Abenduko izarrak

viernes, 27 de noviembre de 2020

Makulua eskuz aldatzeko zain

Mario Izetak bihar emango du Bilbon gotzain igarotako hamar urteengatik eskerrak emateko meza, Santiago katedralean. Aurretik gotzain laguntzaile izan zen bi urtez. Abenduaren 5ean Burgosko (Gaztela eta Leon, Espainia) artzapezpiku kargua hartuko du. Ibai Maruriren artikulua Bizkaiko Hitza - Berrian.

Izetak 55 urte ditu eta gernikarra da. Medikuntza eta Teologia ikasketak ditu, eta Bioetikan doktorea da. Gaztelera, ingelesa, frantsesa, italiera eta alemana ondo menderatzen ditu; euskara galdua du ia. 1994an abade egin zenetik, Kordoban ibili da (Andaluzia, Espainia). Etorri zenean, izendapenagatik kexu, Bizkaiko Abadeen Foroak gutuna bidali zion Vatikanoak Espainian zuen nuntzioari. Aukeratzeko moduagatik izan ziren protestak: prozesu parte hartzailea eskatu zuten. Orduko izendapen gehienen atzean bezala, Izetarenean ere Antonio Maria Rouco Varela Madrilgo artzapezpiku ohia ikusi zuten. Uste zuten bere sokakoak izendatzeko presioa egiten zuela.

 Urteotan, lasaitu da giroa. Hasierako kontrako iritzi haiek ez dira hain ozen entzun. Nolabait asmatu du barruko korronteen artean orekari eusten. Gizartera begira, ETAren jardueraren amaiera bizi izan du, eta horrek gatazka politikotik aldentzea erraztu dio. Halere, azaro hasieran abade bat kargugabetu du, dokumental batean ETAren biktimak mindu dituelakoan.

(...)

INKESTA

Bizkaiko Hitza-k (...) abade bati galdetu die Mario Izetaren jardunaz.

1. Zer deritzezu Mario Izetak Bilbon gotzain moduan egindako urteei?
2. Zelan ikusten duzu gaur egun Bizkaiko Eliza?
3. Aurrera begira, zer erronka ditu Elizak?
4. Gotzain berriak zelakoa izan beharko luke?

Jose Mari Kortazar (abadea)

«Madrilen hautatzen bada, gotzain berria ere hara begira egongo da»

Azken hamarkada honetan Arratian ibili da Jose Mari Kortazar abadea: bost herritako parrokoa da. Mario Izetak Bilboko gotzain kargua hartu eta urtebetera berrantolatu zuen Abadeen Kontseilua; Kortazar izan zen kideetako bat. Elizbarrutiaren egituretatik kanpo, Bizkaiko Abadeen Foroko kide ere bada: Izetaren izendapena zalantzan jarri zuten, eta gaitzetsi dute azaroan «ETAren biktimak mintzeagatik» abade bat kargugabetu izana.

1. «Guztiz ezberdina izango da Bilbotik begiratu edota herri txiki euskaldunen ikuspegitik. Nik hamar urte daroat Arratiako bost parrokiatan, eta Izeta behin bakarrik egon da parrokietako batean, abade erretiratu baten hiletan: meza eman eta joan. Beste lauretan ez da egon behin ere. Horrek argi erakusten ditu haren lehentasunak. Bestetik, Bilboko gotzain egin zutenean, 2010eko irailaren 27an, eskutitz bat bidali genion hainbat abadek, puntu batean hau esanez: ‘Gure Elizbarrutian beldur gara zure izendapena herriko Eliza honen pastoral eta eliz lerroa aldatzen jarraitzeko erabili ote den’. Eta beldurra gauzatu egin da, abade talde honen ustez».

2. «Adi eta erne. Gotzaina badoa; gotzain laguntzaile bat geratzen da, ez dakiguna gure gotzaina izango ote dan. Bitartean, bakoitzak bereari, egoera triste honetan esperantza kutsatu guran. Ezin dugu Ez negar egin abestu, hainbat familiak euren hildakoak agurtzen dituzten bitartean, hainbat familia lan barik geratu denean, hainbat depresio eta ondoez dagoen bitartean».

3. «Jesusen Ebanjelioari jarraitzen ahalegindu: Eliza herrikoiagoa eta apalagoa, elkarrizketan borondate oneko pertsonegaz.
Pobre barik mundua 
goserik bakoa
gerra bako gizarte
poz sekulakoa.
Eskertu daigun beti
Zuk ereindakoa 
Mundu hau izan dadin 
Zuk asma lakoa».

4. «Gakoa da zelan aukeratu gotzain berria. Bizkaiko Elizak proposatu beharko luke gotzain soslai bat eta izen batzuk, gero Erromak euren artean bat aukeratzeko. Europako berrogei bat Elizbarrutik bide horierabiltzen dute, eta Eliz Zuzenbide Kodean ere onartuta dago. Madrildik-edo aukeratzen den bitartean, gotzain berria, bata edo beste izan, hara begira egongo da gehiago, herri honi baino».


No hay comentarios: