Hara egun baterako iradokizun batzuk bidean aurrera egin nahi duenarentzat: argindar, berogailu eta uraren kontsumoa erdira ekarri; batetik bestera oinez ibili edo garraio publiko erabili; haragi gorririk ez jan; eta guzti hori egiten den bitartean, gogoan izan neurri horretatik sano azpitik bizi direnak. Eta horrelako egunak merezi duela ikustean, maiztasuna erabaki, egunekoa “eko-egun” bihur dadin. Angel Mari Unzueta DEIAn.
Aspaldiko susmoa da, behin baino sarriagotan baieztatua: norbait goraipatu eta norbera lasai gelditu. Komunikabideek egunero zabaltzen duten erakustokitik era askotako pertsonaiak eta egoerak pasatzen dira. Zorionez, ez dira pertsona eredugarriak falta, nahiz eta irakurleok bestelakoak gogokoagoak izan sarritan. Dena den, mirespena eta jarraipena ez doaz elkarren eskutik. Are gehiago, norbait txalotzearekin norbere burua zurituta gelditzen da. Nahiago izaten da begirale izatea, egile edo eragile izatea baino. Halako zerbait gertatzen da Frantzisko Aita Santuarekin. Eta gertatu ere, ez gizartean bakarrik orohar; eliz elkartean ere ikus daitezke halako erreakzioak: oso jator jokatzen du, baina, mesedez, ez konplikatu besteon bizimodua. Asko estimatzen dira bere hitzak eta bere egintzak. Sinpatia handiz ikusiak dira. Benetan onartuak al dira? Etorkin eta errefuxiatuak lehorreratzen diren bi irlatara joan da: Lampedusara egin zuen bere lehen ateraldia, Lesbosera azkena, hemen familia batzuk bere ardurapean hartuz. Zenbaterainoko marka utzi du horrek?
Artzaina da, lemazaina. Bere artaldekoak edo txalupakoak eta handik kanporakoak laztantzen daki, batez ere beharrizanean badaude. Oinak garbitzen dizkie, pertsonen duintasuna arauen gainetik jarriz. Ardi kutsua nahi du eliz arduradunontzat. Irudi esanguratsua da… inorentzat? Txaloak jo eta norbera lasai lo?Azken idazti nagusian, ekologiaz aritu izan da, ama lurra honda-tzen duten egiturak eta sistemak salatuz eta izadia-gizadia zaintzeko dei bizia luzatuz. Hainbaten ustetan, aurrerapen dezentea eman du orain arte Elizan honetaz eskainitako irakatsietan. Benetan txalogarria, baina ohartu ote gara eliztarrok (eta herritarrok) horretaz? Zaindu lurra! Mandatu hori Bibliaren azalean bertan irakur daitekeen arren, ez da egon eta oraindik ere ez dago gure arteko ardura nagusien artean.
Begirada luzea behar da, egia esan, norbere zorionak erakar ditzaken kalteak ikusi ahal izateko. Hemengo herritar bakoitzak bataz beste kontsumitzen duen papera txinatar eta indiar bakoitzak erabiliko balu, akabo arbolak. Argindarra dela eta, munduan bakoitzari tokatzen zaiona baino bi bider gehiago behar du hemengo biztanle batek bataz beste. Herrialde garatuetan kontsumitzen diren 225 gramo haragi ekoizteko 25.000 litro ur behar izaten dira. Zerrenda bukaezina asma daiteke antzerako desorekak eta injustiziak aipatuz.
Frantziskoren alarma-oihuak indartu eta babestu egin ditu batzuk, esnatu beste batzuk. Ildo honetatik, Bilboko elizbarrutiak izadia zaintzeko deia hartu du aurten Elkartasun Zeinuaren ardatz bezala: Zain dezagun Jainkoak guztiontzat egindako etxea! Zeinuaren bidez, justizia eta berdintasuna landu nahi izaten dira, bizimodu neurritsuagoa bideratzeko pausoak eskainiz, txaloak joaz gain. Bidea luzea da, baina biderik luzeena ere pausoz pauso bakarrik bete daiteke.
Eta lerro hauek ere ideia, teoria, amets edo txaloen munduan geldi ez daitezen, hara egun baterako iradokizun batzuk bidean aurrera egin nahi duenarentzat: argindar, berogailu eta uraren kontsumoa erdira ekarri; batetik bestera oinez ibili edo garraio publiko erabili; haragi gorririk ez jan; eta guzti hori egiten den bitartean, gogoan izan neurri horretatik sano azpitik bizi direnak. Eta horrelako egunak merezi duela ikustean, maiztasuna erabaki, egunekoa “eko-egun” bihur dadin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario