Abenduko izarrak

miércoles, 25 de septiembre de 2024

San Migel Jaia



Mendata, Ereño, Morga, Busturian Altamira eta Bermeo.

Jai honetarako liturgia lagungarriak euskeraz. Aukera bi eta lau gogoeta. Mikel gurea kantaren letra osoa.

Irakurgaiak euskeraz. 


Mikel! Mikel! Mikel gurie!
Gorde, gorde Busturialdie.


Goazen alkarturik Busturi_aldera
Mikel aingerua bisitatzera.
Mikel...

Autortu dagigun bere aurrean
biziko garela geure fedean.
Mikel...

Mikel aingerua gure babespe:
batera gaitezen zahar eta gazte.
Mikel...

Mikel, zaindu beti zuk gure auzo,
jende ta abere, solo ta baso.
Mikel...

SAN MIGEL JAIA

Irailaren 29an



Sarrera



Senideok: Ondo etorriak …-ko S.Migelen ermitara bere eguna dala eta gure fedea  ospatzera. Jainko Aitak ere era askotara egiten deusku berba eta eskeintzen deusku laguntza; euretariko era bat da aingeruen bitartez. Eskertu deioguzan Jainko Aitari bere guganako maitasuna eta ardurea  gogoz parte harturik Eukaristi hontan eta danon alde gure otoitza  bihotzez eskeiniz



Hasi daigun gure alkar topaketa hau “Zein gozo ta eder dan” kantatuz.
Zeanuri. Uribe



                                                            

Otoitza



Zure jakituria handian, Jauna,

Zeuk ezarten deutsazu euren eginkizuna,

bai aingeruei, bai gizakiei;

egizu, zeruan beti zure serbitzari dozuzanak

lurrean gure biziaren zaintzaile izan daiguzala.

Zure Seme Jesukristo.







Irakurgaiak





Apokalipsis 12,7-12a 

Mikel eta bere aingeruak burrukatzen dabe herensugeagaz.



Ondoren, gudua izan zan zeruan: Mikel eta beronen aingeruak herensugearen aurka. Herensugea eta beronen aingeruak gogor borrokatu ziran, baina ezin izan eben garaitu, eta aurrerantzean zeruan ez zan tokirik izan hareentzat. Bota egin eben, beraz, herensuge handia, antzinako sugea, deabru eta Satanas deritzana, mundu guztia engainatzen dauena; lurrera bota eben bere aingeruekin batera.

Orduan, ahots handia entzun neban zeruan esaten:



«Orain etorri da

gure Jainkoaren salbamena,

indarra eta erregetza

eta beraren Mesiasen agintea;

bota dabe-eta

gure senideen salatzailea,

gau eta egun Jainkoaren aurrean

salatzen zituena.

Bildotsaren odolaz

eta aitortu daben mezuaz

garaitu dabe gure senideek:

ez dabe euren bizitza maite izan

heriotzaren aurrean

atzera egiteko beste.

Poztu, beraz, zeruak

eta bertan bizi zareenok».


Artea. Elexabeiti



Sal 137, 1-2a. 2b-3. 4-5. 7c-8

R. Txalo egingo dautsut, Jauna, zure aingeruen aurrean.


Eskerrak emoten deutsudaz, Jauna, bihotz-bihotzez,

beste jainkoen

aurrean zu kantuz ospatzen.

Zure tenplu santura begira auspezten naiz,

zuri eskerrak emonez:

zeure maitasun eta leialtasunaz,

paregabe handi egin dituzu zeure izena eta promesa.


Dei egin neutsunean, entzun egin zeunstan,

bihotzean kemena bizkortu.

Eskerrak emongo deutsuez, Jauna, munduko errege guztiek,

zure promesaren barri jakitean.

Zure nagusigoa dala eta, kantatuko dabe:

«Handia da Jaunaren ospea!»



Ebanjelioa:

Juan 1,47-51


Igorre
Aldi haretan, Jesusek Natanael Beragana etorten ikusi eban, eta esan eutson:
- «Hona hemen egiazko israeldarra, azpikeriarik bakoa».
Natanaelek esan eutson:
- «Nondik ezagutzen nozu?».
Jesusek erantzun:
- «Felipek zuri dei egin baino lehen, ikopean zengozala, ikusi zindudazan Nik».
Natanaelek erantzun:
- «Rabbi, Jainkoaren Semea zara Zu; Israelgo Erregea zara Zu».
Jesusek erantzun:
- «Ikopean ikusi zindudazala esan deutsudalako sinisten dozu? Hori baino handiagorik ikusiko dozu».
Eta esan eutson gainera:

- «Bene-benetan dinotsuet: zerua zabalik ikusiko dozue, eta Jainkoaren aingeruak gora ta behera, Gizonaren Semearen gainean».



Herri   Otoitza



1. Eleizaren alde: Gaurko gizarte aldaketen aurrean, kikildu ordez, aurrera pausoak emoteko behar diren buru argia eta bihotz kementsua  izan dagizan. Eskatu deiogun Jaunari.



2. Zugana deitu dozuzan hildako gure anai-arreben alde; batez ere …-ko auzokoen alde, zure errukiari esker benetako atsedenean eta betiko bizitza  aurkitu daitezan eta euren etxeko eta lagunak eurekin barriro eta betiko alkartzeko itxaropenean bizi gaitezan. Eskatu deiogun Jaunari.



3. Gaur egun ere badira bazterrean itzitako alargunak, umezurtzak, zaharrak eta beste pertsona asko. Kristau alkarteen eta herri agintarien aldetik zor jaken  ardura izan dagien. Eskatu deiogun Jaunari.



4. Gu danok jaio gara zorionak izateko alkar lagunduz eta parkatuz. Gure eguneroko tentaldiak garaiturik aingeruen antzera gure bizitzaren egin onakaz Jainkoa goratu daigun eta holan gure bizitzari benetako zentzua emon deiogun.          Eskatu deiogun Jaunari.





Aingeruak, eta goiaingeruak, Jainkoaren mezulariak dira judeguen tradizioan. Jainkoaren eta gure arteko bitartekariak. Herensugearen aurkako borrokan gure lagun ditugu. Jainkoarengana urreratzen laguntzen deuskuen guztiengan ikusi edo sumatu daikeguz. Jainkoaren zerbitzuan dagoz, haren zerbitzariak dira.

Jainkoa ez dago inoiz koberturarik kanpo, bere aingeruek inguratzen gaitue. Jarri zaitez hartuemonean beragaz.



Zergaitik Euskal Herrian hainbat jai Migel Deunaren egunaren inguruan? Negua eta Udaren jaiak aparte, udabarrikoa dogu, pazkoan, eta beste hau, neguari begira eguzkiak indarra galtzen hasten danean. Aurreko jai batzuen aztarna ete da?


Zeanuri. Altzuste


Otoitza



Gure otoitz apalekin eskeintzen deutsugu, Jauna,

goresmen-opari hau:

aingeruak zure aintzaren aurrera eroanik,

onartu egizu, eta guretzat sakramentu salbagarri egin.

Jesukristo.



Aingeruen prezafioa



Egokia da, bai, eta zuzen

non-nahi eta beti Zuri eskerrak emotea,

Jauna, Aita guztiz santu,

Jaungoiko on betiko Horri.



Eta zure haunditasuna gorestea,

zure aingeruak eta goi-aingeruak ospatzean.

Euroi emoten deutsegun ospeak

Zeu goresten zaitu, Jauna;

eta euroi autortzen deutsegun edertasunak

Zu neurribakoa zarala erakusten deusku

eta izate guztiak baino goragokoa,

Jesukristo gure Jaunaren bitartez.



Beronen bitartez dau aingeruen taldeak

Zure santutasuna goresten,

eta eurokin batera, geuk ere pozik adoratzen zaitugu,

bihotz batez kantari:



Otoitza



Hartu dogun Eukaristia honek, Jauna,

indar-barritu gagizala;

eta, zure aingeruak zaindari doguzala,

aurrera egin daigula gure salbameneko bidean.

Jesukristo.

Igorre. San Migel

Bigarren aukerea


MIKEL DEUNAREN JAIA


SARRERA:
         
         Ermita honetako zaindaria dan Mikel Goiaingeruaren jaia ospatzera urreratu gara. Pozez eta alaitasunez ospatu nahi dogu egun eta jai hau.
         Jaiak aukera on bat emoten dauskue aurtengo urtea gogoratzeko; zelakoa izan dan, zer egin dogun, zelan joan jakun; eta datorren urtera begira jartzeko, gure ametsak eta gurariak Jaungoikoari luzatzeko.
         Eskerrak emon ondo joakuzan gauzakaitik eta laguntza eskatu jatorkuzan egunetarako. Hau da aingeruen eginkizuna, gugaitik zaintzen egon eta gure bideak gorde eta zaindu.
         Beti lez, apaltasunez urreratu gaitezan Jaungoiko Aita onagana, gure pekatu eta huts guztien parkamena eskatuz.


·        Jesus Jauna, guztiak salbatzea nahi dozuna. Erruki, Jauna

·        Jesus Jauna, dana Aitaren aintzarako egin dozuna. Kristo erruki

·        Jesus Jauna, pekatariekana hurreratu zineana. Erruki Jauna.


LEHENENGO IRAKURGAIA:

         Apokalipsis liburuak esango deusku zeruan egun zan burrukaldia aingeru on eta txarren artean. Eta Jaungoikoaren eta Kristoren indar eta laguntzaz  salbatuak izan gara.


EBANJELIOA.

         Natanaelen jazokizuna eta aukeratzea gogoratuko deusku gaurko ebanjelio zatiak. Eta hor agertzen dira bai ta be aingeruak euren zeregina beteten.
         Zutundu gaitezan eta Ebanjelioa entzun aurretik abestu dagigun Aleluia.

Dima, San Migel txiki


HERRI OTOITZA

         Behar izenean gagozan ezkero, Jaungoiko Aitagana urreratu gaitezan eta bere aurrean ipini dagiguzan gure behar izen eta eskariak. Gaur Mikel Goi-aingeruaren laguntza dogula urreratuko gara.


·        Gure Eleizearen alde: benetan onerako eta serbitzurako lan egiten eta bizi izaten erakutsi deiskun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

·        Nekeetan bizi diran guztien alde: zahar, gaixo, lan barik, bakarrik dagozanen alde: Jaungoikoaren indarragaz eta gure laguntzaz bizikera horretatik hainbat arinen urten dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

·        Mikel Goi-aingeruaren indarrak, guri be, eskuzabalagoak eta anaikorragoak izaten eta egite onen bitartez geure itxaropenaren barri emoten lagundu deiskun. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

·        Gure herriko bakearen alde: Bizkaiko eta Dimako kristauok baketzearen begirunean eta anaikortasunaren bideak bilatzen ahalegindu gaitezela geure eguneroko bizitzan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.


Aita, haundiak dira gure beharrizanak. Zure laguntzan daukagu gure uste guztia. Onartu gure eskariak eta emoiguzu Zure laguntza. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen



BERBALDIA

    Duda barik aingeruen artean ezagunenak Migel, Gabriel eta Rafael Goi-aingeruak dira, eta hiruren artean batez be Mikel Goi-aingerua da entzunena, eta ori argi ikusten da kristau herriak emon deutson harrera eta ezagutzean. Non nahi ikusten dira Mikel deunari eskeinitako Eleiza eta ermitak eta ospatzen diran jaiak hainbeste herritan.
    Biblian aingeru hitzak mezularia esan nahi dau. Jaungoikoaren ondoan dagoan espiritu garbia bere mezuak eta aginduak beteteko eta gizakiei eroateko.
    Bigarren gizaldian Origenes jakintsuak esaten eban: kristauak sinisten dogu Jaungoikoak bakoitxari aingeru bat jartzen deuskula zaintzeko eta zuzentzeko.
    Duda barik oso gatxa da ulertzea espirituzko arazoa dan hau. Baina Eleizaren doktrinan argi dagoana da gure lagunkideak dirala, gu zaindu eta laguntzen dauskuenak, kontsejuak emoten deuskuenak eta eguneroko arazo eta arriskuetan zaintzen gaituenak.
    Baina gaurko gizon-emakumeak, guk, gaurko munduan bizi gareanok, ikusten eta ikututen dana bakarrik sinistu eta onartzen dogu mundu honetan eta zer dinogu arazo honeri buruz? Eroan leiteke hartu-emon bat Jaungoikoaren mezulari horregaz? Etxean, lanean, hartu-emonetan eta galbitzazan leku guztietan? Erantzuna da bai.
    Lehen eta behin fedearen eta graziaren bitartez arazo honegaz konturatu behar gara, geureganatu, euren prezentziagaz jabetu, eurekaz hitz egin, ixilean edo otoitzean, geure ondoan dagoan eta konfiantza daukagun pertsona bategaz lez.
    Eta geure aingeruagaz daukagun tratuagaz, laster hasiko gara deskubritzen, itxura baten kasualidadearen edo suertearen ondorena dan lekuan, geure ondoan dagoan eta zaintzen gaituan eragina dala, eta gure bizitzan holako gauza asko jasoten dira, itxura baten esplikazinorik ez daukenak.
    Horrela aingerua, eta gure aingeru zaintzailea, gure laguntza paregabea dogu gure eguneroko bizitzan eta arazoetan. Jaungoikoagana eta gure lagun hurkoengana urreratzeko eta geure munduko arazoetan zuzen jokatzeko.
    Baina kontuan euki behar dogu, aingeruak gure lana eta ahalegina inoiz be ez dituela beteko, geure ahalegin guztia jarri behar dogu zintzoak izaten, gauzak ondo egiten, Jaungoikoaganako eta besteenganako hartu-emonak benetakoak izan daitezan. Eta guk egin behar doguna inoiz be ez dau beteko aingeruak.
    Honetara konturatuko gara gauzak ez dirala, inoiz be, suertearen edo azarearen ondorenak edo produktuak. Gu zaintzen gaituen aingeruak dira Jaungoikoak ipini deuskuzan medio edo bitartekotasun bat guri laguntzeko, ze guzti honen atzean Jaungoikoaren grazia eta ontasuna dagoz.
    San Bernardok 1010 emon euskuzan aholku edo kontsejuetan agertzen da berbaldi zoragarri bat aingeruei buruz eta hiru esaldi jartzen ditu: Euren presentzia errespetatu, behar dan lez jokatuz; euren laguntza eta mesedeak eskertu, guk pentsetan doguzan baino gehiago eta haundiagoak dira-ta; eta euren laguntzan uste osoa jarri, indar haundia dauke-ta.
    Aingeruak eta euren artean nagusi dan San Migelek lagundu nahi deusku, horretarako sortuak izan ziran eta. Bakarrik egin behar dona da: eureri eskatu, bihotzez dei egin eta onartu geure bizitzan.
   
Beste gogoeta bat (III)


GOGOETA

Natanael harriturik geratu da Jesusek pikupean ikusi dauela esatean. Orduan, hori baino gehiago ikusiko dauela esan deutso Jesusek: Gizonaren Seme lez ezagutuko dauela, zeruaren eta lurraren arteko lotura-gune lez ikusiko dauela; hori sujeritzen dau Has 28,12ko Jakoben eskailera zehar-aipatzean: “Zerua zabalik ikusiko dozue, eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera, Gizonaren Semearen gainean ”. Jesus da Aitagana joateko bidea; Jainkoaren eta gizakiaren arteko joan-etorriko bidea da Jesus. Jainkoaren eta gizakiaren arteko bitartekaria eta bitartekoa.

         (Amundarain, 820)



Mikel Aingerua sarri ikusten dogu borrokan gatxaren aurka. Egin dagigun itaun bat: Nork gura dau mundu ezbardin bat, mundu hobe bat? Gehienok baietz esango genduke.


Bigarren itauna, sakonduz. Horretarako, nor aldatu behar da, bestea (sistema, kapitalismoa, auzoa..) edo ni neu? Normalean bestea zertan aldatu behar dan errez eta argi ikusten dogu, geurea aldatzea ez da hain argia edo larria izaten. Itxaron leike.


Azken itauna. Nor dago prest txarto dagoen hori aldatzeko egin behar dan ahalegina egiteko? Batez ere, hori txar hori gure barruan dagoenean?


Batzutan da alperkeria, zertan aldatu ba…

Besteetan da besteek esango dabenari bildurra. Hobe isilik eta lasai…

Inoiz bestea dana eta besteak daukana gura izatea, inbidia.

Inoiz bildurra, epelkeria, konpromisorik gura ez izatea…

Sarri behar dogun hori baino gehiago eduki gura edo gorde…

Batzutan larrikeria edatean edo jatean…


Borroka hori, aingeruak eta deabruak, ona eta txarra, izan gaitezen apalak, ez gara adoleszenteak, gure barru-barruan ere badago.


Gaurkoan, eskatu daiogun Mikel goi-aingeruari bere adorea, bere ausardia, bere indarra onaren alde egiteko, gure bihotz barruan, gure herrian, gure munduan.

 Mikel, Mikel guria,

Zaindu, zaindu 
 gure Euskal Herria!


Zeanuri. Uribe


Beste gogoeta bat (IV)  
Jainkoaren aingeruak gora eta behera:

Jainkoak gizon emakumeekaz komunikatu gura dauela adierazten deuskue aingeruek.

Jainkoaren ontasuna eta hurbiltasuna hurreratu gizon emakumeei

eta gure gurariak eta kezkak Jainkoari aurkeztu.

Eguneroko gure borrokarako adoretu gura gaituela agertu gura dausku Mikelek;

Jainkoak gure bizitzako bidetan gure bide-lagun izan nahi dauela agertu gura deusku Rafaelek;

Gabrielek Jainkoaren inbitazioa dakarsku: bere ebanjelioaren poza entzun eta plan salbatzailean parte hartzeko.

Gaurkoan eurei eskatuko deutsagu, gure izenean gure esker ona agertzea Jainkoari eta bere Semeari jarraitzeko prest gagozela adierazi.



Mikel Mikel Mikel gurea 


(Vicente Aramburu [1947] doinua 159. zenb.)

MIKEL, MIKEL,
MIKEL GUREA,
GORDE, GORDE
EUSKAL HERRIA

Goazen, euskalduna,
Aralarrera
Mikel Aingerua
bisitatzera

Aralartik zatoz,
herririk herri,
sinesmenez zahar
arimaz berri.

Urtero zatoz zu
gure artera
Kristoren fedean
gu sendotzera.

Euskaldun lurrean
ginen gu jaio,
gure sinesmena
bizirik dago.

Ongi etorria
gaur denok zuri
zu zaitugulako
gure zaindari.

Euskaldun guztien
zaindari zara
horregatik gatoz
zu agurtzera.

Gurekin zaude hemen,
Aingeru Deuna
bizkortu guregan
itxaropena

Denok pozik gaude,
zaindari umil,
aitona-amonak
ta neska mutil

Gure ama lurra
bedeinkatzera
zatozkigu lagun
gure+elizara

Biziaren zainak
sendo itzazu,
fede argiz inor
ez dadin antzu.

Gogoz elkarturik
hainbeste jende
ez gaitezen eror
etsaien mende

Bizia dakarzu
jaunak emana,
horregatik gatoz
gu zuregana.

“Jainko haina nor da?
eginez galde,
sasi-jauntxoei esan
zenien: “Alde!”

Zinezko kristauak
bedeinkatzera
urtero etorri
zaitez honera.

Herriko gaixoei
eman osasun.
horixe eskatzen
dizugu egun.

Jaunaren aingeru
leial ta zintzo,
bidez bide+eraman
gu zeruraino.

Nor Jainko adina
zeru-lurretan?
berari gorapen
gizaldietan!