Abenduko izarrak

jueves, 7 de abril de 2022

1937ko apirilak 7 hildako Zeanurin. Gaur betetzen dira 85 urte

Jon Urutxurtu

Gerra Zibilean hildako herritarrak gogoratuko ditue domekan Zeanurin. Domekako mezan gomutan izango ditue 1937ko apirilaren 7an hildako zazpi zeanuriztarrak. Pakearen aldeko deia egiteko ospakizuna be izango da. Eguazten baltza izan zan ha Zeanurin.


1936tik 1939ra bitartekoa izan zan Espainiako Gerra Zibila. Bizkaian, gehienbat 1937an eragin zituan kalterik larrienak eta, beraz, aurten 80. urteurrena beteko da. Gernika eta Durangoko bonbardeoa, burrukaldiak Burdinazko Gerrikoan, faxistak Bilbon sartu ziranekoa... jazoera ugari gogoratuko dira hurrengo asteetan. Beste herri batzuetan be gogoan daukiez pasautako une lazgarriak, horren ezagunak ez izan arren. Zeanurin, esaterako, zazpi auzotar hil ziran.

Domekan, apirilak 9, Erramu Domekako mezan gogoratuko ditue zazpi herrikideak eta pakearen aldeko deia egingo dabe. 1937ko jazoera hareen barri emon deusku Jon Urrutxurtu zeanuriztarrak ondorengo lerroetan:
Gerra Zibila 1936ko garagarrilean hasi bazan be, Zeanurin egunik gogorrenetako bat 1937ko apirilaren 7a, eguaztena, izan zala esan daiteke. Egun haretan nazionalen hegazkintzaren bonbardaketak izan ziran, eta ondorioz hildako bi egon ziran: plazan, Jesus Urutxurtu mutikoa bere etxeko ortuan hil eban bonba batek; Zulaibar auzoan jausi zan beste bonba batek Esteban Astondoaren biziagaz amaitu eban.

Gertaera horren testigantzea, Elena Rotaetxek idatzi eban egunerokoan irakurri daiteke. Rotaetxetarren etxe ondoan egoan zubipeko babeslekuan bizi izan ebana era honetan kontetan dau Elenak: … al refugio de debajo del puente donde nos trasladamos todos hasta que anochece y ya no hay temor al bombardeo. Allí se dan escenas trágicas como la de una viuda que le avisan que una bomba acaba de sepultar a su hijo. Aquella mujer pierde la razón y es horrible oírle los gritos de angustia. Aitatzen dauen emakumea Rosario Fernández de Larrinoa zan, bost semeren ama, alarguna, bonbardaketearen ondorioz bere seme zaharrena, Jesus, galdu ebana.

Baina heriotza horreek biak nazionalen bonbardaketearen ondorioa izan baziran, beste bostak Errepublikearen alde burrukan egozan eben eta euskal tropei laguntzera etorri ziran asturiar milizianoek eragin zituen. Asturiar milizianoak —asko ideologiaz komunistak ziran eta jarrera antiklerikal sutsua eukien— Legutioko frentetik erretiradan etozan. Barazartik behera etozala, Beretxikorta auzoan bizi ziran pastore bi, osaba-lobak, hil zituen: Ramon eta Florentzio Etxebarria. Antza danez, ganadua kendu gura eutseen eta artzainek aurre egin eutseenean, tirokatu egin  zituen.

Bestalde, Zeanuriko plazan, San Isidro eleizearen ondoan, Benito Atutxa abadea eta Andra Mariko parrokoa eta bere loba Leon Zuluaga —bost seme-alabaren aita eta zinegotzi jeltzalea—  hil zituen. Jazoera horren testigantzea be Elena Rotaetxek bere egunerokoan batzen dau: Al día siguiente a la mañana viene Eleuterio (que había estado también en Miravalles) y nos da la horrible noticia de que aquella noche han matado los asturianos se cree, a Don Benito y León. Nos quedamos aterrados pues estuvimos con ellos hasta que nos fuimos a Bilbao. Barria emoten deutsana Eleuterio Goikoetxea da, Errepublika aldiko Zeanuriko lehenengo alkatea.

Zazpigarren biktima bat be egon zan: Bizente Ozerinjauregi, frantziskotar fraidea. Azken hau bere familiaren etxean egoan, Altzua auzoko Goikiri beserrian, eta asturiar miliziano batzuk hartu eta gehiagotan bere barririk ez zan izan. Bizenteren anaia batek, Luisek, hasiera baten atzetik jarraitu ei eutsien  baina, asturiarrek zera esan ei eutsien: Si nos sigues vas a acabar como él. Herrian komentatzen zanez, azkeneko aldiz plazan ikusi eben Txominen dendearen aurrean. Bizenteren gorpua ez zan inoz agertu.

2022 apirilaren 10an, Erramu Domekan, Zeanuriko parrokian ospatuko dan meza nagusian, zazpi hildakoak gogoratuko ditue eta, aldi berean, bakearen aldeko deia egiteko aprobetxauko da ospakizuna.

 

No hay comentarios: