Rufino Iraola
Jakizue ez naizela futbol-zalea. Urtean 
zehar partidaren bat edo beste ikusiko dut osorik, izen handiko 
nazioarteko ekiporen batzuk lehiatzen direnean-edo, golik onenak eta 
horrelakoei begiratzen badiet ere. Aurrekari horiekin nornahi ohartuko 
denez, printzipioz ez nuen asmorik Iñigo Martínezen fitxaketa berriari 
buruz hitz egiteko. Garbi esanda, ez nekien ezertxo ere. Baina zorioneko
 sare sozialek laster ipini naute jakinaren gainean.
Bi gauzagatik izan da notizia Iñigo 
Martínez futbolari ondarrutarra, hamahiru urte Realean igaro ostean 
Athletic-era joan delako, eta, horrela, real-zale askoren haserrearen 
kausa bihurtu delako. Bestetik, despedidako agurra euskaraz eta erdaraz 
egin du. Horra arte dena ondo. Baina jende askok leporatu dio erdaraz 
bikain eta euskaraz oso penagarri eta narrats eskribitua dagoela.
Erramun Osarenak dira hurrengo hitzok: 
«Iñigo Martinez futbolari ondarroarraren euskarazko txioak —(tokian) 
tokiko hizkeran idatzitakoak ere akatsak ditu— bazterrak astindu ditu. 
Auzia ez da euskara batua ala (tokian) tokikoa baliatzea, erregistro 
bakoitza noiz eta zertarako erabili baizik!» Parentesi artekoa nirea da.
 Egia esan, trakets amorratu idatzia dago Iñigo Martínezen mezua. 
Bizkaieraz ere posible da ondo idaztea, testu dezente ezagutzen dut, 
eta, besteak beste, Athletic-eko futbolari berriari Amurizaren ‘Enaz 
banaz’ gomendatuko nioke.
Gertaera hori dela eta, Ramon 
Etxezarretak, joan den ostiralean, ‘Cuanto más’ izenburuarekin, ‘Plaza 
de Gipuzkoa’ sailean eskribitu zuena ona iruditu zitzaidan. Ea oraingoan
 ez naizen erratzen Ramonekin, orain hurrengoan hanka sartu bainuen.
Euskararena bego horretantxe, baina 
Ramonek jorratzen ditu beste aspektu interesgarri batzuk ere. Dio 
tontotzat hartzen dela, gizarte honetan, daukanarekin konformatzen dena,
 asko izanda ere. Gaurko araua irabaztea dela esanez jarraitzen du; ez 
asko eta ez nahikoa, ahal den gehiena baizik.
Duela gutxi Andoni Egañak hau eskribitu 
du: “1.800 euro 900en bikoitza da, baina 6. milioi ez da 3 milioiren 
bikoitza, matematikoki baizik”. Hurrengoa, berriz, José Luis 
Sampedrorena da: “Sistemak kasinoa antolatu du, betikoek irabaz 
dezaten”.
Eta nik, nire betiko ingenuitate 
honetatik, amets eta utopia artean, sinetsi nahi dut iritsiko dela eguna
 pertsona zoriontsu izango dena behar adinarekin bakarrik. Iritsiko dela
 dirua, fama eta itxurari hainbesteko inportantzia emango ez zaion 
eguna, ohartuko garen eguna kanpoko gauzetan ez baino gure barruan 
dagoela zorionaren iturria. Eta zabalduko duela enpatia, errukia eta 
elkartasuna gailenduko diren eguna. Sinetsi nahi nuke iritsiko dela 
inkontzientziatik –gaur egungo bekatutik– irtengo garen eguna.
Rufino Iraola
Rufino Iraola

No hay comentarios:
Publicar un comentario