Abenduko izarrak

viernes, 31 de julio de 2015

Gorbeiako Meza San Inazio egunez 2015 + argazkiak

Argazkiak: Asier Astigarraga, Segundo Oar-Arteta, Alvaro Ruiz eta Petra Urirate.

Meza bat laino artean klikatu hemen istorioaren laburpena ikusteko!





Gorbeiako katedral naturalean mezea
Igiriñaon (Gorbeia) izango da San Inazio egunean

Katedral naturala dogun Gorbeiaren magalean, 1.119 metrotara,  Bizkaian altuerarik handienean emongo dan mezea ospatuko da, San Inazio egunez, barikuan, garagarrilak  31, eguerdiko 12etan, Elurretako Amaren baselizaren ondoan.

Aurten Zuiako eleiztarrak eta parrokoa be etorriko dira meza ospatzera bizkaitarrekaz batera. Nahiz eta Araban San Inazio eguna ez izan jaia, Gorbeiako magaleko kuadrila honetan zaletasun itzela dago mendi honegaz.


Oraintsura arte domeka eta jai egun guztietan ospatzen zan mezea, uda-sasoian; gaur egun, San Inazio egunean baino ez.

Aurten be abestuko da zeanuriztarrek hango Andra Mariari egindako himnoa, Andra Maria Igiñakoa deritxana. Ospakizunean gogoan izango dira aurten hildako mendigoizale eta artzain guztiak.

Amaitzeko, San Inazio martxa kantatuko da; jarraian, Zeanuriko Udalak ohiko  barauskarri  ezaguna eskeiniko dau: ardao zuria eta gailetak. Zeanuriko txistulariek euren doinuekin alaituko dabe giroa toki zoragarriotara bertaratuko diran guztientzat.

Debozio edo fede handiago edo txikiagoko mezak izango dira; doinuz hobeto lagunduak edo ez…; baina ez jako inor gailenduko altueran Elurretako Amaren  baselizatxoan ospatuko danari. Ehunka lagun, mendizale eta artzain tarteko, batuko dira mezea ospatzera eta hamaiketakoa partekatzera. Arrigorriaga, Orozko, Galdakoa, Zornotza, Bilbo eta Arratia osotik etorritako jendea batu zan ihaz landa mezatan, gehienak tontorreko kurutzeari joan etorria egin ostean.


 Amaren baseliza porlanez eginda dago, upel bobeda modura eraikia, hegi harritsu baten sartuta. 3 x 2,225 metro neurtzen dau, eta atean jarritako burdin hesi batek ixten dau.

1924an, izatez Zeanurikoa zan eta  Areatzan abade egoan Eulogio Gorostiagak hauxe idatzi eban, Gurutzi Arregik Ermitas de Bizkaia lan eskergan (II. liburukian, 406. orrialdean) gogoratzen deuskunez: Baseliza hau oraintsukoa da; bere eskaintza egin zan Arraban egoan beste baten oroigarri, artean zelai honetan sendategi bat egoala. XIX mendearen amaieran egindako kaperaz ari da, Zeanurin baseliza modura hartu ez zana. Ondoren, joan dan mendearen hasieran bertan behera itxi zan.

Baselizatxo hau benetan txikia zan, barruan bi lagunentzako tokia baino ez egoan-eta. Hori dala-eta –halaxe gogoratzen deusku Gurutzi Arregik- On Benito de Atutxak eskatu eban baseliza handiagoa egiteko baimena eskatu eban “txangozale eta inguru haretako bizilagun apalentzat” Planoak ere gordetzen dira Labayru Ikastegian; baita baimen-eskaria eta dirua batzeko propaganda-batzordearen datuak ere; baina ahalegina bertan behera geratu zan.

Datorren barikuan, hilak 31, Kurutzetik jaistean edo bertatik paseoan gabiltzala, gonbidatuta gagoz hitzordu honetara.

Artzainen lan tresnak: ihazko meza eskeintzak. Argazkia: Segundo Oar-arteta


Legenda eta guztiko ermitea

         Ermita apal honek badauka bere elezaharra, jende askok ezagutzen ez dabena, baina Zeberioko seme dan Juan Manuel Etxebarriak holan batu ebana:

GORBEIAKO ARGI DEABRUA



“ Behin baten, Gorbeiako mandazain bat Arratiako feriara joan ei zan San Inazio bezperan atze bete mandorekin.
Egin ebazan egin beharreko tratuok eta bazkaldu ere inoiz baino ere hobeto.
Egon eta egon, janzaharrean, Gorbeiarantz mogitu zen eta han joian bideak betean bete-bete eginda.
Pagomakurrera orduko gautu egin jakon. Arrabako landara heldu zanean, atsedena hartu eban. Zerura begiratu eta ene! ilargiaz aparte beste argi berezi bat bere ondo ondoan!
Zutundu zan eta karran hasi bere Egiriñaoko txabolarantz bildursartuz beterik.
Hark argi bereziak atzerik hara jarraitzen eutsola ikusirik, badino berekautan:
-Nor haizen beist argi madarikatu hori, ikusiko dok Egiriñaoko pagaduira heltzen nazenean!

Heldu zan mandazain hori bere txabola ondora eta ene! ez jako ba katigatzen argi berezi hori pago inausi baten adarretan!
Orduan mandazainak, hartu estaka endemoniño bat, jo ahal dan guztian argi hori eta oño! deabruak berberak ez eutson ba urten argi barrutik!
Aitearenka hasi zan ha mandazaina eta badaezpada Egiriñaoko ermitara sartu ei zan.
Hurrengo goizean, San Inazio ospatzen joan ziran goiztarrenak, hantxe aurkitu ei eben ha mandazaina, dardar, berbartu eta guzti sustosartuaren sustosartuaz, baina bizirik.”




Oharrak


Zeanuriko baselizak

Zeanurik bi parrokia ditu gaur egun (Andra Mari eta Ipiñako Santiago) eta 19 baseliza. Elurretako Ama da goren dagoan baselizea. Ezagunetan, San Miguel, bi baseliza dituena.

Zeanuri eta Arratiako baselizez gehiago jakiteko

Arratiako Elizaren webgunean aurkituko dozu: www.arratia.tk
Astero barritzen da.

Ihazko argazkiak





No hay comentarios: