Abenduko izarrak

sábado, 10 de agosto de 2024

San Lorentzo: Arteaga, Errigoiti, Muxika, Gernika...

Arteagako Lorentzo Deunaren baseliza
 
Jai honetarako liturgia lagungarriak euskeraz.

Irakurgaiak euskeraz.  

Santuaren bizitza.

Abuztuaren 10a. Mezak Maume, Muxika: Metxike, Errigoiti; Lurgorri, Gernika; Arteaga...

 

 SARRERA



              Senideok: Lorentzo santuaren jaia ospatzen dogu gaur, pozik eta alaitasun handiz ospatu ere, Eliza osoarekin bat eginik. Diakono honek zintzo egin eban Ebanjelioko bidea, eta Jainkoarekin bizi da betiereko zorionean.  Santuek argi egiten deuskue bizitzako bideetan eta laguntzaile ditugu eguneroko une gatxetan. Ospatu daigun, bada, fede handiz eta esker onez Lorentzo santuaren oroipen pozgarria, gaur bere Otzerinmendiko ermitean.

V/.         Goretsi daigun Jauna

              eta danok batera bedeinkatu daigun Haren izena.

R/.         Bedeinkatua Zu, Jauna,

              orain eta beti.




Damu-otoitza



Ospakizun honen hasieratik

jarri gaitezen, senideok, Jaunaren aurrean.

Berak deitu gaitu gaur elkartean jai hau ospatzera,

eta batzarraren erdian dogu Bera geurekin.

Biziaren Hitza eta Ogia emongo deuskuz,

eguneroko bidean argi eta indar izan dagizuzan.

Eskatu deiogun aurrena geure pekatuen parkamena. (Isilunea).


-       Jesus Jauna, Zugan sinesten dabenen indar zaituguna: Erruki, Jauna.

-       Jesus Jauna, zure jarraitzaileen itxaropen zareana: Kristo, erruki.

-       Jesus Jauna, Zugan bizi diranei betiko bizia emoten deutsezuna: Erruki, Jauna.

              Erruki dakigula...



OTOITZA



Zure maitasunaren garrak, Jauna,

zure zerbitzari leial eta martiri ospetsu

egin eban Lorentzo diakonu santua;

egizu, maita daigula harek maite ebana,

eta bete daiguzala harek erakutsiak.

Zure Seme Jesukristo gure Jaunaren bitartez.




IRAKURGAIAK



San Lontzo, Otzerinmendi, Zeanuri
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako bigarren gutunetik
2 Ko 9, 6-10

Senideok: Izan kontuan urri ereiten dauanak urri batzen dauala, eta oparo ereiten dauanak batu ere oparo batzen dauala. Emon begi bakotxak bere kontzientzian erabagi dauana, baina ez gogo txarrez eta behartuta lez, alai emoten dauana maite dau-eta Jainkoak.
Eta ahaltsua da Jainkoa era guztietako dohaiez zuek beteteko, zeuentzat danetik nahikoa izanik, egintza on guztietarako ugari izan dagizuen, Liburu Santuak dinoan lez:
«Esku betean emoten deutse behartsuei,
haren eskuzabalak betiko dirau».

Ereiteko hazia eta jateko ogia emoten dituan Jainkoak emongo deutsue hazia, ugarituko dau zuek ereindakoa eta oparo gehituko ditu zuen eskuzabaltasunaren emoitzak.

Salmoa



Sal 111, 1-2. 5-6. 7-8. 9

R/. Zorionekoa errukitu eta emon egiten dauan gizona.

Zorionekoa Jaunari begirunea deutsana,
haren aginduak biziro maite dituana.
Ahaltsua izango da lurraldean haren jatorria,
bedeinkatua zuzenen ondorea. R/.

Pertsona onak errukitu eta emon egiten dau,
eta zuzen atontzen ditu bere arazoak.
ez dau inoiz koloka egingo;
zintzoaren oroitzapenak beti bizirik dau iraungo. R/.

Ez dau barri txarren bildurrik,
sendo dau bihotza, Jaunaz fidaturik.
Seguru dau bihotza, bildur barik;
azkenean, arerioen porrota ikusiko dau. R/.

Esku betean emoten deutse behartsuei,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau:

ohorez jasoko dau ahalmena. R/.

Ebanjelioa



Nire zerbitzari egiten dana, goratuko dau nire Aitak.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
Jn 12, 24-26 



Aldi haretan, Jeusek esan eutsen ikasleei: «Gari-alea, lurrean jausi eta hilten ez bada, bera bakarrik gelditzen da; baina, hilten bada, frutu asko emoten dau. Bere bizia maite dauanak galdu egingo dau; baina mundu honetan bere bizia gitxiesten dauanak betiko bizirako gordeko dau. Nire zerbitzari izan gura dauanak, jarraitu beist eta, Ni nagoan tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dana ohoratu egingo dau Aitak».


San Lontzo, Murtaraz, Bedia




Jainko-herriaren otoitza



              Senideok: Eskatu eta emongo jakula esan deusku Jesusek. Aurkeztu deioguzan, bada, geure eskariak Jainko Aitari, Lorentzo santua otoitzean lagun dogula.


-       Eliza osoarentzat: Santuen oroipenak sinesmenean zintzo irauten eta maitasunean gogotsu bizitzen lagun deiskun, eskatu deiogun Jaunari.

-       Gure auzo eta kofradiaren alde eta bertan bizi garean guztion alde: gazte eta heldu, haur eta gurasoentzat; familientzat; herri-agintari, elkarte eta gizarte-erakunde guztientzat, eskatu deiogun Jaunari.

-       Gure auzoko-kristau elkartearen alde: gure fedea pozik bizi deigun eta familietan nahiz eskola eta beste azalpen guztietan fede hori haur eta gazteei egoki adierazten jakin deigun, eskatu deiogun Jaunari.


-       Gure artean nahiz edonon sufritzen eta oinazetan dagozenen alde; gaixorik eta larrialdian aurkitzen diranen alde, eskatu deiogun Jaunari.


-       Ospakizun honetan batuta gagozenon alde: Lorentzo santuaren jai honek batasunean eta elkar maitasunean aurrera eragin gaizan, eskatu deiogun Jaunari.


              Onartu, Jainko Aita, zeure herriaren eskariak: isuri egizu guregan eta mundu osoarengan zure maitasun Espiritua. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.



OTOITZA



Onartu Jauna Lorentzo diakono santua ospatzerakoan aurkezten deutsuguzan opariok. Egizu gure zorion eta salbamenerako izan daitezela. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.



OTOITZA



Ospatu barri dogun Eukaristia honek, Lorentzo santu eta diakonoaren jai egun honetan, zure salbamen asmoan sendoago irauten lagundu deigula egizu. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.





Bizitza



Lorentzo santua Huescan jaioa zan II. gizaldian. Erromako Eleizan ziran zazpi diakonuen arteko bat dogu. Hango kristau alkarteak aukeratu eban gazte zintzo hau euren ondasunen laguntza behartsuen artean banatzeko.

Sixto Aita Santuaren konfiantzazko kristau agertzen da; eta bere hurrengo, eragin gehien dauana kristau herrian. Dudan barik, Lorentzo da Eleizako lehenengo martiririk ezagunena, bere martiritzako zertzelada gehien ezagutzen doguzana.


Bere jaiotzako eta gaztaroko barri askorik ez jaku heldu, bai bere martiritzakoak. Bere azken urteetako erakutsiak jakitea nahiko da, aurreko bizitzaldian zer nolakoa izan eitekean barruntatzeko. Hueskan jaio, Erromara joan eta gorengo mailako eleiz-ardurea eskuratu... Ez da gauerdiko ahuntzaren eztula. Prudentzio historiagileak agertzen deuskuz ederto asko bere nortasunaren aldedi batzuk: “Bera zan zazpi gizasemeen artean lehenengoa aldare inguruan; eleiz-bidean haundi eta bere lagunak baino dizdiratsuagoa. Bere eskuan egozan ondasun sakratuen giltzak, eta berak banatuten ebazan «Jainkozko ondasunak»”.


Bera zan “Aita Santuaren diakonua”. Aldi gogorrak benetan Erroma aldeko kristauentzat. Agintarien ardura bakarra zan: Kristauak, ahal ziran guztiak, garbitu, euren ondasunakaz jabetzeko.


Sixto bere lagun haundiaren martiritzaren ostean, Lorentzori eskua ezarri eutsoen, agintarien ustezko Eleizako ondasunakaz jabetuteko asmoz: “Emoidazuz Eleizako ondasun guztiak”, agintariaren erronka. Eta Lorentzok: “Zatoz bihar eta danak  zeureak izango dozuz”. Euren arteko pobre, gaixo eta errukarri guztiak batu, eta badinotso: “Honexeek dira gure ondasuna. Hor daukazuz”. Eta agintariak: “Adarjote hau ondo ordainduko deustazu”. Eta agindu zorrotza emoten dau: “Ixiotu sugar haundi bat eta erre bertan pizti bat lez”. Eta Lorentzok parrila gainetik: “Alderdi honetatik ondo erreta nago, jira naizu beste aldera eta erre eta jan”.


258. urtean hil zan.
(Bizitza hau bidean.net webgunetik hartu dogu)



San Lontzo, Bedia

 

Zeanuri: San Lorenzo de Otzerinmendi

Dima: Baltzolako San Lorentzo ermitea

No hay comentarios: