Ziriakori... gaurkoan
Nora galduak zineten gure lagun hurbilak
bizitzaren ibiltari egun batean hilak
(Bitoriano
Gandiaga, Jexux Artxe
eta
Julen Lekuona gogoan)
Nora galduak zineten gure lagun hurbilak
bizitzaren ibiltari egun batean hilak
zuen itzalek diraute gaur, gaueko
ametsetan
bizidunaren solasgai diren min handietan.
Ederrak ziren egunak, arratsalde beteak
baratzaren loredira zeramaten ateak
zuen pozak, hunkipenak, irriaren zantzuak
hainbat aldiz izoztuak aladura antzuak,
izan zineten, osorik, gorputz eta izpirituz
itsaso baten ertzean harriduraz geldituz.
Orain zuen bideetatik doa gure bizitza
zuentzat gure negarra, maitasunezko hitza,
ez zaudete guztiz urrun, guregan zuen egoitza
zuengan gure iragana, oroitza eta otoitza
bizien eta hilen loan besarkatuko dira,
han gaude orduaren zain, azkenari begira.
(Xabier Lete)
Jaso nazazu, maitea, azken egunean,
zatoz nire bidera eta adeitsu, irriz,
dei nazazu nere izenez
zi zure erruki handian salbatua izan nadin,
salbatuak elkarrekin eta maitasunean glorifikatuak betirako.
(Xabier Lete)
Klikatu hemen ezin badozu entzun
Errekan behera ura
gero ta beherago
bizitza hasburutik
ibilian dago,
batzuena geldiro,
besteena azkarrago,
gehienena nahi baino
askoz bizkorrago.
Akaberan amaia
nahitaez heltzen da,
erreka itsasoan
betiko galtzen da,
ur bata beste uraz
batean biltzen da,
zihoana zegoen
hartan murgiltzen da.
Bitoriano Gandiaga
Azkenik esku hutsik hiltzen gara
biluztasunak itzultzen gaitu
gure lehen sorlekua izan zen loaren atsedenera,
zetarako orduan ospea, garaipena,
afanaren ondasun pilatuak,
bide bat izan genuen mundutik ibiltzeko
eta gero urratsik gaeb gelditu
bizitzaren eraikuntza gainbeheratzean,
horrela izan da
handientzat, ttikientzat
denontzat horrela beti
hain izanik
iragankorrak
zu, ni, hura eta denok batera azken ordua arte,
azkenean azkenak berdindu ditzan
gure demak, gure lehiak,
esku
hutsik hiltzen gara ordu kunplituan.
(Xabier Lete)

No hay comentarios:
Publicar un comentario