Abenduko izarrak

lunes, 3 de octubre de 2022

Esker ona berreskuratu Recuperar la gratitud: Jose Antonio Pagola

 


Esana da, esker ona galduz doala bizitza modernoko «paisaia afektibotik». José Antonio Marina saiakeragile ezagunak duela gutxi gogorazi digu ezen Nietzscheren, Freuden eta Marxen bizitzak esker ona zail bihurtzen duen «errezeloaren kulturan» murgildurik utzi gaituela.

Eskuzabaltasun hutsez egindako keinua fidagaitz izan ohi da. Aipatu irakaslearen arabera, «dogma bihurtu da ezen inork ez duela doan ematen eta edozein asmok, itxuraz onak, itxurakeria bat duela beti ezkutuan». Erraz da orduan uste izatea esker ona «zozoen sentimendua, erratuena edo esklaboena» dela.

Ez dakit jarrera hau hain orokortua dagoen. Baina egia da ezen, gure «zibilizazio merkantilista» honetan, gero ere leku gutxiago eskaintzen zaiola doakotasunari. Dena da elkar trukatzen, maileguz ematen, zor izaten edota eskatzen. Gizarte-ingurune honetan esker ona galdu egiten da. Bakoitzak merezi duena izaten du, bere ahaleginez irabazi duena. Ez zaio inori ezer erregalu ematen.

Antzeko zerbait gerta daiteke Jainkoarekiko harremanetan ere, erlijioa harekiko hitzarmen antzeko bihurtzen bada: «Nik otoitzak eta sakrifizioak eskaintzen dizkizut; zuk zeure babesa segurtatzen didazu. Nik hitzarmendua beteko dut; zuk saritu egingo nauzu». Horrela, pikutara doaz esperientzia erlijiosotik Jainkoa gorestea eta berari eskerrak ematea, on guztien iturburu eta jatorri denari.

Fededun askorentzat, esker ona berreskuratzea izan daiteke lehen urratsa Jainkoarekiko bere erlazioa saneatzeko. Esker onezko gorespen hau ez datza lehenik eta behin berari laudorioak eskaintzean, ezta hartutako dohainak zenbatzean ere. Lehenengo gauza Jainkoaren handitasunaz eta ontasun ezin atzemanaz jabetzea da. Sumatzea ezen beraren aurrean eskerrak emanez bakarrik bizi gintezkeela. Jainkoarekiko errotiko esker on honek nork bere buruari, gauzekiko erlazioei eta gainerakoekin elkartasun-giroan bizitzeari beste era batean begiratzea sortzen du.

Esker oneko fededunak badaki bere existentzia guztia duela Jainkoaren dohain. Inguruan dituen gauzek ordu arte behin ere ikusi gabeko sakontasuna lortzen dute; ez daude hor premiak asetzeko balio duten objektu soil bezala; Kreatzailearen graziaren eta onberatasunaren zeinu dira. Bidean aurkitzen duen jendea ere erregalu eta onginahi da; beronen bidez Jainkoaren presentzia ikusezina eskaintzen zaio.

Jesusek sendatu dituen hamar lepradunetatik, bakar bat bakarrik itzuli da «Jainkoa aintzatuz», eta horrek bakarrik entzun ditu Jesusen hitz hauek: «Zeure fedeak salbatu zaitu». Jainkoa pozik aitortzea eta gorestea beti izan ohi dira salbazio-iturburu.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

Urteko 28. igandea – C (Lukas 17,11-19)

No hay comentarios: