Abenduko izarrak

jueves, 2 de abril de 2015

Norbera maitatu: Rufino Iraola

Errore izugarria da norberaganako maitasuna egoismoarekin nahastea, idazten dau Rufino Iraolak bere blogean.
 
Gaur, Ostegun Santu, maitasunaren eguna: «Maita ezazue elkar, nik maite izan zaituztedan bezala». Baina susmoak ditut, susmo txarrak, Maisuaren gomendio hori ez ote den gaizki interpretatu. Hurkoa maitatzeko lehenengo baldintza ez al da nork bere burua maitatzea? Izan ere, bere burua maite ez duenak nekez maitatuko du beste inor. Beste era batean esanda, norberagandik hasten da lagun hurkoa.

Nazareteko maisuak, beste maisu handi askok bezalaxe, arrazoi zuen. Maitasuna da existentzia ahalbideratzen duen jakinduria eta eboluzio-prozesua bultzatzen duena. Esan genezake den guztiaren batasun-espresioa eta dena sendatzen duen ukendua dela maitasuna. Dena bat eta denok bat gara maitasunari esker. Kontzientzia (testigu izatea) eta maitasuna bat dira gaurko jakintsu askorentzat.

Baina erlijioa zer moduz konpondu da norberaganako maitasunarekin? Horretara nindoan “susmo txarrak” aipatu dudanean. Eliz aginteak gauza arriskutsu eta arintzat hartu izan ditu amorea eta umorea. Nahiago izan ditu “seriotasuna” eta solemnitatea, aurreko biak serioak eta garrantzitsuak ez balira bezala. Adibidez, Umberto Ecoren “Il nome della rosa” nobela bikainean ederki azaltzen da “barreari” buruzko liburu batek zer ondorio izaten dituen, Erdi Aroan, abadia batean. Exajeratua dirudi, baina metafora ona da eliz agintarien portaera asko adierazteko.

Hala zioen Tolstoi-k ere: «Zenbat eta tontoagoa izan gauza bat, eta sarritan ez-morala, orduan eta solemnitate handiagoz inguratzen da».“Betebehar erlijiosoak konplitzea eta goikoari obeditzea dira garrantzitsuak, maitasuna bigarren planoan utzita”. Beraz, arrazoi nuen amodioari errezeloz begiratu izan zaiola esan dudanean. Hots, “Amodio eta plazerik ez, penitentzia eta norbere ukazioa baizik”.

Gaurko psikologiak eta psikologoek diotenez, errore izugarria da norberaganako maitasuna egoismoarekin nahastea, eta, nik uste, hori egon dela (eta agian dagoela oraindik) eliz agintari askoren buruan. Bestela ez da ulertzen, erlijioa nola asoziatu izan den sakrifizioarekin, errepresioarekin, oinazearekin… plazer eta atsegin bide zen guztia kondenaturik, geroko gero zoriontsuaren izenean. Horrek ekarri du, maiz asko, moral bikoitzaren afera eta hipokresiaren problema.

Azkenik, maitatua izatearen esperientziatik dator maitatzeko gaitasuna. Maitatua izan ez dena “triku” bilakatzen da: bere baitan kiribildu eta, beldurraren beldurrez, arantzak erakusten ditu kanpo aldera.

No hay comentarios: