Abenduko izarrak

jueves, 25 de junio de 2020

Zeanuri: Altzuako San Joan eguna 2020

Zeharo ezbardina izan da aurten San Joan Zeanuriko Altzuako San Joan ermitean, Gorbeiaren magalean. Barauskarri barik baina ez dira falta izan fedea, osasun neurriak eta txistuaren alaitasuna.


Elizpean eta kanpo aldean jarri dira aulkiak. Heltzerakoan eskuak garbitzeko gela. Aulkitik aulkira tarte nahikoa.

Ate nagusian San Joan haretxa, kurutze eta guztiz, mimo guztiagaz jarrita.

Abadeak, San Joanen jaiotza gogoratuz aparte, konparatu egin dauz San Joan suak eta pandemiaren memoriagaz zer egin beharko gendukean:

San Joan eguna ospatzen dogu gaurkoan. Ohitura ezbardiak dagoz. San Joan haretxa, adibidez. Edo San Joan suak. Su hortan erretan dogu balio ez dauena, sapuak, sorginak… Eta gorde egiten dogu baliogarria.
Pandemia hau hortxe dago. Bere gauzak onak eta txarrakaz. Onak: zerbitzua, laguntasuna, solidaritza, eta Jainkoaren laztana, Horma bako parrokiak.
Txarrak be bai. Erre behar doguzanak: bakoitzak ikusiko ditu bestearenak, gatxago gureak. Mozala ipini deuskue, eta eurek euren mozorroa kendu dabe. Bata zelan tratatu diran gure edadekoak eta hildakoak. Txakurrak jainkotu, eta hildakoak txakurtu. Hileta tristeagorik ez dot ezagutu, Ekuadorren be ez. Errukizko ekintzak: hildakoak lurperatu. Osasun langile batzuk jasotako arauak apurtuz gaixoari eta familiari erruki apurt bat erakutsiz.


Konfinamenduan, Jesus etxeko sentidu dogu, Jainkoa ez dala ahaztu, eta Espirituak etxetik harago eroan gaitu arduratzeko pobreakaz,. Hori dana batu dogu liburutxo baten. Katekesiko umeentzat egindako kanta gogoratu beharko genduke gaur, Jesusen Bihotzaren Jai handi hau gogoan:

Gure Jainkoa aita-ama da  maitatzen daki bakarrik
Ez izan inoiz Haren bildurrik, maitatzen baino ez daki
Gure Jainkoa aita-ama da  maitatzen daki bakarrik
Haren aurrean Zure bihotza mantendu beti zabalik.

 Eta ospakizuna amaitzeko, txistulariek giroa alaitu deuskue.

Datorren urtean ezbardina izango dalakoan, aurten be ez dogu ahaztu Joan Bateatzaileak iragarri eban Jesusen Barri Ona gure herriko tradizioakaz uztartuz.

Zeanuri: Altzuako San Joan eguna 2019

Gorbeiako magalean dagoen Altzuako San Joan ermitean mezea ospatu dogu bere egunean. Hona argazki batzuk...


Erretaula nagusian San Joan biak: bateatzailea eta ebanjelistea, ermitaren zaindariak.

Ermita bete lagun mezea hasterakoan.

Eta barauskarria meza ostean.

San Joan aretxa ate nagusian...

Txistulariak, barauskarria eta bisitariak ermita inguruan.

Argazkiak: Jon Urutxurtu.

No hay comentarios: