Urte barria estreinatzen gabiz. Gabon giroan oraindino, Bakearen Mundu eguna ospatzen, eta bedeinkapen eta asmo onen eguna. Bedeinkapena asmo hutsetatik harago doa.
Alde batetik Jainkoaren bedeinkapena jaso. Maitasunez beteriko bere aurpegiak gurea argitu dagian bere bakeaz. Hain beharrezko, hain urrun dogun bake hori, gure herrian, mundu osoan zehar. Bakezale izan bakegile izan. Gure buruagaz, familian, urreko eta urrunekoekaz, erlijioagaz. Bakean Jainkoagaz, Jainkoaren bakea gure artean.
Eta Jainkoa bedeinkatu. Orain arte bizi izan dogunagaitik eta etorri datorkigun urte barriagaitik. Aukera barriak, asmo barriak… Gugaz ona izan dalako. Gu ere, gure parrokia ere, bere bedeinkapena izan dadila gure senideenganako, gure inguruan eta herrian.
Gabon giroan jarraitzen dogu. Etxeko giroa, senide artekoa, maitasuna, samurtasuna. Giro gozo eta bero hori laster doa. Jainkoaren samurtasuna guganako hor egongo da, urte guztian zehar. Belengo umetxoarengan ikusi eta gozatu doguna, hori hor dago.
Horrek argi egingo dausku kaleko koloredun argi guztiak amata ostean. Horrek berba egingo dausku, gabon kanta guztiak isildu arren. Horrek gure denpora eta ogia banatzera dei egingo dausku, otordu eta bankateak amaitu ta gero. Horrek pobreenganako alkartasun deia egingo dausku egunotako kanpainak eta ekimenak eta maratoi solidarioak amaitu ostean.
Jainkoak bedeinkatu gagizala. Jainkoa bedeinkatu dagigula. Berbaz eta egitez.
Jose Mari Kortazar
No hay comentarios:
Publicar un comentario