Abenduko izarrak

sábado, 29 de mayo de 2021

Zeanuri: Urkiako San Urban ermitea eta jaia

Urkia deritxon Zeanuriko paraje zoragarri honetan dago ermita txiki bezain zahar hau, San Urban eta San Jurgi santuei eskeinia. Aurten be ez da mezarik ez jairik ospatuko auzoak holan ebatzita, bigarren urtean jarraian.  Baina, nor izan zan Urbano santu hori? Ze detaile daukaz ermita honek?

Ermita ondoan dagoan plakean hauxe irakurri daikegu:


"San Urban" (Urban eta Jurgi santuen baseliza)

San Urban ermitea Zeanuriko Urkian


Kokalekua: Urkia auzoa, Uribe kofradia.
Kronologia eta estiloa: Gotikoa, XV. mendekoa.
Jai-eguna: Pazko-maiatzekoaren aurreko igandean ospatzen zan jaia.

Baseliza honetan, hainbat elementu interesgarririk dirau, hala nola, hegoaldeko horman dagoen gezileiho batek eta aldarearen atezaldean dagoen ferra-arku itxurako leiho bakun batek. San Urban eta San Jurgiren imaginak daude barrualdean. Baselizaren inguruetan, XI. eta XIII. mendetakoak omen diren harlauzazko hilobien aztarnak aurkitu dira, udalerriko beste baseliza batzuetan (San Lontzo, San Juan, San Andres edo Santa Luzia) aurkitu direnen antzekoak.

Gaur egun, herri-festa Gorpuzti egunaren ondorengo lehenengo igandean ospatzen da.

Hori dino plakeak.

Dana dala, aurten eta azken urteotan, Hirutasun Deunaren igandean bertan ospatuko da, hurrengo domeka batzuetan Altzuako Doniene eta Undurragako San Pedro jaien errepetizioak ospatuko dira eta.





Nor izan zan Urbano hau, santua dana, eta aspalditik Urkian bere tokitxoa daukana, ermita txuku zaharberritu honetan?

Urbano I.a, aita santua bada, 230. urtean Erroman hil zana, baina bere jaia abenduaren 19an ospatzen da.
Bada beste bat, Urbano V.a, hau be aita santua, bere jaia tradizioan maiatzaren 25an ospatzen da, 1370.urtean hil zan, eta misiolaritzari sakakada ederra emon eutson.
Gure ustez, bigarren santu hau da Urkian gogoratzen dana. Holako eritxia dauka Ander Manterolak ere.


Ander Manterolagaz beragaz berbetan, beste datu interesgarri bi emon dauskuz. Hipolito Larrakoetxea zeaniztar karmeldar jakintsuak, Erroman irakasle zala, handik bertatik ekarri eban bere jaioterrira San Urbanen erlikia, gaur egun gordetan dana.

Eta bigarren bat ere kontau deusku, sano zabalgarria. Baseliza konpontzeko auzolanean gogor beharrean egozela, kanpoko atari dotorea ikusten dogu. Nondik dator harri landu ha? Igorretik. Hango parrokiko kanposantu zaharreko sarrera atea dogu, harriz harri, Urkiara eroana eta bertan jarria. Eliz arteko lankidetza deitzen da hau.


Jai ona izan urkiatarrak. Aupa San Urban!

No hay comentarios: