Abenduko izarrak

viernes, 22 de noviembre de 2024

Mundaka: Santa Katalina Jaia

 

                                      Azaroak 25:  SANTA KATALINA, martiria

 Mezea 12etan astelehenean

SARRERAKO OHARKIZUNA

    Egunon, guztioi, eta ondo etorri Meza santuaren ospakizun honetara.

    Gaur, Elizeak Santa Katalina, martiriaren eguna ospatzen dau. Alejandriako neska argi, lirain eta gazte honek, laugarren gizaldiaren hasieran, Jesus ukatu baino nahiago izan eban bizitzea galtzea. Lur honetako bizia emon eban betiko bizia irabaztearren. Horregaitik, Santa Katalinaren testigantzea gogoan izango dogu gure otoitzaldian.

            Arrantzaleen zaindaria, pozik ospatzen dogu urtero bere jaia Mundako bere ermita honetan.

 

   "Aingeru batek Mariari..."

 

 

DAMU-OTOITZA

 

   Senideok, benetako damutasunez eta alkarri parkatzen deutsagula, eskatu deiogun Jaungoiko Aitari gure pekatu guztien parkamena:

 

   - Jesus Jauna, behartsuen eta makalen indarra zareana. ERRUKI, JAUNA.

 

   - Jesus Jauna, Mariaren babesean jarri gaituzuna. KRISTO, ERRUKI.

 

   - Jesus Jauna, fedearen testigu izatera dei egiten deuskuzuna. ERRUKI, JAUNA.

 

 

HITZAREN LITURGIA

 

 

1 Jn 5,1-5

 

   Jaungoikoak munduko makalenak aukeratzen ditu bere indarra agertzeko.

 

Erantzun-Salmoa:  "Jauna, zure maitasuna..."

 

 

Jn 12, 24-26

 

   Bere bizia Jesusegaitik emoten dauan martiriak argi erakusten dau Jesus dala beretzat ondasunik haundiena, eta beste gauza guztiak eta bizia bera ere emoteko prest dagoala Harenganako maitasuna gordetearren.

 

   Zutunik, "Aleluia" kantau dagigun.

 

 

HOMILIA OSTEAN

 

Ekaitz gogorra, bildurgarria

Baketu itxaso bare,

Portuan hasi arrantzaleak

Prest kainabera, prest sare.

Elkar begira Atxarre eta

Katilotxu parez pare,

Urdaibai argi, salmo, abesti

Zu goraltzeko altare.

 

Eguzki garbi, itxaso argi,

Ur gardena bizigarri!

Ez da ikusten inguruotan

Holako egunik sarri.

Ekaitz ostean, barriz eguzki,

Bizi bare, bizi larri.

Zure altzoa, ura zein lurra,

Sinismenaren oinarri.

 

Herri erditik, itxas barrura

Hor parrokia galanta,

Harago apal ermita ere

Izenez Katalin santa.

Lur eta ura, zeru, itxaso,

Letania tantaz tanta,

Kresal bustiaz, bertsook dira

Eske salmo, esker kanta.

 


JAINKO HERRIAREN OTOITZA

 

   Senideok, Santa Katalina martiria gogoratuz, otoitz egin deiogun zeruko Aitari, Elizearen otoitza entzun dagiala eskatuz:

 

   - Elizearen alde: bere martirien testigantzeak Jaungoikoari beti zintzo izaten jarraitzeko        adorea eta indarra emon deiozan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

 

   - Gure gazteen alde: euren begiak ederra dan guztira zabalik euki dagiezan, fedearen balioa ikusi dagien eta euren bihotzak ona dana egiteko beti prest egon daitezan.  ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

 

            -Gure arrantzale eta euren familien alde, gure herriaren alde, bakea zabaltzeko eta ogia banatzeko prest bizi gaitezen. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

 

   - Gure etxeetako geiso eta edadekoen alde: euren makaltasunean Jaunaren indarra izan eta       sentidu dagien. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

 

   - Gu guztion alde: Santa Katalinaren antzera, sinismena benetan maite izan dagigun eta geure       bizitzeagaz Jesusen testigu izan gaitezan. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

 

   Jaungoiko Aita, entzun bihotz onez gure eskariak. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.

 

 

AZKEN AGURRA

 

   Senideok, egunean zehar egingo dogun guztia Jesusen testigantza eder bat izan daitela. Eta Martirien Erregina dan Mariak gorde gagizala bere mantupian.

 

   "Agur Jesusen Ama…”

 

 

 

    


No hay comentarios: