Hona parabola musikatuen sortako bostgarren alea:
Eska ta emango zaizu
deitu ta irekiko
bila ta aurkituko
Jainkoa maitasun delako!
Bidaia baten ondoren
norbait badatorkigu
ta eskeintzeko ezer gabe
ustekabean hartu,
gauerdian izan arren
zerbait egingo dugu,
ogi bat emango digun
lagun bati eskatu.
Lagunak esanagaitik
dela oso berandu,
aspergabe ekin eta
egingo da altxatu.
Gau horretan, ahaleginez,
egin zaitez lehiatu,
ta haserre egonagaitik
lagun egingo dizu.
Gizonok, gaizto izanik,
lagunduten badugu,
nola ez maite gaituen
Jainko Aitak gu zaindu.
Zeren bila dabilenak
egiten du aurkitu,
ta deika ibiliari
noiz ez zaio zabaldu?
Kantaria: Juanjo Elezkano
Kanta egilea: Nestor Gallego
Bideoa: Iker Barrutieta
Ebanjelioa (Lk 11,5-8)
Gero, Jesusek esan zien: «Eman dezagun zuetako batek adiskide bat duela eta gauerdian datorkiola, esanez: “Adiskidea, emazkidak hiru ogi, bihurtuko ditiat eta; lagun bat etorri zaidak bidaian eta ez zeukaat ezer eskaintzeko”. Eman dezagun besteak barrutik erantzuten diola: “Utz nazak bakean, atea itxia zegok eta haurrak eta neu oheratuak; ezin naitekek ematera jaiki”. Hona nik esan: Adiskidea duelako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jaiki eta eman egingo dio behar duena.
«Hauxe esaten dizuet, beraz: Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue.
Zeren eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitu, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio.
«Ba ote da zuen artean aitarik, semeak
arraina eskatu eta arrainaren ordez sugea emango dionik? Edo arrautza eskatu eta eskorpioia emango dionik? Beraz, zuek, gaiztoak izanik, seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez areago ez die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei?»
No hay comentarios:
Publicar un comentario