Santa Lutzi ermitea. Zeanuri |
Txalogarria ekimena. Bizkaiko lehena guk dakigularik. Zeanurin Delbin Manterolaren (Goian bego!) gidaritzapean, lagun batzuk martxan jarri eben oraindino lotu edo gelditu ez dan ibilaldi hau.
Aurten 25. edizioa, gaur egun Joko Alai kirol elkartearen eskutik.
Lehen aldi haretan argazkiak ataratzeko era be baegoan, Tibur argazkilariaren laguntzaz Konica diapositibak ataraz. Ermita guzti guztiak ikusi gurean, Igiñako Edurretako Amaren baselizaraino heldu zan martxea, Gorbeia mendiaren magalean. Larregi izan zan. Ordutik hona ibilalditik kanpo geratu da ermita hau.
Aurten 25. edizioa, une ona gogoratzeko eta eskertzeko ekimen barritzaile hau martxan jarri eban zeanuriztar taldeari. Eskerrik asko kultura, ondarea, erlijioa eta kirola uztartzearren proba honetan. Herriko aberastasun hau gordetzeko gogoa eta zabaltzeko asmoa eukitearren. Eskerrik asko zuoi!
Hona hemen aurtengo kronikea Jon Urutxurturen eskutik.
ZEANURIN,
ERMITARIK ERMITA
Irailaren edo Urri lehenengoaren 8an, zapatuan, izango da Ermiten XXV. Mendi Martxea
Iraila edo Urri lehenengoaren 8an, zapatuan, burutuko da Zeanuriko Ermiten
Mendi Martxea. Orain arte ibilaldia domekan izaten
izan bada be, aurten zapatura pasatzean erabaki dabe antolatzaileek; ganera,
klasiko bihurtu eta Bizkaiko zaharrenetako dan oinezko martxa honek 25 urte
beteko dauz eta izaera berezia izango dau. 1988an antolatu eban lehenengo
aldiz Joko Alai Kirol Alkarteak eta ordutik hona hutsik egin barik eutsi
deutsie zeanuriztarrek urteroko ziteari. Helburuak hasierako berberak dira: zapatu goiza natureagaz hartu-emonetan eta
kirola eginez emotea, eta herritarrei zein kanpotarrei Zeanuriko ingurumari
zabalak eta ondare kulturala —kasu honetan batez be
erlijiosoa— erakustea.
Ez dira gitxi, izan be, herri honetan han-hemenka azaltzen diran ermita edota
eleizak, guztira hogei. Dana dala, ibilbide osoa egiten
dabenek hemeretziren ingurutik igaroko dira, Egiriñako (Gorbeia) Edurretako
Amarena kanpoan geratzen da eta.
38
kilometroko ibilbidea
Zeanurin parrokia bi eta hamazortzi baseleiza —bakotxa bere
berezitasunakaz eta historiagaz— aurkitu daitekez udalerria osatzen daben zazpi
kofradietan sakabanatuta. Eta beste elementu batzuekaz batera, baseleizak
auzuneei nortasuna emoten deutseen ardatzetako bat dira.
Ondare erlijiosoa bisitatu eta ezagutuz, aldi berean natureagaz
hartu-emonetan jarteko aukera parebakoa eskaintzen dabe ibilbidea osatzen daben
hogeta hamazortzi kilometroek. Urteerea herriko plazan izango da, eguneko lehen argiak kukurruku egiteaz batera, 07:30ean. Atera eta bost
bat minutu geroago Eleizondo auzunean sartzen da ibilbidea, lehenengo, Piedadea
izenaz ezagutzen dan baseleizea aurkituz; oraindik kontserbatzen den Erdi Aroko
galtzadaren tarte txikia zapalduz, eta ermitaren eleizpetik igaroz, atoan,
Andra Mari parrokiarekin topo egiten da. Eleizea harro azaltzen da, bere
kokaera estrategikotik herrigunea kontrolatzen dauala; sei urte itxita egon eta
eraberritua izan ondoren, 2.000ko abuztuaren 15ean zabaldu ebazan ateak barriro.
Barroko estiloko erretaula ederra gordetzen dau bere barruan Andra Marik. Ezin
da aitatu barik itxi parrokiaren eta Piedadearen artean altxatzen den
altzairuzko gurutzea, Gorbeiako gurutzearen mendeurrena gogoratzeko 2001ean
Nestor Basterretxeak egindakoa.
Eleizondotik
ibilbidea Asterria kofradiako lurretan sartzen da, Santi Kurutz baselizearen
bila; Zeanuriko mugen barruan egon arren, eleizaz areatzatarra da. Goranzko
joerari ekinez, Ogarabeiti auzotik Ogaragoiti auzora igoz, San Andresera
heltzen gara; baseleizaren barruan zein kanpoaldean hazurrak aurkitu ziran eta auzoko
zaharrek dinoenez, Orozko eta Zeberio aldetik ekartzen ei ziran hilak hemen hilobiratzeko.
Bideari ekinez, eta
Urrekoatxa (582 m.)
mendia ezkerrean itxiz, Zeanuriren eta Dimaren arteko mugarako norabidea
hartzen da San Blasera heltzeko. Mugarrietara begiratuz ermitea Dima partean
kokatzen bada be, lurra Zeanuriko Ibarguen Kofradiaren jabetza da. San Blasetik
aurrera bideak beherantz egiten dau, eta arnasa hartzeko aukerea emoten dau, Altzuste
Kofradiako lurretan sartzera daroan aldapatxoari barriro heldu baino lehen.
Altzusten bi ermita dagoz zain: San Migel eta Santa Lutzi. Deigarria da San
Migeleko kanpaietako batean irakur daiteken idazkuna: “En el ambito donde
resuene mi voz no triunfarán los liberales”.
Dirudienez, intera batean karlistak edo kontserbadoreak izan ziran jaun eta
jabe paraje honeetan...
240-N gurutzatuz,
Undurraga auzunerantz jarraitzen da Bilbo urez hornitzen dauan urtegi bukolikoa eskuinaldean itxita. Arratia
ibai zeharkatu ostean, San Pedrori kuku bat egin eta Ipiñabururantz egiten dau
bideak, bertan aurkitzen diran eleizea eta baseleiza bien bila: Santiago,San
Adrian eta Santa Ageda.
Bigarren
parrokia
Santiago Zeanuriko bigarren parrokia da, eta
eleizatik hur dagoan hilerrian —herriko bigarrena— lurperatzen dabez gaur egun be
ipiñaburuztarrak. Parrokia honetako bateo agiriak —Derion, Bizkaiko Eleizaren
Historia Artxiboan gordetzen direnak— Bizkaiko zaharrenak dira, 1501ekoak hain
zuzen be. Eleizpean indarrak berreskuratzeko tokia jarten dabe antolatzaileek. Kopautxoa
egin, arnasa hartu eta indarrak barritu bezain azkar, Santa Agedara; urtero,
santa siziliarraren egunean, jai bitxia ospatzen da ermita honetan: herriko
talde batek, dultzaina eta panderoaren soinuaz lagunduta, Santa Agedari bere
omenezko koplak abesten deutsaz mezearen hasieran.
Aurrerantzean, Atxondo
igaro eta Muñegi aldetik aurrera eginez, estartarik estarta, Zanburuko (789 m.) hatxaren itzalpean
jarraitzen da, Altzuako San Juanera ailegatzeko. Ermita hau XV. mendearen
amaierakoa da; hemen egindako indusketa arkeologikoetan epigrafe funerario —baseleizearen
barruan gordetzen da— aurkitu zan honako idazki honegaz: Zeiani c/m suo ger/mani. Laun/ti In cor/pore suo/ +S+N ob/it
(...)/O(...) ER/(...)DCC. Zeanuri herriaren izanari buruzko idatzizko lehen
aitamenetako bat da; ganera, kontuan izan behar da gaur egun be zeanuriztarrek,
aho-hizkuntzan, Zeani izenaz deitzen
deustsiela euren herriari.
Altzua kofradiatik
Otzerinmendi kofradiara zuzentzen dan pistatik 20 bat minutu ibili ostean, San
Justo azaltzen da haresdui zoragarri baten erdian. Artzaintzeagaz daukan loturea
erakusten dau baseleizaren egitureak, eraikinaren atal bata eleizea dan
bitartean, bestea ganadua babesteko kortea da eta. Ermitatik ehun metrora dagoan
karobiak be bisita merezi dau: urtero abuztuaren lehenengo asteburuan IpizkiTaldeak isiotuten dauana da.
Otzerinmenditik
plazara
San Justoko haresduia
zeharkatuz eta beherantz pare bat kilometro ibili eta gero, San Lontzo azaltzen da. Tradizioaren arabera,
Gorbeiaren bestaldean dagoen Orozko herritik ekartzen ei ebezen gorpuak hemen lurperatzeko;
gertaera honen lekuko Pagoniotzetako
andabidea toponimoa da. Baseleizearen atzealdean, sakristiako leihopean,
irudi eskematikoa grabatuta daroan harlandu bat dago; Ybarra y Bergéren
arabera, XI. mendekoa da eta Amabirjina Umearekin irudikatzen dau. Harri hau
aldarepean aurkitu ei eben. Azpimarratzekoa da be oraindino gaur egun baseleiza
honen eleizpean, Uribe eta Otzerinmendiko kofradiek egiten daben urteko
batzarra, ermita hau bi auzuneei jagoke eta.
Errekatxoagaz topau
arte aurbeheran jarraitzen da eta errekatxoa zeharkatzagaz batera Uribe
kofradian sartzen gara; hiru baseleiza aurkitzen dira bertan: San Migel, San
Urban eta San Pedro, hirugarren hau Axpeko jauregiaren jabetza. Jadanik ibilbidea azken txanpan
sartzen da, eta ibiltariak txiri-txiri zuzenduko
dira herriko plazan itxaroten eukiko daben helmugearen bila. Plazan bertan, San
Isidro eta bere aurrez aurre dagoan San Antonio ermiten artetik igaro bezain
laster helmuga azaltzen da.
Amaitzerakoan,
hogeta hamazortzi kilometro eroango dabez oinetan parte-hartzaileek, baina ziur
zitari erantzuteak mereziko deutsiela, ondare erlijiosoa ezagutzeaz batera uda udazken
bihurtzen dabilen sasoi honetan natureak erakusten dauan koloreen sinfoniaz
gozatzeko aukera ezin hobea eskainiko deutsielako Zeanuriko Ermiten XXV. Mendi
Martxak.
Testua Jon Urutxurtu
MARTXARI BURUZKO ZEHETASUNAK
* Izena emotea:
- Urri lehenegoaren 8a aurretik: 5 € sartuz
BBK-ko kontu-zenbaki honetan:
2095 0335 29 3830586275.
- Egun berean: 06:45etik aurrera, herriko
plazan, 7 € .
- Joko-Alaiko
bazkideak eta 14 urtetik beherakoak: 2 €.
* Urteerea: 07:30ean, Ibarreta
pelotalekuan.
* Jan-edana: San
Blasen, Santiagon eta San Juanen.
* Ibilbide ezbardinak: - Luzea: 38 Km.
- Ertaina: 30 km. San Juanetik helmugara.
- Laburra: 15 km. San Migeletik
helmugara,
* Helmugako
kontrola: zabalik egongo da 11:00etatik 15:30era.
* Pelotalekuko
dutxak zabalik egongo dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario