Abenduko izarrak

viernes, 28 de octubre de 2011

Ortzadarra (AEE 2011)


Esaten dabe orain dala urte asko kolore guztiak burrukan hasi zirala: bakotxak esaten eban bera zala garrantzitsuena, erabilgarriena eta gustukoena.


Berdeak esan eban: “Zalantza barik neu naz garrantzitsuena. Bizitzaren eta itxaropenaren ikurra naz. Bedarrerako, zugatzetarako eta orrietarako aukeratu nabe. Ni barik, hil egingo lirateke animalia guztiak. Begiratu inguruan eta gauzarik gehienetan nagoala ikusiko dozue”.

Baina urdinak berbea kendu eta esan eban: “Zuk lurra baino ez dozu gogoan, baina begiratu zeruari eta itsasoari. Ura bizitzaren oinarria da eta hodeiek zurrupatzen dabe itsaso urdina. Zeruak espazioa, bakea eta trankiltasuna emoten ditu. Nire bakea izan ezean, ezin izango litzateke bizi”.

Horiak barre egin eban: “Hain zarie zuok serioak! Nik barreak, poztasuna eta beroa dakardaz mundura. Eguzkia horia da, iretargia be horia da, bai eta izarrak be. Eguzkilore bati begiratzen deutsazuen bakotxean, mundu osoak irribarre egiten dau. Ni barik ez litzateke poztasunik izango”.

Laranjeak hartu eban berbea: “Osasunaren eta indarraren kolorea naz ni. Ez naz sarritan agertuko, baina preziadua naz giza bizitzaren barru-beharrizanetarako. Neuk eroaten dodaz bitaminarik garrantzitsuenak. Gogoan izan azenarioak, kalabazak, mango eta papaiak. Ez nago denpora guztian bueltak emoten, baina egunsentian edo ilunabarrean zerua koloreztatzen dodanean, nire edertasuna hain da hunkigarria ze, inor ez da zuokaz gogoratzen”.

Gorriak ezin eutsan eutsi eta holan bota eban: “Arriskuaren eta ausardiaren kolorea naz. Errazoi on bategaitik burruka egiteko prest nago. Sua ekarten deutsat odolari. Ni barik lurra iretargia baizen huts egongo litzateke. Grinaren eta maitasunaren kolorea naz, larrosa gorriaren kolorea, pazko-lorearen eta mitxoletaren kolorea”.

Purpura sututa parau zan, handia zan eta handikeriaz berba egin eban: “Erregetzaren eta agintearen kolorea naz. Errege-erreginek, estatuburuek eta kardinalek beti aukeratu nabe, poderearen eta jakituriaren seinalea nazelako. Jenteak ez nau dudan ipinten; entzun eta nire esana beteten dabe”.

Anilak besteak baino askozaz nasaiago berba egin eban, baina erabagi handiz honek be: “Begiratu niri. Isiltasunaren kolorea naz. Nagoala be, nekez konturatzen zarie, baina ni barik azal-azalekoak izango zinatekie danak. Pentsamentua eta gogoeta irudikatzen dot. Beharrezkoa nozue orekarako eta kontrasterako, otoitzerako eta barruko bakerako”.

Holan ibili ziran kolore guztiak harro, norbera onena zala sinistuta. Liskarra gero eta zaratatsuagoa bihurtu zan. Bat-batean argi zuri handi eta distiratsu bat agertu zan. Oinaztuen astrapalak ikaragarriak ziran. Euria botahalean hasi zan, eta koloreak makurtzen eta bata bestearen ondoan pilatzen hasi ziran, babesa topau guran.

Euriak berba egin eban: “Zoratuta zagoze, koloreok, zeuon buruaren kontra zabilze, bata bestearen gainetik egon guran. Ez dakizue Jainkoak danok egin gaituala? Bakotxa helburu berezi, bakar eta desbardinerako. Berak danoi gura izan deutsue. Emon eskuak alkarri eta etorri nigaz.

Jainkoak munduan zehar zabaldu gura zaitue kolorezko zubi handi baten, dan-danoi gura deutsuela eta alkarregaz bakean bizi zeintekezela gogorarazoteko, zuongan dagoalako erakusgarri lez eta etorkizunerako itxaropen-seinale lez. Eta holan erabili eban Jainkoak euria mundua garbitzeko. Eta ortzadarra ipini eban zeruan, ikusten dozuenean, gogoan izan daizuen aintzat hartu behar dozuela bata-bestea.”