Tarte txikian euskerazko bertsio bi agertu dira. Txalogarria! Bata Idatz argitaletxeak emona, itzultzailearen izen barik. Bestea Rufino Iraolarena. Bere baimenaz hona dakarguna errege eguneko opari legez www.arratia.tk jarraitzen dozuen guztiei!
ENTZIKLIKA GUTUNA LAUDATO SI’ [GORETSIA ZU]
Entziklikaren laburpena
1 «Laudato si’, mi’ Signore» – «Laudatua
Zu, ene Jauna», kantatzen zuen Asisko Frantziskok. Kantika eder
horretan, hauxe gogorarazten zigun: guztiona den etxe hau arreba baten
antzekoa da, zeinekin konpartitzen dugun gure existentzia; bestetik,
bere besoetan hartzen gaituen ama apain baten antzekoa: «Laudatua Zu,
ene Jauna, gure arreba ama-lurrarengatik, horrek sostengatzen baikaitu,
gobernatzen, eta lore koloretsudun hainbat fruitu eta belar ematen» [1].
2 Arreba horrek garrasi egiten du
eragiten diogun kaltearengatik: Jainkoak eskaini dizkigun ondasunen
erabilpen ez-arduratsua eta abusuak direla bide sortzen diren kalteak.
Bere jabe eta nagusi bakarrak bagina bezala hazi gara, eta uste genuen
bagenuela eskubidea ama-lurrarekin nahi genuen guztia egiteko.
Gizakiaren bihotzean, bekatuak zauriturik, dagoen biolentzia nabarmen
ageri da lur-zoru, ur, aire eta izaki bizidunengan nabari diren
gaixotasun-sintometan ere. Horregatik, pobrerik abandonatu eta gaizki
tratatuenen artean aurkitzen da gure lur zanpatua eta hondatua, eta ezin
isildurik dihardu «negar-zotinka, erditze-minetan» (Erm 8,22). Ahaztu
egiten zaigu geu ere lurra garela (cf. Gn 2,7). Gure gorputza bera
planeta honetako elementuez osatua dago: horko airea da hats ematen
diguna eta horko urak biziarazi eta indarberritzen gaitu.
Mundu honetako guztia zaigu axola
Idatz argitaletxearen bertsioa |
3 Duela berrogeita hamar urte baino
gehiago, mundua gerra nuklearraren haritik zintzilika zegoela, Joan
XXIII.a Aita Santu deunak entziklika bat eskribitu zuen, eta, han
zioenaren arabera, ez zen konforme gerra gaitzeste hutsarekin,
bake-proposamen bat aurreratu zuen baizik. Bere Pacem in terris mezua
“mundu katoliko” osoari zuzendu zion, baina ondotik hau erantsita: “eta
borondate oneko gizon eta emakume guztiei”. Orain, ingurumenaren
hondamendi global hau ikusirik, planeta honetan bizi den pertsona
ororengana iritsi nahi dut. Evangelii gaudium aholku-gutunean,
Elizako kideei eskribitu nien, oraindik burutzeke dagoen
misio-erreformaren prozesua bultza dezaten. Entziklika horretan, nire
helburua da guztion etxeari buruzko elkarrizketan denekin hastea.
4 Pacem in terris baino zortzi
urte geroago, 1971ean, Paulo VI.a Aita Santu dohatsuak ekologiaren
problematikari buruz hitz egin zuen; krisi moduan aurkeztu zuen, eta
zioen gizakiaren jarduera kontrol gabearen “ondorio dramatikoa” zela:
“Inolako begirunerik gabe natura esplotatzen ari garelako; natura
suntsitzeko zorian dabil gizakia eta, aldi berean, degradazio horren
biktima izango da gizakia bera” [2].
FAOri ere mintzatu zitzaion, eta ohartarazi ere bai “zibilizazio
industrialaren leherketaren ondoriozko hondamendi ekologikoaz”, eta
“gizadiaren portaera-aldaketa erradikalaren premia eta urgentzia”
azpimarratu zituen. Zeren “aurrerapen zientifiko handienak, balentria
tekniko harrigarrienak, hazkunde ekonomiko miragarrienak, baldin eta ez
badoaz parean benetako aurrerabide sozial eta moralarekin, gizakiaren
kontrako bihurtzen dira” [3].
5 San Joan Paulo II.a gero eta interes
handiagoz arduratu zen gai horretaz. Bere lehen entziklikan, esan zuen
badirudiela “gizakiak ez diola aurkitzen bere inguru naturalari beste
esanahirik, segituan erabiltzeko edo kontsumorako balio izatea baizik” [4]. Behin eta berriz egin zuen dei konbertsio ekologiko globalerako [5]. Baina, aldi berean, adierazi zuen ahalegin gutxi egiten dela “benetako giza ekologiarako baldintza moralak zaintzen” [6].
Oso larritzat jo zuen gizatasun-giroa desegitea, zeren Jainkoak ez zuen
soilik ipini mundua gizakiaren eskuetan; gizakiaren bizia bera ere
dohain handia da, hainbat degradazio-formatatik babestu beharrekoa.
Mundua zaindu eta hobetzeko pretentsio orok aldaketa sakonak eskatzen
ditu “bizi-estiloan, produkzio- eta kontsumo-ereduan, eta gizarteak
gidatzeko indarrean dauden botere-egituretan” [7].
Benetako giza garapenak izaera morala du, eta pertsonaganako errespetu
osoa eskatzen du; baina, era berean, arduratu beharra dago mundu
naturalaz ere eta “kontuan izan izaki bakoitzaren ezaugarriak, eta
sistema ordenatu batean nahitaezkoa den elkarrekiko konexioa” [8].
Hortaz, errealitatea transformatzeko gizakiak daukan gaitasuna garatu
behar da, ezbairik gabe, Jainkoaren aldetik gauzek daukaten
dohaintza-jatorria aintzat harturik [9].
6 Nire aurreko Aita Santuak, Benedikto XVI.ak,
gonbita hau berritu zuen: “munduko ekonomiaren disfuntzio estrukturalen
kausak deuseztatu eta hazkunde-ereduak zuzendu, bai baitirudi
ingumenarekiko errespetua bermatzeko ez direla gai” [10].
Bestalde, gogorarazi zuen mundua ez dagoela analizatzerik aspektu bakar
bat isolatu eta aparte harturik, zeren “naturaren liburua bakarra eta
zatiezina da”, eta dena sartzen da: ingurumena, bizia, sexualitatea,
familia, erlazio sozialak, eta abar. Ondorioz, “gizon-emakumeen
elkarbizitza modelatzen duen kulturarekin hertsiki lotua dago natuaren
degradazioa” [11].
Benedikto XVI.a Aita Santuak proposatu zigun aitor genezala inguru
naturala zauriz betea dagoela, eta gure portaera arduragabeak eragindako
zauriak direla. Giro sozialak ere baditu bere zauriak. Den-denak, azken
finean, gaitz bera dute oinarri, hots, ez dagoela gure bizia gidatuko
duen zinezko egiarik uste izatea; ondorioz, giza askatasunak ez du
mugarik. Ahaztu egiten zaigu “gizakia ez dela berak bakarrik beretzat
sortu duen askatasuna soilik. Gizakiak ez du sortu bere burua. Espiritua
eta borondatea da, baina baita natura ere” [12].
Aita baten kezkaz gonbidatu gintuen honen kontzientzia hartzera:
kreazioa kalteturik suertatzen da, “geu baldin bagara azkeneko edo goi
instantziak, beste guztia gure propietatea baino ez bada, eta kontsumoa
geuretzat bakarrik baldin bada. Geure gainetik beste instantziarik
aitortzen ez badugu, dena geu garela ikusten badugu, orduan hasten da
kreazioaren hondamen eta xahutzea”. [13].
Kezka beragatik elkartuta
7 Aita Santuen ekarpen horiek, noski,
arazo hauetan Elizaren pentsamendua aberastu duten zientzialari,
filosofo, teologo eta erakunde askoren ekarpenak jasotzen dituzte. Baina
ez dugu ahaztu behar Eliza Katolikotik kanpora ere, beste Eliza eta
Kristau Komunitate batzuek —beste erlijio batzuek bezalaxe— kezka handia
erakutsi eta gogoeta baliosak egin dituztela, guztiok arduratzen
gaituen gai horiei buruz. Adibide nabarmen bakar bat aipatzearren,
Bartolome Patriarka Ekumeniko adiskidearen ekarpena aipatu nahi dut,
labur-labur bederen, zeinekin konpartitzen dugun eliz batasun osoaren
esperantza. Bartolome Patriarkak, bereziki, planeta honi bakoitzak egin
dizkion kalteez damutzeko premia aipatu du, zeren “kalte ekologiko
txikiak bederen guztiok eragiten ditugunez”, behartuak gaude,
kreazioaren desitxuratze eta suntsitzeari dagokionez, “gure eragina
—txikia ala handia— aitortzera” [14].
Puntu horren gainean, beti modu sendo eta estimulagarrian espresatu da,
eta kreazioaren kontrako bekatuez damutzera gonbidatu izan gaitu:
“gizakiak Jainkoaren kreazioko dibertsitate biologikoa suntsitzea;
gizakiak lurraren integritatea degradatzea eta klima-aldaketa
areagotzea, lur honetako baso naturalak soildurik eta zona urtsuak
deseginik; gizakiak ura, lur-zorua eta airea kutsatzea. Horiek denak
bekatuak dira” [15]. Izan ere, “naturaren kontrako krimena geure buruaren kontrako krimena da, eta Jainkoaren aurkako bekatua” [16].
8 Bartolome Patriarkak, bereziki, planeta
honi bakoitzak egin dizkion kalteez damutzeko premia aipatu du, zeren
“kalte ekologiko txikiak bederen guztiok eragiten ditugunez”, behartuak
gaude, kreazioaren desitxuratze eta suntsitzeari dagokionez, “gure
eragina —txikia ala handia— aitortzera” [14].
Puntu horren gainean, beti modu sendo eta estimulagarrian espresatu da,
eta kreazioaren kontrako bekatuez damutzera gonbidatu izan gaitu:
“gizakiak Jainkoaren kreazioko dibertsitate biologikoa suntsitzea;
gizakiak lurraren integritatea degradatzea eta klima-aldaketa
areagotzea, lur honetako baso naturalak soildurik eta zona urtsuak
deseginik; gizakiak ura, lur-zorua eta airea kutsatzea. Horiek denak
bekatuak dira” [15]. Zeren “naturaren kontrako krimena geure buruaren kontrako krimena da, eta Jainkoaren aurkako bekatua” [16].
9 Bartolomek, aldi berean, ingurunearen
gaineko problemen sustrai espiritual eta etikoei buruz ohartarazi nahi
izan gintuen; problema horiek ez digute eskatzen konponbide teknikoak
aurkitzeko soilik, gizakiaren aldaketa ere bai; zeren, bestela, sintomei
aurre egiten baino ez gara ari. Kontsumotik sakrifiziora pasatzeko
proposatu zigun, dena irentsi beharretik eskuzabaltasunera, alferrik
galtzetik konpartitzera, “ematen ikastea, eta ez bakarrik uko egitea,
esan nahi duen aszesian oinarriturik. Maite izateko modu bat da,
pixkana-pixkana nik nahi dudanetik Jainkoaren munduak behar duenera
igarotzea. Beldurretik, dena irensteko irrikatik, dependentziatik
liberatzea da” [17].
Kristauok, gainera, behartuak gaude mundua komunio-sakramentu moduan,
Jainkoarekin eta lagun hurkoarekin, eskala globalean, konpartitzeko
forma gisa onartzera. Gure konbikzio apal hauxe da oinarria:
jainkotiarra eta gizatiarra, detailerik xeheenean ere, Jainkoaren
kreazioko josturarik gabeko jantzietan baturik daudela, gure planetako
azken hauts ale txikieneraino” [18].
Asisko San Frantzisko
10 Ez dut garatu nahi entziklika hau asko
motiba gaitzakeen eredu bikain batera jo gabe. Haren izena hartu nuen
gidatzat eta inspirazio moduan, Erromako Gotzain hautatzeko momentuan.
Uste dut Frantzisko dela eredurik onena, besteen gainetik, ahul dagoena
eta ekologia integrala zaintzeari dagokionez; alaitasun eta
zinezkotasunez bizi izan zuen hori. Ekologiaren inguruan lan egin eta
ekologia ikertzen duten guztien zaindari santua da, kristau ez diren
askoren artean ere oso maitatua. Arreta berezia erakutsi zuen Jainkoaren
kreazioari buruz eta pobre eta abandonatuekiko. Alaitasunaren bidez,
bere burua eskuzabaltasunez eskainirik eta bihotz unibertsalez maitatzen
zuen, eta bera ere horrela zen maitatua. Mistikoa zen, erromesa zen,
xalotasunean bizi izan zen, eta paregabeko harmonia liluragarrian
Jainkorekin, besteekin, naturarekin eta bere buruarekin. Harengan garbi
ikusten da noraino diren banaezinak naturarekiko ardura, pobreenganako
justizia, gizartearekiko konpromisoa eta barneko bakea.
11 Haren testigantzak besterik ere
erakusten digu: ekologia integralarentzat nahitaezkoa den matematika-
edo biologia-hizkera gainditu eta giza esentziarekin konektatuko
gaituzten kategoriatara irekitzea. Pertsona batekin maitemintzen
garenean gertatzen den eran, eguzkiari, ilargiari edo animaliarik
txikienari begiratzen zion bakoitzean, kantatzea zen haren erreakzioa,
laudorio horretan gainerako izaki guztiak sarturik. Kreatu ororekin
jartzen zen komunikazioan, eta loreei ere predikatu egiten zien, “jauna
gorestera gonbidatzen zituen, arrazoimenaren jabe balira bezala” [19].
Haren erreakzioa, balorazio intelektuala baino askoz ere gehiago zen,
edo kalkulu ekonomiko bat baino gehiago; zeren, harentzat, kariñoz
uztarturiko arreba zen edozein kreatura. Horregatik, behartua sentitzen
zen existitzen zen guztia zaintzera. Frantziskoren dizipulu San
Buenabenturak esaten zuen, “samurtasun handienaz beterik eta gauza
guztien jatorri komuna kontuan hartuta, kreatura guztiak,
mespretxagarrienak baziruditen ere, arreba izen eztiaz izendatzen
zituela” [20].
Konbikzio hori ez daiteke mespretxa erromantizismo irrazionala balitz
bezala, baditu-eta ondorioak gure portaera determinatzen duten
aukerabideetan. Natura eta inguruneari hurbiltzen bagatzaizkio
txundidura eta miragarritasunera ireki gabe, anaitasun- eta
edertasun-hizkera ez badarabilgu munduarekiko erlazioan, gure jokabideak
ez dira zuzenak izango, baizik eta menderatzaile, kontsumitzaile edo
baliabideen esplotatzaile soilarenak, segituko interesei mugak ipintzeko
ezgaitasun erabatekoa erakutsiko dugularik. Aldiz, existitzen den
guztiarekin hertsiki lotuak sentitzen bagara, modu espontaneoan jalgiko
dira sobrietatea eta ardura. San Frantziskoren pobrezia eta
austeritatea ez ziren kanpoko aszetismo hutsa, zerbait erradikalagoa
baizik: errealitatea mendeko zerbait eta erabilpen-objektu soil
bihurtzeari uko egitea.
12 Bestalde, san Frantziskok, Liburu
Santuekiko fideltasun osoan, hau proposatzen digu: natura ikus dezagun
liburu bikain baten modura, non Jainkoa mintzatzen zaigun eta bere
edertasun eta onberatasuna islatzen digun: “Kreaturen handitasun eta
edertasunaren bidez, analogiaz, ezagutzen da haien egilea” (Jkd 13,5),
eta “kreazioaren hasieratik, haren ahal eternoa eta jainkotasuna ikuskor
bilakatzen dira adimenarentzat, bere egintzei esker”. (Erm 1,20).
Horregatik, eskatzen zuen komentuan egon zedila, beti, ortu-zati bat
landatu gabe, basa-belarrak haz zitezen, ikusi eta miresten zituztenek
pentsamendua Jainkoagana, hainbeste edertasunen egileagana, jaso ahal
izan zezaten [21].
Konpondu beharreko problema bat baino zerbait gehiago da mundua,
misterio atsegin bat da, alaitasun-laudorioz kontenplatzen duguna.
Nire deia
13 Guztion etxea babesteko erronka
urgenteak bere baitan darama giza familia osoa batzeko kezka, garapen
jasangarri eta integralaren bila, elkartzeko ardura, bai baitakigu
gauzak alda daitezkeena. Kreatzaileak ez gaitu abandonatzen, bere
maitasun-proiektuan inoiz ez du atzera jo, ez da damutzen gu egin
izanaz. Gizadiak oraindik badu ahala guztion etxea eraikitzen
kolaboratzeko. Nahi nituzke: errekonozitu, animatu eta eskertu, giza
jardueraren sektorerik bariatuenetan, konpartitzen dugun etxea
babesteko, lanean diharduten guztiak. Esker-on berezia merezi dute,
munduko pobreenen bizian ingurunearen degradazioak dituen ondorio
dramatikoei irtenbidea emateko borrokan gogor ari direnek.
Aldaketa eskatzen ari zaizkigu gazteak.
Arrazoiz galdetzen dute nola demontre ote den posible etorkizun hobea
eraikitzea, ingurumenaren krisian eta baztertuen edo abandonatuen
sufrimenduan pentsatu gabe.
14 Elkarrizketa berri baterako gonbita
urgentea luzatzen dut, planetaren etorkizuna nola eraikitzen ari garen
azter dezagun. Denok batuko gaituen elkarrizketa behar dugu, zeren
ingurunearen mehatxua, eta giza erroak, denoi interesatzen zaizkigu eta
denoi erasaten digute. Munduko mugimendu ekologikoak egina du aski bide
luzea eta aberatsa, eta giza elkarte hiritar ugari sortu du,
kontzientziazio-lanean erruz lagundu dutenak. Tamalez, ingurugiroaren
krisiari irtenbide konkretuak aurkitzeko ahalegin asko, sarritan,
frustratu egiten dira, ez bakarrik boteretsuek errefusatzen dituztelako,
baita beste guztien interes faltagatik ere. Konponbideak oztopatzen
dituzten jarrerak, fededunen artean ere, problemaren ukaziotik hasi eta indiferentziaraino
iristen dira, edo, bestela, etsipen erosoan edo konponbide teknikoen
konfiantza itsuan murgildu. Solidaritate unibertsal berria behar dugu.
Hego Afrikako gotzainek esan zuten eran, “talentudunak eta guztien
inplikazioa behar dira, Jainkoaren kreazioari gizakiaren abusuak
egindako kalteak konpondu edo gainditzeko” [22].
Denok kolabora dezakegu, Jainkoaren instrumentuak garen aldetik,
kreazioaren zainketan, bakoitzak bere kulturatik, bere esperientziatik,
bere ekimenen bidez eta bere gaitasunen arabera.
15 dut Gutun entziklika honek, zein
Elizaren Magisterio sozialari atxikirik jartzen dugun, lagun diezagun
aurrean dugun desafioaren handia, urgentzia eta edertasuna ikusten.
Lehenik eta behin, ibilaldi labur bat egingo dut egungo krisi
ekologikoaren aspektu batzuetan barrena, gaur egun eskuartean ditugun
ikerketa zientifikoen fruiturik onenak neure egiteko; ikerketa
zientifikoari utzi, beldurrik gabe, gugandik zer nahi duen galdetzen eta
oinarri konkretua ipini ibilbide etiko eta espiritualari, segidan
adierazten den eran. Begirada horretatik ekinik, tradizio
judu-kristautik datozen arrazoi batzuk berrartuko ditut,
ingurumenarekiko gure konpromisoari koherentzia handiagoa ematearren.
Gero saiatuko naiz egungo egoeraren sustraietara iristen, ez sintomak
bakarrik behatzeko, baizik eta baita kausa sakonak ere. Horrela
proposatu ahal izango dugu ekologia bat, bere hainbat dimentsioren
artean, gizakiak mundu honetan daukan toki berezia eta inguratzen duen
errealitatearekin dauzkan erlazioak aintzat hartuko dituena. Gogoeta
horren argitan egin nahi nuke aurrera, gu geu eta politika
internazionala partaide izango diren zenbait elkarrizketa eta ekintza
zabalen harian. Azkenik, konbentziturik nagoenez aldaketa orok behar
dituela bere motibazioak eta heziketa-bide bat, gizakiaren
heldutasun-lerro batzuk, kristau esperientzia espiritualaren altxorrean
inspiratuak, proposatuko ditut.
16 Nahiz eta kapitulu bakoitzak bere gaia
eta metodologia espezifikoa izan, aldi berean, beste ikuspegi batetik,
berriro jorratzen ditu aurreko kapituluetan trataturiko arazo txit
garrantzitsuak. Hori, bereziki, entziklika osoa zeharkatzen duten ardatz
batzuekin gertatzen da. Adibidez: pobreen eta planetaren
hauskortasunean dagoen erlazio hertsia, munduan dena konektaturik dagoen
konbikzioa, paradigma berriari kritika eta teknologiatik datozen
botere-forma berriak, ekonomia eta aurrerapena ulertzeko beste modu
batzuen bila saiatzea, kreatura bakoitzaren balio propioa, ekologiaren
zentzu gizatiarra, debate egiati eta onestuen premia, nazioarteko eta
tokian tokiko politikaren ardura larria, deskartearen kultura
eta bizi-estilo berriaren proposamena. Gai horiek ez dira ixten eta
abandonatzen, baizik eta etengabe birplanteatu eta aberasten.
LEHEN KAPITULUA
GURE ETXEARI GERTATZEN ARI ZAIONA
17 Gizadiaren eta munduaren egoerari
buruzko gogoeta teologikoak edo filosofikoak irudi dakizkiguke mezu
errepikatu eta abstraktuak, baldin eta ez badira berriro aurkezten
egungo testuinguruaren harira, testuinguru horrek gizadiaren
historiarentzat errealitate ezezaguna gordetzen duen neurrian.
Horregatik, fedeak, bizi garen munduaren aurrean, motibazio eta
exijentzia berriak dituela aitortu aurretik, proposatzen dut geldialdi
labur bat egitea, guztion etxeari zer gertatzen ari zaion begiratzeko.
18 Gizadiaren eta planetaren etengabeko aldaketa bizkorrei, gaur, hau erantsi behar zaie: bizi- eta lan-erritmoen intentsifikazioa, gazteleraz batzuek “rapidación” (arrapalada)
deitzen diotena. Nahiz eta sistema konplexuen dinamikaren parte den
aldaketa, gaur giza ekintzek ezartzen duten abiadurak erruz
kontrastatzen du berez hain lasaia den eboluzio biologikoarekin. Horri
problema hau erantsi behar zaio: aldaketa bizkor eta konstante horren
xedea ez dago orientatua, nahitaez, guztien onerako eta giza garapen
jasangarri eta integralari begira. Aldaketa desiragarria da, baina
kezkagarri bilakatzen da munduaren eta gizadi-zatirik handienaren
bizi-kalitatearen hondamen bihurtzen denean.
19 Aurrerapenean eta gizakiaren
gaitasunean, denboraldi batean, aski konfiantza irrazionalean bizi izan
ondoren, gizartearen zati bat ari da sartzen kontzientzia handiagoko
beste etapa batean. Beste sentikortasun bat nabari da ingurumenari eta
naturaren zainketari dagokionez, eta egiazko kezka eta, aldi berean,
kezka mingarria gero eta handiagoa da gure planetarekin gertatzen ari
denari buruz. Eman diezaiegun begiratu bat (dena begiratzea, noski,
zaila izango da) kezkarik larriena sortzen diguten arazoei, jada
alfonbraren azpian gordetzerik ez dagoen arazoei. Helburua ez da
informazioa jasotzea edo gure jakin-mina asetzea, baizik eta benetako
kontzientzia, mingarri bazaigu ere, hartzea; ausart gaitezen munduari
gertatzen zaiona sufrimendu pertsonal bihurtzen, eta horrela garbi ikusi
zein den bakoitzak egin dezakeen ekarpena.
I Kutsadura eta klimaren aldaketa
Kutsadura, zaborrak eta ‘deskartearen’ kultura
20 Badira kutsadura moduak pertsonei
egunero erasaten dienak. Kutsagarri atmosferikoen eraginpean egoteak
ondorio asko eta handiak ditu osasunarentzat, bereziki pobreengan: behar
baino lehenagoko milioika heriotza probokatzen ditu. Gaixotzen dira,
adibidez, ke ikaragarri arnasten dutelako: sukaldaritzan eta berotzeko
erabiltzen diren erregaiek sortzen dute. Horri erants diezaiogun denoi
erasaten digun kutsadura: garraioak sortzen duena, industriako kea,
lur-zorua eta ura garrazten [azidifikatzen] dituzten substantzien deposituak, ferlitilizanteak, intsektizidak, fungizidak, belar txarrak kontrolatzekoak eta, oro har, agrotoxikoak.
Teknologia, finantzekin loturik, hartu nahi izaten da problemen soluzio
bakartzat; baina, nabarmen ageri denez, ezgai izan ohi da gauzen artean
existitzen diren mila erlazioren misterioa ikusteko; horregatik, maiz
asko, problema bat konpontzeko, beste batzuk sortzen ditu.
21 Aintzat hartu behar da hondakinek
sorturiko kutsadura ere, zaborra arriskutsuak barne, beti presente
hainbat ingurutan. Milaka milioi tona hondakin izaten dira urtero, eta
horietatik asko ez dira biodegradagarriak: etxeko eta hondakin
komertzialak, eraikinak botatzean sortzen direnak, kliniketako
hondakinak, hondakin elektronikoak eta industrialak, hondakin zeharo
toxikoak eta erradiaktiboak. Lurra, gure etxea, badirudi gero eta
zikinkeria-depositu handiago bihurtzen ari dela. Planetako toki askotan,
agure eta andre helduak beste garai batzuetako paisaien tirrian bizi
dira, orain zaborraz inguraturik bizi baitira. Hondakin industrialek
nahiz hirietan eta soro-belardietan erabiltzen diren produktu kimikoek
proboka dezakete bio-metaketa efektua, inguruko zonetan bizi diren
organismoengan; eta halaxe gertatu ohi da, nahiz eta elementu toxikoen
presentzia-maila baxua izan. Askotan, neurriak hartzen dira, tamalez,
ondorioek, pertsonen osasunarentzat, itzulbiderik ez dutenean.
22 Problema horiek hertsiki lotuak daude deskartearen kulturarekin;
berdin erasaten die gizaki baztertuei eta berehala zaborra bihurtzen
diren gauzei. Adibidez, kontaturik gaude produzitzen den paperaren
parterik handiena alferrik galtzen dela, ez dela birziklatzen. Kostatu
egin zaigu ekosistema naturalen funtzionamendua eredugarria dela
aitortzea: belar-jaleak elikatzen dituzten mantenugaiak sintetizatzen
dituzte landareek; belar-jaleek, aldi berean, izaki haragi-jaleak
elikatzen dituzte; hauek, noski, hondakin organiko asko sortzen dute,
eta hortik, berriro, landare-belaunaldi berria jaioko da. Sistema
industrialek ez dute garatu, ordea, produkzio- eta kontsumo-zikloaren
amaieran hondakinak eta sastarrak xurgatu eta berrerabiltzeko
gaitasunik. Oraindik ez da lortu, bistan denez, guztientzat eta
ondorengo belaunaldientzat beharrezko baliabideak ziurtatuko dituen
produkzio-eredu zirkularra; horrek eskatzen du baliabide
ez-berriztagarrien erabilpena ahalik eta gehien murriztea, kontsumoa
moteltzea, aprobetxamendua optimizatzea, berrerabiltzea eta
birziklatzea. Arazo horri heltzea izango litzateke modu bikaina deskartearen kulturari
aurre egiteko; bestela, planeta osoari erasaten baitio. Baina, ikusten
ari garenez, horretan egin den aurrerabidea oraindik aski eskasa da.
Klima: guztion on moduan
23 Guztion ona [ongia] da klima; guztiona
eta guztiontzat. Globalean harturik, sistema konplexua da, gizakiaren
biziarentzat esentzialak diren baldintza askorekin erlazionatua. Oso
kontsensu zientifiko sendoa dago, eta, horren arabera, sistema
klimatikoaren berotze-prozesu txit kezkagarriaren aurrean gaude. Azken
hamarkadetan, berotze horri lotua egon da itsasoaren nibelaren gorakada
etengabea. Gainera, zaila da ez erlazionatzea muturreko gertaera
meteorologikoen gehitzearekin, nahiz eta ezin zaion egotzi kausa jakin
bat, zientifikoki determinagarria, fenomeno partikular bakoitzari.
Gizadia behartua dago bere bizi-estiloan, produkzioan eta kontsumoan
aldaketak egiteko premiaren kontzientzia hartzera, berotze-prozesuari
aurre egiteko, edo, gutxienez, sortu edo areagotzen duten kausak
eragozteko. Egia da badirela beste faktore batzuk ere (sumendien
erasoak, Lurraren ardatzaren mugimenduak edo eguzki-zikloa), baina,
ikerketa zientifiko ugarik erakusten dutenez, azkeneko hamarkadetako
berotze globalean gehien eragin duena, ezbairik gabe, negutegi efektudun
gasen kontzentrazioa da (anhidrido karbonikoa, metanoa,
nitrogeno-oxidoak eta beste batzuk), batez ere gizakiaren jarduna dela
bide isuriak. Atmosferan kontzentratzean, Lurrak islatzen dituen
eguzki-izpien beroa espazioan hedatzea oztopatzen dute. Hori indartzen
duena da, nagusiki, erregai fosilen erabilpen intentsiboan oinarrituriko
garaparen patroiari jarraitzea, hori da-eta munduko sistema
energetikoaren bihotza. Lur-zorua beste gauza batzuetarako erabiltzeak
ere ekarri du okerra, batez ere nekazaritzaren izenean basoak
desegiteak.
24 Aldi berean, berotzeak bere ondorioak
ditu karbonoaren zikloan. Zirkulu biziosoa [gurpil zoroa] sortzen du,
eta egoera gero eta okerragoa bilakatzen da, eta behar-beharreko
baliabideen erabilgarritasunari erasaten dio, ura, energia eta
nekazaritza-produkzioko zona beroenei, eta planetako biodibertsitatearen
zati bat iraungi egingo du. Poloetako eta goi lautadetako izotza urtzea
mehatxua da: arrisku handia dago gas metanoa liberatzeko, eta materia
organiko izoztuaren deskonposizioak areago lezake anhidrido
karbonikoaren isurketa. Aldi berean, oihan tropikalen galderak okertu
egiten ditu gauzak, oihan horiek lagundu egiten baitute aldaketa
klimatikoa moteltzen. Anhidrido karbonikoak sortzen duen kutsadurak
gehitu egiten du ozeanoen azidotasuna eta arriskuan ipintzen du itsasoko
elikagai-katea. Gaur egungo joerak jarraitzen badu, mende hau izan
liteke sekula ez bezalako aldaketa klimatikoen eta ekosistemetan aurrez
inoiz izan gabeko triskantzen testigu, horrek guretzat izan litzakeen
ondorioekin! Itsasoko uren nibela igotzeak, adibidez, sor ditzake guztiz
egoera larriak, kontuan hartzen badugu munduko populazioaren laurdena
itsasoaren ondoan edo handik gertu bizi dela, eta mega–hiririk gehienak kostaldean daudela.
25 Aldaketa klimatikoa problema globala
da, dimentsio larriekin: ingurunean, arlo sozialean, ekonomikoan,
banaketari dagokionez, eta esparru politikoan, eta gaur egun gizadiak
daukan desafio nagusienetakoa planteatzen du. Inpakturik txarrenak,
segur aski, hurrengo hamarkadetan, garapenean dauden herrialdeek
nozituko dituzte. Pobre asko berotze-prozesuarekin erlazionaturiko
fenomenoek bereziki erasotako lekuetan bizi dira, eta horien bizimodua
[bizitzeko bermea] erreserba naturalen baitan eta zerbitzu ekosistemikoen
esku dago, erabat; dela laborantza, arrantza edo basotik ateratzen
duten etekina. Ez daukate beste jarduera finantzariorik
[diru-sarrerarik] eta bestelako baliabiderik, inpaktu klimatikora molda
daitezen edo hondamen-egoerei aurre egiteko, eta nekez irits daitezke
zerbitzu sozialetara edo babes-tokietara. Esate baterako, klimaren
aldaketek animalia eta landareen migrazioak eragiten dituzte, beti ez
dira moldatzen leku berrira, eta horrek, bistakoa denez, pobreenen
baliabide produktiboei erasaten die; jakina, ondorioz, pertsona horiek
ere migratu beharrean aurkitzen dira, inolako helduleku eta ziurtasunik
gabe beren eta seme-alaben bizimoduaren etorkizunari dagokionez.
Tragikoa da ingurunearen degradazioak okerrera eginarazitako miseriatik
ihesi dabiltzan migratzaileen gorakada; ez daude aitortuak
errefuxiatutzat nazioarteko konbentzioetan, eta hor doaz beren bizi
abandonatuaz bizkarra zamaturik, arau aldetik inolako babesik gabe.
Tamalez, axolagabekeria orokorra da tragedia horien aurrean dagoena:
oraintxe bertan ari dira gertatzen mundu zabaleko hainbat lekutan. Gure
anai-arrebek nozitzen diharduten drama latz horien aurrean ez dago
erreakziorik, eta hori seinale garbia da galdua dugula
erantzukizun-zentzu hura, munduko senideen alde zerbait egiteko;
gainera, erantzukizun horretan ez al du oinarritu behar gizarte zibil
orok?
26 Baliabiderik gehiena eta aginte
ekonomiko eta politikorik handiena daukaten horietako askok eta askok
badirudi problemak maskaratzeko eta sintomak estaltzeko batzen dituztela
indarrak, aldaketa klimatikoaren inpaktu negatibo batzuk baino
murrizten saiatu gabe. Baina sintoma askok adierazten dute efektu horiek
izan litezkeela gero eta okerragoak, egungo produkzio- eta
kontsumo-ereduarekin jarraitzen badugu. Horregatik, urgente eta
behar-beharrezko ikusten da politika egokien garapena, hurrengo urteetan
anhidrido karbonikoaren eta guztiz kutsagarriak diren beste gas batzuen
isurketa drastikoki murriztua izan dadin; esate baterako, erregai
fosilak ordezkatu eta energia berriztagarrien iturriak garatu. Munduan
oso eskasa da energia berriztagarri eta garbien eskuragarritasun maila.
Oraindik jarraitu beharra dago akumulazio-teknologia egokiak garatzen.
Hala eta guztiz, herrialde batzuetan izan dira aurrerakada
esanguratsuak, nahiz eta oraindik urrun dauden maila garrantzitsua
lortzetik. Era berean, izan dira inbertsio batzuk, energia gutxiago
behar duten eta lehen gai gutxiago erabiltzen duten produkzio- eta
garraio-formak sustatzeko; baita etxe-eraiketa eta saneamenduan ere
efizientzia energetikoa hobetzeko saiakerak. Baina praktika on horiek
oraindik urrun daude erabat orokorrak izatetik.
II Uraren arazoa
27 Egungo beste adierazle batzuek
baliabide naturalen agortzearekin dute zerikusia. Ondo asko dakigu ez
dagoela eusterik herrialde garatuenen eta gizarteko sektore aberatsenen
gaurko kontsumo-mailari, non gastatu eta botatzeko ohiturak sekula ez
bezalako neurriak hartu dituen. Gainditu dira planetaren
esplotazio-maila handienaren zenbait muga, eta hori pobreziaren
problemari inolako konponbiderik eman gabe!
28 Edateko uraren eta ur garbiaren arazoa
lehen-lehen mailakoa da garrantziari dagokionez, ezinbestekoa baita
gizakiaren biziarentzat, eta lehor eta uretako ekosistemak
sostengatzeko. Osasun-sektorea, abeltzaintzakoa eta industriala
hornitzen dituzte ur gezaren iturriek. Uraren horniketak ia-ia bere
horretan iraun du denbora luzean, baina orain, toki askotan, eskeak
gainditu egiten du eskaintza jasangarria; horrek ondorio larriak ditu
epe motzerako zein luzerako. Ur-metatze garrantzitsuen mende bizi diren
hiri handiek, askotan, murrizketa-aldiak nozitu ohi dituzte, eta,
momentu kritikoetan, ez da beti zabaltzen kanila gobernamendu egokian
oinarriturik eta inpartzialtasunez. Uraren pobrezia soziala, nagusiki,
Afrikan nabaritzen da; jendetza handia da edateko ur segurua eskuratu
ezin duena, edo lehorte handiak pairatzen dituzte, elikagaien produkzioa
zailtzen dutelarik. Herrialde batzuetan badira eremuak ur asko dutenak
eta, aldi berean, beste eremu batzuetan sekulako eskasia jasaten dute.
29 Pobreentzako uraren kalitatea da,
bereziki, problema larria, heriotza asko eragiten baitu egunero. Pobreen
artean oso ohikoak dira urarekin [ur osasuntsurik ezarekin]
erlazionaturiko gaixotasunak, mikroorganismoek eta substantzia kimikoek
kausaturikoak barne. Beherakoa eta kolera, zerbitzu higieniko eta ur
horniketa desegokiekin erlazionatuak biak, faktore esanguratsuak dira
haurren sufrimendu eta heriotza-tasari dagokienez. Lurpeko urak, leku
askotan, erauzketa-jarduerek, nekazaritzakoek eta industrialek sorturiko
kutsadurak mehatxatuak daude, batez ere arautegirik eta behar besteko
kontrolik ez dagoen herrialdeetan. Ez dezagula pentsatu bakarrik
fabriketako isurkinez. Munduko leku askotan jendeak erabiltzen dituen
detergenteak eta produktu kimikoak ibai, lakua eta itsasoetan isurtzen
dira.
30 Daukagun uraren kalitatea etengabe
txartzen ari den bitartean, leku batzuetan, baliabide urri hori
pribatizatzeko joerak aurrera egiten dihardu, merkantzia bihurturik eta
merkatu-legeek erregulaturik. Garbi esanda, edateko ur segurua
izatea oinarrizko giza eskubidea da, funtsezkoa eta unibertsala,
pertsonaren biziraupena berak determinatzen baitu, eta, ondorioz,
gainerako giza eskubideak praktikan izateko nahitaezko baldintza da. Munduak zor sozial ikaragarria dauka edateko ura eskuratu ezin duten pobreekin, zeren duintasun alienaezinean erroturiko bizi-eskubidea ukatzea da hori. Zor
hori kitatzeko modua, neurri batean, laguntza ekonomiko gehiago ematea
da, herririk pobreenak ur garbiaz eta saneamenduez horni daitezen. Baina
ikusten ari gara ur asko alferrik galtzen dela, eta ez bakarrik
herrialde garatuetan, baita garapen txikiagoa baina ur erreserba handiak
dituzten haietan ere. Horrek esan nahi du uraren arazoa, neurri batean,
kultur eta heziketa-arazoa dela, ez baitako portaera horien
larritasunaren kontzientziarik, izugarrizko zuzentasunik ezak [ekitate
faltak] markaturiko testuinguru honetan.
31 Ur-eskasia areagoak elikagaien eta
uraren baitan dauden beste zenbait produkturen kostua igotzea ekarriko
du. Zenbait ikerketaren arabera, hamarkada gutxi batzuk barru, litekeena
da ur-eskasia gogorra izatea, azkar eta urgentziaz jokatzen ez bada.
Ingurumen-inpaktuek erasan liezaiokete milaka milioi pertsonari, eta ez
litzateke harritzekoa izango munduko enpresa handiek uraren inguruan
ezarriko duten kontrola bilakatzea mende honetako gatazka iturririk
handienetako bat [23].
III Biodibertsitatearen galdera
32 Lurreko baliabideekin ere harrapazka
dabiltza, berehalako etekinak lortzea delako ekonomia eta jarduera
komertzial eta produktiboa ulertzeko modua. Oihan eta basoen galerak
esan nahi, aldi berean, gerorako guztiz baliabide garrantzitsuak izan
litezkeen espezieen galera, ez bakarrik elikadurarako, baita
gaixotasunak sendatzeko eta hainbat zerbitzutarako ere. Espezie
diferente horiek badituzte geneak baliabide klabeak izan litezkeenak,
etorkizunean [bihar edo etzi] gizakiaren premiaren bat asetzeko edo
ingurumen-problemaren bat erregulatzeko.
33 Baina ez da aski hainbat espezie
ezberdinengan balizko “baliabide” esplotagarri balira bezala pentsatzea,
beren baitan duten balioa ahazturik. Urterik urte, milaka landare- eta
animalia-espezie desagertzen dira; ez dugu horiek ezagutzerik izango,
eta gure seme-alabek ez dituzte ikusi ahal izango; betirako galduak!
Gehien-gehienak gizakiaren ekintzekin zerikusia duten arrazoiengatik
iraungitzen dira. Gu garela bide, milaka espeziek ez diote Jainkoari
loria emango beren existentziarekin eta ez digute komunikatu ahal izango
beren mezu propioa. Ez daukagu horretarako eskubiderik.
34 Seguruenik, ugaztun edo hegazti bat
iraungi dela jakiteak erruz aztoratzen gaitu, errazago ikusten direlako.
Baina ekosistemek ondo funtzionatuko badute, beharrezkoak dira onddoak,
algak, harrak, intsektuak, narrastiak eta milaka mikroorganismo-mota
ere. Espezie batzuk ez dira hain ugariak eta oharkabean igaro ohi
zaizkigu, baina rol kritikoa eta funtsezkoa daukate toki bateko oreka
egonkortzeko. Egia da gizakiak parte hartu behar duela ekosistema egoera
kritikora iristen denean, gaur egun, ordea, gizakiaren
interbentzio-maila, natura bezalako errealitate konplexu batean,
hainbestekoa da, ezen gizakiak eragiten dituen etengabeko hondamenek
bere beste interbentzio bat probokatzen dute, eta horrela gizakiaren
jarduera beti hor dago [omnipresente], eta horrek berak du
arriskurik aski! Zirkulu biziosoa edo gurpil zoroa sortu ohi da, eta
gizakiaren interbentzioak, zailtasun bat gainditzeko, sarri askotan,
okertu egiten du egoera. Esate baterako, teknologiak sorturiko agrotoxikoen
erruz desagertzen diren txori eta intsektu asko oso baliagarriak dira
laborantzarako, eta horiek ordezkatu egin beharko dira beste
interbentzio teknologiko baten bidez, eta, segur aski, ondorio
kaltegarri berriak ekarriko ditu. Goresgarriak dira eta, batzuetan,
miresgarriak ere bai, gizakiak sorturiko problemak konpontzeko,
zientifiko eta teknikoek egiten diharduten ahalegina. Baina munduari
begiratu eta ikusten ari gara gizakiaren interbentzio-maila horrek,
gehienetan finantzen eta kontsumismoaren zerbitzuan, bizi garen mundua,
zinez, pobretu eta itsustu egiten duela, gero eta murritz eta grisago;
bien bitartean, teknologiaren garapena eta kontsumo-eskaintzak goraka
doaz inongo mugarik gabe. Badirudi, horrela, ordezkatu eta errekuperatu
ezin den edertasuna geuk sortutakoarengatik trukatu nahi dugula.
35 Ekimenen baten ingurunearekiko
inpaktua ikertzen denean, lur-zoruko efektuei, urarenei eta airearenei
begiratzen zaie, baina beti ez da sartzen biodibertsitateari buruzko
ikerketa zorrotzik, espezie batzuen edo animalia- eta landare-sail baten
galera munta gutxiko kontua balitz bezala! Errepideak, kultibo berriak,
alanbrezko itxiturak, urtegiak eta beste eraikuntza batzuk ari dira habitat-ez
jabetzen; batzuetan, gainera, zatitu egiten dituzte, eta animaliak,
orduan, ez daukate migratzerik eta ezin dira ibili libreki batetik
bestera; ondorioz, zenbait espezie iraungitze-arriskuan jartzen da.
Badira alternatibak obra horien inpaktua arintzeko: korridore
biologikoak eta abar. Baina herrialde gutxitan hartzen dira kontuan
arreta eta aurreikuspen horiek. Espezie batzuk komertzialki esplotatzen
direnean, beti ez da ikertzen beren hazkunde-modua, gehiegizko murriztea
saihesteko, horrek desoreka sortzen baitu ekosisteman.
36 Ekosistemekiko arretak, zalantzarik
gabe, segitukora baino harago begiratuko duen jarrera eskatzen du, zeren
etekin ekonomiko azkar eta erraza baizik kontuan hartzen ez denean,
inori ez zaio interesatzen benetan zaindu eta babestea. Baina handia da
arreta falta egoista horrengatik eragiten dituzten kalteen kostua, lor
daitekeen onura ekonomikoa baino askoz ere handiagoa. Espezie batzuen
galera edo egiten zaien kaltearen kasuan, kalkulatu ere ezin diren
baloreen gainean ari gara hizketan. Horregatik, izan gaitezke testigu
mutuak desberdintasun larriegien aurrean; esate baterako, batzuek etekin
handiak atera nahi dituztenean, ingurumenaren degradazioaren ezin esan
ahalako kostua ordainarazten zaio gainerako gizadiari, oraingoari eta
gerokoari.
37 Herrialde batzuetan asko aurreratu
dute leku eta zona batzuen —lehorrean eta ozeanoetan— babes eta
zainketan, non debekaturik dagoen gizakiaren edozein interbentzio,
baldin eta horrek bere fisonomia eta jatorrizko osaera alda baditzake.
Biodibertsitatearen zainketari dagokionez, espezialistek behin eta
berriz aipatzen dute zona horietan arreta berezia ipintzeko premia:
espezie aldetik ugaritasun aberatsa dagoen tokietan, espezie endemikoen
kasuan, gutxi ikusten direnak edo babes urriagoa daukatenak. Badira
lekuak arreta berezia eskatzen dutenak, munduko ekosistemarentzat
daukaten garrantzi izugarriagatik, edo ur-erreserba inportanteak
dauzkatelako eta, horrela, beste bizi-forma batzuk ziurtatzen
dituztelako.
38 Aipa ditzagun, adibidez, planetaren
birikak, biodibertsitatez josiak: Amazonia, Kongoren ibai-arroa, edo
akuifero handiak eta glaziarrak. Ez dago ahanzterik leku horiek planeta
osoarentzat eta gizadiaren etorkizunerako duten garrantziaz. Oihan
tropikaletako ekosistemek sekulako konplexutasuna duen biodibertsitatea
daukate, osorik ezagutzea kasik ezinezkoa, baina oihan horiek erre eta
txikitzen direnean kultiboak garatzeko, urte gutxiren buruan izugarriko
espezie mordoa galtzen da; gaitz erdi, basamortu idor bihurtzen ez
badira. Alabaina, toki horiei buruz mintzatzeko garaian, oreka delikatu
batetik egin behar, zeren, era berean, ez dago ahanzterik nazioartetik
datozen egunduko interes ekonomikoak ezen, zaintzeko aitzakiarekin,
atenta dezaketen subiranotasun nazionalen aurka. Hain zuzen, badira
“Amazonia nazioarteko bihurtzeko proposamenak; horiek ez dituzte gogoan
nazioen gaindiko korporazioen interes ekonomikoak baizik” [24].
Goresgarria da nazioarteko organismo eta gizarte zibileko erakunde
batzuen lana: jendea sentsibilizatzen eta kritikoki kooperatzen
dihardute, baita guztiz zilegi diren presio-mekanismoak erabiliz ere,
gobernu bakoitzak konpli dezan bere herrialdeko baliabide naturalak eta
ingurumena zaindu eta babesteko daukan eta berea duen obligazioa,
bertakoen eta nazioartekoen interes lotsagarriei beren burua saldu gabe.
39 Basa-flora kendu eta bestelako arbolak
sartzea ere —normalean monokultiboak izan ohi dira— ez da egoki
ikertzen. Zeren larriki erasan diezaioke biodibertsitateari, landatzen
diren espezie berriek babesten ez dutenez. Bustiguneek ere, kultibo-lur
bihurturik, zeukaten biodibertsitate ugaria galdu egiten dute.
Kostaldeko zona batzuetan, kezkagarria da mangladiez osaturiko
ekosistemen desagerpena.
40 Ozeanoetan ez dago bakarrik planetako
uraren parterik handiena, baita izaki bizidunen barietaterik
ikusgarriena ere; asko eta asko oraindik ezezagunak guretzat eta,
hainbat kausa direla bide, mehatxatuak. Bestalde, ibai, lakua, itsaso
eta ozeanoetako bizia —hain zuzen, munduko populazioaren parte handi bat
elikatzen duena—, zeharo erasana dago, arrantza-baliabideak lortzeko
orduan sekulako kontrol falta dagoelako: espezie batzuen gutxitze
drastikoa dator hortik. Oraindik arrantza-forma selektiboarekin
jarraitzen dute, eta alferrik galtzen da harrapaturiko parte handi bat.
Kontuan hartzen ez ditugun itsas organismo batzuk daude bereziki
mehatxatuak: itsas elikaduraren katean osagai inportanteak diren
planton-forma batzuk; espezie asko planton horiei esker bizi da, eta,
azken finean, geu elikatzeko erabiltzen ditugun espezieak.
41 Itsaso tropikaletan eta
subtropikaletan sartzen bagara, koralaren barrera aurkituko dugu;
lehorreko oihan handiekin konpara daiteke: gutxi gorabehera, milioi bat
espezieren bizitokia da: arrainak, karramarroak, moluskuak, esponjak,
algak, eta abar. Munduko koral-barrera asko antzuak dira gaur egun, edo
etengabe gainbehera datoz: “Zeinek bihurtu du itsas mundu liluragarri
hori urpean hilobi, bizia eta kolore denak erauzirik?” [25].
Honako jokaera hauen bidez itsasora iristen den kutsadurak dauka
fenomeno galgarri horren errua: basoak botatzea, nekazaritzako monokultiboa,
isurkin industrialak eta arrantzako metodo kaltegileak, bereziki
zianuroa eta dinamita erabiltzen dituztenak. Eta hori guztia areagotu
egiten da ozeanoen tenperatura igotzean. Horrek guztiak honetan
laguntzen digu: ohartarazten gaitu naturan buruturiko edozein ekintzak
izan ditzakeela begiratu hutsez konturatzen ez garen ondorioak, eta
baliabideen esplotazio-forma batzuk degradazio izugarria dutela ordain,
azkenik ozeanoen hondoraino iristen dena.
42 Behar-beharrekoa da ikerketan askoz
gehiago inbertitzea, ekosistemen portaera hobetzeko eta ingurumenean
izandako aldaketa garrantzitsuaren hainbat inpaktu-aldaki ezberdin egoki
aztertzeko. Zeren kreatura guztiak konektaturik daude; afektuz eta
miresmenez baloratu behar da bakoitza, eta izaki guztiok elkarren premia
dugu. Lurralde bakoitzak bere erantzukizuna du familia horren
zainketan; beraz, toki bakoitzean bizi diren espezieen inbentario
zehatza beharko genuke, horien babeserako programa eta estrategiak
garatzeko, galtzeko zorian dauden espezieen zainketan arreta berezia
ipinirik.
43 Kontuan hartzen badugu gizakia ere
mundu honetako kreatura dela, bizitzeko eta zoriontsu izateko eskubidea
duela, eta, gainera, duintasun txit berezia duela, ezin ditzakegu
aintzat hartu gabe utzi: ingurumenaren degradazioaren ondorioak, egungo
garapen-eredua eta deskarte-kultura pertsonen bizian.
44 Gaur egun, oharturik gaude, esaterako,
hiri askoren hazkunde neurrigabe eta desordenatuaz; osasungaitz bihurtu
dira, guztia beharrekoak bizitzeko, ez bakarrik isurkin toxikoen
eragindako kutsaduragatik, baita kaos urbanoa, garraio-problemak eta
kutsadura bisuala eta akustikoa direla medio ere. Hiri asko
efikaziarik gabeko estruktura handiak dira: ur eta energia gehiegi
xahutzen dute. Badira auzoak, nahiz eta berriki eraikiak izan, pilaturik
eta desordenatuta daudenak, espazio berde nahikorik gabe. Ez da normala
eta ohikoa planeta honetako biztanleak porlanez, asfaltoz, beiraz eta
metalez gero eta josiago bizitzea, naturarekiko kontaktu fisikorik gabe.
45 Leku batzuetan, landa-eremuan zein
zona urbanoan, espazioen pribatizazioak zaildu egin du [erabat oztopatu
ez badu ere] hiritarrak zinez eta bereziki eder eta dotoreak diren
zonetara iristea. Beste batzuetan, urbanizazio “ekologikoak” egin ohi
dira, jende gutxi baten zerbitzuan, non saiatzen diren beste batzuk sar
ez daitezen, lasaitasun artifizial hori oztopatzera. Hiri ederra,
espazio berdez betea, aurkituko dugu, eremu “seguru” batzuetan oso ondo
zainduriko espazio berdez betea, baina ez hain zainduak ezkutagoan
dauden beste toki batuzk, non bizi den gizarteko jende “baztergarria”.
46 Hauek sartzen dira aldaketa globalaren
osagai sozialen artean: berrikuntza teknologiko batzuen ondorio
laboralak, esklusio soziala, berdintasunik eza energiaren kontsumoan eta
beste zerbitzu batzuetan, haustura soziala, biolentziaren gorakada, agresibitate
sozialean forma berriak, narkotrafikoa eta drogen kontsumoaren gorakada
gazteenen artean, identitatea galtzea… Seinale horiek, besteak beste,
erakusten digute azkeneko bi mendeetako hazkundea ez dela izan, aspektu
guztietan, benetako aurrerabide integrala eta bizi-kalitatearen egiazko
hobekuntza. Aitzitik, seinale horietako batzuk, dudarik gabe, dira
benetako degradazio sozialaren sintoma, eta integrazio-loturen eta
batasun sozialaren haustura isila.
47 Horri gehi diezazkiogun mundu
digitaleko medioen dinamikak, zeinek, alde guztietan presentzia demasa
dutenean, ez duten laguntzen burutsu bizitzeko, sakon pentsatzeko eta
eskuzabaltasunez maitatzeko gaitasuna garatzen. Antzinako jakintsu
handiak, testuinguru honetan, arrisku bizian egongo lirateke beren
jakinduria, informazioaren zarata dispertsiboaren erdian,
itzaltzeko. Horrek esfortzua eskatzen du, medio horiek gizadiaren kultur
garapen berri bilaka daitezen, eta ez bere aberastasun sakonenaren
hondamendi. Pertsonen arteko egiazko elkarrizketaren eta hartu-eman
eskuzabalaren benetako jakinduria, gogoetaren ondorio, ez da lortzen
datu metaketa soilarekin, zeinek okitu eta itsutu gaitzakeen, kutsadura
mentalaren antzeko zerbaiten erdian. Aldi berean, besteekiko erlazio
errealek aldaketa handiak nozituko dituzte, internet bidezko
komunikazioa dela medio, horrek dituen arriskuekin! Erlazioak
selekzionatzea eta eliminatzea permititzen du horrek, gure gogoaren eta
animoaren arabera, eta hortik emozio artifizial sail bat sortzen da,
pertsonekin eta naturarekin baino zerikusi handiagoa dutenak dispositibo
eta pantailekin. Gaur egungo medioek hau ere permititzen dute: gure
ezaupideak eta afektuak komunikatu eta konpartitzea. Alabaina, batzuetan
oztopo dira bestearen angustiarekin, hotzikararekin, alaitasunarekin
eta bere esperientzia pertsonalaren esperientziarekin kontaktu zuzenean
jartzeko. Horregatik, atentzioa eman behar liguke, produktu horien
eskaintza itsugarriarekin batera, pertsona arteko erlazioetan hau
ikusteak: inolako satisfaziorik eza, hau da, satisfazio falta
malenkoniatsu sakona, edo isolamendu galgarria.
V Desberdintasun planetarioa
48 Giza ingurunea eta ingurune naturala
batera degradatzen dira, eta inoiz ere ez diogu behar bezala aurre
egingo ingurunearen degradazioari, ez badugu arretarik ipintzen giza
degradazio eta degradazio sozialarekin zerikusia duten kausetan. Hain
zuzen, ingurunearen hondamenak eta gizartearenak guztiz modu krudelean
erasaten diete planetako txiroenei: “Nola bizitzako ohiko esperientziak
hala ikerketa zientifikoak demostratzen dute ingurunearekiko eraso
guztien ondoriorik larrienak jende pobreak pairatzen dituela” [26]. Konparaziorako, erreserba iktikolen
(arrainen) agortzeak, bereziki, artisau-arrantzatik bizi direnei eta
nola ordezkaturik ez daukatenei egiten die kalte; uraren kutsadurak,
nagusiki, pobreenei erasaten die, hau da, botilako ura erosterik ez
daukatenei; eta itsasoren nibela igotzeak, batik bat, kostaldeko
populazio pobretuari erasaten dio, zeinek ez daukan nora joanik. Gaurko desajusteen
inpaktua honetan ere nabarmentzen da: pobre asko gazterik hiltzen da,
baliabiderik eza dela medio sorturiko gatazken ondorioz eta munduaren
agendan nahiko espaziorik ez duten beste hainbat problemaren erruz.
49 Ohartarazi nahi nuke ez dagoela
kontzientzia garbirik baztertuei gogorren erasaten dien problemei buruz.
Eta eurak dira planetako gehiengoa: milaka milioi pertsona! Gaur,
eguneroko ogia dira nazioarteko debate politiko eta ekonomikoak, baina
badirudi, behin baino gehiagotan, pobreen problemak eranskin moduan
planteatzen direla; obligazioz gehitzen den arazo moduan edo
ingurumarian dabilen erabat baztertu ezineko arazo soil bezala, eta
gaitz erdi albo-kalte hustzat jotzen ez bada. Hain zuzen, ekintza
konkretuen garaia iristen denean, sarri askotan, azken putz izaten dira.
Zergatik hori? Hein batean profesional asko, iritzi sortzaileak,
komunikabideak eta aginte-zentroak urrun daudelako pobreengandik, eremu
urbano isolatuetan, haien problemekin kontaktu zuzenik gabe. Bizi eta
gogoeta egiten dute garapen handiaren erosotasunetik eta munduko
populazioaren gehiengoaren esku ez dagoen bizi-kalitatetik. Kontaktu
fisikorik ezak eta elkarrrekin topatu ezinak, batzuetan gure hirien
desintegrazioak lagunduta, kontzientzia kauterizatzera bultzatzen du,
eta errealitatearen parte bat ahanztera ere bai, aldarodun [alde batera
kargadun] analisiak eginik. Hori eta diskurtso “berdea”, batzuetan,
elkarrekin bizi dira. Baina gaur derrigorrez aitortu beharra daukagu benetako planteamendu ekologikoa, beti ere, planteamendu sozial bihurtzen dela, eta justizia sartu behar du inguruneari buruzko eztabaidetan, nola lurraren burrunba entzuteko hala pobreen garrasia aditzeko.
50 Pobreen problemak konpondu
eta mundu diferente batean pentsatu ordez, batzuek ez dute proposatzen
jaiotza-tasak jaistea besterik. Presio handiak egiten zaizkie, horretan,
garapen-prozesuan dauden herrialdeei, laguntza ekonomikoak
“ugalketa-osasunaren” politikarekin uztarturik. Baina, “nahiz eta egia
den populazioaren eta dauzkagun baliabideen banaketa ez-igualak oztopo
direla garapenarentzat eta ingurumenaren erabilpen jasangarriarentzat,
onartu beharra dago hazkunde demografikoa guztiz bateragarria
[konpatiblea] dela garapen integral eta solidarioarekin” [28].
Populazioaren gehitzeari errua botatzea, eta batzuen gehiegizko
kontsumismo selektiboarengatik deus ez esatea, problemei behar bezala
aurre ez egitea da. Egungo banaketa-eredua legitimatu nahi da horrela,
non gutxiengo batek uste duen eskubide osoz kontsumitzen duela
kontsumitzen duena, baina argi eta garbi dago denek ez dezaketela hori
egin, zeren planetan ez lirateke kabituko ezta neurri horretako
kontsumoak sorturiko hondakinak berak ere. Gainera, badakigu produzitzen
diren janarien herena galtzen dela alferrik, gutxi gorabehera, eta
“pobrearen mahaitik lapurtzea bezala da janaria alferrik galtzea” [29].
Dena dela, egia da atentzioa ipini beharra dagoela populazioaren
banaketan, lurraldeka, dagoen desorekari, nola maila nazionalean hala
globalean, zeren kontsumoaren gehitzeak egoera erregional konplexuetara
eramango gintuzke: ingurumenaren kutsadurari, garraioari, hondakinen
trataerari, baliabideak galdetzeari eta bizi-kalitateari loturiko
problemen konbinazioa dela bide.
51 Berdintasunik ezak ez die erasaten
norbanakoei bakarrik, herrialde osoei baizik, eta nazioarteko erlazioen
etikan pentsaraztera behartzen gaitu. Zeren izugarrizko “zor ekologikoa”
dago, bereziki Iparra eta Hegoaren artean, eremu ekologikoan ondorioak
dituen desoreka komertzialekin erlazionatua; baita herrialde batzuek
historikoki baliabide naturalak, inolako neurri eta proportzio egokirik
gabe, beren alde erabili dituztelako. Lehen gai batzuen esportazioek,
Iparralde industrializatuan merkatuak asetzeko, han bertan kalte handiak
eragin dituzte; adibidez, urre-meategietan merkurioarekin, edo
kobrearenean sufrearen dioxidoarekin. Bereziki konputatu beharrekoa da
planeta osoko ingurumen-espazioaren erabilera, bi menderen buruan metatu
diren hondakin gaseosoak jaurtikitzeko, eta orain gertatzen dena da
munduko herrialde guztiei eragiten diela. Herrialde aberats batzuetako
neurriz kanpoko kontsumoak eragin duen berotzeak lurreko tokirik
pobreenetan ondorio latzak ditu, nagusiki Afrikan, non tenperatura
igotzeak, lehortearekin elkarturik, berealdiko hondamenak eragiten
dituen, kultiboen etekinari dagokionez. Horri erantsi behar zaio
hondakin solido eta likido toxikoen esportazioa garapen-prozesuan dauden
herrialdeetara; baita enpresa batzuek, gutxi garaturiko herrialdeetan,
daukaten aktibitate kutsagarria ere; hain zuzen, kapitala jartzen duten
herrialdeetan egin ezin dutena: “Ikusten dugu horrela jokatzen duten
enpresak, askotan, multinazionalak direla, eta herrialde garatuetan edo
lehen mundua deiturikoan onartzen ez zaiena egiten dutela hemen.
Normalean, aktibitatea bertan behera laga eta erretiratzen direnean,
ingurumen- eta giza pasibo handiak uzten dituzte: lanik eza, herriak
bizirik gabe, zerbait erreserba natural agortuta, basoak botata, bertako
abeltzaintza eta laborantza pobreturik, kraterrak, mendi-gain apurtuak,
ibai kutsatuak, eta obra sozial txiki batzuk, baina inolaz ere
sostengatzerik ez dagoenak” [30].
52 Herri pobreen kanpo-zorra
kontrol-tresna bilakatu da, baina ez da gauza bera gertatzen zor
ekologikoarekin. Modu askotara, garapen-bidean dauden herriek, non
aurkitzen diren biosferako erreserbarik garrantzitsuenak, herri
aberatsen garapena elikatzen jarraitzen dute, beraien oraina eta geroa
hipotekaturik. Hegoaldeko pobreen lurraldea aberatsa da, eta gutxi
kutsatua dago, baina ezin dituzte jabetzan eskuratu beren premiak
asetzeko ondasun eta baliabideak; ukatua daukate, erlazio komertzial-
eta jabetza-sistema estrukturalki perbertso baten erruz. Ezinbestekoa
da herrialde garatuek zor hori kitatu eta egoera konpontzen lagun
dezaten, energia ez-berriztagarriaren kontsumoa neurri garrantzitsuan
mugaturik eta herrialde behartsuenentzat baliabideak eskainirik, garapen
jasangarrirako politika eta programak bultzatzeko. Lurralde eta
herrialde pobreenek ahalmen gutxiago daukate ingurumen-inpaktua
murrizteko eredu berriak bultzatzeko, ez baitaude trebatuak beharrezko
prozesuak garatzeko eta ez ditzakete, bestetik, gastuak ordain.
Horregatik, garbi eutsi kontzientzia honi: aldaketa klimatikoan erantzukizun dibertsifikatuak daude,
eta, Estatu Batuetako gotzainek esan zuten moduan, “bereziki pobre,
ahul eta kalteberanen premien alde egin behar da, maizenik boteretsuenen
interesek gidatzen duten debate horretan” [31].
Behar-beharrezkoa da familia bakarra garela sinestea eta kontzientzia
hori indartzea. Ez dago muga eta frontera politiko eta sozialik
isolatzea onartzen duenik, eta era berean, horrexegatik, ez dago
axolagabekeriaren globalizaziorako espaziorik.
VI Erreakzioen ahulezia
53 Egoera horiek zizpuru eginarazten
diote arreba lurrari, eta munduko abandonatuen zizpuruarekin bat egiten
du, beste norabide bat eskatzen ari zaigun deiadarra da. Inoiz ez dugu
azkeneko bi mendeotan bezain gaizki tratatu eta hainbeste zauritu denon
etxea. Aita Jainkoaren tresna izatera deituak gaude, gure planeta,
kreatu zuenean, amestu zuena izan dadin, eta pentsatu zuen bake- eta
edertasun-proiektuari erantzun diezaion. Problema da oraindik ez dugula
kultura nahikorik krisi honi aurre egiteko, eta bideak markatuko duten
lidergoak sortu behar dira, egungo belaunaldien beharrei erantzuteko,
denak barruan direla, bihar edo etziko belaunaldiak kaltetu gabe.
Ezinbestekoa da muga gaindiezinak izango dituen eta ekosistemen babesa
ziurtatuko duen arau-sistema bat sortzea, paradigma tekno-ekonomikotik datozen botere-forma berriek dena, ez bakarrik politika baita askatasuna eta justizia ere, suntsitu aurretik.
54 Atentzioa ematen du nazioarteko
erreakzio politikoaren ahultasunak. Ingurumenaren gainean egindako
Gailur Mundialen porrotak ederki erakusten du teknologiaren eta
finantzen mende dagoela politika. Interes partikular gehiegi dago, eta
oso erraza da interes ekonomikoa guztion onaren gainetik jartzea eta
informazioa manipulatzea, beren proiektuak kaltetuak suerta ez daitezen.
Alde horretatik, Aparezidako Dokumentuak zera erreklamatzen
du: “baliabide naturalei buruzko interbentzioetan ez daitezela besteen
aurretik jar talde ekonomikoen interesak, zeinek suntsitzen dituzten
irrazionalki bizi-iturriak” [32].
Ekonomia eta teknologiaren arteko aliantzak kanpoan lagatzen ditu euren
segituko interesekin ongi uztartzen ez dena. Horrela, ez dago espero
izaterik gauza handirik, agian: gainazaleko erreklamazio arin, ekintza
filantropiko isolatu eta ingurumenarekiko sentiberatasuna badutela
erakutsi nahian egindako esfortzu txikiren bat. Baina, gauzak benetan
aldatzeko, erakunde sozialen ahalegina, noski, erromantiko ameslari
batzuek probokaturiko molestiatzat joko dute edo saihestu beharreko
oztopotzat.
55 Apurka-apurka, inoiz, herrialde
batzuek egiten dituzte aurrerabide garrantzitsuak: kontrolen garapen
efizienteagoa eta ustelkeriaren aurkako borroka sinesgarriagoa.
Sentikortasun ekologiko handiagoa dago herrietan, nahiz eta ez den aski,
oraindik, kontsumo-ohitura kaltegarriak aldatzeko; ohitura horiek,
gainera, ez dute behera egiten, alderantziz baizik: hedatzen eta
zabaltzen dihardute. Horixe da, adibide txiki bat ipintzearren,
aire-egokigailuen etengabeko gorakada eta intentsitatearekin gertatzen
dena. Merkatuek, segituko etekina nahi eta, are gehiago bultzatzen dute
eskea. Norbaitek behatuko balu kanpotik gizarte planetarioa, zeharo
txundituko litzateke gisa horretako portaeraren aurrean, batzuetan
portaera suizida ematen du.
56 Bien bitartean, botere ekonomikoek
egungo sistema mundiala justifikatzen jarraitzen dute, non espekulazioa
eta etekin finantzarioa diren aurrena, giza duintasunak eta ingurumenak
nozitzen dituzten ondorioak ahazturik. Garbi ikusten da, horrela,
ingurumenaren degradazioa eta giza degradazioa eta etika hertsiki lotuak
daudela. Askok esango dute ez daukatela ekintza ez-moralak egiten
diharduten kontzientziarik, zeren etengabeko distrakzioak kendu egiten
ditu mundu mugatu eta duen neurria duenaren errealitateaz ohartzeko
adorea. Horregatik, “edozein gauza hauskor, ingurumena horietako bat
da, defentsarik gabe geratzen da merkatu jainkotuaren interesen
aurrean, arau absolutu bihurturik” [33].
57 Nahiko argi dago, baliabide batzuk
agorturik, gerra berrientzat eszenatoki egokiak sor litezkeela; hori
bai, errebindikazio zilegi eta noble moduan mozorroturik. Gerrak beti
kalte larriak eragiten dizkie ingurumenari eta herrien kultur
aberastasunari; eta arriskuak biderkatu egiten dira, arma nuklearretan
eta arma biologikoetan pentsatzen denean. Zeren, “nahiz eta nazioarteko
zenbait hitzarmenek debekatu egiten dituen gerra kimikoa,
bakteriologikoa eta biologikoa, praktikan, laborategietan ikertzen
jarraitzen da, erasorako arma berriak garatzeko; esan gabe dona, arma
horiek kapazak direla oreka naturala erabat aldatzeko” [34].
Politikak arreta handiagoa ipini beharko luke, gatazka berriek sor
litzaketen kausak prebenitu eta konpontzeko. Baina finantzekin
uztarturiko boterea da esfortzu horren aurka erresistentziarik gehien
ipintzen duena, eta diseinu politikoek, bestalde, ez dute izaten
ikuspegi-zabaltasunik. Zertarako eduki nahi da, gaur, botere bat,
beharrezkoa eta urgentea zenean zuzen jokatzeko izan ez zuen
gaitasunagatik oroituko dena?
58 Herrialde batzuetan badira adibide
positiboak, ingurumenaren hobekuntzari dagokionez: hamarkada askotan
kutsaturik egon diren ibai batzuen garbiketa, baso autoktonoen
errekuperazioa, paisaiak apaintzea ingurumen-saneamendurako obrak
eginda, edo balio estetiko handiko udal proiektuak, aurrerapen handiak
energiaren ez-kutsagarriaren produkzioan, garraio publikoaren
hobekuntzan. Ekintza horiek ez dituzte konpontzen problema globalak,
baina baieztatzen dute gizakia oraindik kapaza dela positiboki
interbenitzeko. Maitatzeko sortua izan denez, bere muga guztien erdian,
baditu eskuzabaltasun-, solidaritate- eta zaintza-joerak.
59 Aldi berean, gainazaleko ekologia arin
eta itxurakeriazko bat ari da hazten; jendea lokartu eta
arduragabetasun alaian murgilarazten duena. Krisi sakonen garaian
gertatu ohi den eran, zeinek erabaki adoretsuak eskatzen dituzten,
badugu halako tentazio bat gertatzen ari dena ez dela egia pentsatzeko.
Gainazalera begiratzen badugu, kutsadura- eta degradazio-zantzu batzuk
ikusi bai, baina hortik aurrera ez du ematen gauzak hain larriak direnik
eta pentsatzen dugu planetak luzaro iraun lezakeela egungo
baldintzetan. Portaera iheskor hori baliatzen dugu geure
bizi-estiloarekin, eta produkzio- eta kontsumo-ereduarekin jarraitzeko.
Honela moldatzen da gizakia bere joera auto-desegile guztiak elikatzeko:
ez ikusten saiatuz, ez onartzeko borrokatuz, erabaki garrantzitsuak
atzeratuz, ezer gertatuko ez balitz bezala jokatuz.
VII Iritzi ezberdinak
60 Azkenik, onar dezagun ikuspegi eta
pentsamendu-ildo diferenteak daudela egoeraren eta izan litezkeen
irtenbideen gainean. Mutur batekoek, arren eta arren, aurrerabidearen
mitoari eusten diote, eta esaten ari dira problema ekologikoak, besterik
gabe, aplikazio teknikoei esker konponduko direla, kontsiderazio etiko
eta aldaketa sakonik gabe. Beste muturrekoek pentsatzen dute, berriz,
gizakia, bere edozein interbentzioren bidez, ez daitekeela izan mehatxua
baizik, munduko ekosistema kaltetzen duela; ondorioz, komenigarria da
planetan daukan presentzia murriztu eta interbentzio oro eragoztea. Bi
muturretako jarrera horien artean, geroko eszenatoki posibleak
identifikatu beharko lituzke gogoetak, ez baitago bide bat bakarrik
konponketarako. Horrek hainbat ekarpeni egin beharko lieke tokia, eta
bata bestearen arteko elkarrizketa bultzatu, erantzun integralaren bila.
61 Arazo konkretu askori buruz, Elizak ez
dauka zertan proposaturik azken hitza; uste du entzun eta debate onestu
bat bultzatu behar duela zientifikoen artean, iritzi ezberdinak
errespetaturik. Baina aski da errealitatea egiazaletasunetik begiratzea,
gztion etxearen hondamen latza ikusteko. Irtenbidea beti dagoela
onartzera bultzatzen gaitu esperantzak, inoiz ez dagoela garai galdurik
norabide berria hartzeko, beti egin ahal dugula zerbait problemak
konpontzeko. Alabaina, ematen du garbi nabari direla haustura-sintomak,
aldaketen eta degradazioaren abiadura handia dela medio, hainbeste
katastrofe naturaletan azaltzen den eran eta krisi sozial finantzarioak
ikusten den bezala, munduko problemak ez baitago aztertu eta
esplikatzerik modu isolatuan. Badira munduan lurraldeak jada egundoko
arriskuan daudenak eta, edozein aurreikuspen katastrofiko aparte
utzirik, begi-bistakoa da egungo munduko sistema, ezbairik gabe,
jasangaitza dela ikuspuntu askotatik begiratuta, zeren giza ekintzaren
helburuetan pentsatzeari utzi diogu: “Planetako lurraldeei ondo
begiratzen badiegu, berehala ohartuko gara gizadiak defraudatu egin
dituela Jainkoren espektatibak” [35].
KREAZIOAREN EBANJELIOA
62 Zergatik sartu behar dugu, borondate
oneko pertsona guztiei zuzenduriko dokumentu honetan, sinestunen
konbikzioei buruzko kapitulu bat? Badakit, politikaren eta
pentsamenduaren esparruan, batzuek gogor baztertzen dutela Kreatzaile
baten ideia, edo garrantzi gutxi ematen diotela, ekologia integralerako
eta gizadiaren garapen beterako erlijioek eskain dezaketen aberastasuna
irrazionaltzat jotzeraino. Beste batzuetan, justu-justu onartzen da
subkultura bat osatzen dutela, toleratu baino egin behar ez den
subkultura bat. Alabaina, zientzia eta erlijioa, errealitateari hainbat
ekarpen diferente egiten dizkiotelarik, sar daitezke elkarrizketa
intentsu eta produktibo batean, bientzat
I Fedeak ematen duen argia
63 Kontuan hartzen baditugu krisi
ekologikoaren konplexutasuna eta horren kausa mordoa, onartu beharko
genuke konponbideak ez direla etorriko, noski, errealitatea
interpretatzeko eta transformatzeko modu bakarretik. Beharrezkoa da:
herrien kultur aberastasun ugarietara, arte eta poesiara, barne bizitza
eta espiritualitatera jotzea. Benetan eta zinez nahi badugu desegindako
guztiaren zauriak sendatuko dituen ekologia eraikitzea, ez dago kanpoan
uzterik, inondik ere, zientziaren alorrik eta inolako
jakituria-formarik, ezta jakituria erlijiosoa ere, bere hizkera
propioarekin. Gainera, Eliza Katolikoa irekirik dago pentsamendu
filosofikoarekiko elkarrizketara, eta horrek permititzen diona da fedea
eta arrazoimenaren arteko hainbat sintesi produzitzea. Arazo sozialei
dagokionez —hori ikus daiteke Elizaren doktrina sozialaren garapenean—,
gero eta aberatsago izan behar du, erronka berrien eraginez
64 Bestetik, entziklika hau irekia badago
ere guztiekin hitz egitera, elkarrekin liberazio-bideak aurkitzeko,
hasieratik erakutsi nahi dut fede-konbikzioek kristauei eta, bide batez,
beste sinestun batzuei, motibazio handiak eskaintzen dizkietela natura
eta anai-arreba ahulenak zaintzeko. Gizakia izate hutsak pertsonei
bultza egiten badie ingurumena —horren parte izanik— ongi zaintzera,
“kristauek, bereziki, deskubritzen dute beren egitekoa, Kreazioaren
barnean, eta, era berean, natura eta Kreatzailearekiko betebeharrak,
beren fedearen parte direla” [36].
Horregatik, ondasun handia da gizadiarentzat eta munduarentzat
sinestunek, logikoa denez, gure konbikzioetatik jalgitzen diren
konpromiso ekologikoak hobeto ezagutzea.
II Kontakizun biblikoen jakituria
65 Kreazioaren teologia osorik errepikatu
beharrik gabe, galdetzen duguna da ea zer esaten diguten Bibliako
kontakizun handiek gizakiaren eta munduaren arteko erlazioaz. Obra
kreatzailearen lehen narrazioan, Genesi liburuan, Jainkoaren planean
sartua dago gizadiaren kreazioa. Gizakia kreatu ondoren, esaten da
“Jainkoak ikusi zuen egin zuen guztia eta ona zen” (Gn 1,31).
Bibliak erakusten du gizaki bakoitza maitasunez egina dela, Jainkoaren
beraren antz eta irudira egina (cf. Gn 1,26). Pertsona bakoitzaren
duintasun handia erakusten digu baieztapen horrek: ez da bakarrik
‘zerbait’, ‘norbait’ baizik. Gai da bere burua ezagutzeko, bere buruaz
jabetzeko, bere burua libreki entregatzeko eta beste pertsona batzuekin
elkartasunean [hartu-emanean] uztartzeko” [37]. San Juan Paulo II.ak
gogoratu zigun Kreatzaileak pertsona bakoitzarenganako duen maitasun
handi eta sakonak duintasun infinitua ematen diola pertsonari [38].
Pertsonen duintasun defenditzen saiatzen direnek aurki ditzakete
kristau-fedean argudiorik sakonenak konpromiso horretarako. Bai
ziurtasun liluragarria, alajaina, pertsona bakoitzaren bizia ez dela
galtzen kaos desesperagarrian jakitea, halabehar hutsak edo zentzurik
gabe errepikatzen diren zikloek gidaturiko munduan! Kreatzaileak esan
diezaioke gutako bakoitzari: “Amaren sabelean osatu aurretik ezagutzen
zintudan” (Jr 1,5). Jainkoaren bihotzean sortuak izan ginen, eta
horregatik “gutako bakoitza Jainkoaren pentsamendu baten fruitua da.
Gutako bakoitzari nahi dio, gutako bakoitza maitatua da, gutako bakoitza
beharrezkoa da” [39].
66 Genesi liburuko kreazioaren
kontakizunek, beren hizkera sinboliko eta narratiboan, irakaspen sakonak
gordetzen dituzte gizakiaren existentziari eta bere errealitate
historikoari buruz. Kontakizun horiek iradokitzen dute giza existentzia
funtsezko hiru erlazio hertsiki konektatuetan ardaztua dagoela:
Jainkoarekiko erlazioa, lagun hurkoarekiko erlazioa eta lurrarekiko
erlazioa. Bibliaren arabera, hiru erlazio esentzial horiek eten egin
dira, eta ez bakarrik kanpotik, baita gure barruan ere. Haustura hori da
bekatua. Kreatzailea, gizadia eta kreaturiko guztiaren arteko harmonia,
honengatik apurtu zen: Jainkoaren tokia hartu nahi izan dugulako,
kreatura mugatuak garela onartu gabe. Gertaera horrek desnaturaldu egin
zuen: lurra “menderatu” (cf. Gn 1,28) eta “landu eta zaintzeko” agindua
(cf Gn 2,15). Ondorioz, erlazioa, hasieran harmoniatsua gizakiaren eta
naturaren artean, gatazka bilakatu zen (cf. Gn 3,17-19). Horregatik da
esanguratsua San Frantziskok kreatura guztiekin bizi zuen harmonia
interpretatu izana haustura haren sendatze eta konponketa moduan. San
Buenabenturak baziotsan, kreatura guztien adiskidetze unibertsalari
esker, San Frantzisko inozentzia-egoera primitibora itzuli zela [40].
Eredu horretatik urrun, gaur egun bekatua, bere indar suntsitzaile
bortitza atzetik duela, honetan manifestatzen da: gerretan, hainbat
biolentzia-mota eta tratu txarretan, ahulenen abandonuan eta naturari
egiten zaizkion erasoetan.
67 Ez gara Jainko. Lurra gure aurretikoa
da, eta eman egin zaigu. Pentsamendu judu-kristauaren kontra
jaurtikitako akusazio bati erantzutea permititzen du horrek: esan izan
da, Genesiko kontakizunak lurra menderatzera gonbidatzen gaituenez, (cf.
Gn 1,28) horrek onartu egingo lukeela lurraren esplotazio basatia,
gizakiaren irudi menderatzaile eta suntsitzailea aurkezturik. Ez da
Bibliaren interpretazio zuzena, Elizak ulertzen duenaren arabera. Egia
baldin bada kristauok, batzuetan, oker interpretatu ditugula Eskriturak,
gaur egun indarrez baztertu behar dugu, Jainkoaren irudira sortuak izan
arren eta lurra menderatzeko agindu zigulako, horretatik beste kreatura
guztien gaineko aginpide absolutua ondorioztatzen denik. Oso
garrantzitsua da testu biblikoak bere testuinguruan irakurtzea,
hermeneutika egokiaren bidez eta munduko lorategia “lantzera” eta
“zaintzera” gonbidatuak gaudela gogoratzea (cf. Gn 2,15). “Lantzeak”
esan nahi du kultibatzea, goldatzea edo lurra gorritzea; “Zaintzeak”,
berriz, babestea, eustea, jagotea, gordetzea eta begiratzea. Horrek
eskatzen du elkarrekikotasun-erlazio arduratsua gizakiaren eta naturaren
artean. Komunitate bakoitzak har dezake lurraren ontasunetik
biziraupenerako behar duena, baina, aldi berean, babesteko obligazioa
dauka, eta, biharko belaunaldientzat, emankortasuna bermatzekoa ere bai.
Zeren, azken finean, “lurra Jaunarena da” (Sal 24,1), haren jabegoa
dira “lurra eta lurrean dagoen guztia” (Dt 10,14). Horregatik, Jainkoak
ukatu egiten digu jabego absolutuaren asmo eta nahia: “Lurra ez dago
betiko saltzerik, lurra nirea da-eta, eta zuek kanpotarrak zarete,
apopiloak nire lurrean” (Lb 25,23).
68 Jainkoaren lurraren aurrean daukagun
erantzukizun horrek inplikatzen du gizakiak, adimenez hornitua den
aldetik, naturako legeak eta mundu honetako izakien arteko oreka
delikatuak errespetatzea, zeren “hark agindu zuen, eta kreatuak izan
ziren, hark finkatu zituen betiko, gizaldi eta gizaldietan, eta inoiz
zahartuko ez den legea eman zien” (Sal 148, 5b-6). Hori horrela,
Bibliako legedia bizkor saiatu da gizakiari arau batzuk proposatzen, ez
bakarrik beste gizakiekiko hartu-emanerako, baita beste izaki bizidun
guztiekiko hartu-emanerako ere: “Bidean zure anaiaren astoa edo idia
erorita ikusten badituzu, ez dituzu utzi behar kontu egin gabe (…)
Bidean zoazela hegazti baten habia aurkitzen baduzu, arbolan nahiz
lurrean, txorikumeekin edo arrautzekin, ama gainean dela, ez harrapatu:
ez ama eta ez umerik (Dt 22,4-6). Alde horretatik, zazpigarren eguneko
atsedena ez da proposatzen gizakiarentzat bakarrik, baita “zure idiak
eta zure astoak atseden har dezaten ere” (Ex 23,12). Horrela ohartzen
gara Bibliak ez duela biderik ematen gainerako kreaturaz arduratuko ez
den antropozentrismo despotikorako.
69 Gauzak araduraz erabili ahal izateaz
batera, eskatzen zaigu aitor dezagula gainerako izaki bizidunek beren
balio propioa dutela Jainkoaren aurrean eta “existitze hutsagatik
bedeinkatu eta loria ematen diotela” [41],
zeren Jaunak bozkarioz beterik hartzen ditu bere egintzak (cf Sal
104,31). Bada, bere duintasungatik bakarrik eta adimenez hornitua
dagoenez, gizakia behartua dago bere barne legeekin sorturikoa
errespetatzera, zeren eta “Jaunaren jakinduriak finkatu zuen lurra” (Es
3,19). Gaur egun, Elizak ez du, soil-soilik, esaten gainerako kreaturak
erabat gizakiaren ongiaren mendean daudenik, beren baitan inolako
baliorik ez balute bezala, eta guk horiekin nahi duguna egin ahal izango
bagenu bezala. Horregatik, Alemaniako gotzainek irakatsi zuten hitz
egin zitekeela gainerako kreaturengan baliagarri izatearen gainetik izateak zuen lehentasunaz. [42].
Doktrinak zuzen-zuzenean kuestionatzen du, eta behin eta berriz
aipatzen zer izango litzatekeen antropozentrismo desbideratua: “Kreatura
oro bere ontasun eta perfekzio propioen jabe da (…). Kreatura batzuek
eta besteek islatzen dutena da, bakoitzak bere erara, Jainkoaren
jakinduria eta ontasun infinitua. Horregatik, gizakiak errespetatu dauka
egin beharra kreatura bakoitzaren ondasuna, gauzen erabilpen
desordenatu saihesteko” [43].
70 Kain eta Abeli buruzko narrazioan,
ikusten dugu zeloek anaiarekin egundoko injustizia egitera eraman zutela
Kain. Horrek, aldi berean, Kain eta Jainkoa eta lurraren arteko
erlazioaren haustura ekarri zuen, zeinetatik [lurretik] Kain
erbesteratua izan zen. Jainkoak Kainekin izandako elkarrizketa
dramatikoarekin laburbiltzen da pasarte hau. Jainkoak galdetu: Non da
Abel zure anaia?”. Ez dakiela erantzuten dio Kainen eta Jainkoak
berriro: “Zer egin zenuen? Zure anaiaren odolaren ahotsa niri deiadarka
ari da lurretik! Orain madarikatua izango zara eta lur hau utzi egin
beharko duzu” (Gn 4,9-11). Lurra lantzeko ahaleginean eta
auzo-lagunarekiko erlazioan —hura zaintzeko eta babesteko obligazio
izanik— huts egiteak neure barne erlazioa, besteekikoa, Jainkorekikoa
eta lurrarekikoa apurtzen ditu. Erlazio horietan guztietan axolagabe
jokatzen dugunean, justizia jada lurretik aldendu denean, Bibliak esaten
digu bizi osoa dagoela arriskuan. Horixe da Noeren narrazioak erakusten
diguna, Jainkoak gizadia esterminatzearekin mehatxatzen
duenean, justizia eta bakearen exijentzien mailan bizitzeko duen
etengabeko ezgaitasun itzela dela medio: “Munduko izaki guztiak
suntsitzea erabaki dut, zeren lurra, eurak direla bide, biolentziaz
josia dago” (Gn 6,13). Sinbolismo sakonez josiriko antzinako kontakizun
horietan, sartua zegoen egungo konbikzioa bat: dena erlazionatua dago,
eta gure bizi propioa eta naturarekiko gure erlazioak banandu ezinak
dira anaitasunetik, justiziatik eta besteenganako leialtasunetik.
71 Nahiz eta “gaiztakeria lur gainean
hedatu” (Gn 6,5) eta Jainkoa “damutu lurrean gizakia sortu izanaz” (Gn
6,6), Noeri esker, ordea, oraindik zuzen eta hitzeko kontserbatzen
zelarik, salbamenerako bidea irekitzea erabaki zuen. Horrela eman zion
gizadiari berriro ekiteko aukera. Aski da gizaki on bat, itxaropena
pizteko! Tradizio biblikoak agintzen du, garbi eta argi, aukera berri
horrek [berrabilitatzeak] Kreatzailearen eskuak naturan ezarritako
erritmoen errespetua berraurkitzea. Hori, adibidez, ondo adierazia dago Shabbath-aren
legean. Zazpigarren egunean, Jainkoak atseden hartu zuen, bere obra
guztiak bere horretan utzita. Jainkoak agindu zion Israeli zazpigarren
egun bakoitza atsedentzat hartu behar zuela, Shabbath bat (cf.
Gn 2,2-3; Ex 16-23; 20,10). Bestalde, urte sabatikoa ezarri zen Israel
eta bere lurraldearentzat, zazpi urtetik behin (cf. Lb 25,1-4), eta
tarte horretan lurrari atseden osoa eman behar zitzaion, ez zen ereiten
eta bakar-bakarrik biltzen zen bizitzeko eta ostalariei emateko
behar-beharrezkoa zena besterik (cf. Lb 25,10). Azkenik, berrogeita
bederatzi urte igaro ondoren, Jubileua, barkamen unibertsalaren urtea,
ospatzen zen, eta “liberazio-urtea bizilagun guztientzat” (Lb 25,10).
Legedi horren garapenak nahi izan zuen oreka eta berdintasuna ziurtatzea
gizakiak besteekin zeuzkan hartu-emanetan eta bizi eta lan egiten zuen
lurrarekiko erlazioetan. Baina, aldi berean, lurrak oparitzen zituen
fruituak herri osoarenak zirela onartzea zen. Lurra landu eta lurraldea
zaintzen zuten haiek bere fruituak konpartitu egin behar zituzten,
nagusiki pobreekin, alargunekin, umezurtzekin eta atzerritarrekin: “Uzta
biltzean ez moztu soroa ertzeraino, eta ez ibili uzta-hondarrak
aprobetxatu nahian. Ez ibili mahastian etengabeko miaketan eta ez bildu
ortuan eroritako fruituak. Utzi pobrearentzat eta kanpotarrarentzat” (Lb
19,9-10).
72 Salmoek, sarritan, gizakia Jainko
kreatzailea laudatzera gonbidatzen dute: “Uren gainean lurra finkatu
zuena, haren maitasuna eternoa baita” (Sal 136,6). Baina gainerako
izakiak ere berdin gonbidatzen ditu Hura gorestera: “Laudatu,
eguzki-ilargiok, laudatu izar argitsuok, laudatu zeru zabalok, zeruetako
urok! Gorets dezatela Jaunaren izena, zeren hark aginduta sortu
baitziren” (Sal 148,3-5). Ez gara existitzen soilik Jainkoaren ahalari
esker, baita haren aurrean eta haren ondoan ere. Horregatik gurtzen
dugu.
73 Profeten idazkiek, momentu zailetan,
Unibertsoa sortu zuen Jainko ahaltsua kontenplatuz, indarberritzera
gonbidatzen dute. Jainkoaren ahal infinituak ez digu ihesarazten bere
samurtasun paternaletik, zeren harengan ongi uztartuak daude kariñoa eta
kemena. Hain zuzen, espiritualitate sanoak inplikatzen du, aldi berean,
Jainkoaren maitasunean babestea eta Jauna konfiantzaz gurtzea bere ahal
infinituagatik. Biblian, liberatu eta salbatzen duen Jainkoa,
unibertsoa kreatu zuena bera da, eta jarduteko bi modu jainkotiar horiek
hertsiki eta era separatu ezinean konektatuak daude: “Ene Jauna! Zuk
egin dituzu zeru-lurrak ahal handiaz eta beso indartsuaz. Zuretzat ez
dago ezer ezinezkorik […] Mirariak eta egintza harrigarriak eginez atera
zenuen Israel zeure herria Egiptotik” (Jr 32,17,21). Jauna betiereko
Jainkoa da, lurbira osoa egin duena: ez da nekatzen ez da akitzen.
Ulermenaz gaindikoa haren adimena. Nekatuari kemena ematen dio, eta
indarrik ez duenari energia gehitzen dio” (Is 40,28b-29).
74 Gatibualdiaren esperientziak,
Babilonian, krisi espirituala eragin eta Jainkoaganako fedean sakontzea
ekarri zuen, bere ahalguztiduntasun kreatzailea esplizitaturik, herriari
bultza egiteko, esperantza berreskura zezan, bere egoera
zorigaiztokoaren erdian. Mende batzuk geroago, proba eta pertsekuzioko
beste momentu batean, Erromako Inperioa aginte absolutua ezarri nahian
zebilela, eliztarrek Jainko ahalguztiaganako konfiantza haziz aurkitu
zuten, berriro, kontsolamendua eta itxaropena, eta honela kantatzen
zuten: “Bai handi eta harrigarriak zure egintzak, oi Jauna, Jainko
ahalguztiduna, zuzen eta egiazkoak zure bideak” (Ap 15,3). Unibertsoa
ezerezetik sortu ahal izan bazuen, parte har dezake mundu honetan ere
eta gaizkiaren edozein forma garaitu. Beraz, injustizia ez da
garaiezina.
75 Ez dago eusterik Jainko ahalguztiduna
eta kreatzailea ahanzten duen espiritualitateari. Modu horretan, munduko
beste botere batzuk gurtzen hasiko ginateke, edo Jaunaren tokian
ipiniko genuke geure burua, hark kreaturiko errealitatea lurperatu nahi
izateraino. Gizakia bere tokian ipintzeko eta lurraren mendratzaile
absolutua izateko pretentsioa amaitzeko, modurik onena da Aita
kreatzaile baten eta munduaren jabe bakar baten figura proposatzea;
zeren, bestela, gizakiak beti izango du joera errealitateari bere lege
eta interes propioak ezarri nahi izateko.
76 Tradizio judu-kristauarentzat,
‘kreazioa’ esatea ‘natura’ esatea baino gehiago da, zeren Jainkoaren
maitasunezko proiektuarekin dauka zerikusia ezen izaki bakoitzak bere
balioa eta esanahia duen. Honela ulertzen da natura: analizatu, ulertu
eta gestionatzen den sistema bat, baina kreazioa bakar-bakarrik uler
daiteke guztion Aitaren esku irekirik ateratzen den dohain moduan,
elkartasun unibertsalera deitzen gaituen maitasunak iluminaturiko errealitate bezala.
77 “Jaunak bere hitzez egin du ortzia” (Sal 33,
6). Horrela adierazten zaigu erabaki batetik datorrela mundua, ez kaos
edo kasualitatetik; horrek are gehiago goratzen du. Aukera librea hitz
kreatzailean espresaturik. Unibertsoa ez zen sortu halako
ahalguztiduntasun arbitrario baten emaitza moduan, indar-erakustaldi
batetik edo auto-berrespenerako desiratik. Kreazioa maitasunarekin
uztartua dago. Jainkoaren maitasuna kreaturiko guztiaren funtsezko zioa:
“Izaki guztiak maite dituzu, eta ez duzu zapuzten egindako ezer, zeren
zerbaiti gorroto izan bazenio, ez zenuen sortuko” (Jkd 11, 24).
Beraz, kreatura bakoitza Aitaren samurtasunaren hartzaile da, eta toki
bat eman dio munduan. Izakirik txikienaren bizi iraungikorrenak ere
haren maitasuna jasotzen du, eta existitzen den segundo gutxi horietan,
hark bere kariñoz inguratzen du. San Basilio Magnok zioen Kreatzaile
badela hau ere: “onberatasuna inbidiarik gabe” [44], eta “eguzkia eta izarrak mugitzen dituen maitasunaz” hitz egiten zuen Dante Algihieri-k. [45]. Horregatik, obra kreatuen bidez “miserikordia amultsuraino iristen da” [46].
78 Pentsamendu judu-kristauak, aldi
berean desmitifikatu egin zuen natura. Bere joritasun eta oparotasuna
eta handitasuna miresteari utzi gabe, jada ez zaio egozten izaera
jainkotiarra. Are gehiago azpimarratzen da, horrela, naturaren aurrean
geuk daukagun konpromisoa. Naturarako itzulera, noski, ezinezkoa da
gizakiaren erantzukizun eta askatasunaren bizkarretik; pertsona
munduaren parte da; bere gaitasunak landu behar ditu, mundua babestu eta
bere pontentzialtasunak garatzeko. Naturaren balio eta ahultasuna
onartzen baldin baditugu, eta, aldi berean, Kreatzaileak eman zizkigun
gaitasunak ere bai, horrek permitituko digu mugarik gabeko aurrerabide
materialaren mito modernoa amaitzea. Mundu hauskorra, zaintzeko Jainkoak
konfiantza bere eskuetan ipini duen gizakiarekin, gure adimenari
laguntza eske ari da, behingoz zentzuz erabaki dezagun gure ahala nola
orientatu, nola landu eta nola mugatu.
79 Elkarrekin komunikatzen diren sistema
irekiez osaturiko unibertso honetan, milaka parte-hartze modu eta milaka
erlazio-forma aurki ditzakegu. Horrek pentsarazten du multzo osoa ere
Jainkoaren transzendentziara irekia dagoela, transzendentzia horren
barruan garatzen delarik. Gertatzen denaren zentzu eta edertasun
misteriotsua interpretatzea permititzen digu fedeak. Gizakiaren
askatasunak egin dezake zentzuzko ekarpenik eboluzio positiborantz,
baina kalte edo hondamen berriak ere proboka litzake, sufrimendu-kausa
berriak, benetako atzerakadak. Horrela da gizadiaren historia
txundigarri eta dramatikoa: liberazio, hazte, salbamen eta maitasun
bihurtzeko gai, baina baita gainbehera eta elkarrentzat txikizio izateko
ere kapaza. Horregatik, Elizaren ekintza ez dabil natura zaintzeko
betebeharra gogoratu nahian bakarrik, baizik eta, aldi berean, “gizaki
oro babestu behar du bere buruaren suntsipenetik” [47].
80 Dena dela, Jainkoa, ezen gurekin
batera jardun nahi duen eta gure kooperazioa espero, gai da probetxuren
bat ateratzeko guk egiten dugun gaizkitik, zeren “Espiritu Santuaren
asmamena infinitua da, jainkozko buruari dagokion eran, eta askatu ohi
ditu giza gertaeraren korapiloak, baita konplexu eta ezkutukoenak badira
ere” [48].
Jainkoak, nolabait esateko, bere buruari mugak ipini zizkion mundua,
garatzeko premiarekin, kreatzerakoan, non, ondo begiratuz gero, guk
txartzat, arriskutsutzat edo sufrimendu-iturritzat jotzen ditugun gauza
asko ez diren erditze-minak baino, eta Kreatzailearekin kolaboratzera
bultzatzen gaituzte [49]. Jainkoa beti presente dago gauza bakoitzaren intimoenean; noski, bere kreaturaren autonomia baldintzatu gabe, eta horren ondorioa da lurreko errealitateen autonomia legitimoa [50].
Pertsona bakoitzaren iraupen eta garapena ziurtatzen dituen Jainkoaren
presentzia hori, “ekintza kreatzailearen jarraipena da” [51]. Jainkoaren Espirituak birtualitate
askorekin bete zuen unibertsoa, eta horiei esker gauzen barren
sakonetik beti ari da zerbait berria sortzen: “Natura ez da jainkozko
artea baino, gauza guztien baitan dagoen artea, eta horrexegatik
mugitzen dira gauzak helburu jakin baterantz; maisu ontzigileak zurari
eman ahal izango balio bezala halako kemen bat bere burua mugitzeko,
ontzi-forma har dezan”.
81 Giza izakia, nahiz eta
eboluzio-prozesuei lotua egon, beste zerbait ere bada, nobedade bat,
beste sistema ireki batzuen eboluzioaren bidez, erabat behintzat,
esplikatu ezin dena. Gutako bakoitzak identitate pertsonala du bere
baitan, besteekin eta Jainkoarekin berarekin elkarrizketan ekiteko gai
dena. Gogoeta-gaitasuna, argudiatzekoa, sormena, interpretatzeko
kapazitatea, elaborazio- artistikorako dohaina, eta beste gaitasun
ezezagun batzuek eremu fisikoa gainditzen duen (gizakiaren) berezitasuna
erakusten dute. Unibertso materialaren barruan izaki pertsonalaren
sorrera eragiten duen nobedade kualitatiboak adierazten du,
zuzen-zuzenik, Jainkoaren ekintza, Zu baten eta beste zu baten arteko
bizitzarako eta erlaziorako dei berezia. Bibliako kontakizunetatik
abiaturik, subjektutzat jotzen dugu giza izakia, eta inoiz ere ez
daiteke murriztu objektu kategoriara.
82 Baina oker egongo ginateke, baldin eta
pentsatuko bagenu gainerako izakiak objektu hustzat hartu behar direla
eta gizakiaren mendean bizi behar dutela. Jesusek proposatzen duen
harmonia-, justizia-, anaitasun- eta bake-ideala, horrelako eredu baten
antipodetan dago, eta hala adierazi zuen garaiko boterearen aurrean.
Naturari probetxu- eta interes-objektu moduan bakarrik begiratzea
proposatzen denean, horrek ondorio latzak dauzka gizartean. Gogorrenaren
arbitrariotasuna finkatzen duen ikuspegiak sekulako desberdintasunak,
injustiziak eta biolentzia ekarri ditu gizadiaren gehiengoarentzat,
zeren lehenik iristen denarentzat edo indar gehien duenarentzat hasten
dira izaten baliabideak: irabazleak eramaten du dena. “Nazioetako
boteretsuek jaun absolutu gisan jokatzen dute eta goikoek zapaldu
egiten dituzte behekoak beren boterearekin. Zuen artean, ordea, ez du
horrela izan behar. Handiena izan nahi duena izan bedi zerbitzari” (Mt 20, 25-26).
83 Jainkoaren asebetetasunean dago
unibertsoaren martxaren xedea; Jesus berpiztuak, heldutasun
unibertsalaren ardatzak, lortu du hori [53]. Hortik beste argudio bat gehiago aterako dugu, gizakiak beste izakien gainean izan lezakeen aginte despotiko
eta ez-arduratsua baztertzeko. Beste izakien azken xedea ez gara gu.
Baina denek gurekin batera eta gure bidez egiten dute aurrera, guztion
eremura; Jainkoa da eremu komun hori, asebetetasun transzendentea non Kristo berpiztuak dena besarkatu eta iluminatzen
duen. Zeren giza izakia, adimen eta maitasunez hornitua, eta Kristoren
asebetetasunak erakarria, ohartarazia dago Kreatzaileagana birgidatu
behar dituela kreatura guztiak.
84 Gizakia Jainkoaren irudia dela esaten
dugunean, horrek ez liguke ahantzarazi behar kreatura orok bere funtzioa
duela, eta bat bera ere ez garrantzirik gabea. Unibertso osoa da
Jainkoaren maitasunaren mintzaira, guganako neurririk gabeko kariñoaren
mintzaira. Lur-zorua, ura, mendiak, dena Jainkoaren laztana da.
Jainkoarekiko adiskidetasunaren historia bera espazio geografiko jakin
batean gertatzen da, eta seinale txit pertsonal bihurtzen da, eta gutako
bakoitzak leku batzuk memorian jasoak dauka; oroitzeak mesede handia
egiten dio. Mendi artean hazi denak, edo txikitan errakasto bate ondoan
eseri eta ura edaten zuenak, eta herriko plazan jolas egiten zuenak,
toki horietara itzultzen denean, bere identitatea berreskuratzen duela
sentitzen du.
85 Jainkoak liburu bikaina idatzi du, “unibertsoan bizi diren milioika izaki dira letrak” [54].
Ederki adierazi zuten Kanadako Gotzainek: ez da kreatura bat bakarrik
ere geratzen Jainkoaren manifestazio honetatik at: “Panoramarik
zabalenetatik bizi-forma txikieneraino, edertasun handien eta
beldurraren iturri da natura. Natura, gainera, jainkozkoaren errebelazio
etengabea da” [55]. Japoniako gotzainek, beren aldetik, zerbait oso sugestiboa
esan zuten: “Kreatura bakoitza bere existentziaren himnoa kantatzen
hautematea, Jainkoaren maitasunean eta esperantzan bozkario betean
bizitzea da” [56].
Kreaturikoaren kontenplazio horrek ahalbidetzen digu, gauza bakoitzaren
bidez, Jainkoak transmititu nahi digun irakaspena deskubritzea, zeren,
“fededunarentzat, kreaturikoa kontenplatzea bada mezu bat aditzea ere,
ahots paradoxiko eta isila entzutea” [57].
Esan dezakegu, Liburu Santuetako Errebelazioaz gain, Jainkoaren
manifestazioa dela eguzkia argitan ikustea eta iluntzen ikustea ete bai [58]. Manifestazio horri arreta jartzean, gizakiak ikasten du bere burua izakiekiko erlazioan errekonozitzen: “Neu auto–espresatzen naiz mundua espresatzean; nire sakralitate propioa esploratzen dut mundua deszifratzen saiatzen naizenean” [59].
86 Unibertso osoak, hain erlazio
ugariren bidez, hobeto erakusten du Jainkoaren aberastasun amaiezina.
Akinoko Santo Tomasek jakinduriaz zioenez, ugaritasuna eta barietatea
“lehen agentearen intentziotik” jalgiak dira; “nahi izan zuen,
Jainkoaren borondatea erakuts dezaten, gauza bakoitzari falta zitzaiona
besteek osatzea” [60].
Zeren Jainkoaren onberatasuna “ezin du behar bezala azaldu izaki bakar
batek. Horregatik, behar duguna da gauzen barietatea, beren erlazio
ugarietan atzematea [62].
Orduan, hobeto ulertzen da edozein kreaturaren garrantzia eta zentzua,
Jainkoaren proiektu osoaren barruan kontenplatzen bada. Horrela
erakusten du: “Izakien interdependentzia nahi du Jainkoak. Eguzkia,
ilargia, zedroa eta loretxoak, arranoa eta txolarrea, hainba
dibertsitatek eta desberdintasunek esan nahi dute izaki bat bakarrik ez
dela aski beretzat ere, ezin direla existitu elkarrekiko dependentzian
baino, batak bestea osatzeko eta elkar zerbitzatzeko” [63].
87 Existitzen den guztian Jainkoaren isla
dagoen kontzientzia hartzen dugunean, Jauna adoratzeko desioa
esperimentatzen du bihotzak, izaki guztiengatik eta haien ondoan, Asisko
san Frantziskoren himno ederrean espresatzen den moduan:
“Goretsia Zu, ene Jauna,zure izaki guztiekin batera,
bereziki anaia eguzkiarekin,
zeinen bidez eskaintzen diguzun eguna eta argi egiten.
Eta ederra argitsua, distira handiarekin,
zure, Goi-goiko horren, zantzua darama.
Goretsi zaitzatela, ene Jauna,
arreba ilargiak eta izarrek,
zeruak zeuk eginak: argiak eta ederrak eta likuragarriak, eta dotoreak.
Goretsi zaitzala, ene Jauna, anaia haizeak
eta aireak, eta lainoek eta zeru bareak,
eta denbora guziz,
horien guztien bidez zure kreaturei sostengua ematen diezu.
Goretsi zaitzala, ene Jauna, arreba urak,
txit apala baita, ederra eta garbia.
Goretsi zaitzala, ene Jauna, anaia suak,
zeinen bidez gaua argitzen duzun,
eta ederra da, eta alai eta indartsua, eta fuertea» [64].
88 Brasilgo Gotzainek azpimarratu dute
natura osoa, Jainkoa manifestatzeaz gain, bere presentziaren lekua dela.
Kreatura bakoitzarengan dago han Espiritu bizi-emailea, eta berarekiko
erlaziora deituak gaude [65]. Presentzia horrek deskubrimenduak “bertute ekologikoak” estimulatzen ditu gure baitan [66].
Baina hori diogunean, ez du ahanzten distantzia infinitua dagoela,
mundu honetako gauzek ez dutela Jainkoren asebetetasunik. Bestela, ez
genieke onik egingo kreaturei ere, ez genieke-eta aitortuko beren toki
propioa eta egiazkoa, zuzenez beste eskatuko genieke beren
txikitasunagatik eman ezin dutena.
V Batasun unibertsala
89 Mundu honetako izakiak ez dago
kontsideratzerik jaberik gabeko ondasun: “Zureak dira, Jauna, bizia
maite duzun horrenak (Jkd 11,26). Horrek konbikzio bat eragiten digu.
Aitak berak sortuak garelarik, munduko izaki guztiak baturik gaude
lotura ikusezinen bidez eta familia unibertsal moduko bat osatzen dugu,
“komunio sublimea”, errespetu sakratu, amultsu eta umil batera
bultzatzen gaituena. Gogorarazi nahi dut Jainkoak hain hertsiki uztartu
gaituela inguratzen gaituen munduarekin, lur-zorua basamortu bihurtzea
gaixotasun bat bezala da bakoitzarentzako, eta deitora dezakegu espezie
baten desagertzea geure “hanka-moztea” balitz bezala [67].
90 Horrek ez du esan nahi izaki bizidun
guztiak berdinean uztea eta gizakiari balio berezi hori kentzea; hain
zuzen, aldi berean, egundoko erantzukizuna inplikatzen duena. Ez du esan
nahi lurra jainkotzea ere; orduan ez genuke lurrarekin kolaboratzeko
deiari erantzuterik izango, ez genuke bere ahultasuna babesterik izango.
Kontzepzio horiek desoreka berriak sortuko lituzkete, aurrean dugun
errealitatetik ihes egitearren [68].
Batzuetan, gizakiaren lehentasuna ukatzeko obsesioa nabari dugu, beste
espezie batzuen aldeko borrokan hasten gara; hain zuzen, giza izakien
arteko duintasun berdina defenditzeko erabiltzen ez dugun borroka. Egia
da saiatu beharra daukagula beste izaki bizidunak arduragabeki tratatuak
izan ez daitezen. Baina benetan honek akitu behar gaitu: gure artean
existitzen diren desberdintasun ikaragarriak, zeren toleratzen
jarraitzen dugu batzuk besteak baino duinagotzat har daitezen. Ahaztu
egiten zaigu batzuk arrastaka dabiltzala miseria gorriak erasanik, burua
altxatzeko inolako posibilitate errealik gabe, eta, bien bitartean,
beste batzuek ez dakite zer egin daukatenarekin, harrokeriaz beterik
erakusten dute beren handikeria ekonomikoa eta alferrik galdetzen dutena
hainbeste da, hori ez dago jeneralizatzerik planeta zeharo birrindu
gabe. Batzuk besteak baino giza maiala handiagokosk direla onartzen ari
gara, praktikan, eskubide gehiago eta handiagoekin jaio izan balira
bezala.
91 Ez daiteke erreala izan gainerako izakiekin batasun intimoan
lotzen gaituelako sentimendua, baldin eta, aldi berean, bihotzean ez
badago samurtasun, erruki eta kezkarik gizakiaganako. Begi-bistakoa da
koherentziarik ez dagoela, desagertzeko zorian dauden animalien
trafikoaren kontra borroka egin eta pertsonen salerosketaren aurrean
zeharo axolagabe jarraitzen badu, eta pobreekin ezer jakin nahi ez badu
edo atsegin ez zaion pertsona bat paretik kentzeko prest badago. Horrek
arriskuan ipintzen du ingurumenaren aldeko borroka. Ez da kasuala, san
Frantziskok bere kreaturengatik Jainkoa goresten duen himnoan, hau
eranstea: “Goretsi zaitzatela, ene Jauna, zure maitasunagatik barkatzen
dutenek”. Dena konektaturik dago. Horregatik da beharrezkoa
ingurumenarekiko ardura, gizakiaganako maitasun egiazkoari loturik eta
etengabeko konpromisoa gizarteko problemen aurrean.
92 Bestalde, bihotza zinez irekia
dagoenean, komunio unibertsalerako prest, ez inor eta ezer dago
eskluditua anaitasun horretatik. Ondorioz, egia da, era berean, mundu
honetako gainerako izakienganako axolagabekeria edo krudelkeria,
onartzen bada, azkenean, gizaki batzuei ere antzeko tratua ematen hasiko
gara. Bihotza bakarra da, eta animalia bati tratu txarrak ematera
bultzatzen gaituen miseriak ez du askorik irauten pertsonei eraso egin
gabe. Izaki bati egiten zaion edozein basakeria “giza duintasunaren
kontrakoa da” [69].
Ez gintezke maitale handiak kontsideratu, gure interesetatik
errealitatearen parte bat eskluditzen baldin badugu: “Bakea, justizia
eta kreazioaren kontserbazioa, noski, hiru gai bata besteari oso lotuak,
bakarka tratatzeko bereiz ez daitezkeenak, erredukzionismoan erori nahi
ez badugu, behintzat [70].
Dena erlazionaturik dago, eta gizaki guztiok elkarrekin gaude
anai-arreba moduan, erromesaldi liluragarri batean, Jainkoak izaki
bakoitzari dion maitasunean uztarturik; eta horrek, era berean, eguzki,
ilargi eta ibaia anai-arrebekin eta ama lurrarekin uztartzen gaitu,
samurtasun handi eta kariñoz.
VI Ondasunak guztien onerako
93 Gaur, sinestunak bezala fede gabeak,
ados gaude lurra, funtsean, herentzia komuna dela, eta ematen duenak
denon mesedetan izan behar duela. Sinestunentzat, Kreatzailearenganako
leialtasuna esan nahi du horrek, Jainkoak guztiontzat sortu baitzuen
mundua. Ondorioz, planteamendu ekologiko orok ikuspegi sozialetik egina
izan behar du: izan ditzala kontuan baxuenen oinarrizko eskubideak.
Jabetza pribatuak ere ondasunen norako unibertsalaren mende egon behar
du, eta, beraz, erabiltzeko eskubide unibertsala da portaera sozialaren
“urrezko araua” eta “ordenamendu etiko-sozialaren lehen printzipioa “[71].
Kristau-tradizioak inoiz ez zuen onartu absolutu eta ukiezintzat
jabetza pribatuaren eskubidea eta zorrotz azpimarratu zuen edozein
jabetza-formaren funtzio soziala. San Juan Paulo II.ak
enfasi handiarekin gogoratu zigun doktrina hori, hau esanez: “Jainkoak
gizadi osoari eman dio lurra, hark bere biztanle guztiak mantendu
ditzan, inor baztertu gabe eta inor pribilegiatu gabe” [72].
Hitz sakon eta indartsuak dira. Eta gero hau azpimarratu zuen: “ez
litzateke benetan duina izango, gizakiarentzat, garapen mota bat non ez
liratekeen errespetatu eta sustatuko giza eskubideak, pertsonalak eta
sozialak, ekonomikoak eta politikoak, nazioen eta herrien eskubideak
barne” [73].
Argi eta garbi azaldu zuen: “Elizak defenditzen du, bai, jabetza
pribatuaren eskubide legitimoa, baina gardentasun berarekin esan zuen
jabetza pribatuaren gainean beti hipoteka [eske] sozial bat dagoela,
ondasunak, Jainkoak zertarako destinatu zituen, hartarako izan
daitezen”. [74].
Eta, ondorioz, honela jarraitu zuen: “ez datorrela bat Jainkoren
nahiarekin ondasunak gutxi batzuen onurarako bakarrik erabiltzea” [75]. Horrek gogor kuestionatzen ditu gizadiaren parte baten ohitura [jardun-modu] injustuak [76].
94 Duintasun bera daukate aberatsak eta
pobreak, “Jaunak egin zituen biak” (Es 22,2); berak egin zituen txikiak
zein handiak” (Jkd 6,7) eta “har zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen
du eguzkia” (Mt 5,45). Horrek, noski, ondorio praktikoak dauzka,
Paraguay-ko gotzainek esan zuten eran: “Nekazari orok eskubide naturala
du arrazoizko lur-sail bat izateko, etxea eraiki dezan, familia
mantentzeko lan egin dezan, eta segurtasun existentziala izan dezan.
Guztiz bermatu beharreko eskubidea da, praktikan ilusiozkoa ez baizik
erreala izan dadin. Horrek esan nahi, jabetza tituluaz gain, nekazariak
heziketa teknikoa, diru-maileguak, seguruak eta komertzializazioa
bermaturik izan behar dituela [77].
95 Ingurumena ondasun kolektiboa da,
gizadiaren ondarea eta guztion erantzukizuna. Eskuetara iristen zaiguna,
administratzeko bakarrik da, beste guztien onerako administratu ere.
Horrela jokatzen ez badugu, kontzientzia zamatzen ari gara besteen
existentzia ukatzearen pisuarekin. Horregatik, Zelanda Berriko Gotzainek
galdera hau egin zuten, ea zer esan nahi ote duen “inor ez hiltzea”
aginduak, “munduko populazioaren ehuneko hogeik hain neurri handian
kontsumitzen baditu baliabideak ezen esan daitekeen nazio pobreei eta
biharko belaunaldiei ebasten diharduela bizirauteko behar dutena” [78].
VII Jesusen begirada
96 Jesusek asumitu egiten du
Jainkoaganako Bibliako fedea eta funtsezko datu bat nabarmentzen du:
Jainkoa Aita da (cf. Mt 11,25). Dizipuluekiko elkarrizketetan, Jainkoak
kreatura guztiekin daukan aitazko erlazioa aitortzera gonbidatzen
zituen, eta samurtasun hunkigarriarekin gogorarazten zien izaki bakoitza
zeinen garrantzitsua den Jainkoaren begietan: “Ez ote dira bost
txoritxo bi sosetan saltzen? Alabaina haietako bat bakarra ere ez dauka
ahazturik Jainkoak” (Ik 12,6). “Begira aireko hegaztiei: ez dute
ereiten, ez uztarik biltzen, eta ez ganbaran pilatzen; zeruko Aitak,
ordea, janaritzen ditu” (Mt 6,26).
9 Jesusek gonbida zitzakeen besteak mundu
edertasunari arreta izatera, bera etengabeko kontaktuan baitzegoen
naturarekin, eta kariñoz eta harriduraz beteriko arreta ipintzen zion.
Bere lurraldeko bazter bakoitzean zebilelarik, Aitak ereindako
edertasunak kontenplatzen geratzen zen, eta mundu gauzetan jainkozko
mezua ikustera gonbidatzen dituen ikasleak: “Jaso begiak eta ikusi
gari-soroak, ebakitzeko prest” (Jn 4,35). “Jainkoaren erreinua gizon
batek soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da. Hazi guztietan
txikiena da; baina, hazten denean, beste barazki guztiak baino handiago
bihurtzen da eta zuhaitz egiten” (Mt 13,31-32).
98 Jesus harmonia osoan bizi zen
kreazioarekin, eta gainerakoak harritu egiten ziren: “Nor ote dugu
haizeak eta itsasoak ere esana aditzen dioten gizon hau?”. Ez zen
azaltzen mundutik aldenduriko aszeta baten moduan eta bizitzako gauza
atseginen arerio bezala. Honela espresatu zen bere buruan: “Etorri zen
gizonaren semea, jan eta edan egiten du, noski, eta ‘a ze tripazain eta
mozkorra’ esaten dute” (Mt 11, 19). Jesus urrun zegoen
gorputza, materia eta munduko gauzak mespretxatzen dituen
filosofietatik. Alabaina, dualismo maltzur horiek iritsi ziren kristau
pentsalari batzuengan, historian zehar, eragin dezentea izatera eta
Ebanjelioa asko desitxuratzera. Jesusek eskuekin lan egiten zuen,
Jainkoak sorturiko materiarekin egunero kontaktuan jarriz, bere
artisau-trebeziaz forma emateko. Atentzio handia ematen du bere
bizitzaren parterik handiena eginkizun horretara dedikatu izanak,
izate-modu txit sinplean, inolako miresmenik iratzartzen ez zuen
ofizioan: “Hau ez al da bada, arotza, Mariaren semea?” (Mk 6,3). Horrela
santutu zuen lana eta garrantzi berezia eman zion gizaki bezala hazi
eta heltzeko. San Juan Paulo II.ak
zera erakusten zuen: “lanaren nekea jasanez gugatik gurutziltzaturiko
Kristoren batasunean, gizakia, aldez edo moldez, Jainkoaren Semearekin
kolaboratzen ari da gizadiaren erredentzioan” [79].
99 Errealitatea kristau ikuspegitik
ulertzeko, kreazioaren destino osoa Kristoren misteriotik pasatzen da,
zein presente dagoen gauza guztien hasieratik: “Harengatik eta harentzat
sortu zen dena” (Kol 1,16). Joanen Ebanjelioaren hitzaurrearen arabera
(1,1-18), jainkozko Hitza (Logos) da Kristoren aktibitate kreatzailea.
Baina hitzaurre horrek erruz harritzen du baieztapen honengatik: Hitz
hori “gizon egin zen” (Jn 1,14). Trinitateko Pertsona bat kosmos
kreatuan sartu zen, eta han bizi izan zen gurutzera joan arte. Munduaren
hasieratik, baina oso modu berezian enkarnaziotik aurrera, Kristoren
misterioak modu ezkutuan dihardu naturako errealitate osoaren barnean;
noski, naturaren autonomiari erasan gabe.
100 Testamentu Berriak ez digu bakarrik
hitz egiten Jesus historikoari buruz eta mundu osoarekin izan zuen
erlazio txit konkretu eta amultsuaren gainean. Erakusten digu Jesus
berpiztu eta loriatsua ere, presente kreazio osoan bere aginpide
unibertsalarekin: “Jainkoak nahi izan zuen harengan egotea Ase-betetasun
osoa. Haren bitartez nahi izan zuen gauza guztiak berekin adiskidetzea,
nola zerukoak hala lurrekoak, gurutzean isuritako odolaren bidez bakea
berrezarririk” (Kola 1,19-20). Horrek denboren bukaerara garamatza:
Semeak Aitari entregatuko dizkio gauza guztiak eta “Jainkoa denetan dena
izango da” (1 Ko 15,28). Horrela, mundu honetako kreaturak ez ditugu
errealitate natural huts bezala ikusiko. Berpiztuak estaltzen ditu
misteriotsuki eta asebeterantz orientatu. Bere giza begiez kontenplatu
zituen zelaiko lore haiek berak eta hegaztiak, orain bere presentzia
argitsuaz beterik daude.
101 Sintomak deskribatzeak ez digu
balioko, krisi ekologikoaren giza erroa ikusten ez badugu. Desbideratu
egin da bizia eta giza ekintzak ulertzeko modua, eta kontraesanean dago
errealitatearekin, kalte handia egiteraino. Zergatik ez gara gelditzen
eta pentsatzen hasi? Gogoeta honetan proposatzen dut kontzentra
gaitezela paradigma teknokratiko nagusian, eta azter dezagula gizakiak
eta bere ekintzek munduan duten tokia.
I Teknologia: sormena eta boterea
102 Ahalmen teknologikoak kinka larrian
ipini gaituen aro berri batean sartu da gizadia. Bi menderen buruan izan
diren sekulako aldaketa-olatuen oinordekoak gara: baporezko motorra,
trenbidea, telegrafoa, elektrizitatea, automobila, hegazkina, industria
kimikoa, medikuntza modernoa, informatika eta, oraindik orain, iraultza
digitala, errobotika, bioteknologiak eta nanoteknologiak. Zuzen eta
bidezkoa da horrelako aurrerapenekin alaitzea eta etengabeko nobedade
horiek eskaintzen dizkiguten posibilitate ugariren aurrean poztea, zeren
“zientzia eta teknologia produktu txundigarriak dira, Jainkoak emandako
giza sormenaren emaitza harrigarriak” [81].
Natura aldatzea, helburuak baliagarriak direnean, gizadiaren
ezaugarrietako bat da, hasiera-hasieratik, eta horrela teknikak “
espresatzen du giza animoaren tentsioa, baldintza material batzuk
apurka-apurka gainditzen joateko” [82].
Teknologiak gaitz asko erremediatu ditu, gizakiari kalte egin eta mugak
ipintzen zizkioten gaitzak. Ez dezakegu baloratu eta eskertu gabe utzi
aurrerabide teknikoa, bereziki medikuntzan, injinerutzan eta
komunikazioetan. Eta nola ez aitortu zientifiko eta tekniko askoren
esfortzu guztiak, ekarpen handiak egin baitizkiote, alternatibak mahai gainean ipinirik, garapen jasangarriari?
103 Teknozientzia ongi orientatuak ez
bakarrik ekoiz ditzake benetan gauza baliosak, gizakiaren bizi-kalitatea
hobetzeko: etxeko tresnak, garraiorako lanabesak, zubiak, eraikinak,
toki publikoak. Kapaz da, era berean, ‘ederra’ produzitzeko eta gizakia
mundu materialetik edertasunaren eremura “katapultatzeko”. Uka ote
daiteke hegazkin baten ederra, edo etxe orratz [grattacieli,
rascacielos] luzearen edertasuna? Badira obra piktoriko eta musikal eder
askoak, instrumentu tekniko berriak erabilita sortuak. Horrela, ekoizle
teknikoaren edertasun-asmoan eta edertasun horren behariarengan,
asebeterako jauzia gertatzen da (gizakiarena den asebetea).
104 Baina ez dezakegu ahaztu energia nuklearrak, bioteknologiak,
informatikak, geure ADN propioaren ezagutzak eta lortu ditugun beste
gaitasun batzuek egundoko ahala ematen digutela. Hobeto esan, ematen
diote ikaragarrizko nagusitasuna, gizadi eta mundu osoaren gainean,
ezaupide hori daukanari eta, batez ere, erabiltzeko ahal ekonomikoa
duenari. Gizadiak inoiz ez du izan horrenbeste ahalmen eskura eta ezerk
ez du bermatzen ondo erabiliko duenik, batik bat orain arte nola
darabilen ikusita. Aski da XX. mendean jaurtikitako bonba atomikoak
gogoratzea, nazismoak arranditsu egindako despliege
teknologikoa, edo komunismoak eta beste erregimen totalitario batzuek
egindakoa; zertarako eta milaka milioi pertsona hiltzeko; ez dezagun
ahaztu, bestalde, gaur egun gerrak [gerrazaleek] gero eta tresneria letalagoa
daukala. Noren eskuetan dago eta noren eskuetan egotera irits daiteke
horrenbesteko boterea? Guztiz arriskutsua da gizadiaren parte txiki
baten eskuetan bakarrik egotea.
105 Uste izaten dugu “boterearen gorakada
oro, besterik gabe, aurrerapena dela, segurtasuna gehitzea dela,
baliagarritasuna sustatzea, ongizatea, bizi-indarra dela, baloreen
gailurra” [83],
errealitatea, ongia eta egia espontaneoki jalgiko balira bezala botere
teknologiko eta ekonomikotik. Baina zinezko egia da “gizaki modernoa ez
dagoela prestaturik boterea tentuz erabiltzeko [84],
zeren hainbesteko hazkunde teknologikoari ez dio lagundu
erantzukizunean, baloreetan eta kontzientzian hezitako gizakiaren
garapenak. Aro bakoitzak bere muga propioen gainean oso
auto-kontzientzia eskasa garatzeko joera du. Horregatik, litekeena da,
gaur, gizadia ez ohartzea aurrean dauzkagun desafio handiez, eta
“gizakiak boterea gaizki erabiltzeko posibilitatea gero eta handiagoa
da, etengabe hazten ari da”, ez dago-eta inolako arau erregulatzaileren
azpian askatasunari dagokionez, baizik eta, soil-soilik,
erabilgarritasunari eta segurtasunari egiten dio jaramon” [85].
Gizakia ez da zeharo autonomoa. Bere askatasuna gaixotu egiten da
inkontzientearen indar itsuen mende jartzen denean, segituko premien
baitan jokatzen duenean, eta egoismoaren eta biolentziaren eskuetan
erortzen denean. Alde horretatik, biluzik dago eta bere botere
propioarekin aurrez aurre, zein hazten doan, kontrolatzeko modurik gabe.
Izan ditzake gainazaleko mekanismoak, baina ozen eta garbi esan
dezakegu etika sendo bat falta zaiola, ez duela mugatuko duten kultura
eta espiritualitaterik, eta bere lekuan eutsiko dioten eroapen
burutsurik.
II Paradigma teknokratikoaren globalizazioa
106 Funtsezko problema beste bat da, are sakonagoa, hau da, gizadiak teknologia eta bere garapena asumitzeko modua, paradigma homogeneo eta dimentsio bakarrekoarekin batera. Paradigma
horretan, subjektuaren kontzeptua azpimarratzen da zeinek [subjektuak],
prozesu logiko eta arrazionalean, progresiboki hartu eta kanpoko
objektua bereganatzen duen. Subjektua bere esperimentazioarekin dator
metodo zientifikoa ezartzera: bereganatze-, menderatze- eta
transformazio-teknika. Subjektua formagabeko ente baten aurrean
balego bezala da, formagabea eta manipulatzeko zeharo prest dagoena.
Gizakiak beti hartu du parte naturan, baina denbora luzean naturari
laguntzea zen xedea, gauzek berez eskaintzen duten posibilitateetara
mugatzea. Kontua zen errealitate naturalak eman zezakeena hartzea.
Aldiz, orain interesatzen dena da gauzei ahal den guztia ateratzea;
badirudi horretarako bakarrik ezartzen duela gizakiak eskua, eta ahaztu
egiten zaio zein baldintzatako errealitatea daukan aurrean. Horregatik
gizakiak eta gauzek utzi diote adiskidetasunez elkarri esku emateari;
haserre eta elkarren aurka daude. Hortik erraz igarotzen da hazkunde
infinitu edo mugarik gabekoaren ideiara; eta, sarritan, erruz liluratu
ditu ekonomistak, finantza-gizonak eta teknologoak. Gezurra
begi-bistakoa da: planetako ondasunak infinituak balira bezala jokatu,
eta ahal den zuku guztia atera, mugarik ez balego bezala. Gezurrak ez du
akaberarik, hauek denak esaten dira: “badagoela nahiko energia,
baliabide erabilgarririk aski, birziklapena posible dela, natuaren
manipulazioaren ondorio negatiboak azkar batean absorbitu daitezkeela” [86].
107 Esan dezakegu, beraz, gaurko munduko
zailtasun askoren oinarrian, batez ere joera bat dagoela, ez beti
kontzientea, eta, joera horren arabera, metodologia eta teknozientziaren objektuek pertsonen bizia eta gizartearen funtzionamendua baldintzatzen duen konprentsio-paradigma
bat osatzen dute. Molde hori errealitate osoari, giza errealitateari
eta sozialari, aplikatzearen efektuak, ingurumenaren degradazioan
ikusten dira; baina hori da gizakiaren biziari eta gizarteari bere
dimentsio guztietan erasaten dion erredukzionismoaren seinale bat
soilik. Aitor dezagun teknikaren produktu diren objektuak ez direla
neutroak, zeren halakoxe sare bat sortzen dute, eta bizi-estiloak
baldintzatu egiten dituzte, eta posibilitate sozialak, berriz,
botere-talde jakin batzuei interesatzen zaien ildotik bideratzen
dituzte. Hautu batzuk, nahiz eta guztiz instrumentalak ematen duten,
ondo begiratuta, ez dira garatu nahi den bizi soziala aukerako modua
baino.
108 Ez dirudi posible denik beste kultur
paradigma bati heldu eta teknikaz, instrumentu soil bat balitz bezala,
baliatzea, zeren paradigma teknokratikoa hainbestexe gailendu da, oso
zaila da bere baliabideak baztertzea, eta are zailagoa, oraindik, bere
logikak menderatu gabe erabiltzea. Kontrakultura bihurtu da teknikaren,
bere kostuen eta ahalmen masifikatzailearen baitan eta mende,
neurri batean bederen, ez dauden objektibodun bizi-estiloa hautatzea.
Hain zuzen, teknikak sekulako joera dauka bere burdinazko logikatik
kanpo ezer gera ez dadin saiatzeko, eta “bere eskuetan teknika daukan
gizakiak badaki, azken finean, horren helburua ez dela probetxua eta
ongizatea, nagusitasuna baizik; nagusitasuna, hitzaren adierarik
gogorrenean” [87]. Horregatik “ahalegintzen da bai naturako elementuak eta bai giza existentzia kontrolatzen” [88]. Pertsonen erabaki-gaitasuna, askatasunik egiazkoena eta sormen alternatiborako espazioak oso murriztuak aurkitzen dira.
109 Paradigma teknokratikoaren joera bada
hau ere: bere nagusitasuna ezarri nahi izaten du ekonomian nahiz
politikan. Ekonomiak, beti, etekinaren baitan onartzen du garapen
teknologiko oro, gizakiarentzat izan ditzakeen ondorio negatiboetan
arretarik ipini gabe. Finantzek itotzen dute ekonomia erreala. Ez zuten
ikasi munduko krisi finantzarioen lezioa eta oso noizbait eta motel
ikasten dira ingurumenaren hondamenari buruzko lezioak. Zirkulu
batzuetan esaten da gaurko ekonomiak eta teknologiak konponduko
dituztela ingurumen-problema guztiak; era berean, hau ere esaten da:
gizakiaren problemak eta munduko miseria, besterik gabe, merkatuaren
hazkundearekin konponduko dira. Ez da teoria ekonomikoen arazoa
—seguruenik gaur ez da inor ausartuko hori defenditzera —, baizik eta
ekonomiaren garapen faktikoan sartzea. Hitzez esaten ez dutenek
ekintzaz sostengatzen dute, ez baita ikusten produkzioaren dimentsio
justuak, aberastasunaren banaketa hobeak, ingurumena arduratsu zaintzeak
edo biharko belaunaldien eskubideek kezkatzen dituztenik. Portaera
horrek garbi adierazten du ahalik eta etekin handiena ateratzea dela
helburua. Baina merkatuak, berak bakarrik, ez du bermatzen giza garapen
integrala eta inklusio soziala [89]. Bien bitartean zer daukagu? “super-garapen xahutzaile eta kontsumista; eta nola onartu hori, munduko egoera larriak eta des–humanizatzaileak ikusita?” [90],
eta ez dira lantzen behar bezain bizkor instituzio ekonomikoak eta bide
sozialak, pobreenengana, erregularki, oinarrizko baliabideak irits
daitezen. Ez dute ohartu nahi zein diren gaurko des-ajusteen erro sakonak; hauekin dute zerikusia: orientazio, helburu eta hazkunde teknologiko eta ekonomikoaren testuinguru sozialarekin.
110 Espezializazioa da teknologiaren
ezaugarria. Baina zailtasun handia suposatzen du osotasunari
begiratzeko. Jakintzen banaketak badu bere funtzioa, aplikazio
konkretuak lortzerakoan, baina osotasunaren zentzua galarazten du, baita
gauzen artean existitzen diren erlazioen zentzua ere eta, berdin,
ikuspegi zabalago baten zentzua ere. Horrexek berak galarazten du gaurko
munduko problema konplexuak konpontzeko bide egokiak aurkitzea, batez
ere ingurumenarekin eta pobreekin erlazionaturikoak, ez baitago aurre
egiterik ikusmolde jakin batetik bakarrik edo interes tipo jakin batetik
soilik. Arazo handiak konpondu nahi dituen zientziak, nahitaez,
bereganatu beharko luke gainerako jakintza-eremuetako ezagutzaren emaria
ere, filosofia eta etika soziala barne. Baina jokabide zaila
gaur-gaurkoz. Horregatik, ezin dira ezagutu erreferentzia izango
liratekeen benetako horizonte etikoak. Bizia teknikak ezarritako
zirkunstantzien mende jartzea dakar horrek, existentzia interpretatzeko
baliabide nagusitzat harturik. Aurrean dugun errealitate konkretuan,
ordea, erroreaz ohartarazten gaituzten hainbat sintoma ageri dira:
ingurumenaren degradazioa, angustia, biziaren eta elkarbizitzaren zentzua galtzea. Ikusten ari gara, beste behin gehiago, “errealitatea ideiaren gainetik dagoela” [91].
111 Kultura ekologikoa ez dago
murrizterik ingurumenaren degradazioaren, erreserba naturalak
agortzearen eta kutsaduraren inguruan agertzen diharduten problemen
erantzun urgente eta partzialetara. Besterik nahi litzateke: begirada
diferentea, pentsamendu, politika, heziketa-programa, bizi-estilo eta
espiritualitate zuzen eta indartsuak, paradigma teknokratikoaren
abiadari erresistentzia jarri eta aurre egiteko. Bestela, ekimen
ekologistarik onenek ere logika globalizatu berean itxirik amaituko
dute. Sortzen den ingurumen-problema bakoitzarentzat erremedio tekniko
bakar bat aurkitzea, ezbairik gabe, elkarrekin uztartuak dauden gauzak
isolatzea da, munduko sistemaren zinezko problemarik sakonenak
ezkutatzea.
112 Alabaina, posible da begirada berriro
zabaltzea, eta giza askatasuna gai da teknika mugatzeko, orientatzeko
eta beste aurrerapen-mota sano, gizatiar, sozial eta integralago baten
zerbitzuan ipintzeko. Agintzen duen paradigma teknokratikoaren
liberazioa, hain zuzen, gertatzen da batzuetan. Adibidez, ekoizle
txikien komunitateek gutxiago kutsatzen duten produkzio-sistemen alde
egiten dutenean, beste bizi-estilo bat hautarik: bozkario eta
elkarbizitza ez-kontsumistan oinarritua. Edo teknika, lehenik,
besteen problema konkretuak konpontzera orientatzen denean, haiei
duintasun handiagorekin eta sufrimendu gutxiagorekin bizitzen laguntzeko
grinaz. Baita ederraren asmo kreatzaileak eta horren kontenplazioak
botere objektibatzailea gainditzea lortzen dutenean, halako
salbamen-prozesu batean, ederrarengan eta kontenplatzen duen
pertsonarengan gertatzen dena. Benetako gizabidea, sintesi berri batera
gonbidatzen gaituelarik, badirudi zibilizazio teknikoaren erdian bizi
dela, kasik oharkabean, ate itxiaren azpitik lainoa sartzen den eran.
Promesa iraunkorra ote, oztopo guztien gainetik, egunero jalgitzen den
benetakotasunaren erresistentzia bortitz modura?
113 Bestetik, badirudi jendeak ez duela
sinesten etorkizun zoriontsuan, ez du bihar hobeko izateko konfiantza
itsurik, gaurko munduak eskaintzen dituen baldintzak eta gaitasun
tekokikoak ikusita. Hartua du kontzientzia zientziaren eta teknikaren
aurrerapenak ez doazela parean gizakiaren aurrerapenekin eta
historiarekin, eta ikusten du beste batzuk direla funtsezko bideak,
etorkizun zoriontsua lora dadin. Hala eta guztiz, ez du pentsatzen
teknologiak eskaintzen dituen posibilitateei uko egiterik. Gizadia
zeharo aldatu da, eta etengabeko nobedadeekin batera gauzen
iheskortasuna ikusi behar da; horrek gainazaletik garamatza aurrean,
norabide bakarrean. Zail egiten zaigu geratu eta biziaren sakontasuna
errekuperatzea. Arkitekturak garai jakin bateko espiritua islatzen badu,
megaestrukturek eta serieko etxeek teknika globalizatuaren
espiritua adierazten dute, non produktuen etengabeko nobedadea asperdura
pisu bihurtzen den. Ez dezagun etsi eta ez diezaiogun uko egin
helburuen gainean eta ororen zentzuari buruz galdetzeari. Bestela,
indarrean dagoen egoera legitimatzea besterik ez dugu egingo, eta
suzedaneo gehiago beharko ditugu hustasuna jasateko.
114 Gertatzen ari dena ikusirik, urgentea
izango da kultur iraultza ausart batera jotzea. Zientzia eta teknologia
ez dira neutralak, baizik eta inplikaditzakete, prozesu baten
hasieratik azkenera arte, hainbat intentzio eta posibilitate, eta osa
daitezke forma diferentetan. Inor ez dabil koba-zuloko garaietara itzuli
nahian, baina ezinbestekoa da martxa moteltzea, errealitatea beste modu
batean ikusteko, aurrerabide positiboa eta jasangarriak hartu, eta,
aldi berean, gehiegikeria megalomano batek suntsituriko balore eta
helburu handiak errekuperatzea.
II Krisia eta antropozentrismo modernoaren ondorioak
115 Antropozentrismo modernoak,
paradoxikoki, errealitatearen gainean arrazoi teknikoa kokatu du, zeren
gizaki honek “ez du sentitetzen natura baleko norma moduan, are gutxiaho
aterpe bizi moduan. Ikusten du, hipotesirik egin gabe, praktikoki, lan
bat aurrera eramateko toki edo objektu moduan, non sartzen den dena, eta
berdin dio horrekin zer gertatzen den [92].
Horrela, munduak bere baitan duen balioa ahuldu egiten da. Baina
gizakiak ez badu berraurkitzen bere benetako tokia, gaizki ulertzen du
bere burua eta kontraesanean dago bere errealitate propioarekin: “Ez
bakarrik lurra eman dio Jainkoak gizakiari, eta erabili behar duen
jatorrizko intentzioa, hau da, ondasun bat dela aintzat harturik; are
gehiago, gizakia bere buruarentzat Jainkoaren dohaina da eta, ondorioz,
errespetatu beharra dauzka eman zaizkion egitura naturala eta morala” [93].
116 Modernitatean, neurri gabeko
antropozentrismo batean bizi izan ginen; eta, beste arropa batzuek
jantzita bada ere, erreferentzia komun oro eta lotura sozialak
indartzeko ahalegin denak kaltetzen dihardu. Horregatik iritsi da garaia
berak ezartzen dituen mugekin errealitateari berriro arreta jartzekoa;
aldi berean, horiek baitira gizabidezko garapen sozialik sano eta
emankorrena ahalbidetuko dutenak. Kristau antropologiaren aurkezpen txar
baten erruz, gizakiaren eta munduaren arteko erlazioari buruz
kontzepzio okerra babestu zen. Amets prometeiko bat transmititu
zen munduaren gaineko aginteari buruz, eta horrek probokatu zuen natura
zaintzea ahulen kontua zelako inpresioa. Aldiz, gizakiaren kontzeptua,
unibertsoko “jaun” moduan, interpretatzeko forma zuzena hau da:
administratzaile arduratsu moduan ulertu [94].
117 Naturari egindako kaltea neurtzeko
ardurarik eza eta erabakien ingurumen-inpaktua ez dira besterik, naturak
bere egituretan inskribaturik daraman mezua errekonozitzeko interes
faltaren isla garbia baizik. Errealitatean bertan errekonozitzen ez
denean pobre baten balioa, giza enbrioi batena, pertsona elbarriarena
—adibide batzuk baino ez jartzearren—, nekez adituko dira naturaren
beraren garrasiak. Dena konektaturik dago. Gizakia autonomo deklaratzen
bada errealitatearekiko eta menderatzaile absolutu bilakatzen bada,
existentziaren oinarria bera jartzen da hankaz gora, zeren “kreazioaren
obran Jainkoaren kolaboratzaile-papera bete ordez, gizakia Jainkoaren
lekuan jartzen da, eta horrekin naturaren errebelioa probokazen du” [95].
118 Etengabeko eskizofreniara garamatza
egoera horrek: gorespen teknokratikotik —zeinek aitortzen ez dien
gainerako izakiei beren balio propioa—, gizakiaren balio berezi oro
ukatzeraino. Baina ez dago gizabidea baztertzerik. Ez da izango erlazio
berririk naturarekin gizaki berririk gabe. Ez dago ekologiarik
antropologia egokirik gabe. Pertsona, beste guztien artean, izaki bat
gehiago baizik kontsideratzen ez denean, azareko jokotik edo
determinismo fisikotik sortua balitz bezala, “arrisku handia dago
gizakiarengan erantzukizun-kontzientzia gutxitzeko” [96]. Antropozentrismo desbideratuak ez garamatza, nahitaez, “biozentrismora”, zeren horrek esan nahiko luke beste des-ajuste bat sartzea, ez bakarrik problemak konponduko ez dituen des-ajuste berri
bat, baizik eta beste batzuk eragingo dituena. Gizakiari ez dago
exijitzerik munduarekiko konpromisorik, baldin eta, aldi berean, bere
gaitasunak aitortzen eta baloratzen ez badira: ezagumena, borondatea,
askatasuna eta erantzukizuna.
119 Antropozentrismo desbideratuari
egindako kritikak ez luke ipini beharko, noski, pertsonen arteko
erlazioen balioa bigarren planoan. Krisi ekologikoa baldin bada aro
modernoko krisi etiko, kultural eta espiritualitatearen eklosioa edo
kanpoko manifestazioa, ez dago osatzerik natura eta ingurumenarekiko
gure erlazioa, gizakiaren oinarrizko erlazioak osatu gabe. Pentsamendu
kristauak gizakiaren balio berezia aipatzen duenean, beste izakien
gainetik, pertsona bakoitza baloratzea esan nahi du, eta horrela bestea
errekonozitzea ahalbidetzen da. Ezagutzeko, maitatzeko eta
elkarrizketatzeko gai den “zu” batera irekitzeak pertsonaren prestutasun
handia espresatzen du. Horregatik, mundu kreatuarekin erlazio egokia
izateko, ez dago zertan ahuldurik gizakiaren dimentsio soziala eta bere
dimentsio transzendentea ere ez, jainkozko “Zu”ra irekia. Zeren
ez dago proposatzerik ingurumenarekiko erlaziorik gainerako pertsonen
eta Jainkoagandiko erlaziotik isolaturik. Indibidualismo erromantiko bat
izango litzateke, edertasun ekologikoaz mozorrotua eta entzierro
itogarria immanentzian.
120 Dena erlazionaturik dagoenez, ez da
bateragarria naturaren defentsa abortuaren justifikazioarekin. Egon ote
daiteke heziketa-biderik, ondoan ditugun izaki debilak —batzuetan
nekagarri eta gogaikarriak— hartzeko, giza enbrioia babesten ez bada,
nahiz eta haren etorrera neke- eta zailtasun-kausa izan? “Sentikortasun
pertsonala eta soziala galtzen badira, bizi berri bat onartzeko, beste
harrera-forma batzuk ere zimeldu egingo dira, bizi sozialerako
onuragarriak izan arren” [97].
121 Pendiente dago sintesi berri
baten garapena, zeinek gainditu behako lituzkeen azken mendeetako
dialektika faltsuak. Kristautasuna bera, leial jarraitu arren bere
identitatearekiko eta Jesukristogandik jasotako egia-altxorrarekiko,
beti birpentsatzen eta berrespresatzen ari da egoera historiko
berriekiko elkarrizketan, bere nobedade eternoa jalgi dadin [98].
Erlatibismo praktikoa
122 Antropozentrismo desbideratuak biziera desbideratua ekarri ohi du. Evangelii gaudium Aholku-gutun apostolikoan, gure garaia markatzen duen erlatibismo praktikoaz mintzatu nintzen; “oraindik arriskutsuagoa doktrinala baino” [99].
Gizakiak zentroan bere burua kokatzen duenean, lehentasun absolutua
ematen die bere komenentzia zirkunstantzialei, eta gainerako guztia
erlatibo bihurtzen da. Horregatik ez liguke atentziorik eman beharko,
paradigma teknokratikoaren nonahikotasun [omnipresentzia] eta
mugarik gabeko giza boterearen gurtzarekin batera, pertsonengan
erlatibismoa indartzea non dena hutsal bilakatzen den baldin eta
segituko norbere interesentzat balio ez badu. Hor badago logika bat
gauzak konprenitzen laguntzen diguna: hainbat jokabidek elkar elikatzen
dute, eta, aldi berean, ingurumenaren degradazioa eta degradazio soziala
probokatzen dituzte.
123 Patologia bera dira erlatibismoaren
kultura eta pertsona bat beste batez aprobetxatu eta objektu soil moduan
tratatzera bultzatzen duena, lan gogor eta derrigortuetara beharturik,
edo esklabo bihurturik zorrak direla kausa. Haurren esplotazio sexualera
eramaten duen, edo norbere intereserako balio ez duten zaharrak
abandonatzen dituen logika bera da. Bada hau dioenaren barne logika ere:
“Utz dezagun merkatuaren indar ezkutuek erregula dezaten ekonomia,
zeren bere inpaktuak, gizartean eta naturan, kalte saihestezinak dira”.
Egia objektiborik eta printzipio sendorik ez baldin badago, norbere
proiektuak bete eta berehalako premiak asetzeaz gain, zein muga izan
litzake gizakien salerosketak, kriminalitate antolatuak, narkotrafikoak,
diamante odolduen eta galzorian dauden animalien larruen komertzioak?
Ez al da logika erlatibista bera pobreei organoak erostea, gero saldu
edo esperimentazioan erabiltzeko, edo gurasoen gustuko ez diren haurren deskartea?
“Erabili eta bota”. Hori da gaurko logika, eta egundoko hondakin mordoa
sortzen du behar dena baino gehiago kontsumitzeko desira desordenatua
dela bide. Beraz, ez dezakegu pentsa proiektu politikoak edo legearen
indarra nahikoa izango direnik ingurumenari erasaten dioten portaerak
saihesteko, zeren, usteltzen dena kultura denean eta egia objektiboren
bat edo baleko printzipio unibertsalik onartzen ez bada, legeak ulertuko
dira, soilik, inposizio arbitrario moduan eta saihestu beharreko oztopo
gisa.
Lana zaintzeko premia
124 Ekologia integralari buruzko edozein
planteamendutan, gizakia baztertzen ez duena izan dadila, ezinbestekoa
da lanaren balioa sartzea; san Joan Paulo II.ak ederki asko garatu zuen hori Laborem exercens entziklikan.
Gogora dezagun, kreazioari buruzko kontakizun biblikoaren arabera,
lorategi kreatu berrian ipini zuen Jainkoak gizakia (cf Gn 2,15), ez
bakarrik jadanik existitzen zena zaindu eta gordetzeko, baizik eta haren
gainean lan egiteko, fruitua eman zezan. Horrela, langileak eta
artisauak “kreazio eternoa ziurtatzen dute” (Si 38,34). Bene-benetan,
kreaturikoaren garapen egokia bultzatzen duen giza interbentzioa ona da,
zaintzeko formarik egokiena, zeren Jainkoaren instrumentu bezala
kokatzea inplikatzen du, gauzetan berak ipinitako potentzialtasunak
jalgi daitezen laguntzeko: “Jainkoak sendagaiak ipini zituen lurrean eta
gizaki zuhurrak ez ditu mespretxatzen” (Si 38,4). 125. Saiatzen bagara
pentsatzen zein diren gizakiaren eta inguratzen duen munduaren arteko
erlaziorik onenak, lanari buruzko kontzepzio zuzenaren premia azaltzen
da, zeren, gizakiaren gauzekiko erlazioaz hitz egiten badugu,
errealitatearen gaineko giza ekintzaren zentzu eta helburuari buruzko
galdera azaltzen da. Ez dugu hitz egiten esku-lanaz edo lur-lanaz
bakarrik, baizik eta existitzen denaren transformazioren bat inplikatzen
duen edozein aktibitateri buruz, hasi informe sozial bat elaboratzetik
eta garapen teknologikoaren diseinuraino. Edozein lan-formak badu atzean
ideia bat gizakiak bestearekin ezarri behar duen erlazioari buruz.
Kristau espiritualitateak, San Frantziskorengan aurkitzen ditugun
kreaturen kontenplazio-miresmenarekin batera, lanari buruzko konprentsio aberats eta sanoa garatu du; adibidez, Karlos Foucaul eta bere dizipuluen bizian aurkitzen dugun moduan.
125 Pentsatzen jartzen bagara zein diren
gizakiaren erlazio egokiak inguratzen duen munduarekiko, lanaren
kontzepzio zuzenaren premia agertzen da. Zeren, gizakiak gauzekin duen
erlazioaz mintzatzen bagara, berehala agertzen da errealitatearen
gaineko gizakiaren ekintzaren zentzu eta helburuari buruzko galdera. Ez
gara ari, soilik, eskulanaz eta lur-lantzeaz mintzatzen, baizik eta
existitzen denaren edozein transformazio inplikatzen duen jardueraz,
informe soziala lantzetik eta garapen teknologikoaren diseinuraino.
Edozein lan-formak dauka atzean ideia bat gizakiak besteekin ezarri
behar duen erlazioari buruz. Kristau espiritualitateak, Asisko San
Frantziskorengan aurkitzen ditugun izakien miresmen konteplatiboarekin
batera, konprentsio aberats eta sanoa garatu du lanari buruz,
adibidez Charles Foucauld dohatsuaren eta bere dizipuluen bizian aurki
dezakegun moduan.
126 Har dezagun zerbait monasterioetako
tradizio luzetik ere. Hasieran, mundutik ihes egitea faboratzen zuen,
bizi urbanoak eskaintzen zuenetik alde egin nahian. Horregatik, monjeek
basamortua nahi izaten zuten, Jainkoaren presentzia atzemateko tokirik
egokiena zela konbentziturik. Geroago, Nursiako san Benitok bere monjeak
komunitatean bizitzea proposatu zuen, otoitza eta irakurketa
esku-lanarekin tartekatuz (ora et labora). Esku-lana komentuan sartzea,
zentzu espiritualez jantzirik, egundoko iraultza izan zen.
Erretiro-bizia eta lana konbinatuz, heldutasun eta santutasunean hazi
nahi zuten, horren bila zebiltzan. Lana horrela bizitzeak arretatsu eta
errespetutsuago egiten gaitu ingurumenarekiko; munduarekiko gure
erlazioa moderazio [sobrietate] sanoz kutsatzen du.
127 Esaten dugu, “gizakia dela bizi ekonomiko eta sozial osoaren autorea, zentroa eta helburua” [100].
Alabaina, gizakiarengan kontenplatu eta errespetatzeko gaitasuna
hondatzen denean, berehala sortzen dira baldintzak lanaren zentzua
desitxuratzeko [101].
Beti komeni da gogoratzea gizakia “gai dela, berez, bere hobekuntza
materialaren, aurrerabide moralaren eta garapen espiritualaren agente
arduradun izateko” [102].
Lanak izan beharko luke garapen pertsonal zabal horren eremua, non
jokoan diren biziaren hainbat dimentsio: Sormena, geroko proiekzioa,
gaitasunen garapena, baloreak lantzea, gainerakoekin komunikatzea,
adorazio-jarrera. Horregatik, munduko egungo errealitate sozialean,
enpresen interes mugatuen eta arrazionaltasun ekonomiko
kuestionagarriaren gainetik, premiazkoa da denak “ahalegin daitezen lana lortzeko moduak egiten eta horri lehentasuna ematen” [103].
128 Lana da gure destinoa sortu
ginenetik. Ez da saiatu behar aurrerapen teknologikoak —gero eta
gehiago— ordezka dezan gizakiaren lana; horrela gizakiak bere buruari
egingo lioke kalte. Lana premia bat da, lur honetako biziaren zentzuaren
parte bat, heldutasunerako bidea, giza garapenerako eta errealizazio
pertsonalerako bidea. Alde horretatik, pobreei diruz laguntzeak
irtenbide probisionala izen behar du, beti, urgentziei aurre egiteko
baino ez. Egiazko helburua, zalantzarik gabe, lanaren bidez bizi duina
lortzea izan beharko luke. Ekonomiaren norabideak, ordea, aurrerapen
teknologiko jakin bat sustatu du, produkzio-kostuak murrizteko, baina,
aldi berean, lan-postuak kendu eta makinaz ordezkaturik. Beste modu bat
gehiago, gizakiaren jarduna bere buruaren kontra bihurtzeko. Lanpostuen
murrizketak “inpaktu negatiboa dauka plano ekonomikoan ere, ‘kapital
sozialaren’ galeragatik, hau da, konfiantzazko erlazioen,
fidagarritasunaren eta arauekiko errespetuaren desgasteagatik, beti ere
beharrezkoak elkarbizitza zibilerako” [104].
Esanak esan, azken finean, “giza kostuak ekonomiarentzat ere kostuak
dira beti, eta, era berean, disfuntzio ekonomikoek giza kostuak dituzte
ondorio” [105]. Pertsonetan inbertitzeari uztea, segituko etekin hobeagatik, negozio txarra gizartearentzat.
129 Lana ematea posible izan dadin,
behar-beharrezkoa da dibertsitate produktiboa eta enpresa-sormena
sustatuko dituen ekonomia bultzatzea. Adibidez nekazaritzan, eskala
txikian, elikagai-sistema asko dago, munduko populazioaren parte handi
bat elikatzen jarraitzen dutenak, lur eta ur gutxi erabili eta hondakin
gutxiago sortzen dute. Nola moldatzen diren? Lur-sail txikiak edo
baratzak landuz, ehizan eginez eta basa-fruituak bilduz edo
artisau-arrantza eginez. Eskala-ekonomiek, bereziki,
laborantza-sektorean, beren lurrak saltzera edo kultibo tradizionalak
bertan behera uztera behartzen dituzte nekazari txikiak. Batzuk
saiatzen dira beste produkzio-forma dibertsifikatuago batzuk bultzatzen,
baina beren ahaleginak hutsean geratzen dira, mota bateko zein besteko
merkatuekin konektatzeko zailtasunak direla medio edo salmenta eta
garraiorako azpiegitura enpresa handien eskuetan dagoelako. Agintariek
daukate eskubidea eta erantzukizuna ekoizle txikien eta
produkzio-barietatearen aldeko neurri garbiak eta sendoak hartzeko.
Praktikan denei mesede egingo dien askatasun ekonomikoa benetakoa izan
dadin, batzuetan izan daiteke beharrezkoa baliabiderik handienak
dituztenei eta botere finantzarioei mugak ipintzea. Hitzez bakarrik
defenditzen den askatasun ekonomikoa, baina baldintza errealek denak
hor kokatzea oztopatzen duena, eta lana lortzea gero eta zailagoa bada,
kontraesanezko diskurtso bilakatzen eta politika desondratu besterik ez
du egiten. Enpresa-jarduna, aberastasuna produzitzera eta mundua
guztientzat hobetzera orientaturik, bokazio noblea da, eta izan daiteke
modu bikaina lurralde bati bultza egiteko, bere ekimenak lurralde
horretan kokatzen direnean, batez ere ulertzen baldin bada lanpostuak
sortzea, ezbairik gabe, guztien onaren [ongi komunaren] zerbitzuko zati
bazterrezina dela.
130 Proposatzen saiatu naizen kreazioaren
ikusmolde filosofiko eta teologikoan, garbi dago gizakia, bere
arrazoimen eta zientziaren berezitasunarekin, ez dela guztiz baztertu
beharreko kanpo-faktore bat. Nolanahi ere, nahiz eta gizakiak parte har
dezakeen animalia eta begetaletan eta bizitzeko beharrezkoak dituen
neurrian erabili, Doktrinak dio animaliekin egiten diren
esperimentazioak zilegi direla “baldin eta arrazoizko mugetan errendituz
gero eta giza biziak zaintzeko edo salbatzeko balio badute” [106].
Gogorarazten du, bestalde, zorrotz gogorarazi ere, gizakiaren botereak
badituela bere mugak, eta “giza duintasunaren kontrakoa dela animaliei
alferrik sufriaraztea eta beharrik gabe bizia kentzea” [107]. Erabilpen eta esperimentazio orok “kreazioaren osotasunaren errespetu erlijiosoa exijitzen du” [108]
131 San Joan Paulo II.aren
jarrera orekatua aipatu nahi dut hemen; aurrerapen zientifiko eta
teknologikoen onurak azpimarratzen zituen, ezen “erakusten diguten
zeinen prestua den gizakiaren bokazioa Jainkoaren ekintza kreatzailean
arduratsu parte hartzeko”, baina, aldi berean, hau ere oroitarazten
zuen: “ekosistemaren eremuko interbentzio orok kontsideratu beharra
dauzka beste esparru batzuetan eragin ditzakeen ondorioak” [109].
Esaten zuen Elizak baloratzen duela “biologia molekularraren ikerketa
eta aplikazioen ekarpena, beste gai batzuekin hornitua: adibidez,
genetika eta horren aplikazio teknologikoa laborantzan eta industrian” [110], nahiz eta, era berean, esaten zuen horrek ez diola bidea ireki behar “genetikaren manipulazio ez-diskriminatuari” [111],
interbentzio horien efektu negatiboak ahazturik. Ez da posible
gizakiaren sormena geldiaraztea. Artista bati ez badago debekatzerik
bere gaitasun sortzailea zabal dezan, ez dago zirkulaziotik kentzerik
garapen zientifiko eta teknologikorako dohain bereziak dituztenak ere,
gaitasun horiek, besteen zerbitzurako, Jainkoak emanak direla jakinik.
Aldi berean, behin eta berriz dago planteatu beharra giza jarduera
horren helburuak, efektuak, testuingurua eta muga etikoak, arrisku
handiko botere-forma baita.
132 Marko horretan kokatu beharko
litzateke edozein gogoeta, animalien eta begetalen gaineko giza
interbentzioari buruz; hor dira bioteknologiak eragindako
mutazio genetikoak, errealitate materialean oraingo posibilitateak
baliatze aldera eginak. Fedeak arrazoimenari errespetua izateak esan
nahi du arreta jartzea zientzia biologikoak egitura biologikoei, horien
posibilitateei eta mutazioei buruz irakats diezagukeenaren aurrean;
hori, noski, ekonomia-interesekiko mendekotasunik gabe garaturik.
Nolanahi ere, interbentzio legitimoa da, naturan, ezarritako bidetik
garatzen “laguntzeko parte hartzen duena, hots, kreazioaren bidetik,
Jainkoak nahi duen ildotik” [112].
133 Zaila da genetikoki aldaturiko
organismoen (GAOen) garapenari buruzko iritzi orokorra ematea;
begetalak, animaliak, gai medikoak, eta laborantza eta abeltzaintza
hartzen ditu bere baitan; oso ezberdinak elkarren artean, eta desberdin
tratatu beharrekoak. Bestetik, arriskua ez dago beti egozterik teknikari
berari, aplikazio desegoki edo gehiegizkoari baizik. Egia esan, mutazio
genetikoak, sarritan, naturak berak eragiten ditu. Bestalde, gizakiak
probokaturikoak ere ez dira fenomeno berriak. Animaliak heztea
[domestikatzea], espezieak gurutzatzea eta antzinako beste praktika
batzuk, unibertsalki onartuak, sar daitezke kontsiderazio horietan. Oroi
gaitezen zekale transgenikoen garapen zientifikoen hasiera bakterio
baten behaketa izan zela: natural eta espontaneoki begetal baten
genomaren aldaketa eragiten zuen. Baina naturan, prozesu horiek oso
erritmo motela dute; ez dago alderatzerik gaurko aurrerapen
teknologikoek ezartzen duten abiadurarekin, nahiz eta aurrerapen horiek
zenbait mendetako garapen zientifikoa duten.
134 Froga sendo eta zorrotzik ez dagoen
arren zekale transgenikoek gizakiei kausa diezazkieketen kalteen gainean
eta, gainera, lurralde batzuetan transgenikoen erabilpenak bultzatu
egin du hazkunde ekonomikoa, ondorioz problema konpontzen lagundurik,
zailtasun handiak daude, inolaz ere erlatibizatu behar ez direnak. Toki
askotan, kultibo horiek sartu ostean, produkzio-lurren kontzentrazioa
ikusten da gutxi batzuen eskuetan, ekoizle txikiak, apurka-apurka,
desagertu egin direlako, beren esplotazioko lurrak galdu izanaren
ondorioz, produkzio zuzenetik erretiratu beharrean gertatu baitira” [113].
Txiroenak noraezeko langile bihurtzen dira, eta laborantzako enplegatu
asko hirietako asentamendu miserableetan azaltzen zaizkigu. Kultibo
horien hedapenak birrindu egiten du ekosistemen egitura konplexua,
gutxitu egiten du produkzio-dibertsitatea eta ekonomia erregionalen
oraina eta geroari erasaten die. Zenbait lurraldetan, oligopolioen
garapena izugarria da bihiaren produkzioan eta ereiteko beharrezkoak
dituzten beste zenbait produktutan, eta dependentzia areagotu egiten da
ale esterilen produkzioaren kasuan, eta nekazariak behartuak daude
enpresa ekoizleei erostera.
135 Zalantzarik gabe, etengabeko
atentzioa behar da alderdi etiko inplikatu guztiak aintzat hartzeko.
Horretarako, eztabaida zientifikoa eta soziala ziurtatu behar dira,
zabala eta arduratsua izan dadila, eskuartean daukagun informazio osoa
aintzat hartuko duena, eta gauzei dagokien moduan deituko diena.
Batzuetan, ez da jartzen mahai gainean informazio osoa, interesen
arabera selekzionatzen da: interes politiko, ekonomiko edo ideologikoen
arabera. Horrek zaildu egiten du, hainbat arazori buruz —dagozkion
aldagai guztiak aintzat harturik—, iritzi orekatu eta zuhurra garatzea.
Nahitaezkoa da eztabaida-espazioak izatea non, zuzenean edo zeharka, afektaturik
dauden guztiek (nekazari, kontsumitzaile, autoritate, zientzialari,
hazi-enpresak, fumigaturiko inguruetatik gertu bizi direnak eta beste
batzuk) beren problematikak azal ditzaten edo informazio zabala eta
egiazkoa eskuratu ahal izan dezaten, egungo eta biharko guztien onaren
[ongi komunaren] aldeko erabakiak hartzeko. Izaera konplexuko
ingurumen-arazoa da, horregatik trataerak begirada integrala, aspektu
guztiak hartuko dituena, exijitzen du, eta horrek, gutxienez, esfortzu
handiagoa eskatzen du, argi apur ekar dezaketen zenbait ikerketa-ildo
libre eta gaikako finantzatzeko.
136 Arrazoizkoa da mugimendu ekologista
batzuek ingurumenaren osotasuna defenditu eta ikerketa zientifikoari
muga batzuk erreklamatzea. Baina kezkagarria da, aldi berean, printzipio
horiek berak ez aplikatzea giza biziari. Justifikatu egiten da, nahiz
eta, giza enbrioi biziekin egiten diren esperimentuetan, muga guztiak
gainditu. Ahaztu egiten da gizakiaren balio ez-alienagarria bere
garapen-graduaren gainetik dagoela. Horrela, teknikak printzipio etiko
handiak ahazten dituenean, zilegitzat jotzen du edozein praktika.
Kapitulu honetan ikusi dugun eran, teknika, etikatik berezirik, nekez
izango da gai bere ahala auto-mugatzeko.
EKOLOGIA INTEGRALA
137 Dena hertsiki erlazionaturik
dagoenez, eta gaurko problemek, ezbairik gabe, mundu-krisiaren faktore
guztiak kontuan hartuko dituen begirada behar duelako, proposatzen dut
jar gaitezela ekologia integralaren hainbat aspektutan pentsatzen; eta sar ditzagun hor giza dimentsioak eta sozialak ere.
I Ingurune-ekologia, ekonomikoa eta soziala
138 Organismo bizien arteko erlazioak
eta mugitzen diren ingurunea estudiatzen ditu ekologiak. Badu beste
eskakizunik ere: eseri eta pentsatzen eta eztabaidatzen hasi
bizi-baldintza eta gizartearen biziraupenaren gainean, onestasuna buru
dela, garapen-, produkzio- eta kontsumo-ereduak zalantzan ipintzeko. Ez
bedi gehiegitzat har, inolaz ere, dena konektaturik dagoela esatea.
Denbora eta espazioa, elkarren artean, ez dira independienteak , eta: ez atomoak eta ez partikula subatomikoak
kontsidera daitezke berezirik. Planetako hainbat osagai ezberdin
—fisikoak, kimikoak eta biologikoak— elkarren artean erlazionaturik
dauden bezalaxe, espezie biziek sare bat osatzen dute, inoiz ere erabat
ikusi eta konprenitu ezin dugun sarea. Gure informazio genetikoaren
parte handi bat izaki bizidun askorekin konpartitua dago. Horregatik,
zatikako ezagutza isolatuak izan daitezke ezjakintasun-forma bat,
erresistentzia ipintzen badute errealitatearen ikuspegi zabalean
integratzeko.
139 Ingurumenaz mintzatzen garenean,
nagusiki erlazio hau izendatu nahi dugu: natura eta biztanleen arteko
erlazioa. Horregatik, natura ez dago ulertzerik gugandik aparte dagoen
zerbatik bezala edo bizitzako marko huts moduan. Naturan sartuak gaude,
naturaren parte gara, eta elkarrekin uztarturik gabiltza. Toki jakin bat
kutsaturik egotearen arrazoiek analisi bat eskatzen dute: gizartearen
funtzionamendua, bere ekonomia, portaera eta errealitatea ulertzeko
moduak analizatu beharko dira. Aldaketak hain handiak direnez, ez da
posible problemaren parte bakoitzarentzat erantzun espezifiko eta independientea
aurkitzea. Funtsezkoa da soluzio integralak aurkitzea, sistema
naturalen arteko interakzioak eta sistema sozialarekikoak. Ez dira bi
krisi separatu, bata ingurumenarena eta bestea soziala, baizik eta krisi
bakar oso konplexua: ingurumen eta gizartearena, biak batera. Soluziora
iristeko bideek, jakina, hurbilketa integrala eskatzen dute, pobrezia
konbatitzeko, marjinatuei duintasuna itzultzeko eta, aldi berean, natura
zaintzeko.
140 Kontuan hartu beharreko elementu-sail
ugaria eta bariatua dela eta, ekimen jakin baten inpaktua ingurumenean
erabakitzeko garaian, ezinbestekoa da ikertzaileei lehentasuna ematea
eta euren interakzioa erraztea, askatasun akademiko zabalarekin.
Ikerketa etengabe horrek erakutsi beharko liguke izakiak nola
erlazionatzen diren elkarrekin, “ekosistemak” deituriko unitatea
handiagoak osaturik. Ez ditugu kontuan hartu behar, soilik, beren
erabilpen arrazionala zein den determinatzeko, baizik eta badutelako
beren baitan berezko balioa edo intrintsekoa, erabilpenetik aparte
dagoena. Organismo bakoitza bere baitan ona eta miresgarria den eran,
Jainkoak egina delako, gauza bera gertatzen da organismo-multzoa
harmoniatsu batekin, espazio jakin batean, sistema moduan funtzionatzen
dutelarik. Horren kontzientziarik ez dugun arren, gure existentzia
multzo horren baitan dago. Esan behar da ekosistemek parte hartzen
dutela karbono-dioxidoaren ‘bahiketan’, uraren purifikazioan, gaixotasun
eta plagen kontrolean, lurraren osaeran, hondakinen deskonposizioan eta
ahaztu edo ez dakizkigun beste hainbat zerbitzutan. Horretaz ohartzen
direnean, pertsona askok berriro hartzen dute kontzientzia: bizi eta
jarduten dugu aldez aurretik oparitu zaigun errealitatetik abiatuta,
zein gure gaitasunak eta gure existentzia baino lehenagokoa den.
Horregatik, “erabilpen jasangarria” esaten denean, beti kontsiderazioan
hartu behar da ekosistemaren berriro bere onera etortzea edo
errekuperazioa, bere hainbat eremu eta aspektutan.
141 Bestalde, hazkunde ekonomikoak
automatismoak sortu eta homogeneizatzeko joera du, prozedurak
sinplifikatu eta gastuak murrizteko. Horregatik da premiazkoa ekologia
ekonomikoa, errealitatea modu zabalagoan hartzera behartuko duena. Zeren
“ingurumena babesteak garapen-prozesuaren barneko parte osagarria izan
beharko luke, eta ez isolatuki kontsideratua” [114].
Baina, aldi berean, zer aktualagorik humanismoaren premia baino?
Jakintza-molde orok kontuan hartu beharrekoa da humanismoa, baita
ekonomikoak ere, modu integral eta integratzaileagoari begira. Gaur
egun, ingurumenaren jirako problemen analisia ez dago bereizterik giza
testuinguru, familiar, laboral eta urbanotik; ezta pertsona bakoitzaren
bere buruarekiko erlaziotik ere, erlazionatzeko modu jakin bat eragiten
baitu bai besteekiko eta bai inguruneari dagokionez. Interakzio handia
dago ekosistemak eta erreferentzia sozialeko hainbat munduren artean,
eta horrela demostratzen da, beste behin gehiago, “guztia gehiago dela
partea baino” [115].
142 Dena erlazionaturik baldin badago,
gizarteko instituzioen osasunak ere ondorioak ditu ingurumenean eta giza
biziaren kalitatean: “solidaritatean eta zibismoan behera egiteak
kalteak eragiten ditu ingurumenean” [116].
Alde horretatik, ekologia soziala, logikoki, instituzionala da, eta
progresiboki hainbat dimentsio hartzen ditu, lehen talde sozialetik
hasi, familiarekin jarraitu, komunitate lokaletik igaro, handik naziora,
nazioartera iritsi arte. Maila sozial bakoitzaren barruan, eta maila
sozialen artean, garatzen dira giza erlazioak erregulatzen dituzten
instituzioak. Kalte egiten dien guztiak ondorio txarrak ditu: askatasuna
galtzea, injustizia eta biolentzia. Herrialde batzuetan maila
instituzionala aski prekarioan dago, herriak asko sufritzen duelarik eta
egoera modu horrekin batzuek poltsikoak ederki berotzen dituztelarik.
Bai estatuaren administrazioan eta bai gizarte zibilaren hainbat
ordezkaritzatan, edo biztanleen arteko erlazioetan, gehiegitan ikusten
dira legez kanpoko jokabideak. Legeak izan daitezke zuzenak, baina letra
hila dira kasu askotan. Espero ote daiteke, beraz, ingurumenarekin
erlazionaturiko legedia eta arauak benetan efikazak izan daitezen?
Badakigu, adibidez, basoak babesteko legedi aski argia duten lurraldeek
testigu isil eta mutu izaten jarraitzen dutela, lege horiek sarri
askotan apurtzen ikusi arren. Gainera, eskualde batean gertatzen denak,
zuzenean edo zeharka, ondorioak dauzka gainerako erregioetan ere.
Horrela, adibidez, gizarte aberatsetako narkotikoen kontsumoak igo
egiten du lurralde pobretuetan lantzen diren produktu horien eskea, non
portaera ustelak ohikoak diren, biziak desegiten diren eta ingurunea
zeharo degradatzen den.
II Kultur Ekologia
143 Ondare naturalarekin batera, hor dira
ondare historikoa, artistikoa eta kulturala ere, eta horiek ere
mehatxaturik. Toki bateko identitate komunaren partea dira, eta hiri
bizigarri bat eraikitzeko oinarria. Kontua ez da desegin eta hiri
berriak, ustez ekologikoak, sortzea, zeintzuk beti ez diren gustukoak
gertatzen. Toki bati toki horretako historia erantsi behar zaio, bertako
kultura eskaini eta arkitektura ere bai, jatorrizko identitateari
eusteko. Horregatik, ekologia bada gizadiaren kultur aberastasunak
zaintzea ere. Modu zuzenean eskatzen duena da tokian tokiko kulturen
arreta izatea, ingurumenarekin erlazionaturiko arazoak aztertzerakoan,
hizkuntza zientifikoa hizkera herrikoiarekin hartu-emanean jarririk. Ez
da iraganeko monumentuekin loturiko kultura bakarrik, baita egunero bizi
dinamiko eta parte-hartzailearekin lotua ere, eta hau ez dago
baztertzerik gizakiaren eta ingurumenaren arteko erlazioa birpentsatzeko
garaian.
144 Gizakiaren ikuspegi kontsumistak,
gaurko ekonomia globalizatuaren engranajeak bultzaturik, kulturak
homogeneizatu eta kultur aniztasun ugaria, gizakiaren altxorra,
ahultzeko joera du. Horregatik, zailtasun guztiak arau uniformeen bidez
eta interbentzio teknikoek bitartez konpondu nahi izateak esan nahi
tokian tokiko problematika konplexuei jaramonik ez egitea; problematika
horiek ezinbestekoa dute bizilagunen parte-hartze aktiboa. Eratzen
diharduten prozesu berriak beti ez dago txertatzerik kanpotik ezarritako
eskemetan, baizik eta tokian tokiko kulturatik hasi behar da. Bizia eta
mundua dinamikoak diren bezalaxe, munduaren zaintzak malgua eta
dinamikoa izan behar du. Irtenbide tekniko hutsek arrisku handia daukate
problematika sakonenei erantzuten ez dien sintomei arreta eskaintzeko.
Behar dena da herrien eskubideak eta kulturak txertatzea, eta, horrela,
zuzen ulertu talde sozial baten garapena prozesu historiko bat dela
testuinguru baten barruan eta, tokian tokiko aktore sozialen etengabeko
protagonismoa eskatzen duela, beren kulturatik abiatuta.
Bizi-kalitatearen beraren nozioa ere ez dago inposatzerik, baizik eta
giza talde bakoitzaren sinbolo-munduaren eta ohitura propioen barruan
ulertu behar da.
145 Ingurumenaren erabat kontzentraturiko
esplotazio- eta degradazio-forma askok, bizitzeko bertakoek behar
dituzten baliabideak bukarazteaz gain, desagerraraz ditzakete gaitasun
sozial batzuk luzaroan balio izan dizkietenak bizitzeko modu jakin bat
moldatzeko, eta existentzia eta elkarbizitzari identitate kulturala eta
zentzua emateko. Kultura jakin bat galtzea izan daiteke animalia-espezie
bat edo espezie-begetal bat bera galtzea bezain larria ego larriagoa.
Bizi-estilo hegemoniko bat inposatzea, produkzio-molde jakin batekin
uztarturik, izan daiteke ekosistemak alteratzea bezain kaltegarria.
146 Alde horretatik, ezinbestekoa da
komunitate aborigenei, beren kultur tradizioekin, arreta berezia
eskaintzea. Ez dira gehiengo txiki bat beste guztien artean, baizik eta
hizketakide nagusi bilakatu behar dute, batez ere beren espazioei
erasaten dieten proiektu handiak aztertzeko garaian. Haientzat, lurra ez
da bakarrik ondasun ekonomikoa, baizik eta Jainkoaren eta lur horretan
atseden hartzen duten arbasoen dohaina, espazio sakratua, eta lur
horrekin elkar eraginean bizi nahi dute, identitateari eta baloreei
eusteko. Beren lurraldeetan jarraitzen dutenean, eurak dira, hain zuzen,
ongien zaintzen dituztenak. Alabaina, munduko hainbat tokitan, presio
handiak egiten zaizkie, lur horiek abandona ditzaten, erauzte-proiektuei
eta laborantza eta abeltzaintzako proiektuei bidea libre uzteko. Gero,
ordea, tamalez, proiektu horiek ez dute aintzat hartzen naturaren eta
kulturaren degradazioa.
147 Benetako eta zinezko garapenaz
mintzatu ahal izateko, ziurtatu beharko da hobekuntza integrala giza
biziaren kalitatean, eta horrek esan nahi du pertsonak bizi diren
espazioa aztertzea. Inguratzen gaituzten eszenatokiek erruz eragiten
dute bizia ikusteko eran, sentitzeko moduan eta jokabidean. Aldi berean,
gure bizitokian, etxean, lantokian eta auzoan, identitatea espresatzeko
erabiltzen dugu ingurunea. Asko saiatu ohi gara mediora moldatzen eta,
ingurune bat desordenatua eta kaotikoa denean edo ikuspen-kutsadura eta
akustikoaz josia dagoenean, gehiegizko estimuluak erronka handia dira
identitate integratu eta zoriontsua osatzen saiatzeko.
148 Miresgarria da zenbait pertsona eta
hainbat talderen sormena eta eskuzabaltasuna: kapaz dira ingurunearen
mugak iraultzeko, baldintzapenen efektu gaiztoak aldatu eta, desordena
eta prekarietateren erdian, bizia bideratzen ikasirik. Esate baterako,
eraikinen fatxadak zeharo hondaturik dauden leku batzuetan, badira
pertsonak etxebizitzen barrualdeak duintasun handiaz zaintzen
dituztenak, edo oso eroso sentitzen direnak jendearen amultsutasun edo
adiskidetasunarekin. Biztanleen bizi positibo eta onak argi egiten du
begiratu batera oso gustagarria ez dirudien ingurunean. Batzuetan,
goresgarria da pobreek, hainbeste ezin eta muga izanik, gara dezaketen
giza ekologia. Populazio-dentsitate handiko bizileku eta espazioetan,
pilaketaren ondorioz, sortzen den asfixia-sentsazioari aurre egin
dakioke, giza erlazio hurbilak eta beroak sortzen badira, komunitateak
eraturik, ingurunearen mugak pertsona bakoitzaren barnean konpentsatu
eta pertsonari hori besteekin elkartasunean eta talde bateko partaide
sentitzen denean. Modu horretan, inon ez dago infernurik eta bizi duin
baten testuinguru bilakatzen da.
149 Nolanahi ere, egia da harmonia,
zabaltasun eta integratzeko posibilitaterik ez duten ingurune askotan
dagoen gabezia totalak portaera ez-humanoak azaleratzen dituela, eta
pertsonen manipulazioa handia dago organizazio kriminalen aldetik. Oso
auzo prekarioetako bizilagunentzat, pilaketatik hiri handietako
anonimatu sozialera egunero jauzi egiteak proboka dezake
deserrotze-sentsazioa, eta hortik etorri ohi dira portaera antisozialak
eta biolentzia. Hala eta guztiz ere, ez naiz isilduko, esan eta esan,
maitasunak gehiago dezakeela. Baldintza horietan bizi diren pertsona
asko gai dira talde-kidetasun eta elkarbizitzarako lokarriak
harilkatzeko; pilaketa, horrela, komunitate-esperientzia bihurtzen da,
non apurtzen diren egoaren hormak eta gainditzen egoismoaren hesiak.
Salbazio komunitario horren esperientziak erreakzio kreatzaileak
eragiten ditu, eraikinak edo auzoak hobetzeko [117].
150 Espazioaren eta gizakiaren
jokabidearen arteko erlazioa ikusirik, etxeak, auzoak, espazio publikoak
eta hiriak diseinatzen dituztenek esparru askotako ekarpenak behar
dituzte, prozesuak, sinbolismoak eta pertsonen portaerak ulertzen
laguntzeko. Ez da nahikoa diseinuaren edertasuna; askoz ere baliosagoa
da beste edertasun bati egiten zaion zerbitzua: pertsonen
bizi-kalitatea, ingurunera moldatzea, eta elkarrekin bildu eta elkarri
laguntzea. Horregatik, bada, da hain garrantzitsua bizilagunen
perspektibek osatzea, beti, planteamendu urbanoaren analisia.
151 Ondo zaindu behar dira
taldetasun-zentzua, errotze-sentsazioa, eta hartu eta batzen gaituen
hirian “etxean gaudelako” sentimendua indartzen duten leku komunak,
ikus-eremuak eta zedarri urbanoak. Inportantea da hiriaren parte guztiak
ondo integraturik egotea eta biztanleek multzo-ikuspegia izatea, hiri
osoan bizitzeari uko eginik, espazio propio bezala hartu eta besteekin
konpartitu gabe, auzo batean itxita bizi ez daitezen. Hiriko edo
laborantza-eremuko paisaian egiten den interbentzio orok garbi ikusi
beharko luke hainbat elementuk, batak bestearekin, toki bati nolako
osotasuna ematen dioten, eta biztanleek esanahi aberatseko koadro
koherente baten moduan atzematen dute. Horrela, inor ez da arrotz, eta
senti ditzake besteak elkarrekin zerbait eraikitzen diharduten ‘gu’
baten zati gisa. Arrazoi horrengatik, ingurune urbanoan nahi
laborantzakoan, komeni da leku batzuk zaintzea, eta erabat alda
dezaketen giza interbentzioak saihestea.
152 Etxebizitzen eskasia larria da
munduko alde askotan, bai laborantza-eremuan eta bai hiri handietan;
aurrekontu estatalek ez dute asetzen eskearen zati txiki bat baino. Ez
bakarrik pobreek, gizartearen zati handi batek zailtasun handiak izaten
ditu etxebizitza eskuratzeko. Etxebizitzaren jabe izateak zerikusi
handia dauka pertsonen duintasunarekin eta familien garapenarekin. Giza
ekologiaren arazo zentrala da hori. Leku batean etxe prekarioen pilaketa
kaotikoak sortu badira, egin behar dena da auzo horiek urbanizatu, eta
ez errotik gauzak moztu eta kanpora bota. Pobreak auzo txiro eta
kutsatuetan edo arriskutsu pilaturik bizi direnean, “beste leku batera
aldatu behar badira, nozitzen dutena baino sufrimendu gehiago ez
eransteko, behar-beharrezkoa da aldez aurretik informazio egokia eman,
bizitoki duinak eskaini eta zuzenean interesatuak inplikatzea” [118]. Aldi berean, sormenak egin beharko lukeena da auzo prekarioak hiri eroso eta abegitsuan integratu: “Zein ederrak diren deskonfiantza
patologikoa gainditu eta ezberdinak integratzen dakiten hiriak, eta
integrazio hori garapen-faktore bihurtzen dutenean! Eder eta polit,
hiriak, diseinu arkitektonikoak ere, elkarrekin konektatu, erlazionatu
eta bestea onartzea errazten duten espazioz beterik daudenean” [119].
153 Hirietako bizi-kalitateak zerikusi
handia dauka garraioarekin; sufrimendu-bide handia izan ohi da
biztanleentzat. Hirietan, automobil asko ibili ohi da pertsona
bakarrarekin edo pare batekin; horrela, mugitzea konplikatu egiten da,
kutsadura-maila altua da, energia ez-berriztagarri mordoa kontsumitzen
da, eta nahitaezko bihurtzen da autopista eta geltoki gehiago egitea;
horrek, noski, kalte egiten dio hiri-bilbeari. Espezialistak bat datoz:
garraio publikoari eman behar zaio lehentasuna. Baina beharrezko neurri
batzuk gizarteak nekez onartuko ditu bakean, garraioa asko hobetzen ez
bada; izan ere, zenbait hiritan pertsonei ematen zaien tratua, bistan
denez, burla bat da, pilaketa dela medio, erosotasunik eza dela bide edo
zerbitzu batetik bestera tarte handia dagoelako, edo segurtasuna eskasa
delako.
154 Gizakiaren duintasun bereziaren
onarpena, askotan, kontraesan handian dago pertsonek gure hirietan
daukaten bizi kaotikoarekin. Baina horrek ez liguke ahantzarazi behar
nekazaritza-eremuan bizilagun asko zenbateraino abandonaturik eta
ahazturik bizi den, oinarrizko zerbitzuak iristen ez diren tokietan, eta
badira langileak esklabo moduan ari direnak, eskubiderik gabe eta bizi
duinagoa izateko esperantza barik.
155 Giza ekologiak beste zerbait
sakonagoa ere inplikatzen du: gizakiaren ezinbesteko erlazioa bere izate
propioan idatzia dagoen lege moralarekin, nahitaezkoa ingurune duinagoa
sortu ahal izateko. Benedikto XVI.ak
zioen badela “giza ekologia” bat, zeren “gizakiak badu izate bat berak
ere errespetatu behar duena eta nahi eran manipula ez dezakeena” [120].
Ildo horretatik jarraituz, aitortu beharko dugu gure gorputzak berak
erlazio zuzenean jartzen gaituela ingurunearekin eta gainerako izaki
bizidunekin. Gorputza Jainkoaren dohain moduan onartzea nahitaezkoa da
mundu osoa besarkatu eta Aitaren opari moduan eta etxe komun gisa
onartzeko; baina gorputzaren jabe izan nahiaren logika, inoiz,
kreazioaren gainean agindu nahiaren logika bihurtzen da. Norbere
gorputza nola hartu jakitea, zaintzen eta bere esanahiak errespetatzen
ikastea esentziala da benetako giza ekologiarako. Gorputzaren balorazioa
ere oso beharrezkoa da —emakumezkoa bada, emakumezko moduan, eta
gizonezkoa bada, gizonezko bezala— diferentearekiko erlazioan nor den
garbi izan dezan. Horrela, posible da poz-atseginez onartzea bestearen
dohain espezifikoa, Jainko kreatzailearen obra, eta elkar aberastea.
Hortaz, ez da sanoa “ diferentzia sexuala desegin nahi duen jarrera,
zeren jada ez daki diferentzia horrekin alderatzen” [121].
IV Guztion onaren printzipioa
156 Giza ekologia banaezina da guztion
onaren noziotik, etika sozialean rol garrantzitsua eta bateratzailea
betetzen duen printzipioa. “Elkarteei eta elkarteko kide bakoitzari,
beren perfekziorako, lorpenik oso eta errazena ahalbidetzen dien bizi
sozialeko baldintza multzoa” [122].
157 Guztion onak eskatzen du
pertsonaganako errespetua; pertsona, bere garapen integralera
bideraturik dauden oinarrizko eskubide alienaezinekin. Guztion onak,
aldi berean, eskatzen du ongizate soziala eta tarteko hainbat talderen
garapena, subsidiariotasun-printzipioa aplikaturik. Familia da denetan
lehenengoa, gizartearen oinarrizko zelula den aldetik. Azkenik, guztion
onak exijitzen du bake soziala, hau da, maila bateko egonkortasuna eta
seguritatea; hori ez dago lortzerik banaketa-justiziari arreta zorrotza
ipini gabe, eta hori hausteak biolentzia dakar beti. Gizarte osoak —eta
bereziki Estatuak— betebehar bazterrezina dauka guztion ona defenditu
eta bultzatzeko.
158 Munduko gizartearen gaurko
baldintzetan hainbat desberdintasun dago, eta gero eta gehiago dira
pertsona baztergarriak [baztertuak], oinarrizko giza eskubiderik gabe,
guztion onaren printzipioa da logikoa eta derrigorrezko ondorioak izan
behar dituen ardatza solidaritateari begira eta pobreen alde,
lehentasunez, jokatzeko. Hautabide horren izenean, atera ditzagun
ondorioak munduko ondasunen destino komunari buruz, baina, Evangelii gaudium Aholku Gutunean azaltzen saiatu naizen eran [123],
horrek exijitzen du, batez ere, pobrearen duintasun handia sinestunaren
konbikzio sakonen argitan begiratzea. Aski da errealitatea behatzea,
ohar gaitezen hautabide hori dela, gaur, funtsezko exijentzia etikoa,
guztion ona zinez gauza dadin.
V Justizia belaunaldien artean
159 Guztion onaren nozioak bere baitan
hartzen ditu geroko belaunaldiak ere. Nazioarteko krisi ekonomikoek
erakutsi dute, gogor erakutsi ere!, zein ondorio latzak ekarri ohi
dituen destino komuna ez ezagutzeak; ez dago uzterik destino horretatik
at gure ondoren datozenak. Jada ez dago hitz egiterik garapen
jasangarriari buruz belaunaldien arteko solidaritaterik gabe. Ondorengo
belaunaldiei planeta nola uzten diegun pentsatzen dugunean, beste logika
batean sartzen gara, debalde hartu eta komunikatzen dugun dohainaren
logikan. Lurra eman baldin bazaigu [emana izan bada], ez daukagu
pentsatzerik onura indibidualerako produktibitatean ardazturiko irizpide
utilitaristan; ez gara ari hitz egiten aukeran dugun jarrerari buruz,
baizik eta oinarrizko justizia-arazoa da, zeren hartu dugun lurra bada
ondoren etorriko direnena ere. Portugalgo Gotzainek aholkatu digute
justiziazko betebehar hori asumitzeko: “Ingurunea hartzekoaren
logikan kokatu dago. Belaunaldi bakoitzak jasotzen duen mailegua da, eta
hurrengo belaunaldiari transmititu beharrekoa” [124]. Ekologiaren begirada zabala baino ez da.
160 Nolako mundua utzi nahi diegu gure
atzetik datozenei, orain hazten diharduten umeei? Galdera horrek ez dio
begiratzen inguruneari modu isolatuan, zeren zatika planteatu ezin den
arazoaren aurrean gaude. Zer-nolako mundua nahi dugun galdetzen
diogunean geure buruari, ulertzen duguna da, batik bat, orientazio
orokorra, zentzua, baloreak. Galdera hori ez bazaigu barrenean taupaka
ari, ez dut uste gure kezka ekologikoek ezer askorik lortuko dutenik.
Baina galdera hori adorez planteatzen badugu, beste kuestionamendu
batzuetara garamatza zuzen-zuzenean: Zer egiten dugu mundu honetan?,
zertarako bizi gara?, zertarako lan eta borrokatzen gara?, zertarako
behar gaitu lurrak? Horregatik ez da nahikoa esatea datozen
belaunaldiez arduratu behar dugula. Jakin behar dena da geure duintasuna
dagoela jokoan. Geu gara ordezkatuko gaituen gizadiarentzat planeta
txukun eta bizigarria uzteko lehen interesatuak. Drama handi baten
aurrean gaude, krisian ipintzen baitu lur honetatik igarotzearen zentzua
bera.
161 Aurreikuspen katastrofikoak ez dago
begiratzerik jada mespretxuz edo ironiaz. Ondorengo belaunaldiei utz
geniezaieke zaborra, basamortu eta zikinkeria gehiegi.
Kontsumo-erritmoak, hondakin eta ingurumenaren aldaketak gainditu
dituzte planetaren posibilitateak; horrela, bada, egungo bizi-estiloak,
jasangaitza delako, ez garamatza katastrofera baino, dagoeneko
noizbehinka toki askotan gertatzen ari den moduan. Gaurko desorekaren
efektuak arintzea gure esku dago, baina orain bertan egiten dugunaren
baitan dago; pentsa dezagun, batez ere, ondoriorik txarrenak pairatu
beharko dituztenek leporatuko diguten erantzukizunean.
162 Erronka hori serio hartzeko
zailtasunak ardura etiko eta kulturalaren gainbeherarekin dauka
zerikusia; hortik dator hondamen ekologikoa. Mundu postmoderno honetako
gizon-emakumeek arrisku handia daukate zeharo indibidualista bihurtzeko,
eta problema sozial asko egungo berehalakotasun egoistarekin daude
erlazionatuak, baita lotura familiar eta sozialekin ere edo besteari
aitormen egiteko zailtasunekin. Batzuetan, gurasoek segituko kontsumo
handiegia darabilte eta horrek erasan egiten die seme-alabei, zeinek
gero eta zailtasun handiagoak dituzten etxebizitza propioa eskuratu eta
familia osatzeko. Gainera, biharko belaunaldietan serio pentsatzeko gure
ez-gaitasuna honetan datza: kapazitaterik eza egungo interesak zabaldu
eta garapenetik kanpora geratzen ari direnekin solidarizatzeko. Ez
ditzagun imajina biharko pobreak bakarrik, gogora ditzagun egungoak ere,
oso urte gutxi geratzen zaizkie bizitzeko eta ez dezakete jarrai
itxaroten. Horregatik, “belaunaldien arteko solidaritatearekin batera,
aipatu beharra dago belaunaldi beraren barneko solidaritatearen premia
moral urgentea ere” [125].
BOSGARREN KAPITULUA
ORIENTAZIO ETA EKINTZA ILDO BATZUK
163 Ahalegindu naiz gizadiaren egungo
egoera aztertzen, bai bizi garen planetan ageri diren zirrikituak
behatzen eta bai ingurumenaren degradazioaren giza kausarik sakonenak
azaltzen. Nahiz eta errealitatearen behaketa horrek berak, bere baitan,
norabidearen aldaketa-premia seinalatu eta ekintza batzuk izendatu,
orain saia gaitezen elkarrizketarako bide handiak delineatzen,
murgildurik gauden auto-suntsiketaren espiraletik ateratzen lagun
diezaguten.
- Elkarrizketa: inugurumena nazioarteko politikan
164 Aurreko mendearen erdi aldetik
hasita, eta zailtasun handiak gainditurik, bada joera bat planeta hau
aberri moduan eta gizadia denon etxean bizi herri gisa hartzeko.
Interdependentzian dagoen munduak ez du esan nahi, soilik, bizi-estilo,
produkzio eta kontsumoaren ondorio kaltegarriek denei erasaten diela,
baita ere konponbideak perspektiba globaletik proposatu behar direla,
eta ez bakarrik herrialde jakin batzuen interesen arabera. Mundu bakarrean, proiektu komunean pentsaraztera
behartzen gaitu interdependentziak. Baina ikaragarrizko garapen
teknologikorako erabili zen adimen bera ez da gauza, ingurumenaren eta
problema sozial larriei irtenbidea eman diezaiegun, gestio internazional
egokia topatzeko. Sakon-sakoneko problemei aurre egitea, herrialde
isolatuen ekintzen bitartez ezinezkoa denez, ezinbestekoa da kontsensu
mundiala; adibidez, nekazaritza jasangarria eta dibertsifikatua antola
dadin, energia-forma berriztagarriak eta gutxi kutsatzen dutenak gara
daitezen, energia-efizientzia handiagoa sustatzeko, itsas eta
baso-baliabideen gestio egokiagoa bultzatzeko eta edateko ura
guztiengana irits dadin lortzeko.
165 Badakigu erregai fosil txit
kutsagarrietan oinarrituriko teknologia —batez ere ikatzean, baita ere
petrolioan eta, neurri txikiagoan, gasean— beharrezkoa da progresiboki
eta denborarik galdu gabe ordezkatzen joatea. Energia berriztagarrien
garapen zabalik ez dagoen bitartean —honezkero martxan beharko luke—,
zilegi da, onik ezean, txarrenak ez direnak hautatzea eta tarteko
konponbideetara jotzea. Alabaina komunitate internazionalean ez da
lortzen behar besteko akordiorik trantsizio energetikoaren kostuak
jasateko erantzukizunaren gainean. Azken hamarkadetan, ingurunearekiko
arazoek debate garrantzitsua eragin dute; horrek, gizarte zibilean,
konpromiso handiko espazioak irekiarazi ditu; ahalbidetu du askok eta
askok eskuzabaltasunez jardutea ere. Aldiz, politika eta enpresa motel
mugitu dira, urrun erronka mundialek exijitzen duten neurritik. Alde
horretatik, esan daiteke industria osteko gizadia, agian, historiako
axolagabeenentzat joko dela, eta, aldrantziz, espero izatekoa da XXI.
mendearen hasierako gizadia bere erantzukizun larriak eskuzabaltasunez asumitu dituelako gogoratzea.
166 Munduko mugimendu ekologikoak bide
luzea du egina jadanik, gizarte zibileko erakunde askoren esfortzuaren
bitartez aberastu delarik. Ez litzateke posible hemen denak aipatzea eta
egindako ekarpenen historia osoa azaltzea. Baina, horrenbesteko
entregari esker, ingurune-arazoak gero eta presenteago egon dira agenda
publikoan eta epe luzera pentsatzeko etengabeko gonbita bihurtu dira.
Guztiarekin ere, inguruneari buruzko azken urteetako munduko Bilkura
Gailurrek ez diete erantzun espektatibei zeren, erabaki politikorik ez eta, ez dute lortu ingurumenari buruzko benetako akordio global esanguratsu eta efikazik.
167 Azpimarra dezagun Lurraren Bilkura
Gailurra, 1992an Río de Janeiron egina. Han aldarrikatu zen “gizakia da
garapen jasangarriarekin erlazionaturiko kezken zentroa” [126].
Estokolmoko Deklarazioaren edukiak berrarturik (1972), lur osoko
ekosistema zaintzeko kooperazio internazionala berretsi zuen, kutsatzen
duenak egin behar du kargu ekonomikoki, obra edo proiektu guztiek
eragiten duten ingurumen-inpaktua ebaluatzeko obligazioa. Helburu hau
proposatu zuen: negutegi-efektua sortzen zuten gas-kontzentrazioak
gelditzea, berotze globalari buelta emateko. Era berean, elaboratu zuen
agenda bat ere, ekintza-programa eta dibertsitate biologikoari buruzko
hitzarmenarekin, eta printzipio batzuk deklaratu ere bai basogintzari
buruz. Nahiz eta, egiaz, bilkura gailur hura handia eta profetikoa izan
bere garairako, harturiko akordioek inplementazio-neurri baxua izan
dute, ez baitziren ezarri kontrol-mekanismo egokiak, aldian-aldian
begiratu eta arau-hausteak zigortzeko. Enuntziaturiko printzipioek,
exekuzioa praktikoa izan dadin, bide efikaz eta bizkorrak eskatzen
jarraitzen dute.
168 Esperientzia positiboen aldetik aipa
daitezke, esate baterako, Basileako Hitzarmena, hondakin arriskutsuei
buruz, notifikazio- estandar- eta kontrol-sistemarekin. Baita
mehatxaturik dauden basoko fauna eta floraren komertzio internazionala
erregulatzen duen Konbentzio loteslea ere; konplimendua efektiboa ote
den egiaztatzea du eginkizun. Ozono-geruza babesteko egin zen Vienako
Konbentzioa eta horren inplementazioari esker, Montrealgo Protokoloaren
eta bere emendakinen bitartez, badirudi geruza horren mehetze-problema
sartua dela konponbide-fasean.
169 Dibertsitate biologikoaren zainketan
eta desertizazioarekin erlazionaturiko gaietan, aurrerapausoak askoz ere
eskasagoak izan dira. Aldaketa klimatikoari dagokionez, tamalez,
aurrerapausoak oso eskasak dira. Negutegi-efektudun gasen murrizketak
prestutasuna, adorea eta erantzukizuna eskatzen ditu, batez ere
herrialde boteretsu eta kutsagarrienen aldetik. Garapen jasangarriaren
gaineko Nazio Batuen Konferentziak, Rio+20 deiturikoa (Río de Janerio
2012), azken Deklarazio luze eta zabal bezain inefikaza egin zuen.
Nazioarteko negoziazioek ez dezakete askorik aurrera egin, nazio
pribilegiatuek beren interesak ipintzen dituztelako guztien on
globalaren gainetik. Gu disimulatzen saiatzen garen ondorioan jasango
dituztenek arrazoiz gogoratu dute gure kontzientzia falta eta ardurarik
eza. Entziklika hau lantzen ari ginen bitartean, debateak sekulako
intentsitatea hartu du. Sinestunok beharturik gaude Jainkoari eskatzera
egungo eztabaiden aurrerabide positiboaren alde, geroko belaunaldiek
paira ez ditzaten axolagabekeriak eragindako ondorio atzeratuak.
170 Gas kutsagarrien jaurtiketa baxurako
estrategia batzuek nahi dute ingurumen-kostuak internazionaltzea, eta
baliabide gutxien dauzkaten herrialdeei emisioen murrizketan konpromiso
larriak ipini; adibidez, industrializaturik dauden herrialdeen parekoak.
Neurri horiek inposatzeak, argi eta garbi, garapen-premian dauden
herrialdeei egiten die kalte. Horrela, beste injustizia bat gehiago,
ingurunearen zainketa-mozorroz jantzia. Beti bezala, gunerik ahulenean
mozten da haria. Aldaketa klimatikoaren ondorioak luzaro sentituko
direnez, nahiz eta orain neurri zehatzak hartu, baliabide gutxiko
herriek laguntza beharko dute, jadanik gertatzen ari diren efektuetara
moldatzeko; eta, bistan denez, beren ekonomiak jadanik nozitzen ari da.
Egia da badirela erantzukizun komunak, baina diferentziatuak; adidez,
Boliviako Gotzainek esan duten eran, “beren industrializatze-maila
altuagatik onura handiak izan dituztenek, negutegi efektuko
gas-jaurtiketa izugarrien kontura, erantzukizun handiagoa daukate
kausatu dituzten problemen konponbiderako ekarpenak egiteko” [127].
171 Karbono-bonoen salerosketaren
estrategiak eragin lezake espekulazio-forma berri bat, eta gerta daiteke
balio ez izatea gas kutsagarrien emisio globala murrizteko. Sistema
horrek soluzio azkarra eta erraza ematen du, eta badu ingurumenarekiko
konpromisoa hartzen duen itxura bat, baina inolaz ere ez du esan nahi
zirkunstantziek eskatzen duten neurriko aldaketa erradikala denik.
Aitzitik, izan daiteke dibertsio-baliabide bat, zenbait herrialde eta
sektoreren kontsumo handia permititzen duena.
172 Herrialde pobreek duten lehentasuna
da miseria errotik erauzi eta biztanleen garapen soziala lortzea. Baina
beste hau ere gogoan izan beharrekoa: beren herrialdeko sektore
pribilegiatu batzuen kontsumo eskandalagarria eta ustelkeria
kontrolatzea. Egia da, era berean, energia produzitzeko, gutxiago
kutsatzen duten formak garatu behar dituztela, baina, horretarako,
planetaren gaurko kutsaduraren kontura hazi diren herrialdeen laguntza
behar dute. Eguzki-energia ugariaren aprobetxamenduak eskatzen du
mekanismo eta subsidioak ezartzea, garapenean dauden herriak teknologien
transferentzia, asistentzia teknikoa eta baliabide finantzarioak irits
ditzaten; baina, beti ere, baldintza konkretuei arreta ipinirik, zeren
“beti ez da ondo ebaluatzen ea testuinguru konkretu baterako diseinatu
diren sistemak txertagarriak ote diren testuinguru horretan” [128].
Kostuak txikiak izango lirateke aldaketa klimatikoaren arriskuekin
konparatuz gero. Edozelan ere, denen gainetik, guztien solidaritatean
oinarrituriko erabaki etikoa da.
173 Urgenteak beteko diren nazioarteko
akordioak, ikusirik, efikaziaz jokatzeko, tokiak tokiko instantziek dute
ahulezia. Estatuen arteko erlazioek errespetatu egin behar dute
bakoitzaren subiranotasuna, baina baita guztiei erasango lieken
katastrofeak saihesteko kontsensuzko bideak ipini ere. Erregulazio-marko
globalak behar dira, obligazioak ezarri eta ekintza jasanezinak
galaraziko dituztenak; adibidez, herrialde ahaltsuek pobreetara hondakin
eta industria txit kutsagarriak bidaltzea.
174 Aipa dezagun ozeanoen
gobernamendu-sistema ere. Elkarrizketa internazionalak eta erregionalak
izan baziren ere, zatiketa eta arautegiak betearazteko, kontrol eta
zigortzeko mekanismo zorrotzik ezak hutsean utzi ditu esfortzu guztiak.
Itsas hondakinen gorakadak eta itsas eremuak frontera nazionalen
gainetik babesteko premiak erronka gogorra planteatzen jarraitzen du.
Azken finean, gobernamendu-erregimenari buruzko akordioa behar dugu,
“guztion on globalak” deituriko gama osoarentzat.
175 Berotze globalaren joerari buelta
emanarazteko erabaki drastikoak hartzea zailtzen duen logika bera da
pobrezia erradikatzea oztopatzen duena. Erreakzio global arduratsuagoa
behar dugu, aldi berean bi gauzei aurre egingo diena: kutsaduraren
murrizketari eta herrialde eta eskualde pobreen garapenari. XXI. mendeak
iraganeko gobernamendu-sistemei eusten jarraitzen du, eta ezinbestekoa
da Estatu nazionalen ahultzea, batez ere nazioen gaindiko izaera duten
dimentsio ekonomiko eta finantzarioa politikaren gainetik jarri delako.
Testuinguru horretan, behar-beharrezkoa da instituzio internazional
indartsuago eta efikaziaz antolatuak izatea, berdintasunaren
ikuspegitik, gobernu nazionalen akordio bidez, izendaturiko
agintariekin, eta santzionatzeko ahalmena izango dutenak. Benedikto XVI.ak,
lehendik Elizak garaturiko doktrina soziala oinarritzat harturik,
esaten zuen eran, “munduko ekonomia gobernatzeko, krisiak erasandako
ekonomiak saneatzeko, okerragora joan ez zedin eta, ondorioz, sor
zitezkeen desorekak saihesteko, zinezko desarme integrala,
janaritze-segurtasuna eta bakea lortzeko, ingurumenaren babesa bermatu
eta migrazio-isuriak erregulatzeko, urgentea da benetako Autoritate
politiko mundialaren presentzia, gure aurreko Aita Santu [san] Joan XXIII.ak aipatu zuen moduan.»[129].
Perspektiba horretan, sekula izan duen garrantzirik handiena dauka
diplomaziak, guztiei erasaten dieten problema larriei aurreratuko
zaizkien estrategia internazionalak bultzatzeko.
II Elkarrizketa, politika nazionalei eta tokian tokikoei begira
176 Galtzaileak eta irabazleak
herrialdeen artean ez ezik, badira herrialde pobreen barnean bertan ere,
non identifikatu behar diren hainbat erantzukizun. Horregatik, ingurune
eta garapen ekonomikoarekin erlazionaturiko arazoak, jadanik, ez dago
planteatzerik, soilik, herrialdeen arteko diferentzien baitan, baizik
eta nahitaezkoa da arreta ipintzea politika nazionalei eta tokian
tokikoei.
177 Giza gaitasunak arduragabeki
erabiltzeko posibilitatearen aurrean, Estatu bakoitzaren baztertu
ezineko funtzioak dira planifikatu, koordinatu, begiratu eta
santzionatzea, bere lurralde propioaren barruan. Gizarteak nola ordenatu
eta zaintzen du bere etorkizuna etengabeko berrikuntza teknologikoen
testuinguruan? Zuzenbidea da moderatzaile moduan jokatzen duen
faktoreetako bat, zeinek ezartzen dituen guztion onaren argitan onartuak
diren portaerarako arauak. Gizarte sano, heldu eta burujabeak ezarri
behar dituen mugak: aurreikuspena, ardura, erregulazio egokia, arauen
aplikazioa zaintzea, ustelkeriaren kontrola, prozesu produktiboan
sortzen diren efektu ez-deseatuen gaineko kontrol operatiboa, eta
esku-hartze egokia balizko arrisku edo potentzialen aurrean. Badago
jurisprudentzia, eta gero eta gehiago, enpresa-ekimenen efektu
kutsagarriak jaistera bideratua. Baina marko politiko eta instituzionala
ez da existitzen praktika txarrak saihesteko bakarrik, baita praktika
onenei hats emateko ere, bide berrien bila dabilen sormena estimulatzeko
ere, eta berdin ekimen pertsonal eta kolektiboak errazteko.
178 Berehalakotasun politikoaren dramak,
komunistek ere defenditzen dutena, epe motzeko hazkundearen premia
probokatzen dute. Hauteskunde-interesak tarteko, gobernuak ez dira erraz
ausartzen, kontsumoari erasan diezaioketen neurriekin, herria
haserraraztera edo kanpoko inbertsioak arriskuan ipintzera. Boterea
eraiki eta eskuratu nahiaren miopiak geldiarazi egiten du gobernuen
agendan, begirada zabalarekin, ingurune-agenda integratzea. Horrela,
ahaztu egiten da “denbora espazioaren gainetik dagoela” [130],
beti ere emankorragoak baikara botere-espazioak menderatzeaz baino
prozesuak sortzeaz gehiago arduratzen garenean. Handitasun politikoa
erakusten da, momentu zailetan, printzipio handien arabera jokatu eta,
epe luzerako, guztion onean pentsatzen dugunean. Botere politikoari asko
kostatzen zaio betebehar hori nazio-proiektuan asumitzea.
179 Toki batzuetan, kooperatibak sortzen
ari dira, energia berriztagarriak esplotatzeko: bertako auto-horniketa
ahal izango litzateke eta, gero, soberakinen salmenta. Adibide sinple
horrek adierazten du, munduko gaurko antolamendua (ordena) ardurak
hartzeko ez-gai izan arren, tokian tokiko erakundeak egin dezake
besterik. Han sor daiteke ardura handiagoa, eta zentzu komunitario
indartsua, zainketa-gaitasun berezia eta sormen eskuzabalagoa, maitasun
amultsua lurrarekiko, eta seme-alabei eta bilobei uzten zaienari buruz
pentsatu ere bai. Balore horiek errotze-maila sakona daukate populazio
aborigenengan. Batzuetan, zuzenbidea ez-nahiko suertatzen denez
ustelkeria dela medio, behar dena da erabaki politikoa, herriak
presionaturik. Gizarteak, gobernuz kanpoko erakunde eta tarteko
elkarteen bitartez, gobernuak behartu behar ditu arau, prozedura eta
kontrol zorrotzagoak garatzera. Hiritarrek ez badute kontrolatzen botere
politikoa —nazionala, erregionala eta munizipala—, ezinezkoa da
inguruneko kalteen kontrola ere. Bestetik, udaletako legediak izan
daitezke efikazagoak auzo herrien artean akordiorik baldi badago,
ingurune-politika egokiak sustatzeko.
180 Ez dago pentsatzerik errezeta
uniformetan, herrialde eta eskualde bakoitzean problema eta muga
espezifikoak baitaude. Egia da, baita ere, errealismo politikoak exiji
ditzakeela trantsizioko neurri eta teknologiak, beti ere diseinuaz eta
konpromiso gradual lotesleez lagunduta bada. Baina eremu nazionaletan
nahiz lokaletan beti dago zeregin asko; adibidez, energia aurrezteko
forma bultzatu. Horrek esan nahi du efizientzia energetiko handiagoko
eta lehengai gutxiago behar duten produkzio-forma industrialak
indartzea, ikuspegi energetikotik hain produktu efikazak ez direnak edo
kutsagarriagoak merkatutik kenduta. Era berean, aipa ditzakegu
garraioaren gestio ona edo energiaren kontsumoa eta kutsadura-maila
murrizten duten etxeak eraikitzeko eta saneatzeko formak. Bestetik,
politikaren tokian tokiko eragina bidera daiteke kontsumoaren
aldaketara, hondakin-ekonomiaren garapen eta birziklapenera, espeziek
babestera eta laborantza dibertsifikatuaren programaziora, behin kultibo
bat eta bestean beste bat erabiliz. Posible da lurralde pobreetako
laborantza hobetzea, nekazaritzako azpiegituretan, tokian tokiko
merkatuen edo nazionalen antolaketan, ureztatze-sistemetan eta
nekazaritza-teknika jasangarrietan inbertsioak eginik. Erraz [sor]
daitezke kooperazio-formak edo ekoizle txikien interesak defenditzen
dituzten erakunde komunitarioak zeinek tokian tokiko ekosistemak babestu
beharko dituzten harraparitzatik [depredaziotik]. Hainbeste da egin daitekeena!
181 Ezinbestekoa da jarraipena, zeren
klima-alaketa eta ingurunearen babesarekin erlazionaturiko politikak ez
dago mudatzerik gobernua kanbiatzen den bakoitzean. Emaitzek denbora
asko eskatzen dute; gastuak, berriz, berehala dago egin beharra, eta
gobernatze-aldi baten barnean azaldu ezin diren efektuak dituzte.
Horregatik, herriaren eta instituzioen presiorik gabe beti egongo da
erresistentzia interbenitzeko, are gehiago irtenbidea eman beharreko
urgentziak daudenean. Politiko batek erantzukizun horiek asumitzeak, horrek dituen kostuekin, ez dio erantzuten gaurko ekonomia eta politikaren logika efizientista eta inmediatistari, baina
hori egitera ausartzen bada, ezagutuko du Jainkoak, gizakia den
aldetik, eman dion duintasuna, eta erantzukizun eskuzabalaren
testigantza utzita igaroko da historian. Toki nagusi bat gorde behar da
politika sanoarentzat, instituzioak erreformatzeko, koordinatzeko eta
praktika hobeak bultzatzeko gai izango den politikarentzat, ezen
presioak eta inertzia biziosoak gainditzen lagunduko duten. Hala eta
guztiz, esan beharra dago mekanismo onenek ere huts egiten dutela
helburu handiak, baloreak, eta gizarte bakoitzari orientazio noble eta
eskuzabala ematen dioten zentzuzko konprentsio humanista eta aberatsa falta direnean.
III Elkarrizketa eta gardentasuna erabaki-prozesuetan
182 Ekimen eta proiektuen
ingurune-inpaktuen aurreikuspenak, noski, prozesu politiko gardenak eta
elkarrizketari atxikiak eskatzen ditu; ustelkeria, aldiz, proiektu baten
benetako ingurune-inpaktua fabore-truke ezkutaturik, gezurrezko
akordioetara iristen da, zabaltasunez informatu eta eztabaidatzea
saihestuta.
183 Ingurune-inpaktuaren estudioak ez du
etorri behar produkzio-proiektuaren edo garatu behar den edozein
politika, plan edo programaren atzetik; hasiera-hasieratik egon behar du
txertatua eta elkarren artean, gaikako espezialisten artean, landu,
modu gardenean, presio ekonomiko eta politikotik libre. Lan-baldintza
eta pertsonen osasun fisikoan eta mentalean, tokian tokiko ekonomian eta
segurtasunean izan ditzakeen efektu posibleen analisiarekin konektatu
behar du. Horrela, emaitza ekonomikoak modu errealistagoan ikusi ahal
izango dira, eszenatoki posible guztiak kontuan harturik eta, behar
izanez gero, zuzen daitezkeen ondorio txarrak bideratzeko, inbertsio
handiagoaren premia azterturik. Beti da beharrezkoa agente sozialen
artean kontsensura iristea, eskaini baititzakete ikusmolde, irtenbide
eta alternatiba ezberdinak. Baina eztabaida-mahaian, paper
pribilegiatua bete behar dute tokian tokiko bizilagunek, eurentzat eta
euren seme-alabentzat nahi dutenaren bila baitabiltza, eta egon daitezke
segituko interes ekonomikoaren gainetik beren helburuak. Utz diezaiogun
ingurumenari buruzko “interbentzioetan” pentsatzeari, eta hitz egin
dezagun alderdi interesatu guztiek pentsatu eta eztabaidaturiko
politikaz. Parte-hartzeak eskatzen du egoki eta zuzen informaturik
egotea hainbat aspekturi buruz eta hainbat arrisku eta posibilitateren
gainean, eta hori ez da hasierako proiektuaren erabakira murrizten,
segimendu-ekintzak sartzen dira hor, baita monitorizazio iraunkorra ere.
Egia eta egiaren aldeko apustua behar dira eztabaida zientifiko eta
politikoetan, eta ez begiratu, bakarrik, legeak zer onartzen duen eta
zer ez.
184 Guztion onaren presenteari eta
etorkizunari erasan diezaioketen arriskuak azaltzen direnenean
ingurumenarentzat, egoera horrek exijitzen duena da “erabakiak oinarritu
daitezela erabaki alternatibo bakoitzak dituen arrisku eta onura hipotetikoen konparazioan” [131].
Horrek balio du, batez ere, baldin eta proiektu batek baliabide natural
gehiago erabili behar badu, emisio eta isuriak gehitu, hondakin gehiago
sortzen badu, edo aldaketa handiak eragiten baditu paisaian, espezie
babestuen habitatean edo espazio publiko jakin batean. Proiektu batzuek,
behar bezala analizatuak ez daudelako, gogor erasan diezaiokete toki
bateko bizi-kalitateari, mila motibo diferenterengatik: aurreikusi ez
den kutsadura akustikoa, ikusmen-eremua murriztu, balore kulturalak
galdu, energia nuklearra erabiltzearen ondorioak. Kultura kontsumistak,
zeinek begiratzen dion epe motzari eta interes pribatuari, onar ditzake
tramite azkarregiak eta informazio ezkutatzea kontsentitu.
185 Ekimen bati buruzko edozein
eztabaidatan, honako galdera hauek planteatu beharko lirateke, benetako
garapena ekarriko duen jakiteko: Zertarako? Non? Noiz? Nola? Norentzat?
Arriskuak? Kostuak? Nork ordainduko du eta nola? Azterketa horretan
badira lehentasuna duten arazoak. Adibidez, badakigu hura baliabide
urria eta behar-beharrezkoa dela, eta beste giza eskubide batzuk
praktikan jartzea baldintzatzen duen oinarrizko eskubidea. Ukaezina da
hori, eta lurralde bateko ingurumen-inpaktuaren edozein analisi
gainditzen du.
186 Ríoko Deklarazioan (1992) esaten da,
“erremediorik gabeko kalte larriak sortzeko arriskua dagoenean,
ziurtasun zientifiko absoluturik eza ez litzatekeela erabili beharko,
ingurumenaren degradazioa saihets dezaten neurri efikazak [132]atzeratzeko
arrazoi moduan”. ‘Badaezpada ere’ printzipioak ahulenen babesa
ahalbidetzen du, zeinen medio gutxi duten defenditzeko eta froga
ukaezinak mahai gainean ipintzeko. Informazio objektiboak ikusarazten
baldin baditu kalte larri eta atzera bueltarik gabeak, nahiz eta froga
erabatekorik egon ez, proiektua gelditu edo aldatu egin beharko
litzateke. Horrela, inbertitu egiten da frogaren pisua, zeren kasu
horietan demostrazio objektibo eta zorrotzak behar dira, hau da,
proposatzen den aktibitateak ez diela eragingo kalte larririk
ingurumenari eta hor bizi direnei.
187 Horrek ez du esan nahi herri baten
bizi-kalitatea hobetu dezakeen edozein berrikuntza teknologikoren kontra
egotea. Baina, nolanahi ere, garbi gera bedi errentagarritasuna ez
daitekeela izan aintzat hartzen den irizpide bakarra eta, informazioaren
eboluzioaren harira, epai-elementu berriak azaltzen diren momentuan,
ebaluazio berria egin behar da interesatu guztien partaidetzarekin.
Eztabaidaren emaitza izan liteke proiektuarekin ez jarraitzeko erabakia,
baina izan liteke, baita ere, aldatzea edo proposamen alternatiboak garatzea.
188 Badira ingurumenarekin
erlazionaturiko arazoei buruzko eztabaidak non oso zaila den kontsensua
lortzea. Beste behin gehiago adierazi beharra daukat Elizaren asmoa ez
dela arazo zientifikoak definitzea, ezta politika ordezkatzea ere, baina
debate onestu eta garden baterako gonbita luzatzen dut, premia
partikularrek edo ideologiek guztien onari erasan ez diezaioten.
IV Politika eta ekonomia elkarrizketan, gizakiaren asebeterako
189 Politikak ez du egon behar
ekonomiaren mende eta ekonomiak, era berean, ez du egon behar
teknokraziaren irizpen eta paradigma efizientisten mende. Gaur,
guztion onean pentsaturik, premia larria dugu politika eta ekonomia,
elkarrekin hartu-emanean, behingoz biziaren zerbitzuan jar daitezen,
batez ere giza biziaren zerbitzuan. Bakuen salbazioa, kosta ahala kosta,
herriari ordainaraziz, sistema osoa errebisatu eta erreformatzeko
erabaki sendorik gabe, finantzen aginpide absolutua berresten du; horrek
ez du etorkizunik eta krisi berriak eragin litzake, nahiz eta
sendatu-itxura hartu aldi luze eta neketsuaren ondoren. 2007-2008ko
krisi finantzarioa ez zen parada txarra, printzipio etikoekiko
arretatsuagoa izango zen ekonomia-molde berria garatzeko, eta jarduera
finantzario espekulatiboa eta aberastasun fiktizioa
erregulatzeko. Baina ez zen izan erreakziorik mundua gidatzen jarraitzen
duten irizpide zaharkituak birpentsatzeko. Produkzioa ez da beti
arrazionala, eta produktuei balio errealarekin bat ez datorren balioa
ematen dieten aldaki ekonomikoei loturik egoten da. Horrek, maiz asko,
merkantzia batzuen gehiegizko produkzioa dakar, berez beharrezkoa ez den
ingurune-inpaktuarekin, eta, aldi berean, ekonomia erregional askori
egiten die kalte [133].
Burbuila finantzarioa izan ohi da burbuila produktiboa ere. Esanak
esan, hemen gogor aurre egiten ez zaiona da ekonomia errealaren
problema, eta hori da, hain zuzen, produkzioa dibertsifikatu eta
hobetzen laguntzen duena, enpresek egoki funtziona dezaten ahalbidetzen
duena, enpresa txikiak eta ertainak, garatu eta enplegua sor dezaten,
bultzatzen dituena.
190 Testuinguru horretan, beti gogoratu
beharrekoa “ingurunearen babesa ez dagoela ziurtatzerik, soilik, kostu
eta etekinen kalkulu finantzarioan oinarrituta. Ingurunea da merkatuko
mekanismoek defenditu edo behar bezala sutatu ezin duten horietako bat” [134].
Beste behin gehiago, komenigarria da burutik kentzea merkatuaren
kontzepzio magikoa, zeinek pentsatzen duen problemak bakarrik
erresolbitzen direla enpresen eta norbanakoen benefizioak igota.
Errealista al da espero izatea ahalik eta etekin handienarekin
obsesionaturik dagoena hurrengo belaunaldiei utziko dizkien
ingurune-efektuei buruz pentsatzen hasiko dela? Etekinen eskema barruan
ez da posible naturaren erritmoetan, degradazio-denboretan eta
errekuperazioetan, eta ekosistemen konplexutasunean pentsatzea,
gizakiaren esku-sartzeak larriki aldatu baditzake ere. Gainera,
biodibertsitateaz mintzatzen garenean, gehienez ere, baliabide
ekonomikoak gordetzen dituen eta esplota litekeen depositu baten antzera
ikusten da biodibertsitatea, baina ez dira kontsideratzen serio gauzen
balio erreala, pertsonentzat eta kulturentzat daukan esanahia, eta
pobreen interes eta premiak.
191 Arazo horiek planteatzen direnean,
batzuek gaizki erreakzionatzen dute, gizakiaren aurrerabidea eta
garapena irrazionalki geldiarazten ari direla leporatzen diete. Baina
konbentzitu beharrean gaude produkzio- eta kontsumo-erritmo bat
moteltzeak ekar lezakeela beste aurrerabide- eta garapen-mota bat.
Baliabide naturalen erabilpen jasangarrirako esfortzua ez da zentzu
gabeko gastua, baizik eta epe ertainera beste benefizio ekonomiko batzuk
eman ditzakeen inbertsioa. Estuegiak ez bagara, erraz ikus dezakegu
berriztatzaileagoa den eta ingurune-inpaktu txikiagokoa duen
produkzioaren dibertsifikazioa izan daitekeela oso errentagarria. Beste
aukera batzuei bideak irekitzea da kontua, eta ez dute giza sormena
geldiarazten eta aurrerabidearen ametsa zapuzten, baizik eta energia
hori ildo berrietatik barrena orientatu.
192 Adibidez, produkzio-garapenerako bide
sormentsuago eta hobeto orientatuak zuzen litzake kontsumoarekin
loturiko gehiegizko inbertsio teknologikoa eta gizadiak dauzkan
problemak erresolbitzeko dagoen inbertsio txikiaren ondorioak; sor
litzake forma inteligente eta errentagarriak: berrerabilpena, berriro
funtzionaraztea, birziklapena: hobetu lezake hiroetako efizientzia
energetikoa. Produkzio-dibertsifikazioak posibilitate zabalak eskaintzen
dizkio adimenari kreatu eta berritzeko, ingurunea babesteaz batera, eta
lan-iturri berriak sortzen ditu. Horra gizakiaren duintasuna berriro
lorarazteko kapaz den sormen-indarra, zeren duinagoa da adimena
erabiltzea, ausardiaz eta arduratsu, garapen-forma jasangarriak eta
bidezkoagoak aurkitzeko, bizi-kalitatea nozioaren marko zabalagoaren
barruan. Aldiz, ez-duinagoa, gainazalekoa, sormen-indar gutxiagokoa da
naturaren espoliazio-formak sortu nahi izatea, bakar-bakarrik
kontsumitzeko posibilitate berriak eta segituko etekina eskaintzearren.
193 Dena dela, kasu batzuetan, garapen
jasangarriak esan nahiko du hazteko forma berria; beste batzuetan,
aldiz, aurreko hamarkadetan izan zen hazkunde suntsigarri eta
ez-arduratsuaren aurrean, pentsatu beharko, noski, martxa apur bat
moteltzea era, muga arrazional batzuk ipintzea eta atzera jotzea ere
bai, beranduegi izan dadin baino lehen. Badakigu jasangaitza dela
kontsumitu eta kontsumitu geratzen ez diren haien portaera, beste batzuk
oraindik bizi ezin direnean beren giza duintasunak eskatzen duen
neurrian. Horregatik heldu da garaia hazkundearen halako jaitsiera bat
onartzeko munduko alderdi batzuetan, eta baliabideak ipini beste alderdi
batzuetako hazkunde sanoaren zerbitzuan. Benedikto XVI.ak esaten zuen “beharrezkoa zela teknologikoki aurreratuta zeuden gizarteak prest egotea, sobrietatea ezaugarri duten konpartimenduak bultzatzeko, norbere energia-kontsumoa gutxitu eta erabilpen-baldintzak hobeturik” [135].
194 Aurrerabide-eredu berriak sor daitezen, behar duguna da “garapen-eredu globala aldatu” [136],
baina horrek inplikatzen du gogoeta arduratsura “ekonomia eta bere
xedeari buruz, dituen disfuntzioak eta distortsioak zuzentzeko” [137].
Ez da nahikoa, batekoz besteko, naturaren zaintza etekin
finantzarioarekin kontziliatzea, edo ingurunearen babesa
aurrerabidearekin. Gai horretan, batekoz bestekoak ez dira gainbeheraren
atzeratzen txiki bat baino. Egin behar dena da prozesua birdefinitu.
Mundu hobea eta bizi-kalitate goi mailagokoa uzten ez duen garapen
teknologiko eta ekonomikoa ez dago hartzerik aurrerabidetzat. Bestetik,
askotan, pertsona bizi-kalitate erreala jaitsi egiten da ingurunearen
hondamena dela medio, elikagai-produktuen kalitate baxuagatik, edo
baliabide batzuk ahitu direlako, ekonomiaren hazkundearen testuinguruan.
Marko horretan, hazkunde jasangarriaren diskurtsoa jolas eta aitzakia
bihurtzen da, finantzen eta teknokraziaren logikatik bereganatzen ditu
diskurtso ekologistaren baloreak, eta enpresen erantzukizun soziala eta
ingurunearekikoa, jakina, marketin-ekintza eta irudia zaintzera
murrizten dira.
195 Irabaziak maximizatzearen
printzipioa, beste kontsiderazio orotarik urrundurik, ekonomiaren
distortsio kontzeptuala da: produkzioa gehitzen bada, ez dio axolarik
geroko baliabideen kontura produzitzen den edo ingurunearen osasunaren
kontura egiten den; produkzioa igotzeko, basoa bota behar bada, inork ez
du kalkulatzen lurralde bat desertu bihurtzeak inplikatzen duen galera,
edo biodibertsitatea hondatu eta kutsadura gehitzeak dakartzan
ondorioak. Hau da, enpresek benefizioak lortzen dituzte kostuen parte
oso txikiak kalkulatu eta ordainduta. Portaera bat etikotzat jo
daiteke, bakar-bakarrik, “baldin eta kostu ekonomiko eta sozialak
onartzen badira modu gardenean eta gastu guzti-guztiak benefizioa izan
dutenek asumitzen badituzte, eta ez beste batzuek edo biharko belaunaldiek” [138]. Arrazionaltasun instrumentala, zeinek aportatzen
duen errealitatearen analisi estatikoa bat egungo premien arabera,
presente dago beti bai baliabideak merkatuak asignatzen dituenean eta
bai Estatu planifikatzaile batek egiten duenean.
196 Zer gertatzen da politikarekin? Gogora dezagun subsidiaritate-printzipioa:
libertatea ematen du maila guztietan gaitasun guztiak garatzeko, baina,
aldi berean, erantzukizun handiagoa exijitzen dio ahal gehien
daukanari, guztion onagatik. Egia da gaur egin sektore ekonomiko batzuek
botere gehiago daukaetela estatuek berek baino. Baina ez dago
justifikatzen politikarik gabeko ekonomia, ez litzateke-eta gai izango
gaurko krisiaren hainbat aspektu bideratzeko beste logika bat sor dezan.
Inguruneari buruzko zinezko kezkarik aurreikustea permititzen ez duen
logika, txiro edo ahulenak integratzeko ardurarik edo aurreikuspenik ez
duen logika bera da, zeren “indarrean dagoen eredua ‘arrakasta-zale’ eta
‘pribatistan’, motelanak, ahulenak edo trebetasun gutxien dutenek bizitzan bidea ireki dezaten, inbertitzeak ez dirudi zentzurik duenik” [139].
197 Ikuspegi zabalarekin pentsatuko duen
politika behar dugu, eta birplanteamendu integrala aurrera eramango
duena, krisiaren hainbat aspektu jakikate ezberdinen arteko
elkarrizketan txertaturik. Batzuetan, politika bera da bere ospe
txarraren erantzule, ustelkeria dela medio eta politika publiko onik
planteatzen ez duelako. Estatuak bere rola betetzen badu eskualde
batean, talde ekonomiko batzuk azal daitezke ongile moduan eta botere
erreala eskuratu, eta arau batzuk ez betetzeko autoritatearekin sentitu,
baita kriminaltasun antolatuaren hainbat forma sortu ere, eta pertsonen
salerosketa, narkotrafikoa eta biolentzia; denak ere zailak
erradikatzen. Politika gai ez bada logika perbertsoa apurtzeko,
eta diskurtso pobretuetan murgildurik geratzen bada, gizakiaren
problema handiei aurre egin gabe jarraituko dugu. Aldaketa errealerako
estrategiak exijitzen du, noski, prozesu guztiak birpentsatzea, ez baita
aski gainazaleko kontsiderazio ekologikoak sartzea, baldin eta ez bada
kuestionatzen azpian dagoen egungo kultura. Politika sano batek kapaz
izan beharko luke erronka hori asumitzeko.
198 Politikak eta ekonomiak elkarri
botatzen diote errua pobrezia eta ingurunearen degradazioagatik. Baina
behar dena da, alegia, espero dena nork bere erroreak aitortzea eta saia
daitezela guztion onera orientaturiko interakzio-formak aurkitzen.
Batzuk diru gehiago nola irabazi eta besteak botere gehiago nola lortu
dabiltzan bitartean, hemen daukaguna da gerrak edo akordio espurioak
, non bai bai batari eta bai besteari gutxien interesatzen zaiena den
ingurunea babestu eta debilenak zaintzea. Hemen ere balio du honek
“batasuna gatazka baino handiagoa da” [140].
V Erlijioak zientziekin elkarrizketan
199 Ez dago defenditzerik zientzia
enpirikoek erabat esplikatzen dutela bizia, izaki guztien sare konplexua
eta errealitate osoa. Hori izango litzateke, zuzenez beste, eremu
metodologiko mugatuak guztiz gainditzea. Marko itxi horri atxikirik
egiten bada gogoeta, desagertu egiten da sentiberatasun estetikoa,
poesia, baita gauzen xedea eta zentzua atzemateko arrazoimenaren
gaitasuna ere [141]. Gogoratu nahi dut “testu erlijioso klasikoek eskain dezakete esanahia aro guztietarako, halakoxe indar motibatzailea
baitaukate, beti horizonte berriak irekitzen dituzte […] Arrazoizkoa
eta kultua al da iluntasunera kondenatzera, sinesmen erlijiosoaren
testuinguruan sortu direlako bakarrik?” [142].
Garbi esanda, inuzentekeria da printzipio etikoak zeharo modu
abstraktuan aurkez daitezkeela pentsatzea, testuingurutik zeharo
erauzirik; eta hizkera erlijiosoan bildurik datozelako, horrek ez die
kentzen inolako baliorik debate publikoan. Arrazoimenak hauteman
ditzakeen printzipio etikoak berrager daitezke hainbat jantzi
diferenteren azpian eta hainbat hizkera ezberdinetan espresatuak, baita
hizkera erlijiosoan ere.
200 Bestalde, zientziek aportatu
nahi duten edozein irtenbide tekniko ez-gai izango da munduko problema
larriak erresolbitzeko, gizadiak norabidea galtzen badu, elkarbizitza
ahalbidetzen duten motibazio handiak, sakrifizioa, onberatasuna… ahazten
badira. Nolanahi ere, sinestunei eskatu beharko zaie koherenteak
izateko beren fedearekiko eta ez daitezela kontraesanean jauzi, ekintzak
direla medio; eskatu beharko zaie ireki daitezela Jainkoaren graziara
eta beren konbikzioen sakonenean edan dezatela, maitasuna, justizia eta
bakeari dagokionez. Gure printzipioen konprentsio okerrak eraman baldin bagaitu, inoiz, naturari emandako tratu txarra justifikatzera edo kreatuari buruzko gizakiaren nagusitza despotikoak
gerrara, injustiziara eta biolentziara, sinestunok aitortu beharko dugu
modu horretan ez-fidelak izan garela zaindu behar genuen
altxorrarekiko. Askotan, hainbat aro ezberdinetako kultur mugek erruz
baldintzatu dute ondare etiko eta espirituala, baina iturburura
itzultzea da, hain zuzen, erlijioei laguntzen diena gaurko premiei
hobeto erantzuten.
201 Planetako biztanlerik gehienak
sinestuntzat dute beren burua, eta horrek kitzikatu beharko lituzke
erlijioak beraien artean elkarrizketan hastera, naturaren zainketa,
pobreen defentsa, eta errespetu- eta anaitasun-sareen eraikuntzari buruz
hitz egin dezaten. Premia larria da, era berean, zientzien arteko
elkarrizketa ere, zeren bakoitza bere hizkeraren mugetan ixten baita,
eta espezializazioak isolamendu bihurtzeko joera du, eta bakoitza bere
jakintzaren absolutizazio bilakatzen da. Horrek oztopatu egiten
dugu ingumenarekin erlazionaturiko gaiak egoki tratatzea. Era berean,
nahitaezkoa da elkarrizketa ireki eta amultsua hainbat mugimendu
ekologista diferenteren artean, hor ere ez baita falta borroka
ideologikorik. Krisi ekologikoaren larritasunak guztion onean pentsatzea
exijitzen digu, eta elkarrizketa-bidean aurrera egitea; horrek, jakina,
pazientzia, aszesia eta eskuzabaltasuna eskatzen ditu, eta beti gogoan
izatea “errealitatea ideiaren gainetik dagoela” [143].
SEIGARREN KAPITLUA
HEZIKETA ETA ESPIRITUALITATE EKOLOGIKOA
202 Gauza askok berrorientatu daukate
egin beharra norabidea, baina batik bat gizakiak du aldatu beharra.
Jatorri komunaren kontzientzia da behar duguna, elkarrentzat garela
jakitea, eta etorkizun konpartituaren kontzientzia. Kontzientzia
oinarrizko horrek ahalbidetuko du gure konbikzio, jarrera eta
bizi-formen garapena. Erronka kultural, espiritual eta heziketa-erronka
handi bat azpimarratzen ari gara, bere onera etortzeko prozesu luzea
beharko duena.
I Beste bizi-estilo baten alde egin
203 Merkatuak mekanismo kontsumista konpultsiboa
sortzeko joera duenez, bere produktuak ongi kokatzeko, pertsonak hor
amaitzen dute alferrikako erosketa eta gastuen erauntsian murgildurik.
Paradigma teknoekonomikoaren isla subjektiboa da kontsumismo
obsesiboa. Romano Gaurdinik esaten zuena gertatzen da: “planifikazioak
eta seriean fabrikaturiko produktuek ezarrita bezala onartzen ditu
gizakiak objektuak eta bizitzeko formak eta, nolanahi ere, jokatzen du
horrela uste duelako hori dela arrazionala eta zuzena” [144].
Paradigma horrek sinestarazten duena da denak libreak direla,
kontsumitzeko halako askatasun bat duten bitartean, baina benetan
askatasuna daukana da botere ekonomikoa eta finantzarioa bere eskuetan
dituen gutxiengo pribilegiatu hori. Nahasmen horretan, gizadi
postmodernoak ez zuen aurkitu bere buruaren konprentsio berririk, norabait orienta zezan, eta identitate falta hori angustiaz bizi du. Medio gehiegi daukagu hain helburu urri eta mengel batzuetarako.
204 Gaurko munduak “egonkortasun faltaren
eta segurtasunik ezaren sentsazioa probokatzen du; horrek, berriz, aldi
berean, egoismo kolektiboa bultzatzen ” [145]. Pertsonak autorreferentzial
bihurtu eta beren kontzientzia propiotik isolatzen direnean, irentsi
nahi eta grina hazi egiten dira. Zenbat eta hutsago egon pertsonaren
bihotza, orduan eta objektu gehiago behar ditu erosteko, edukitzeko eta
kontsumitzeko. Testuinguru horretan, ez dirudi posible denik inork onar
dezan errealitateak mugak markatzea. Horizonte horretan ez dago benetako
guztion onik ere. Horrelako subjektu-tipoak agindu behar badu
gizartean, arauak bakar-bakarrik errespetatuko dira bere beharren kontra
ez doazen neurrian. Horregatik, ez dezagun pentsa, soilik, fenomeno
klimatiko beldurgarrietan eta hondamendi natural handietan, pentsa
dezagun krisi sozialak eragiten dituen hondamendietan ere, zeren
bizi-estilo kontsumista baten aldeko obsesioak, batik bat gutxi batzuen
ahalmena baino ez denean, elkarren kontrako biolentzia eta suntsiketa
baino ez du probokatuko.
205 Hala eta guztiz ere, ez dago galdua,
zeren giza izakiek, azken muturreraino degradatzeko gai izanik ere,
gaindi dezakete egoera, berriro bide zuzenean jarri eta biziberritu,
ezartzen zaizkien baldintzapen mental eta sozial guztien gainetik. Gai
dira beren buruari zintzotasunez begiratzeko, barrengo gogaitasun iluna
argitara ateratzeko eta benetako askatasunerako bide berriei ekiteko. Ez
dago ongirako, egiarako eta edertasunerako atea erabat ixten duen
sistemarik, ezta Jainkoa gizakiaren bihotzaren sakonetik bultzaka ari
denean, pertsonaren erreakzionatzeko gaitasuna itzal dezakeenik ere.
Munduko pertsona bakoitzari eskatzen diot ez dezala sekula ahantz hain
berea duen eta kentzeko eskubiderik inork ez duen duintasun hori.
206 Bizi-estiloaren aldaketa irits liteke
presio sano bat eragitera aginte politikoa, ekonomikoa eta soziala
beren eskuetan daukatenengan. Hori gertatzen da
kontsumitzaile-mugimenduek zenbait produktu ez kontsumitzea lortzen
dutenean, horrela efektibo bihurtzen dira enpresa batzuek beren portaera
alda dezaten, ingurunearen inpaktua eta produkzio-ereduak
kontsideratzera bultzaturik. Frogatua dago gizartearen ohiturek enpresen
etekinari erasaten diotenean, hauek behartuak sentitzen direla beste
era batean produzitzera. Horrek bistan ipintzen du kontsumitzaileen
erantzukizun soziala. “Erostea beti ekintza morala da, eta ez bakarrik
ekonomikoa” [146]. Horregatik, gaur “ingurumenaren txarrerako joera gutako bakoitzaren portaera kuestionatzen ari da” [147].
- Lurraren Kartak, autosuntsiketa-etapa atzean utzi eta berriro hastera gonbidatzen gaitu guztiok, baina oraindik ez dugu garatu hori posible egingo duen kontzientzia unibertsala. Horregatik, berriro erronka bikain hura proposatzera ausartzen naiz: “Historian zehar lehen inoiz ez bezala, destino komunak hasiera berriaren bila hasteko deia egiten digu […] Gure denbora izan dadila gogoratua biziaren aurrean beste erreberentzia bat esnatu zuelako; jasangarritasuna lortzeko erabakiagatik; justizia eta bakearen aldeko borrokagatik eta biziaren ospakizun alaiagatik [148].
208 Beti da posible norberagandik irten
eta besteengana irekitzeko gaitasuna berriro garatzea. Gaitasun hori
gabe, gainerako izakiei ez zaie aitortzen beren balio propioa, ez da
interesatzen zerbait beste inorentzat zaintzea; ez dago gaitasunik mugak
ipintzeko, inguratzen gaituenaren sufrimendua edo hondamena saihets
dezagun. Autotranszenditzeko oinarrizko jarrera da, kontzientzia isolatua eta autoerreferentzialitatea
apurturik, besteak eta ingurumena zaintzea ahalbidetzen duen erroa, eta
horrek jalgiarazten du erreakzio morala ekintza bakoitzak eta erabaki
pertsonal bakoitzak norberagandik kanpo probokatzen duen inpaktua
kontsideratzeko. Indibidualismoa gaintzeko gai garenean, orduan gara
daiteke zinez bizi-estilo alternatiboa eta orduan da posible aldaketa garrantzitsua gizartean.
II Gizadiaren eta ingurunearen aliantzarako heziketa
209 Krisi kultural eta ekologikoaren
larritasunaren kontzientziak behar duena da ohitura berrietan
murgiltzea. Askok dakite gaurko aurrerapenak eta objektuen eta plazeren
pilaketa soila ez dela aski gizakiaren bihotzari zentzua eta atsegina
emateko, baina ez dira sentitzen gai merkatuak eskaintzen dienari uko
egiteko. Kontsumo-ohituren aldaketa handienak sortu beharko liratekeen
herrialdeetan, gazteek sentiberatasun ekologiko berria daukate, eta
espiritu eskuzabala ere bai, eta horietako asko eredugarri dira
ingurunearen defentsarako borrokan, baina kontsumo eta ongizatea
ikaragarriak diren testuinguruan hazi dira, eta horrek zaildu egiten du
beste ohitura batzuen garapena. Horregatik gaude heziketa-erronka
handiaren aurrean.
210 Ingurumen-heziketa helburuak
zabaltzen joan da. Hasieran, informazio zientifikoan, kontzientziazioan
eta ingurune-arriskuen prebentzioan oso zentraturik zegoen; orain badu
modernitatearen arrazoi instrumentalean (indibidualismoa, mugarik gabeko
aurrerapena, lehiakortasuna, kontsumismoa, araurik gabeko merkatua)
oinarrituriko “mitoen” kritika sartzeko joera; baita oreka ekologikoaren
hainbat maila ezberdin errekuperatzekoa ere: barnekoa norberarekin,
solidarioa gainerakoekin, naturala izaki bizidun guztiekin, espirituala
Jainkoarekin. Ingurumen-heziketak Misteriorantz urrats hori eman dezagun
prestatu beharko gintuzke, nondik hartzen duen etika ekologikoak bere
zentzurik sakonena. Bestalde, badago etika ekologikoaren ibilbidea
birplanteatzeko gai den hezitzailerik, solidaritatean, erantzukizunean
eta errukian oinarrituriko zainketan hazten benetan laguntzeko.
211 Hala eta guztiz, heziketa hori,
“hiritar ekologikoak” sortzeko pentsatua, batzuetan informatzera
mugatzen da, ez du lortzen ohiturak garatzea. Lege eta arauen
existentzia ez da aski epe luzera, portaera txarrak mugatzeko, nahiz eta
kontrol efektiboa egon. Arau juridikoak efektu garrantzitsuak eta
iraunkorrak izan ditzan, ezinbestekoa da gizarteko kiderik gehienek
onartzea, motibazio egokietatik abiaturik, eta transformazio
pertsonaletik erreakzionatu behar da. Bertute sendoak lantzetik hasi
behar da; horrela bakarrik da posible bakoitzak bere burua konpromiso
ekologikoari eskaintzea. Pertsona batek, nahiz eta bere ekonomiak
permititu gehiago kontsumitu eta gastatzea, normalean arropa gehixeago
janzten badu berogailua piztu ordez, horrek esan nahi du iritsi dela
ingurumena zaintzearen aldeko konbikzio eta sentimenduetara. Oso noblea
da eguneroko ekintza txikien bitartez kreazioa zaintzeko betebeharra asumitzea,
eta miresgarria da heziketa gai izatea, bizi-estilo berria
onartzeraino, motibatzeko. Ingurumenarekiko erantzukizunean hezteak
bultza ditzake ingurunearen zainketarekin eragin zuzena eta
garrantzitsua duten hainbat portaera; adibidez: plastikoaren eta
paperaren erabilpen materiala saihestea, uraren kontsumoa murriztea,
hondakinak separatzea, jango dena bakarrik kuzinatzea, gainerako izaki
bizidunak kontuz tratatzea, garraio publikoa erabiltzea edo ibilgailu
bera konpartitzea pertsona batzuen artean, arbolak landatzea, alferrik
piztuta dauden argiak itzaltzea. Sormen eskuzabal eta duinaren zatia da
hori guztia: gizakiaren alderik onena erakusten du. Zerbait
berrerabiltzea segituan baztertu ordez, motibazio sakonean ardazturik,
izan liteke gure duintasun propioa adierazten duen maitasun-ekintza bat.
212 Ez da pentsatu behar ahalegin horiek
mundua aldatuko ez dutenik. Ekintza horiek on egiten dute gizartean:
konstata daiteken baino fruitu gehiago ematen dute beti, zeren
zabaltzeko joera on handia, batzuetan ikusezina, eragiten dute lur honen
muinean. Gainera, portaera horien garapenak geure duintasunaren
sentimendua itzultzen digu, bizi-sakontasun handiagora eramaten gaitu,
mundu honetatik igaro izanak merezi zuela esperimentatzea permititzen
digu.
213 Heziketa-eremuak asko dira: eskola,
familia, komunikabideak, katekesia, eta abar. Hazi ona da umetako
eskola-heziketa, eta bizi osoan zehar eragin ditzake efektu positiboak.
Baina familiaren hil ala biziko garrantzia azpimarratu nahi dut, zeren
“eremu horretan izan daiteke bizia, Jainkoaren dohaina, onetsia eta
babestua modu egokian, aurrean dituen milaka erasoren aurka, eta gara
daiteke benetako giza hazkuntzaren exijentzien arabera. Heriotzaren
kultura deiturikoaren kontra, familia da biziaren kulturaren egoitza” [149].
Familian lantzen dira maitasun eta biziaren zaintzarako lehen ohiturak,
adibidez gauzen erabilpen zuzena, ordena eta garbitasuna, ekosistema
lokalarekiko errespetua eta izaki kreatuen babesa. Formazio integralaren
tokia da familia, non gorpuzten diren heldutasun pertsonaleko hainbat
alderdi, elkarrekin hertsiki uztarturik daudenak. Familian ikasten da,
inor zanpatu gabe, baimena eskatzen, “eskerrik asko” esaten, hartzen
ditugu gauzen balioaren espresio sentitu gisa, agresibitatea edo dena
irentsi nahiaren grina menderatzen, eta barkamena eskatzen kalteren bat
egiten dugunean. Egiazko kortesia-keinu txiki horiek asko laguntzen dute
biziaren kultura konpartitua eta inguratzen gaituenarekiko errespetua
eraikitzen.
214 Politikari eta hainbat elkarteri
dagokie herria kontzientziatzeko esfortzua. Baita Elizari ere.
Komunitate kristau guztiek daukate rol garrantzitsua heziketan. Espero
dut, era berean, gure seminarioetan eta formazio-etxe erlijiosoetan
austeritate arduratsu baterako heztea, munduaren kontenplazio
eskertsurako trebatzea, pobreen eta ingurumenaren hauskortasuna
zaintzeko prestatzea. Apustu handia baita daukaguna; beharrezkoak dira
boterez hornituriko instituzioak, ingurumenari egiten zaizkion erasoak
santzionatzeko; ezinbestekoa da, aldi berean, elkar kontrolatzea eta
heztea.
215 Testuinguru horretan “ez da ahaztu behar heziketa estetika egokiaren eta ingurumenari sano eustearen arten dagoen erlazioa” [150].
Edertasunari atentzioa eskaini eta maitatzeak pragmatismo
utilitaristatik irteten laguntzen digu. Norbaitek gelditzen ikasten ez
badu, ederra hauteman eta baloratzeko, ez da harritzekoa harentzat dena
erabilgarri bihurtzea edo eskrupulurik gabe abusatzea. Aldi berean,
aldaketa sakonak lortu nahi badira, oso kontuan izan behar da
pentsamendu paradigmek erruz eragiten dutela portaeretan. Heziketa
inefikaza eta esfortzua alferrikakoa izango dira baldin eta gizakia,
bizia, gizartea eta naturarekiko erlazioari buruzko paradigma berria
hedatzen ez bada. Bestela, paradigma kontsumistak egingo du aurrera,
komunikabide eta merkatuaren engranaje efikazen bitartez transmititurik.
III. Konbertsio ekologikoa
216 Espiritualitate kristauaren
aberastasun handiak, hogei mendetako esperientzia pertsonal eta
komunitarioak sortuak, ekarpen ederra eskaintzen dio gizadia berritzeko intentuari.
Gure fedearen konbikziotik jaiotako espiritualitate ekologikoaren lerro
batzuk proposatu nahi dizkiet kristauei, zeren Ebanjelioak irakasten
digunak baditu ondorioak pentsatzeko, sentitzeko eta bizitzeko eran.
Kontua ez da ideiez asko hitz egitea, baizik eta, batik bat,
espiritualitatetik sortzen diren mundua zaintzeko grinaren motibazioei
buruz mintzatzea. Zeren ez da posible izango gauza handietan konpromisoa
hartzea doktrinekin soilik, animatuko gaituen mistikarik gabe, “bultza
egin, motibatu, eta ekintza pertsonal eta komunitarioari hats eta
zentzua emango dizkieten barne ziorik gabe” [151].
Aitortu beharra daukagu kristauok beti ez ditugula jaso eta garatu
Jainkoak Elizari eman dizkion aberastasunak, non espiritualitatea ez
dagoen deskonektaturik gorputzetik, naturatik edo mundu honetako
errealitatetik, baizik eta beraiekin eta beraiengan bizi da, inguratzen
gaituen guztiarekin komunioan.
217 “Kanpoko basamortuak ugaltzen ari badira munduan, barruko basamortuak asko hedatu direlako” [152],
barne konbertsio sakonerako deia da krisi ekologikoa. Baina, era
berean, aitortu beharra daukagu kristau konprometitu eta otoitz-egile
batzuek, errealismo eta pragmatismoaren izenean, barre egiten dietela
ingurumenarekiko kezkei. Beste batzuk pasiboak dira, ez dira ausartzen
ohiturak aldatzera eta ez-koherente bihurtzen dira. Konbertsio ekologikoa behar
dute orduan; horrek esan nahi du, inguratzen duten munduarekiko
erlazioan, Jesukristorekin izandako topaketaren ondorio guztiei
jalgitzen uztea. Existentzia bertutetsuaren partea da Jainkoaren obraren
babesleak izateko bokazioa, ez da hautazkoa eta ez da bigarren mailako
aspektu bat kristau-esperientzian.
218 Gogora dezagun Asisko san
Frantziskoren eredua, kreaturikoarekin erlazio sanoa ezartzeko,
pertsonaren konbertsio osoaren dimentsio moduan. Horrek inplikatzen du
norbere erroreak, bekatuak, bizioak edo utzikeriak aitortzea eta
bihotzez damutzea, barrendik aldatzea. Australiako gotzainek ederki
jakin zuten kreazioarekiko adiskidetze-terminoetan espresatzen
konbertsioa: “Adiskidetasun horretara iristeko, gure bizitzak aztertu
behar ditugu eta garbi aitortu nola ofenditzen dugun Jainkoaren kreazioa
ekintzen bitartez eta esku-hartzeko ez-gaitasunagatik. Konbertsioaren
esperientzia egin behar du, bihotzaren aldaketarena” [153].
219 Baina ez da nahikoa bakoitza hobea
izatea, gaurko munduak aurre egin beharra daukan bezain egoera konplexua
erresolbitzeko. Norbanako isolatuek gal dezakete gaitasuna eta
libertatea, arrazoi instrumentalaren logika gainditzeko eta ez etikarik,
ez zentzu sozialik eta ingurumen-zentzurik gabeko kontsumismoaren
atzaparretan amaitu. Problema sozialei sare komunitarioen bitartez
erantzuten zaie, eta ez ondasun indibidualen batuketa hutsarekin:
“Eginkizun horren exijentziak hain handiak izango dira, ez dago modurik
ekimen indibidualaren posibilitateekin asetzeko edo indibidualismoan
hezitako partikularren batasunaren bitartez hori egiteko. Bi gauza
beharko dira: indarren batuketa eta errealizazio-unitatea” [154]. Aldaketa iraunkorrerako dinamismoa sortzeko eskatzen den konbertsio ekologikoa da, ezbairik gabe, konbertsio komunitarioa.
220 Konbertsio horrek esan nahi du
elkarrekin uztartzen diren zenbait jarrera, zainketa zintzo eta
samurtasunez betea mobilizatzeko; lehenik, esker-ona eta dohaintasuna
inplikatzen ditu, hau da, mundua ikustea Aitaren maitasunagandik
jasotako dohain moduan; eta horrek, ondorioz, dohaintasunezko
ukazio-jokaerak eta jarrera prestuak probokatzen ditu, nahiz eta inork
ikusi ez edo antzeman ez: “Zure esku ezkerrak ez dezala jakin eskuinak
zer egiten duen […] eta dena sekretupean ikusten duen zure Aitak
sarituko zaitu” (Mt 6,3-4). Hau ere inplikatzen du: ginerako
izakiengandik deskonektaturik ez egotearen kontzientzia amultsua, eta
unibertsoko gainerako izakiekin komunio unibertsal ezin ederragoa
osatzen dugulako ustea. Sinestunarentzat, mundua ez da kontenplatzen
kanpotik, barrendik baizik, Aitak izaki guztiak batzeko erabili dituen
lokarriak aitorturik. Gainera, Jainkoak eman dizkion gaitasun bereziak
hazarazita, konbertsio ekologikoak sormena eta entusiasmoa garatzera
darama sinestuna, munduko dramak erresolbitzeko, bere burua Jainkoari
eskainirik “sakrifizio bizi, santu eta atsegin moduan” (Rm 12,1).
Gehiago izatea ez du ulertzen loria pertsonal moduan edo nagusitasun
ez-arduratsu gisa, gaitasun ezberdin gisa baizik, eta, aldi berean, bere
fedean oinarritzen den erantzukizun larria inposatzen dio.
221 Gure fedearen hainbat konbikziok,
Entziklika honen hasieran garatuak, konbertsio horren zentzua aberasten
laguntzen dute; esate baterako, kreatura bakoitzarengan Jainkoaren
zerbait islatzen delako kontzientzia eta badu guri azaltzeko mezua, edo
Kristok mundu material hau bere baitan asumitu duelako
segurtasuna eta orain, berpizturik, izaki bakoitzaren hondorik
sakonenean bizi dela, kariñoz inguraturik eta bere argiaz zeharkatuta.
Baita hau ere: Jainkoak, sortu duen munduari, ordena eta dinamismo bat
ezarri dio, eta gizakiak ez dauka hori ahanzteko eskubiderik.
Ebanjelioan irakurtzen dugunean Jesus txoriei buruz mintzatzen dela, eta
esaten duenean “bakar bat ere ez dagoela ahaztua Jainkoaren aurrean”
(Lk 12,6), kapaz izango ote da tratu txarra eman eta kalte egiteko?
Kristau guztiak gonbidatzen ditut beren konbertsioaren dimentsio hori
esplizitatzera, jaso dituzten indarra eta argiaren grazia heda daitezen
gainerako kreatura eta ingururatzen dituen munduarekiko erlazioan, eta
eragin dezala anaitasun gorena sorturiko guztiarekin, Asisko San
Frantziskok hain argitsu bizi izan zuena bezalakoa.
IV Bozkarioa eta bakea
222 Espiritualitate kristauak proposatzen du mundu alternatibo bat, bizi-kalitatea ulertzeko, eta nahi duena da bizi-estilo profetikoa eta kontenplaziozkoa,
sakonki gozatzeko modukoa, kontsumoarekin obsesionatu gabe.
Garrantzitsua da irakaspen zahar bat gogoan hartzea, tradizio erlijioso
askotan presente dagoena, eta Biblian ere bai. Hauxe da: “gutxiago
gehiago delako konbikzioa”. Kontsumitzeko etengabeko posibilitateak
pilatzeak bihotza distraitu egiten du, eta gauza bakoitza eta momentu
bakoitza baloratzea oztopatzen. Aldiz, errealitate bakoitzaren aurrean,
den txikiena dela ere, soseguz presente egiteak konprentsiorako eta errealizazio pertsonalerako askoz ere posibilitate gehiago irekitzen dizkigu. Espiritualitate kristauak sobrietatea
praktikatuz haztea eta gutxirekin gozatzeko gaitasuna proposatzen ditu.
Sinpletasunerako itzulera da; gauza txikiak baloratzen irakasten digu;
biziak eskaintzen dituen posibilitatek eskertzen ere bai, daukagunari
erabat atxiki beharrik gabe eta ez daukagunagatik tristatu gabe. Horrek
esan nahi du nagusitasunaren dinamika eta plazeren pilaketa hutsa
saihestea.
223 Sobrietatea askatasunez bizi
behar da, eta kontzientzia askatzailea da. Ez da bizi eskasagoa; ez da
intentsitate baxukoa, guztiz kontrakoa baizik. Garbi esateko, gehien
disfrutatzen dutenak eta momentu bakoitza hobekien bizi dutenak dira han
eta hemen mokoka ez dabiltzanak, ez daukatenaren bila beti, eta
pertsona bakoitza eta gauza bakoitza baloratzea zer den esperimentatzen
dute, badakite hartu-emanean nola jokatu eta badakite gauzarik
sinpleenaz gozatzen. Horrela badakite ase gabeko beharrak gutxitzen eta
nekea eta obsesioa erruz murrizten dituzte. Posible da gutxi behar
izatea eta asko bizitzea, batez ere gai baldin bagara beste plazer
batzuk garatzeko eta satisfazioa lagunartean, zerbitzuan, karismen
hedapenean, musikan, artean, naturarekiko kontaktuan eta otoitzean
aurkitzen bada. Tontotzen gaituzten premia batzuk mugatzen jakitera
behartzen gaitu zorionak, eta horrela prest egongo gara biziak
eskaintzen dizkigun mila posibilitatetarako.
224 Sobrietateak eta apaltasunak
ez dute izan balorazio positiboa azken mendean. Baina, bizi pertsonal
eta sozialean, bertuteren baten praktika modu orokorrean ahultzen
denean, horrek desoreka ugari eragiten du, baitan ingurumenean ere.
Horregatik, jada ez da aski ekosistemen integritateaz mintzatzea. Giza
biziaren integritateaz eta balore handi guztiak bultzatzeko eta
uztartzeko premiaz hitz egitera ausartu behar dugu. Inolako mugarik gabe
dena menderatzeko posibilitatea dela eta, neurrigabeko zoramenean bizi
den gizakiarengandik apaltasuna desagertzeak esan nahi du gizarteari eta
ingurumenari kalte handiak eragitea. Ez da erraza apaltasun sanoa eta sobrietate zoriontsua
garatzea, autonomo bihurtzen bagara, gure bizitzatik Jainkoa baztertzen
badugu eta gure egoak hartzen badu haren lekua, edo pentsatzen badugu
gure subjektibitatea dela ondo ala gaizki zer dagoen determinatzen
duena.
225 Bestetik, ez dago pertsonarik sobrietate zoriontsuan helduko denik, bere buruarekin bakean ez badago. Espiritualitatearen konprentsio
egokiaren parte bat , hain zuzen, bakeaz zer ulertzen dugun zabalago
ikustean datza; izan ere, gerrarik eza baino askoz ere gehiago baita.
Pertsonen barneko bakeak zerikusi handia dauka ingurumenaren
zaintzarekin eta guztion onarekin, zeren, benetan biziz gero,
bizi-estilo orekatu moduan islatzen da, miresmen-gaitasunarekin bat
eginik, eta horrek biziaren barne sakonera eramaten gaitu. Amdoio-hitzez
betea dago natura, baina nola entzungo ditugu etengabeko zarataren
erdian, antsietatez beteriko distrakzio etengabean egonda, edo
itxurakeriaren kultuarekin distraituta? Pertsona askok sekulako desoreka
esperimentatzen dute eta abiada batean dabiltza bata egin eta beste
utzi, okupatuta sentitzearren, entegabeko presa zoroan murgildurik,
inguruan daukatea guztia harrpatu nahian. Horrek zerikusi handia dauka
ingurumena tratatzeko moduarekin. Ekologia integralak inplikatzen du
kreazioarekiko harmonia sosegatua errekuperatzeko denbora hartzea;
berdn, gure bizi-estiloaz eta gure idealez gogoeta egiteko, Kreatzailea
kontenplatzeko, gure artean eta inguratzen gaituen eremuan bizi da-eta;
Jainkoaren presentzia ez da fabrikatu behar, baizik eta deskubritu,
argitu egin behar da” [155].
226 Bihotzaren jarreraz ari gara
mintzatzen, zeinek dena bizi duen arreta sosegatuaz, badaki guztiz
presente egoten gero zer datorren pentsatzen ari denaren aurrean, eta
uneoro jainkozko dohain moduan eskaintzen da, oso-osorik bizia izan
dadin. Jesusek jokaera hori bera erakusten zigun baratzeko lirioak eta
zeruko hegaztiak behatzera gonbidatzen gintuenean, edo gizon aztoratu
baten aurrean, “begirada gelditu, eta maitatu zuenean” (Mk 10,21). Hura
bai zegoela guztiz presente gizaki bakoitzaren eta kreatura bakoitzaren
aurrean, eta horrela erakutsi zigun bidea, arin, erasokor eta
neurrigabeko kontsumista bihurtzen gaituen antsietate gaixobera
gainditzeko.
227 Jokaera horren espresio bat da
Jainkoari eskerrak ematen gelditzea otordu aurretik eta ondoren.
Proposatzen dut sinestunek berrar dezatela usadio balios hori eta bizi
dezatela sakontasunean. Bedeinkazio momentu horrek, nahiz eta laburra
izan, bizi honetan dugun Jainkoarekiko dependentzia gogoratzen digu,
kreazioaren dohaintzengatiko gure esker-onaren zentzua indartzen du,
aitormen egiten die bere lanaren bitartez ondasunak sortzen dituztenei
eta behartsuenekiko solidaritatea indarberritzen du.
V Maitasun zibila eta politikoa
228 Naturaren zaintza bizi-estiloaren
parte da: elkarbizitza- eta komunio-gaitasuna inplikatzen ditu. Jesusek
gogoratu zigun Jainkoa genuela guztion aita moduan eta horrek
anai-arreba egiten gintuela. Anai-arreben arteko maitasuna dohainekoa
bakarrik izan daiteke, sekula ez daiteke izan besteak egin duenaren
ordain edo egitea espero dugunaren ordain. Horregatik posible da
arerioak maitatzea. Dohaintasun horrek berak garamatza haizea, eguzkia
eta lainoak onartu eta maitatzera, nahiz eta gure kontrolpean egon ez.
Horregatik hitz egin dezakegu anaitasun unibertsalari buruz.
229 Ezinbestekoa da elkarren premia
dugula berriro sentitzea, erantzukizun handia dugula besteekiko eta
munduarekiko, merezi duela onak eta prestuak izatea. Denbora gehiegi
eman diogu degradazio moralari, etikari burla eginik, eta berdin
onberatasunari, fedeari eta zintzotasunari, baina iritsi da ordua ikus
dezagun arinkeria alai eta merke horrek ezer gutxitarako balio izan
digula. Bizi sozialaren funts ororen suntsiketa horrek elkarren kontra
ipini gaitu, nork bere interesak defenditzearren; biolentzia-forma eta
krudelkeria berriak probokatzen ditu, eta ingurumena zaintzeko benetako
kulturaren garapena oztopatzen du.
230 Lisieux-eko santa Teresaren
etsenpluak maitasunaren bide txikiaren praktikara gonbidatzen gaitu,
hitz amultsu baten egokiera ez galtzera, irribarre baten aukera ez
galtzera, bakea eta adiskidetasuna ereiten dituen edozein keinu
kontsideratzera. Ekologia integrala eguneroko gestu sinplez
osatua dago, non apurtzen dugun biolentziaren, aprobetxatzearen eta
egoismoaren logika. Bien bitartean, neurrigabeko kontsumoaren mundua,
aldi berean, bizia, alde guztietatik, gaizki erabiltzean duen munduaren
adibidea da.
231 Maitasuna, elkarren zaintzarekin erlazionaturiko gestu txikiez
betea, bada, era berean, zibila eta politikoa ere, eta mundu hobea
eraikitzeko asmatzen diren ekintza guztietan ageri da. Gizartearekiko
maitasuna eta guztion onarekiko konpromisoa, ezbairik gabe, modu bikaina
dira karitatea erakusteko; ez dio erasaten norbanakoen arteko
erlazioari bakarrik, baita “erlazio sozial, ekonomiko eta politikoak
bezalako makro-erlazioei ere” [156]. Horregatik, “maitasunaren zibilizazioaren” ideala proposatu zion Elizak munduari [157].
Maitasun soziala da benetako garapenaren klabea: “Gizarte humanoagoa,
pertsonarentzat duintasun handiagokoa, plasmatzeko, ezinbestekoa da
maitasuna birbaloratzea bizi sozialean —maila politikoan, ekonomikoan
eta kulturalean—, ekintzaren arau goren eta betiereko bihurturik” [158]. Marko horretan, eguneroko gestu txikiekin
batera, maitasun sozialak estrategia handietan pentsatzera bultzatzen
gaitu, ingurumenaren degradazioa efikaziaz geldiarazteko eta gizarte
osoa kutsatuko duen zaintza-kulturaz janzteko. Norbaitek
atzematen duenean Jainkoaren deia, besteekin batera, dinamika sozial
horietan esku hartzeko, gogoratu behar du hori bere espiritualitatearen
parte dela, karitate-jokaera dela, eta bide horretatik doala
heldutasunerantz eta horrela santifikatzen dela.
232 Denak ez daude deituak zuzenean
politikan lan egitera, baina gizartean guztion onaren aldeko elkarte
mordoa ernetzen da, ingurumen naturala eta urbanoa babesteko. Adibidez,
leku komun batez (eraikuntza bat, iturria, monumentu abandonatua,
paisaia, plaza bat) arduratzen dira, guztiona den zerbait babestu,
saneatu, hobetu eta apaintzeko. Bere inguruan loturak garatu edo
errekuperatzen dira eta ehun sozial berria sortzen da. Indiferentzia
kontsumistatik liberatzen da horrela komunitatea. Horrek esan nahi
identitate komuna kultibatzea, eta gorde eta transmititzen den historia
lantzea.
Modu horretan, mundua eta pobreenen
bizi-kalitatea zaintzen dira, zentzu solidario batekin; hori, aldi
berean, Jainkoak emandako etxe komunean bizi garelako kontzientzia da.
Ekintza komunitario horiek, entregatzen den maitasuna espresatzen
dutenean, bihur daitezke esperientzia espiritual sakon.
VI Zeinu sakramentalak eta ospakizunezko atsedena
233 Unibertsoa Jainkoagan garatu zen; eta
Jainkoak dena hartzen du. Beraz, mistika dago orri batean, bide batean,
ihintzean, pobrearen aurpegian [159].
Ideala ez da bakarrik kanpotik barrura igarotzea, Jainkoaren ekintza
ariman deskubritzeko, baita gauza guztietan aurkitzea ere, Buenabenturak
esaten zuen eran: “Kontenplazioa are goi-mailagokoa da zenbat eta
gehiago sentitu gizakiak bere baitan jainkozko graziaren efektua edo
baita kanpoko kreaturengan Jainkoa hobeto aurkitzen dakienean ere” [160].
234 Gurutzeko San Joanek erakusten zuen,
gauzetan eta munduko esperientzian dagoen on guztia “modu infinituan
dagoela Jainkoagan, edo, hobeto esateko, aipatzen den handitasun
bakoitza Jainkoa dela” [161].
Ez munduko gauza mugatuak benetan zerutarrak direlako, baizik eta
mistikoak esperimentatzen duelako Jainkoaren eta gainerako gauzen artean
dagoen konexio hertsia, eta horrela “sentitzen du gauza guztiak Jainko
izatea” [162].
Mendi baten handitasunak liluratzen bagaitu, hori ez dago Jainkoagandik
bereizterik, eta hautematen duena berak bere barnean bizi duen miresmen
hori Jaunarengan ipini behar dela: “Mendiek alturak dituzte, ugari
dira, zabal eta ederrak edo grazia handikoak, loredunak eta usaintsuak.
Mendiok nire Maitatua da. Aran bakartiak geldi dira, entretenigarriak,
freskoak, itzaltsuak, ur gezaz beteak, eta bere landaredi bariatuak eta
hegaztien kantu eztiak sekulako bozkarioa eta atsegina ematen dizkiote
zentzumenari, gozamen eta atsedena ematen dizkiote bere bakardade eta
isiltasunean” [163].
235 Sakramentuak modu pribilegiatua dira Jainkoak natura nola asumitzen
duen ikusteko eta naturaz gaindiko biziaren bitartekari bihurtzen da.
Kultuaren bitartez mundua beste maila batean besarkatzera gonbidatuak
gaude. Ura, olioa, sua eta koloreak beren indar sinboliko osoarekin dira
asumituak eta goresmenean sartuak. Jainkoaren maitasunaren
instrumentu eta biziaren bidean laguntzera etorri zitzaigun
Jesukristoren hurbiltasunaren isla da bedeinkatzen duen eskua.
Bataiatzen den haurraren gorputz gainera isurtzen den ura bizi berriaren
sinbolo da. Ez dugu mundutik ihes egiten eta ez dugu ukatzen natura
Jainkoarekin aurkitu nahi dugunean. Hori hauteman daiteke, bereziki,
Ekialdeko espiritualitate kristauan: “Edertasuna da Ekialdean jainkozko
harmonia eta gizadi antzaldatuaren eredua espresatzeko usuen erabili ohi
den izenetako bat, edozein tokitan azaldu ohi da: tenpluko formetan,
soinuetan, koloreetan, argietan eta perfumeetan” [164].Kristau-esperientziarentzat,
unibertso materialeko izaki guztiak Berba haragi bihurtuan aurkitzen
dute zentzua, zeren Jainkoaren Semeak bere baitan txertatu du unibertso
materialaren parte bat, non itsatsi duen behin betiko
transformazio-ernamuina: “Kristautasunak ez du errefusatzen materia,
gorpuztasuna; alderantziz baizik, guztiz baloratzen du ekintza
liturgikoan, non giza gorputzak erakusten duen Espirituaren
tenplu-izaera intimoa, eta bat egitera iristen da Jesus Jaunarekin, bera
ere gorputz bihurturik munduaren salbamenerako” [165].
236 Eukaristian aurkitzen du kreaturikoak
goi mailarik altuena. Graziak, modu sentigarrian manifestatzeko joera
duelarik, espresio harrigarria lortzen du, Jainkoak bera, gizon egina,
bere kreaturi, jan dezan, eskaintzen zaionean. Enkarnazioko misterioaren
harrigarririk harrigarriena da Jauna, gure intimitatera iritsi nahi
izan zuen, materia-zati baten bidez. Ez goitik, barrendik baizik, gure
mundu propioan hura aurki genezan. Eukaristian gauzatua dago
asebetetasuna, unibertsoaren funtsezko zentroa da, maitasunaren foku
gainezka eragilea eta bizi agorrezinaren gunea. Eukaristian presente
dagoen Seme gizon eginarekin batua dagoelarik, kosmos osoak eskerrak
ematen dizkio Jainkoari. Hain zuzen, Eukaristia, berez, maitasun
kosmikoaren ekintza da: “Bai! Kosmikoa! Zeren mendi-eremu bateko eliza
txiki aldare baten gainean ospatzen denean ere, Eukaristia, alde edo
moldez, munduko aldarearen gainean ospatzen da [166].
Eukaristiak zerua eta lurra batzen ditu, kreaturiko guztia besarkatu
eta zeharkatzen du. Jainkoaren eskuetatik irten zen mundua, berriro
harengana itzultzen da adorazio zoriontsu eta asebetean. Eukaristiako
Ogian, “jainkozko izaerara orientatua dago kreazioa, eztei santuetara
bideratua, Kreatzailearekiko berarekiko batasunerantz begira” [167].
Horregatik, Eukaristia bada argi-iturri eta ingurumenarekiko gure
kezken motibazio ere, eta kreaturiko guztiaren jagole izatera
orientatzen gaitu.
237 Igandean, Eukaristian parte hartzeak
garrantzi berezia dauka. Egun hori, larunbat judutarra bezalaxe,
gizakiaren erlazioen bideratze-eguna da: bere burua, Jainkoa, besteak
eta munduarekiko erlazioen bideratze-eguna. Piztueraren eguna da
igandea, kreazio berriko “lehen eguna”, zeinen primizia den Jaunaren
gizatasun berpiztua, kreaturiko errealitate osoaren azken
antzaldatzearen bermea. Gainera, egun horretan “gizakiaren atseden
eternoa Jainkoagan” iragartzen da” [168].
Modu horretan, kristau-espiritualitateak atsedenaren eta jaiaren balioa
txertatzen du. Gizakiak atseden kontenplaziozkoa antzu eta
alferrikakoren eremura murrizteko joera du, ahazturik, horrela, egiten
den obrari gauzarik inportanteena kentzen zaiola: zentzua. Behartuak
gaude gure jokabidean dimentsio harkorra eta dohainekoa txertatzera;
zerbait diferentea da ez egite hutsarekin alderatuta. Gure esentziaren
parte den beste forma batean obratzea da. Horrela, giza ekintza babestua
dago, ez bakarrik aktibismo huts eta hutsaletik, baita neurrigabeko
jan-zalekeriatik ere, eta, berdin, etekin pertsonala bakarrik lortzera
garamatzan kontzientzia isolatutik. Asteroko atsedenaren legeak
behartzen gaitu zazpigarren egunean lanik ez egitera “zure idiak eta
astoak atseden har dezaten, eta zure andre mirabearen semeak eta
emigranteak arnasa hartzeko” (Ex 23,12). Atsedena da besteen eskubideak
berraitortzea permititzen duen begiradaren zabaltzea. Horrela,
atseden-egunak, zentroa Eukaristia delarik, argia isurtzen du aste
osoaren gainera eta naturaren eta pobreen zaintza txertatzera motibatzen
gaitu.
VII Hirutasun Santua eta izakien arteko erlazioa
238 Aita da gauza guztiaren azken sorburu, existitzen den guztiaren fundamentu amultsua eta oinarri
omunikatiboa. Semea, islatzen duena, eta
haren bidez izan da dena kreatua, lur honekin bat egin zuen Mariaren
sabelean osatu zenean. Espiritua, maitasun-lokarri infinitua, intimoki
presente dago unibertsoan, animatuz eta bide berriak sustatuz. Hiru
Pertsonen artean kreatu zuten mundua, jainkozko printzipio bakarra den
aldetik, baina bakoitzak obra komun honetan esku hartzen du bere
propietate pertsonalaren arabera. Horregatik, “unibertsoa miresmenez
kontenplatzen dugunean bere handitasun eta edertasunean, Hirutasun osoa
goretsi behar dugu” [169].
239 Kristauentzat, komunio trinitarioa den Jainko bakarrean sinesteak pentsarazten du errealitate osoak marka trinitarioa
daramala bere baitan. San Buenabenturak esan zuen gizakiak, bekatuaren
aurretik, deskubri zezakeela kreatura bakoitzak nola “testifikatzen duen
Jainkoa hirukoitza dela” . Hirutasunaren isla ikusi ahal zen naturan
“liburu hau gizakiarentzat iluna ez zenean eta gizakiaren begia artean
lausotu ez zelarik” [170]. Santu frantziskotarrak erakusten digu kreatura orok egitura trinitarioa daramala bere baitan, hain
erreala kontenplatu ahal izango litzateke espontaneoki baldin eta
gizakiaren begirada mugatua, iluna eta ahula ez balitz. Horrela
adierazten digu errealitatea klabe trinitarioan irakurtzeko desafioak.
240 Pertsona zerutiarrak iraupenezko
erlazioak dira, eta mundua, eredu zerutiarraren arabera kreatua,
erlazio-sare bat da. Izakiek Jainkoarengana jotzen dute, eta, aldi
berean, bizidunak berea du beste gauza batera jotzea; ondorioz,
unibertsoaren barruan aurki ditzakegu milaka erlazio konstante,
sekretuan uztartzen direnak [171].
Horrek ez bakarrik gonbidatzen gaitu kreaturen artean existitzen diren
milaka konexio mirestera, baita gure gauzatze propioaren klabea
deskubritzera ere eramaten gaitu. Zeren pertsona gehiago hazten da,
helduagoa da eta gehiago santifikatzen da erlazioan sartzen den
neurrian, bere baitarik irteten denean, Jainkoarekin, gainerakoekin eta
izaki guztiekin komunioan bizitzeko. Horrela asumitzen du Jainkoak harengan, bere kreaziotik hasita, ezarri duen dinamismo trinitario
hori. Dena konektaturik dago, eta horrek gonbidatzen gaitu
Trinitatearen misteriotik datorren solidaritate globalaren
espiritualitatea umotzera.
VIII Kreaturiko guztiaren erregina
241 Mariak, Jesus zaindu zuen amak, orain
afektu handiz eta amaren oinaze-sentimenduz zaintzen du mundu zauritu
hau. Bihotza zulaturik, Jesusen heriotzan negar egin zuen bezalaxe,
orain errukiz begiratzen dio pobre gurutziltzatuen eta giza botereak
tatarrez darabiltzan mundu honetako kreaturen sufrimenduari. Bera
Jesusekin bizi da, guztiz antzaldatua, eta kreatura guztiak haren
edertasunak kantatzen ari dira. “Eguzkiaz jantziriko Emakumea da,
ilargia oinazpian duela, eta hamabi izardun koroa bat buru gainean” (Ap
12,1). Zerura jasoa, kreaturiko guztiaren Ama eta Erregina da. Bere
gorputz loriatuan, Jesus berpiztuarekin batera, kreazioren parte batek
bere edertasunaren asebetetasuna eskuratu zuen. Mariak ez du bakarrik
gordetzen bere bihotzean Jesusen bizi osoa, tentu handiz “kontserbatzen”
duelarik (cf Lc 2, 19.51), orain konprenitzen du baita gauza guztien
zentzua ere. Horregatik eska diezaiokegu lagun diezagula mundu hau begi
jakintsuagoekin begiratzen.
242 Mariarekin batera, Nazareteko familia
santuan, san Joseren figura nabarmentzen da. Hark zaindu eta defenditu
zuen Maria, lanarekin eta presentzia eskuzabalarekin, eta injustuen
biolentziatik libratu zituen Egiptora eramanik. Ebanjelioan gizon justu
gisa azaltzen da, langile eta fuerte. Baina harengandik samurtasun
handia jalgitzen da; hori ez da ahulen kontua, benetako fuerteak
direnena bazik, arreta handiz beti errealitateari, maitatu eta apalki
zerbitzatzeko. Horregatik. Eliza unibertsalaren jagole izendatu zuten.
Berak ere irakats diezaguke zaintzen, motiba gaitzake eskuzabaltasunez
eta samurtasunez zaintzen, Jainkoak eman digun mundu hau babesteko.
IX Eguzkia baino harago
243 Azkenik, aurrez aurre aurkituko gara
Jainkoaren edertasun infinituarekin (cf 1 Co 13, 12) eta irakurri ahal
izango dugu miresmen zoriontsuaz unibertsoaren misterioa; gurekin parte
hartuko du bukaerarik gabeko asebetean. Bai, eternitatearen
larunbaterantz ari gara bidaiatzen, Jerusalem berrirantz, zeruko etxe
komunerantz. Jesusek hau esaten digu: “Nik berri bihurtzen ditut gauza
guztiak” (Ap 21,5). Betiereko bizia harridura konpartitua izango da, non
kreatura bakoitzak, argitasunez transformatua, bere tokia okupatuko
duen eta izango du ekarpenen bat behin betiko askaturiko pobreentzat.
244 Bien bitartean, eman zaigun etxe honen kargu egiteko elkartuko gara, jakinik hemen dagoen ongi guztia asumitua
izango dela zeruko festan. Beste kreatura guztiekin batera, Jainkoren
bila goaz lur honetan barrena, zeren “munduak printzipio bat badu eta
kreatua izan bada, normala da kreatu duenaren bila ibiltzea, hasiera
eman dionaren bila ibiltzea, bere Kreatzailea denaren bila ibiltzea.
Bidea egin dezagun kantatuz. Planeta honekiko gure borrokek eta kezkek
ez diezagutela ken bozkarioa eta esperantza.
245 Jainkoak, entrega eskuzabalera eta
dena ematera gonbidatzen gaituelarik, aurrera ateratzeko behar ditugun
indarrak eta argia eskaintzen dizkigu. Mundu honen bihotzean presente
jarraitzen du hainbeste maite gaituen biziaren Jaunak. Hark ez gaitu
abandonatzen, eta haren maitasunak bide berriak aurkitzera garamatza
beti. Goretsia bedi.
**********
246 Gogoeta luze honen ostean, atsegin
eta dramatikoa aldi berea, bi otoitz proposatzen ditut; bata, Jainko
kreatzaile ahalguztiduna sinesten dugun guztiok konparti dezakeguna,
eta, bestea, kristauok jakin dezagun Jesusen Ebanjelioak planteatzen
dizkigun konpromisoak asumitzen.
Gure lurraren aldeko otoitza
Jainko ahalguztiduna,
unibertso osoan presente zaudena
eta zure kreatura txikienetan ere bai.
Zuk, zure samurtasunez existitzen den guztia inguratzen dun horrek,
isuri guregan zure maitasunaren indarra,
bizia eta edertasuna zain ditzagun.
Busti gaitzazu bakeaz, anai-arreben moduan bizi gaitezen
inori kalterik egin gabe.
Pobreen Jainko, l
lagun iezaguzu erreskatatzen
mundu honetako abandonatuek eta ahaztuek
hainbeste balio baitute zure begietan
Sendatu gure biziak,
munduaren babesleak izan gaitezen
eta ez depredatzaileak,
edertasuna erein dezagun
eta ez kutsadura eta suntsiketa.
Ukitu etekinaren bila
baino ez dabiltzanen bihotzak.
pobreen eta lurraren kontura ibili ere.
Erakuts iezaguzu gauza bakoitzaren balio deskubritzen,
liluraturik kontenplatzen,
onartzen sakonki baturik gaudela
kreatura guztiekin
argi infiniturako gure bidean.
Eskerrak egunero gurekin zaudelako.
Hats emaguzu, mesedez, gure borrokan
justiziaren, maitasunaren eta bakearen aldeko borrokan.
unibertso osoan presente zaudena
eta zure kreatura txikienetan ere bai.
Zuk, zure samurtasunez existitzen den guztia inguratzen dun horrek,
isuri guregan zure maitasunaren indarra,
bizia eta edertasuna zain ditzagun.
Busti gaitzazu bakeaz, anai-arreben moduan bizi gaitezen
inori kalterik egin gabe.
Pobreen Jainko, l
lagun iezaguzu erreskatatzen
mundu honetako abandonatuek eta ahaztuek
hainbeste balio baitute zure begietan
Sendatu gure biziak,
munduaren babesleak izan gaitezen
eta ez depredatzaileak,
edertasuna erein dezagun
eta ez kutsadura eta suntsiketa.
Ukitu etekinaren bila
baino ez dabiltzanen bihotzak.
pobreen eta lurraren kontura ibili ere.
Erakuts iezaguzu gauza bakoitzaren balio deskubritzen,
liluraturik kontenplatzen,
onartzen sakonki baturik gaudela
kreatura guztiekin
argi infiniturako gure bidean.
Eskerrak egunero gurekin zaudelako.
Hats emaguzu, mesedez, gure borrokan
justiziaren, maitasunaren eta bakearen aldeko borrokan.
Otoitz kristaua kreazioarekin
Goresten zaitugu, Aita, zure kreatura guztiekin,
zure esku ahaltsutik irten ziren.
Zureak dira,
eta zure presentziaz eta zure samurtasunez beterik daude.
Goretsia zaitez.
Jainkoaren Seme, Jesus,
zuk egina dira gauza guztiak.
Mariaren sabelean osatu zinen,
lur honetako parte egin zinen,
eta mundu hau giza begiez begiratu zenuen.
Gaur kreatura bakoitzarengan bizi zara
berpiztuaren loriarekin.
Goretsia zaitez.
Espiritu Santua, zure argiarekin
mundu hau Aitarengana orientatzen duzuna
eta kreazioaren deiadarrean lagun zarena,
gure bihotzean ere bizi zara zu
onera bultza egiteko.
Goretsia zaitez.
Jaun Bakar eta Trinoa,
maitasun infinituaren komunitate ederra,
erakuts iezaguzu zu kontenplatzen
unibertsoaren edertasunean,
non dena zutaz mintzatzen ari zaigun.
Iratzar itzazu gure goresmena eta gure esker-ona
sortu duzun izaki bakoitzagatik.
Den guztiarekin
hertsiki batuak sentitzen garelako eskerrak ematen ditugu
Maitasunaren Jainkoa,
erakuts iezaguzu gure tokia mundu honetan
kariño-instrumentu moduan
lur honetako izaki guztiengatik,
zeren horietako inor ez dago ahaztua zure aurrean.
Argi egiezu boterearen eta diruaren nagusiei
indiferentzia-bekatuan eror ez daitezen,
maita dezatela guztion ona, eta egin dezatela ahulen alde
eta zain dezatela bizi garen mundu hau.
Lurreko pobreek deiadarka dihardute:
Jauna, har gaitzazu zure botere eta zure argiarekin,
bizi osoa babesteko,
etorkizun hobea prestatzeko,
justiziaren, bakearen, maitasunaren eta edertasunaren
Erreinua etor dadin.
Goretsia zaitez.
Amen
zure esku ahaltsutik irten ziren.
Zureak dira,
eta zure presentziaz eta zure samurtasunez beterik daude.
Goretsia zaitez.
Jainkoaren Seme, Jesus,
zuk egina dira gauza guztiak.
Mariaren sabelean osatu zinen,
lur honetako parte egin zinen,
eta mundu hau giza begiez begiratu zenuen.
Gaur kreatura bakoitzarengan bizi zara
berpiztuaren loriarekin.
Goretsia zaitez.
Espiritu Santua, zure argiarekin
mundu hau Aitarengana orientatzen duzuna
eta kreazioaren deiadarrean lagun zarena,
gure bihotzean ere bizi zara zu
onera bultza egiteko.
Goretsia zaitez.
Jaun Bakar eta Trinoa,
maitasun infinituaren komunitate ederra,
erakuts iezaguzu zu kontenplatzen
unibertsoaren edertasunean,
non dena zutaz mintzatzen ari zaigun.
Iratzar itzazu gure goresmena eta gure esker-ona
sortu duzun izaki bakoitzagatik.
Den guztiarekin
hertsiki batuak sentitzen garelako eskerrak ematen ditugu
Maitasunaren Jainkoa,
erakuts iezaguzu gure tokia mundu honetan
kariño-instrumentu moduan
lur honetako izaki guztiengatik,
zeren horietako inor ez dago ahaztua zure aurrean.
Argi egiezu boterearen eta diruaren nagusiei
indiferentzia-bekatuan eror ez daitezen,
maita dezatela guztion ona, eta egin dezatela ahulen alde
eta zain dezatela bizi garen mundu hau.
Lurreko pobreek deiadarka dihardute:
Jauna, har gaitzazu zure botere eta zure argiarekin,
bizi osoa babesteko,
etorkizun hobea prestatzeko,
justiziaren, bakearen, maitasunaren eta edertasunaren
Erreinua etor dadin.
Goretsia zaitez.
Amen
Erroman emana, San Pedroren ondoan, maiatzaren 24an, Mentekoste Solemnitatea, 2015. urtean, nire Aitasantutzako hirugarrenean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario