" bat adierazten dauana eta besteakandik bereizita eta bananduta dagozan pertsonei aplikatzen jakena, honeek "profanotzat" joz. Ganera, "abade" kondizinoak beragaz dakar "dignidade" bat eta "ohore" bat, eta ondorioz, abadea besteen ganetik dagoana da. Ahaztu barik "abadeak" beragan dauala Jaungoikoaren eta gizonen arteko "bitartekari" kondizinoa. 

Alabaina, hori guztia da, hain zuzen, Testamentu Barriaren egileek ebitatu gura izan ebena. Ze eurentzat eleiz ministerioa "zerbitzu" bat da (diakonia) eta "esklabutza" bat (doulia) (13), hau da, dignidade bati edo ohore bati errotik kontrajartzen jakona.

Planteamentu honen arrazoi sakona dago, hain justu, Kristoren abadetza izan zan horretan: Kristo ez zan etorri zerbitzatua izateko, ezpadaze "zerbitzeko eta bere bizia emoteko" (Mk 10,44; Mt 20,27). Horrek esan gura dau, Hebreetarrentzako eskutitzaren arabera, Kristoren abadetza ez zala izan errituala, ezpadaze existentziala. Hau da, Kristok eskeini ebana ez zan izan zeremonia erritual dignifikatzaile bat, ezpadaze subertsibo baten porrota eta heriotza, ezarritako erlijinoa eta sistema desestabilizatu ebazan subertsibo batena. Horregaitik, kristinauen sakrifizio kultuala Kristoren existentzia bera da (Heb 2,14; 9,14;10,6-7); eta kristautasunaren oblazino kultuala da, ez gehiago ez gutxiago, Jesusen sufrimendua (Heb 2,18; 5,9), zeina dan bitartekari bakarra. Hortaz, Eleizean ez dago "dignidade" eta "ohore" sazerdotal handiagorik zerbitzua, norbere bizia emotea eta ajustiziatu baten porrota dana baino. Horretan datza Kristoren abadetza. Baina, argi dago, errealidade gordin horri ezin jako "abadetza" deitu, komunidadea zuzentzen dabenen kategoria dignifikatzaile modura.

Eta halandabe Eleizean "abadetza" inposatu da bereizten, banantzen, dignifikatzen eta ohore emoten dauan kategoria modura, norbanakoa beste kristinauen ganetik jartzen dauan kategoria modura, kualifikatzen eta eskubideak eta pribilegioak emoten dituan kategoria modura. Era horretara, dignidade goitar hori daukienak, nahitaez, besteen ganetik sentitzen dira. Eta kasta aparte bat osotzen dabe, abade-kasta. Eta horri gehitu behar jako "abadeak" "bitartekari" bihurtzen dirala, nahiz eta "bitartekari" bakarra Kristo dan.

Hona hemen, bada, kleroaren lehenengo ezaugarria, zeinaren abiaputua ez dagoan Testamentu Barrian, ezpadaze handik kanpora. Halan hasi zan eleiz ministerioaren degenerazino-prozesua. Halan, zerbitzua eta esklabutza ohore eta dignidade bihurtu ziran. Halango moduan ze, hizkera sakral eta eslijioso bategaz, benetan adierazten egoana zan eta da mundanizazio-prozesu bat. Ministerioaren adulterazinoa nabarmena izaten hasi zan.

2.2. Ordena 

Gaur ohituta gagoz "ordenaren sakramentuaz" berba egiten. Eta instituzino jainkotiartzat daukagu. Horregaitik Eleizean gauza normalena lez berba egiten dogu "ordenatuez". Eta ostera, hemen bereizketa funtsezko bat egiten behar da: gauza bat da eskuen ezarpena keinu sakramental modura, zeinaren bitartez ministerioa emoten dan, eta beste gauza bat da ordoa eta ordinatioa ministerioari erantsitako errealidade modura. Eta barriro dinot ez dala berba kontu bat. Errealidade oso sakonen ganean ari gara, laster ikusiko dogunez.

Barriro ohartarazo behar da hemen Testamentu Barriak ez dauala berba egiten ez ordoz ez ordinatioz ez ordinatiz. Garai hartako egileek oso ondo ekien zer esan gura eben horreek berbek. Horregatitik ebitatzen ebezan. Izan be, ordo eta ordinatio garai hartan kontzeptu giltzarriak ziran gizartearen eta inperioaren antolaketan (14), ziran-eta berba klasikoak adierazteko funtzionario inperialen izendapena, batez be enperadorearen kasua zanean. Eta horrek argi adierazten dau eleiz ministroen joera herritik aldentzeko eta ahal dan neurrian gizarteko nagusi eta handikietara egokitzeko. Baina kontua ez da bakarrik hori. Ze ganera ordoak, erromatar inperioan, bigarren esanahi lez klase soziala adierazten eban, halan non baegoazan hiru ordine: senatariak (ordo senatorum), zaldunak (ordo equitum) eta plebea edo herri xehea (ordo plebeius). Eta garrantzitsua da kontuan izatea eze kristau komunidadeetan terminologia hori hartu zala, hain zuzen, bereizteko garbiki ministroak (ordenatuak) komunidadearen ganerakotik eta komunidadetik beretik. Komunidadearen "zerbitzariak" pasa ziran izatera nagusiak eta komunidadea bera menperatzen ebenak.

"Ordenaren" eta "ordenazioaren" ganeko ideia honeek sartu ziran Eleizean Tertulianoren denboran (15) eta herritartasun-karta lortu eben Ziprianoren garaian (16). Eta halango moduan non Tertulianorentzat "ordenatuen" eta "plebearen" arteko diferentzia eleiz erabagi baten ondorio dan (17) eta, aldiz, Ziprianorentzat, urte batzuk geroago, diferentzia hori xedapen jainkotiar bat dan. (18).

Holan, eleiz ministerioak beste aldaketa bat izan eban: komunidadearen ministroek komunidadez gorako ordena batekotzat jo eben euren burua eta komunidadearen erdigunean kokatu eben euren burua. Era horretara, Eleizea pertsona-kategoria bitan banatu zan: "abade ordenatuak", goi kategoria modura, erantzukizunagaz eta aginteagaz; eta plebea edo laikoak, zuzendariek fidelen eskueran jartzen ebezan zerbitzu erlijiosoen bezero komsumitzaile modura. Horra hor kleroa jaiota.

Hemen garrantzitsua da esatea eze Testamentu Barrian agertzen diran eleizetako bakotxaren erdigunea komunidade osoa dala, baina, aldiz, hirugarren gizaldiko eleizetan erdigunea "abadetza ordenatua" dala jada. Konstantinoren aurretik gertatu zan inbertsino hori, Eleizeari errotiko aldaketa ekarri eutsona. Eta derrigorrezkoa da gogoratzea kasu batzuetan benetako astakerietara ailegatu zala. Adibidez, Didaskaliak, hirugarren gizaldian, hartaraino goratzen dau gotzaina, eze Jaungoikoagaz konparatzen dauan eta Jaungoikoaren ordez jartzen dauan. Holan, testu harrigarriak topatzen ditugu: "Lehenengo abadea eta lebita zuentzat gotzaina da; ha da zuei berbea zuzentzen deutsuena eta ha da zuen bitartekaria...; berak erreinatzen dau Jaungoikoaren ordez eta Jaungoiko modura beneratu behar da, ze gotzainak presiditzen zaitue Jaungoikoaren ordez" (19). Eta aurrerago: "Euki eizue gotzaina Jaungoikoaren ahotzat" (20). Ondino gehiago: "Maitatu eizue gotzaina aita lez, bildurra euki eiozue erregeari lez, ohoretu eizue Jaungoikoa lez". Hemen jada kontua ez da "abade ordenatuen" sakralizazino bat, ezpadaze benetako dibinizazino bat. Horregaitik, gotzainaren ezaugarria ez da zerbitzua eta entrega, ezpadaze potestasa edo exousia, halan non gotzainari esaten jakon hau: "Epaitu, gotzain, Jaungoikoaren ahalmenagaz" (22). Ezin daiteke gehigo esan kleroaren exaltazio eta are dibinizazio apoteosi honetan. Bistan danez, horrek guztiak ez dauka bape zekusirik Testamentu Barriaren letreagaz eta espirituagaz.

(...)

2.4. Ministroen aukeraketa

Testamentu Barriak emoten deuskuzan datuetatik, badirudi ministroen aukeraketa lehenengo Eleizean zala hautagaiaren, komunidadearen eta beste ministroen arteko akordu baten emoitza (27). Holan izan zan Timoteoren kasuan (1 Kor 4,17; 16,10; Flp 2,19) eta Titorenean (2 Kor 8,16-19). Ostera, Epafroditoren kasuan Filiposeko komunidadeak aukeratu eban eta Pablok onartu besterik ez eban egin (Flp 2,25). Funtsezkoena da bai hautagaia bai komunidadea bai ministroak ados egotea aukeraketan. Edozein kasutan, erabakigarria da komunidadearen papera, egiaztatu daitekeenez Didajen (XV,1), eta baita Eginak 6,2 testuan be. Badakigu, orobat, Bernabe eta Saulo misiora bialdu ebazala Antiokiako komunidade osoak (Eg 13,2-3). Duda barik, hori izan zan Eleizearen praktika normala lehenengo eta bigarren gizaldietan zehar.

Hirugarren gizaldiaren hasieran Hipolitoren Tradizio Apostolikoak dino: "Ordenatu bedi gotzain herriak aukeratu dauana, akasbakoa dana... danen adostasunez" (28). Urteak geroago, zehazki 250ean, Dezioren jazarpenean, egon ziran hiru gotzain espaniar, Leon, Astorga eta Meridakoak, fedea ukatu ebenak eta fidelei exenplu txarrak emon eutsiezanak. Halako eskandaluaren aurrean, komunidadeek kargutik kendu ebezan gotzainok. Egoera horretan, hareetako batek, Basilidesek, Esteban aita santuagana jo eban, eta hak bere eleizbarrutian ezarri eban barriro. Baina komunidadeak, erabagi horregaz desados egoanez, Ziprianogana jo eban, zeina zan Kartagoko gotzaina eta Espainiako eleizetan ospe handia eukan gizona. Arazoaren larritasunaren aurrean, Ziprianok kontzilio bat deitu eban, non parte hartu eben 37 gotzainek. Kontzilio horrek dekretu bat emon eban, jasota dagoana Ziprianoren 67. 
Eskutitzean. Funtsean, eskutitzak hiru gauza dinoz: lehenengo, herriak boterea dauka, eskubide jainkotiarrez, bere ministroak aukeratzeko (29); bigarren, herri horrek berak boterea dauka be ministroak kentzeko duinak ez diranean (30); eta hirugarren, Erromara errekurritzeak ezin dau aldatu egoerea, errekurtso hori egian oinarritzen ez danean (31). Ikusten danez, eleiz antolaketa, garai hareetan, oso diferentea zan bigarren milurtekotik aurrera ezarri zanarekiko. Eleizako bizitzaren erdigunean komunidadea egoan, halan non Ziprianok berak baieztatzen dauan naturaltasun osoz: "Nire gotzaintzaren hasieratik erabagi neban ebazpenik bape ez emotea nire kontura, zuen aholku barik eta nire herriaren adostasun barik"( (32). Izan be lehenengo milurteko osoan zehar, printzipio gidaria, Eleizako ministroak aukeratzeko orduan, zan Leon Magno santuak maisuki adierazo ebana: "Danen buru jarria izango dana danek aukeratua izan behar da" (33). Gehiago ondino, konbentzimendu irmoa zan gotzaina ez jakela inposatu behar onartzen ez ebenei, beharrezkoa zalako kleroaren eta herriaren adostasuna. Halan adierazo eban Zelestino I aita santuak ospetsua egin zan eta Grazianoren Dekretura pasa zan esaldi batean: Nullus invitis detur episcopus. Cleri, plebis et ordinis, consensus ac desiderium requiratur.

Komunidadeko ministroak aukeratzeko modu hori holan mantendu zan, erregulartasun osoz, XI. gizaldira arte. Gregorio VII.etik aurrera hasten da aita santuen esku-hartzeen zerrenda ugari bat, pontifize erromatarrek gero eta gehiago parte hartuz gotzainen izendapenean. Harik eta azkenean Trentoko Kontzilioak, erreforma-dekretuetan, jakintzat eta erabagitzat emon eban gotzainak erromatar agintaritzak aukeratzen ebazala, era horretara komunidadea behin betiko alboraturik (34).

Historia honetan agertzen dan egitate nagusia da eleiz instituzinoaren jokaeran pasa zala komunidadearen protagonismotik komunidadearen anulazinora. Beste era batera esanda: instituzino klerikalak bereganatu egin eban erantzukizuna eta protagonismoa komunidadearen funtzionarioen izendapenean. Era horretara, funtzionarioek galdu egin eben askatasuna eta pasa ziran agintaritza gorenaren menpe egotera. Horrek, beste alde batetik, ekarri eban eta dakar piramidearen erpinak kontrol handiagoa eukitea bere mendeko guztiengan.

Baina ez da hori bakarrik. Ze, kleroan, problemea ez da bakarrik ministerioa eskuratu ahal izatea. Kleroa antolatuta dago halango moduan non bere barruan gertatzen diran promozinoak, izendapenak eta igoerak, hasi parrokiako koadjutore hasibarritik eta amaitu gotzaintzaren ohorean eta are kardenaltzaren lorian. Alabaina, igoera posibleen karrera hori guztia ez dago eskalafoi arautu baten pentzuan, ezpadaze nagusi baten borondatearen pentzuan beti (35), batez be erromatar agintaritzaren borondatearen pentzuan, zeinak, bere nuntzioen, dikasterioen eta txosten sekretuzko sistema konplikatuaren bitartez, modu oso eraginkorrean kontrolatzen dituan bere funtzionarioak. Eta hortik guztitik ondorio saihestezin bat ateraten da: sarritan klerigoak gehiago arduratzen dira bere agintaria dan nagusia ez desagradatzen, Jaungoikoaren erreinuaren kausa askatasun ebanjelikoz zerbitzatzen baino. Holan, eleiz instituzinoak irabazi egiten dau eraginkortasunean eta menpekoen kontrolean, baina galdu egiten dau, nahitaez, koherentzia ebanjelikoan. Barriro ikusten dugu kleroak zelan ordezkatu dauan Eleizearen jatorrizko ministerioa eta zelan aldendu dan hartatik.

2.5. Alderdi ekonomikoa

Danik dakigu hartuemon ekonomikoek oso paper handia jokatzen dabela bizitzan. Zelan funtzionatzen dau kontu honek klerigoen artean?

Puntu honetan lehenengo gogoratu behar dana da Testamentu Barriak errekonozitzen dauala komunidadeko ministroak euren ministeriotik bizitzeko eskubidea (1 Kor 9,13-14; Mt 10,10; Lk 10,7). Baina aldi berean gogora ekarri behar dira San Pablok testu ugaritan azaltzen dauala eze berak uko egiten deutsala eskubide horri Ebanjelioari arazorik ez sortzeko (1 Kor 9,12; 1 Tes 2,9; 4,10h; 2 Tes 3,6-12; 1 Kor 4,12; 9, 4-18; 2 Kor 11,7-12, 13-18; Eg 20, 33-35; cfr. Eg 19, 1-4). Dokumentazino ugari horrek frogatzen dau kontu hau garrantzitsua zala Pablorentzat. Eta funtsean Pablok dinosku berak errekonozitzen ebala ezen ministeriotik bizitzeko eskubidea oztopo izan daitekeela Ebanjelioaren komunikazinorako. Hortik lan sekular batetik bizitzeko aukeraketa. Horregaitik, badirudi ezen antzinako komunitateetan tokiko eleizetako ministroek jarraitzen ebela euren ogibidetik bizitzen, adibidez Priszila eta Akila, zeinak ziran "kanpin-denden frabrikatzaileak" (Eg 18,3).

Duda barik egoera honek holan jarraitu eban luzaroan. Goi Erdi Aroan, irabazi nahikorik lortzen ez eben klerigoek lan egiten eben, mundu guztiak lez. 1139. urtean, Letrango Bigarren Kontzilioak agindu eban eze "presbiterioak, klerigoak, monjeak, erromesak, merkatariak eta baserritarrak, zeinak nekazaritzan aritzen ziran eta soloetara haziak eta ardiak eroaten ebezan, egon daitezela seguru beti" (36). Legedi berori topatzen da Clermonteko Kontzilioan (1130. urtean) (37) eta Reimseko Kontzilioan (1131. urtean) (38). Beraz, argi dago eze ondino XII. gizaldian klerigoek (gitxienez euretako askok) euren izerdiagaz irabazten ebela ogia.

Baina urte batzuk geroago, 1179an, Letrango Hirugarren Kontzilioak zeharo aldatu eban egoera hori. Izan be, kontzilio horrek agindu eban eze "gotzainak, norbait diakono edo presbitero ordenatzen badau bizitzarako beharko dauana emongo deutsan irabazi bat barik, emon deiola behar dauana, harik eta eleizaren baten izendatzen jakon arte milizia klerikalerako komeni dan dirua; ez, ostera, ordenatua danak badauka bizitzeko nahikoa dauan herentzia bat" (39). Egia esan, hemen legislatzen dana garrantzitsuagoa da itxura baten ematen dauana baino. Ze lege honek aldatu eta ordezkatu egin eban Kaltzedoniako Kontzilioak dekretatu ebana, zeinak bere 6. Kanonean baliobako deklaratu ebazan "ordenazino absolutu" deiturikoak, non pertsona bat ordenatua zan komunidade konkretu bategazko erlazino barik (40). Sakonean, honek esan gura eban eze komunitate batek deitua eta onartua zana, bakarrik, jotzen zala Eleizako benetako eta baliozko ministro. Horra, bada: printzipio hori, funtsean komunitarioa zana, klerigoaren mantenu egokiaren printzipio ekonomikoak ordezkatu eban Letrango Hirugarren Kontzilioan (41).

Era honetara, kristau-komunidadea baztertuta geratu zan barriro eta bere lekuan ezarri zan klerigoak eleiz instituzioaren menpekotza ekonomikoan egotearen printzipioa. Eta hortik bi ondorio praktikan saihestezinak etorri ziran. Lehenengo, klerigo-egoeran sartu ziran pertsona asko lan egin barik bizi gura ebenak (42), eta horrek ohituren degenerazioa ekarri eban eleiz estamentuan. Bigarren, klerigoak ekonomikoki gotzainen menpe egokeran, gotzainek kontrol askoz sendogoa ezarri eben kleroagan. Ze, ohargabeki, gotzainaren eta klerigoen arteko hartuemonak ez ziran ja fedean bakarrik oinarrituak, ezpadaze, horrez ganera, hartuemon ekonomikoak ziran, nahiz eta beharbada ez pentsatu kontu horretan. Eta hartuemon ekonomikoa danez gero hartuemon ebanjeliko oro errotik okertzen dauana (cfr. Mt 6, 19-24), halan klerigoak mugatuta ikusi eben euren askatasuna, eta ganera okertu egin ziran, sarritan konturatu barik, euren fede-harremanetan. Argi eta garbi esateko: era honetara, kleroan sartu zan jente asko funtsean karrerea egin gura ebana. Eta, egia esan, askok benetan egin eben karrerea.

Gaur egun gotzain gehienek ez dabe onartzen euren klerigoak ogibide zibiletan ibiltea. Gotzainen argudioa da eleigizonak denbora osoz dedikatu behar dirala ministeriora eta arimen zerbitzura. Baina ez dago zalantzarik kontu honetan eragin erabagigarria daukala zio ekonomikoak: noski, norbanako batek bere ekonomia konponduta badauka gotzainaren menpekotzatik aparte, erabilia izateko gatxagoa da bere diru-sarrerak gotzainaren esku daukazana baino. Eta argi dago, gotzainek ez deutse uko egin gura kontrol-mekanismo horri, erraztu egiten deutselako euren eleizbarrutiaren gobernua.

Beste alde batetik, bistan da gaur kleroak egiten dituan lanetako asko komunidadeak egin leikezala, klerigoek uko egingo baleutse danaren erdigune izateari Eleizako bizitzan, eta komunidadeak ardura handiagoa eta partizipazino efektiboa baleuko asuntuen kudeaketan.


3. Konklusinoak

1. Eleiz ministerioa funtsezkoa da Eleizean, eta Eleizearen egitura jainkotiar eta aldaezinaren parte da. Eleizearen apostolikotasunak beragaz dauka oinordetza apostolikoa, zeina historikoki gotzain-oinordetzan gauzatu dan. Eleizako ministro ez dira bakarrik gotzainak, ezbadaze baita presbiteroak be, zeinak gotzainen esku-ezarpenaren bidez jasoten dabezan eukaristia presiditzeko eta konsagratzeko botereak; eta baita pekatuak sakramentalki parkatzeko boterea be. Hortaz, esentsiala da, eta ez soilik graduala, Eleizearen ministro ofizialen eta gainontzeko fidelen arteko diferentzia.

2. Eleizean eta teologia katolikoan ministerioa kleroagaz identifikatu ohi da, ze uste da kleroa Testamentu Barriko ministerioaren garapen natural eta positiboa dala. Baina era horretara pentsatzen danean, ez da behar dan lez kontuan hartzen kleroa, historikoki, ezaugarri jakin batzuen inguruan eratu dala, zeinek, izatez, perbertitu egin daben Eleizearen jatorrizko ministerioa.

3. Ezaugarri horreek bost dira.

Lehenengo, ministroen sakralizazino "sazerdotala", zeinak komunidadean aparteko maila baten jarri dituan ministroak, "bitartekari" izaera emonez "dignitateagaz" eta "ohoreagaz", eta izaera hori Testamentu Barriaren espiritu eta letrearen kontra dago.
Bigarren, ministroak "ordenatuen" kategoriara igotzea, zeinak esan gura dauan komunidadearen ganetik jartzea, komunidadearen erdigune bihurtuz eta laikoak Eleizako bizitzan bazterrean itxiz.
Hirugarren, zelibatua legez derrigorrez ezartzea Eleiza latinoko ministro guztientzat, zeina de facto galarazten ari dan fidel askori euren eskubide diren laguntza espiritualak emotea eta zeinak behar bako menpekotasuna sortzen deutsen klerigoei eleiz instituzinoarekiko.
Laugarren, ministroak aukeratzeko orduan komunidadea bazterrean ixtea, halango moduan non ministroen aukeraketa eta promozinoa nagusien borondatearen pentzuan baino ez dagoan. Horrek Eleizean sustatzen dau hartuemonak sarritan nagusiari atsegin emotera zuzentzea, eta ez ebanjelioa askatasunez eta espiritu profetikoz iragartera.
Bosgarren, ministroek menpekotasun ekonomikoa izatea eleiz instituzinoarekiko. Horrek perbertitu egiten ditu, nahitaez, Ebanjelioaren argitan ministroen eta insituzinoaren arteko hartuemonak, sortuz, batzuetan ohartuki eta beste batzuetan ohargabeki, karrerea egin gura daben funtzionarioen espiritua.

4. Horrek guztiak esan gura dau eleiz instituzinoarentzat fedea ez dala nahikoa bere ministroakaz erlazionatzeko. Fedeaz ganera, beste kontrol-mekanismo batzuk behar ditu, horreen bidez lortzeko ministroak bihurtzea sistema instituzionalaren zerbitzuan dagoan funtzionarioen kidegoa. Era horretara, eleiz instituzinoak eraginkortasuna lortzen dau, baina koherentzia ebanjelikoa galtzen. Hortik datoz klerikalismoa eta antiklerikalismoa, Eleizeari hainbeste min eragiten deutsenak. 

5. Beste alde batetik, funtzionamendu-sistema honek Eleizean laikoak, nahitaez, pasibidadera eta ardurarik ez hartzera kondenatzen ditu. Ahalegin handiak egin arren laikoen teologia eta espiritualidadea sustatzeko, egoerea ez da aldatuko Eleizean klerigoen instituzinoak bape aldatu barik segitzen dauan bitartean.

6. Orain arte esandako guztiak azaltzen dan, zati batean behintzat, eleiza "herrikoiaren", oinarriko komunidadeen eta orokorrean herritik sortutako eleizearen inguruan Eleizearen goiko mailetan dagoan prebentzioa eta erresistentzia. Eleiz herrikoiko abade gehienengan arbuiatzen dana ez da Testamentu Barriko ministerioa, ezpadaze kleroa. Arazoa, oinarriko komunidade gehienetan, ez da eleiza paraleloa, ezta Aita Santuari eta gotzainei desobeditzea. Komunidadeek onartzen dabe Eleizearen egitura hierarkikoa eta men egiten deutse. Komunidade horreek gura dabena da eleiza bat non kleroak ez daukan orain daukan protagonismoa, hau da, eleiza bat zeinaren erdigunea benetan dagoan Jaungoikoaren herrian, hau da, komunidadean bere ministroakaz.

7. Eleizean kleroak orain arte lez funtzionatzen segitzen dauan bitartean, gatxa izango da Eleizea benetan askatzaile bihurtu ahal izatea. Instituzino klerikalak sortzen dituelako, batetik, protagonismo mekanismo batzuk, eta bestetik, menpekotza eta dependentzia mekanismo batzuk, eta horreek ez dira erraz uztartzen benetan askatzailea izan behar dauan Eleiza bategaz.

8. Aurreko guztitik ateraten dan beste ondorio bat da desagertu egin behar dala ministerio klerikalen eta ministerio laikalen arteko bereizketa. Eleizean ministerio guztiak izan behar dira laikalak, hau da, laosenak, Jaungoikoaren herriarenak.

9. Azken baten, kontua da ulertzea desagertu egin behar dala klerigoen eta laikoen arteko bereizketa, azaldu dan eran. Eleizean laikoak bakarrik egon behar dira, bakotxa bere karisma eta ministerioagaz komunidadearen zerbitzuan, gotzainaren buruzagitza pean. Ministerio horreen artean beti egongo da, hain zuzen, gotzainaren esku-ezarpenaren bitartez, eukaristia presiditzeko eta konsagratzeko boterea, eta baita pekatuak sakramentalki barkatzeko boterea be, jaso dauan ministerioa. Ministro horreen bizitza ez da bereizi behar ganerako fidelen bizitzatik, kontua dalako seriotan hartzea eze Eleizean danok gagozala deituta Jesusi jarraitzera eta bikaintasun ebanjelikoa bilatzera.














No hay comentarios: