Askatu hegoak II

domingo, 15 de marzo de 2026

SinesGune Kristau euskaldun bidelagunak


Estibalizeko batzarrean parte hartu daben Bermeo eta Mundakako lagunak

Gaur ospatu da Estibalizeko Santutegian Loiolako batzarraren jarraipenea izan dan lan eguna. Talde izena aukeratu da: SinesGune. Kristau euskaldun bdelagunak. Goizean, izena aukeratu aurretik, “Kristau argitan euskaldun, gaur eta geroko eginbidean” gogoeta aurkeztu dau Jon Mentxakatorrek. Lan sakona, trinkoa, aberasgarria.


Bazkariaren ostean, bizipen batzuen barri partekatu eta hurrengo hitzordua jarri da: urriaren 17an, zapatua. Batzordeak esango deusku non, lantzeko gaia eta dinamika.

Eukaristia ospatuz, Koldo Katxo jesuitea buru zela, amaitu da topaketa aberasgarri hau.

Jarraian, partelatu diren gogoeta batzuen zatitxoak, kronika hau luzeegia ez egitearren.

Amaitzeko eskerrik asko antolatzaileei, egin daben beharragaitik hau guzti hau martxan jartzeko.


Partekatu diren gogoeta batzuk

Eskerrak bihotz bihotzetik gutun idazleari.
Errealitatea aztertzen du, behaketa sakon bat egiten du, eta bizitzarako beharrezkoak diren
elementuak ematen ditu, pertsona ororen bizitzarako, nornahi dela ere eta nonnahi dagoela
ere:

euskera; fedea; kultura; misterioa; transzendentzia; tradizioa; mistizismoa, elementu hauek
etengabe presente dagoen "iturri" hitzaz inguratuta. Or.11,16&2 Ebanjelioa ez da agortu,
haren iturria ez baita mundu honetakoa.

Maite Iratzoki

Bainan zertan, Norengan dugu ESPERANTZA ?
Premiazkoena. Jainkoak maite duela jendea hau ahantzezina dela guretzat
kristau bagira .
Atxik dezagun fedearen argitxoa pizturik.

Eta, Peguy idazleak zion bezala, « esperantzaren neska ttikiak » argi hori
eskain diezola Herri huni eta munduari, baitu beharra.
« Ebanjelioa ez da agortu, haren iturria ez baita honetakoa.
Zorionekoa zu, beraz, altxor handi baten jabe baitzara »
Zure azken hitz horrekin bukatuko dut hortan sinesten baitut finki, eta besteek ere
jasta dezaten hortarik amesten aspaldian.

Graxi Solorzano

Argiguneak Jon Mentxakatorreren testuan

1. Euskal Herrian euskaldun eta kristau fededun izatearen errealitatearen
deskribapena:
a. gutxiengoa izatea
b. ez fama onekoa
c. tradizioaren etenaldia.
2. Esku artean dugun altxorraren kontzientzia.
3. Badugu zerbait inportante eskaintzeko gure garaikideei eta hurrengo
belaunaldiei.
4. Gure une historiko hau oso egokia izan daiteke benetako kristau fedean
sakontzeko: “euskaldun fededun izateko inolako beharrizan edo irabazi
mundutarrik ez dagoenean, haren presentziaren arrazoi bakarra da:
Jesukristoren bizipena (2.)
5. Ilustrazio aurreko eta osteko tradizioak aurrez aurre jarri beharrean, modu
kritikoan uztartzea. Testuinguru horretan, antropologia birpentsatzearen
beharra –amaitu gabeko solasaldietako bat (3. or).
6. Garai guztiak zailak izan dira. Gure garai honek aukera paregabea ematen
digu fedean sakontzeko (baita gure identitate kulturala garatzeko aukera ere).
7. Garai guztiak zailak izan dira. Beste une historiko latz batzuetan zer eredu
iradokitzaile izan dugun ikertzea interesgarria da.
8. Sakratutasunarekiko sentiberatasuna eta espiritualtasuna jorratzeko beharra.
9. Erronka iradokitzailea: Euskal Herrian eta Euskal Herritik jorratzea teologia,
mistika eta etika.

Luzio Uriarte

Bestetik, zail egiten zait irudikatzea Euskal Eliza moduan aparte "borroka" egitea. Esan bezala, fededunok oro har oso gutxi  gara, gutxiengo  handian gaude. Eta bertan  euskaldun fededunok gutxiengoaren gutxiengoa. 
Zelan  egin, beraz, lan? Gure inguruko eliza osoarekin ( euskal elizbarrutiak) batera  ala gure kabuz? Badago  erdiko biderik?

Eta euskararen aldetik,  ba al dago beste euskaltzale batzuekin,  sinistedunak izan zein ez, indarrak batzeko aukerarik?
Izan daiteke bide bat beste  euskaltzale batzuekin  batera kausa baten alde lanean aritzearekin batera ebanjelizatze-lana egitea  eta hautsitako zubiak berreraikitzen hastea?

Gauza gehiago adierazi nahiko nituzke, baina momentuz hauxe da idatzi ahal dudana.
Izan bedi larunbat betea lanerako eta senidetasunerako. 

Aitor Etxebarria 

FEDE BIZIPENAK PARTEKATZEKO PROPOSAMENA

2026ko martxoa

1. Proposamenaren testuingurua
Kristau fedea –oro har, fede erlijioso oro– bizipen bati lotzen zaio. Bizipen hori
falta bada, ideien arkeologia egin dezakegu, baina ez dago erlijio bizirik.
Kristautasuna pertsonaren bizipenean errotzen eta mamitzen da eta ez
teologoen gogoetetan; gogoeta horiek soilik baliotsuak izango dira pertsonaren
bizipenei mesede egiten badie. Dogmek ez dute kristautasunaren bizipena
ziurtatzen; dogmak bizipenen zerbitzuan daude, eta ez alderantziz. Jakina,
pertsonaren bizipena ez da nahikoa esateko kristau bizipena dagoenik, baina
pertsonaren bizipena ezean ez dago kristau federik.
Bizipen pertsonalak pertsonaren narrazioan azaltzen dira. Bizipenak pentsatu
baino lehenago, baino gehiago narratzen dira. Egia da narrazioa beti mugatua
izango dela baina pertsonaren bizipen sakonak komunikatzeko zubia da,
pertsonen subjektibotasunak komunikazioan jartzen dituen zubia.
Bide batez, beharbada interesgarria da ohartaraztea ebanjelioetako testuen
helburua ez dela historia (zentzu zientifikoan eta gaur egun ulertzen dugun
bezala) kontatzea, baizik eta istorioak narratzea; istorio horiek dira, azken
batean, bizipen pertsonal sakonen narrazioak.
Edozein narrazio beti testuinguru kultural batean egiten da eta testuinguru
kultural horretan ulertzen da. Besteak beste, horrek esan nahi du kristau
belaunaldi bakoitzak bere ebanjelio-narrazioa egin behar duela, inoiz pentsatu
gabe Ebanjelioa narrazio batean (kultura batean kokatuta dagoen narrazioan)
agortzen denik.
Gaurko kristau euskaradunak oso testuinguru berezi batean bizi gara –hala ere,
konturatu gaitezen testuinguru kultural oro bitxia dela. Testuinguru kulturala eta
haren joerak ez dira inoiz ere aukeratzen, errealitatearen datuak dira; kontua da
pertsona nola kokatzen den testuinguru horretan. Hori horrela, oso galdera
interesgarria da ondorengoa: gaurko kristau eta euskaradunen fedea zer
nolakoa da?; zer argitasun ditu?; zer iluntasun?; zer alaitasun?; zer
sufrimendu?... Gaurko kristau euskaradunen bizipenean ebanjelioa gertatzen
ari da, inkulturatzen ari da, oratzen ari da. Baina hori nola gertatzen den eta
horretan zer gertatzen den jakiteko, ez galdetu teologoei, ez soziologoei, ez
adituei, soilik bizipen hori duen jendeak erantzun baitezake, hots, beste askoren
artean, guk geuk.
Beharbada, bizipenak narratzea zer den deskribatzea komenigarria da. Hemen,
tratatu bat egin gabe, narrazioaren zenbait ezaugarri aletzea lagungarria izan
daiteke:
- Narrazio interesgarriak dira pertsonaren erraiak ukitzen (aztoratzen,
mugitzen, larritzen, alaitzen…) dituztenak.
- Subjektibotasunaren isla da narrazioa, hots, gertakari (egoera…)
esanguratsu bat pertsonak nola bizi (izan) duen.
- Gehienbat, sentimenduak, emozioak, oro har, bizipenak dira narratzen
direnak.

2
- Bizipenak narratzea ez da gogoeta egitea; gogoeta egitea zilegi da eta
komenigarria, baina beste kontu bat da.
- Bizipenak bizipen dira eta ez dira juzkatzen.
- Bizipenak narratzeko ez dago eredu bakar bat; pertsona bakoitzak berea
aurkitu behar du.
- Bizipenaren narrazioa oso subjektiboa izan arren, ahalegina egiten du
besteek (entzuten dutenek) ulertu ahal izateko.
- Bizipenen narrazioa soilik konfiantzazko giro batean egin daiteke.
2. Proposamenaren helburua
Gure taldean –oraindik izengabekoa– biltzen garenok kristauak gara eta
euskaradunak eta bata –kristau izatea– zein bestea –euskaraduna izatea–
estimu handian dugu, baina badakigu –esperimentatzen dugu– batak zein
besteak ur harrotuetan nabigatzen dutela –jitoan daudela esatera ausartuko
nintzateke–. Testuinguru horretan, denetariko bizipen sakonak izango dira, nork
bereak, baina, aldi berean, testuinguru partekatu batean kokatuta.
Hori guztia dela eta, ekimenaren helburua soila da (soila baina sakona eta
hauspo handikoa):
Gure euskaradun izaeran, gure fede bizipenak partekatzea.
Zer emaitza espero dezakegu helburu horretatik?
1) Nork bere fede bizipen sakonei hitz jartzea, nahiz eta totelka izan
2) Besteen fede bizipenetatik edatea
3) Elkarri adore ematea ez etsitzeko gaurko gure baldintzetan
4) Kontzientzia partekatua aberastea eta zabaltzea (edo beste modu
batean esatera, tradizio bat egiten laguntzea)
5) …
3. Nola eratu proposamena
3.1. Foku bat aukeratzea topaketa bakoitzeko.
Zer da fokua? Gure testuinguru kulturalak fede pertsonalari hainbat
bizipen sakon eta ziragarri eragiten dizkio. Bizipen horiek galdera moduan
jarri daitezke: Zein da zure otoitzaren esperientzia? Nola bizi duzu Eliza?
Zure bizitzan izan den fede-bizipenik argiena? Zein da zure fede
bizipenean ziurtasun argiena? Zein da zure fede bizipenean arrakalarik
handiena? Nola bizi duzu muturreko gutxiengoa izatea?...
Galdera horiek guztiak adibideak baino ez dira. Horietako bakoitzak foku
bat seinalatzen du.
Kontua izango litzateke foku bat aukeratzea topaketa bakoitzeko.
Aukeratutako fokua edozein dela ere, ziur aski guztiok izango dugu
bizipenen bat horri lotuta.
3.2. Fokua aukeratu eta gero, foku horrekin lotuta testu iradokitzaile bat
bilatzea eta banatzea.
Testu hau hurrengo topaketa baino lehenago bidaliko litzaike partaideei,
aldez aurretik irakurri ahal izateko. Testuak ezaugarri hauek izan beharko
lituzke:
- Labur samarra izatea (bizpahiru orrikoa).
- Euskaraz emango genuke. Jatorrizko testua beste hizkuntza
batean balego, itzuli egin beharko genuke.
- Aukeratutako fokuari modu argian lotua.

3
- Bizipena(k) gaztigatu behar ditu eta ez ideiak edo
planteamenduak. Testua ez da berez gogoeta teologikoa,
bizipen pertsonalaren komunikazioa baizik.
- Iradokitzailea eta, neurri batean, probokatzailea.

3.3. Partekatzea talde txikian
Taldeak bost eta zazpi tarteko kidekoak izan daitezke.
Taldeak ausaz osatu daitezke (edo agian beste modu batean).
Taldeko bileraren hasieran komenigarria da helburua eta dinamika
gogoratzea (beharbada, talde bakoitzean dinamizatzaile bat egotea
komenigarria izan liteke).
Lehenengo pausoan, bidalitako testua irakur daiteke; taldeko baten batek
irakur dezake guztientzat.
Bigarrenean, galdetu daiteke ea ondo ulertzen den, edo zerbait argitu
behar den.
Hirugarrenean, partaide bakoitzak aukeratzen du ideia bat (esaldi bat,
paragrafo bat) bereziki iradokitzailea iruditzen zaiona. Azaldu dezake
laburki zergatik iruditzen zaion esanguratsua.
Azkenean, nahi duenak partekatu dezake zein den bere bizipena gai
honetaz. Parte hau oso librea da. Baten batek nahiago du isilik egotea,
besteren batek esaldi bat aukeratu dezake bere bizipena partekatzeko,
besteren batek fokua bere osotasunean… Ez da ezer adostu behar. Inoiz
ere ez da ezer eztabaidatu behar. Dinamika honen helburua ez da egia
identifikatzea. Soilik entzutea.
Talde osoaren aurrean zerbait partekatu daiteke? Pentsatu beharko
genuke

Bermeo eta Gernikan aurkeztu da egunotan Fededun euskaldunen biltzarra


Bermeoko aurkezpenaren argazkia eta Gernikako berbaldiaren laburpena. Bermeon, bide batez, "HEMEN aleak" izeneko aldizkaria be aurkeztu eta zabaldu da.

Fededun euskaldunen edo euskaldun fededunen taldea

Arrasti on San Bartolome elizan alkartu zarien guztioi!

Agurtzane Mallona naz, mungiarra eta Jose Mari Kortazarrek gonbidatuta natortzue sortzekotan dan talde baten barri emoten.

 

Ez dakit pertsonarik egokiena nazen taldea aurkezteko, saltsa honeetan ibili diren beste asko dagoalako ni baino hoberik. Baina talde honetako batzordean nagoanez tokatu egin jatala esango dot.

 

Joan dan irailaren 13an, 30 pertsonatik gora alkartu ginen Loiolan, euskera, euskal kultura eta kristau fedea zelan josi eta zelan landu gogoan genduala. Euskal Herri osoko jendea batu zan: Nafarroakoak, Iparraldekoak, Arabakoren bat eta Gipuzkoa eta Bizkaikoak. Batzuk aspaldi baten antzeko talde batean ibiliak ziren, Jose Mari Kortazar bera eta beste batzuk. Gehienak laikoak eta hori gogoan hartzekoa da.

 

Alkar aurkeztu ondoren, taldea zeren inguruan sortu edo eratu gura genduan , bakoitzak buruan zer ekarren azaltzen ibili ginen.

Oso argi daukagu ez gatozela inoren lana baztertzera, alderantziz, dagoanaren barri emon eta alkar aberasten baino. Aspaldiko urteotan, baliabide digitalek lagunduta, webgune batzuk sortu dira. Lan ikaragarria egiten da, baina askotan haien barri handirik izan barik geratzen dira. Paperean ere agertzen dira oraindino argitalpen batzuk (Hemen aleak, esaterako). Elizaren inguruan gabiltzanontzat oso lagungarria da hori guztia, baina hori baino urruntxoago heldu gura dogu.

 

Gure asmoa da euskaldunok fedea zelan bizi dogun ezagutzea, euskaldun izateak zer berezitasun emoten deutson gure fedeari aztertzea, gai sakonen bidez, lekukotasunen bidez eta gure bizipenak partekatuz. Ez da langintza makala!

 

Jakina, abade, fraile, moja edo laiko konprometituen kontua bakarrik ez da. Kristau normalak, domeketan edo noizean behin elizara hurreratzen direnengan ere pentsatu dogu, eta fedearen edo kristautasunaren inguruan kezkaren bat dabenengan. Fedea bizitzeko beste bide batzuk urratu beharra ikusten dogu, alkarregaz egon eta daukaguna ospatu beharra ere bai.

 

Halan ba, zelako gaiak jorratu eta zer formatu izan leitekean egokia pentsatu eta hasierako pausoak emoteko, borondatezkoen batzorde bat eratu zan, bost pertsonakoa. Gure lehenengo lana izango da taldeari izen bat emotea, izena daukanak izana ere badaukala gogoratuta. Ondoren, lehenengo noiz alkartu eta zertarako erabagiko dogu. Printzipioz, agindua daukagu martirako asteburu bateko jardunaldia antolatzeko, gai baten inguruan eta bertara hurreratu gura daben guztiekaz ospakizuna egitea. Hiru une garrantzitsu izango leukez jardunaldiak: otoitza (espiritualtasuna), mintegi bat gai baten inguruan (formatua erabagi barik dago oraindino) eta danok batera ospatzea. Mintegian lantzen dana, Hemen aleak argitalpenean argitaratu leiteke. Urtean holako bilera nagusi bi egingo geunkez. Lehenengoa egindakoan ikusiko dogu.

 

Datorren astean alkartuko gara (online) lehenengoz batzordekoak eta emongo doguz lehenengo pausoak izena erabagiteko eta martikoari itxura emoteko (kontatu labur). Batzordekideak nortzuk garan? Koldo Katxo (jesuita), Luzio Uriarte (ADSIS komunitatekoa), Simon López Artetxe (laikoa), Jon Mentxakatorre (EHUko Filosofiako irakaslea), Arantzazu Zulaika (katekista Donostian), Marijoxe Azurtza (laikoa) eta ni neu (laikoa).

 

Nik neuk esan gura deutsuet talde honetan zuentzako tokia badagoala, bakoitzak gura dauan punturaino konprometitu daitekeela eta kristau fedea euskeraz bizitzeko abiapuntu bat dala. Ez da jende jantziarentzat bakarrik, danok daukagu lekua eta danok daukagu zer erakutsia. Edadeak ere ez dauka ardura handirik: jende nagusia, helduak, gazteak, danek dauke lekua eta danetarikoa egotea da onena. Borondatea eta gogoa da inportanteena. Eta zergaitik euskeraz? Gure hizkuntza dalako, gure burua euskeraz antolatuta daukagulako, euskaldun izateak fedeari ekarpena egiten deutsola sinistuta gagozalako.

 

Ez dakit zeuen aldetik galderaren bat dagoan.

 

 




Urriaren lehen astean aurkeztuko da Fededun euskaldunen biltzarra Gernikan eta Bermeon. Erdu!Gernikan urriak 3, baikua, arrastiko 7etan San Bartolome Parrokian

Bermeon urriak 5, domekea 12:30etan (meza ostean) Santa Eufemia Parrokian.

Gernikan,  Agurtzane Mallonak lagunduko deusku. Bera ituzltzailea da lanbidez Deustuko Unibertsitatean eta Liturgia laguntzailea Mungiako parrokian.

Erdu!

Fededun euskaldunen biltzarra Loiolan



Gaur aurkeztu da, Loiolan,Fededun euskaldunen biltzarra.

33 fededun bilatzaile batu gara Loiolako basilikaren gerizpean, gure fede bizipena partekatzeko.

Otoitz txiki bategaz Kepa Aranbarrik girotu dau topaketea.

Ondoren aurkezpen lasai bat. Gehienak laikoak, bost abade err bai, Iparralde, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiatik etorriak.

Kafearen ostean gogoeta hasi da. Arlo ezbardinak landu dira, eta zehaztuteko aukerea bazkal osteko lanaldian burutu da.

Batzorde eragila bat izendatu da boluntarioekaz, eta hurrengo batzarra martxoaren 13-15era izango da, espiritualtasuna, gogoeta eta kultura josiz.

Sarea, foroa, bidez bide, euskal herriko kristauak... izen definitiboa zehaztuteko geratu da, baina jende gehiago gonbidatzeko eta aurrera egiteko asmoagaz.

Jubileroaren ototzagaz amaitu dogu, Peio Ospitalek lagundurik Bake-mina abestuz.

Txalo bero bat Kldo Katxori topaketa hain egoki prestatzeagitik.

Aurkezpenak gure bikaritzan

Talde hoen barri emoteko aurkezpen bi ospatuko dira gurean:

Gernikan, urriaren 3an, barikua, arratsaldeko 7etan, San Bartolome parrokian. Agurtzane Mallonak lagunduko deusku. Bera ituzltzailea da lanbidez Deustuko Unibertsitatean eta Liturgia laguntzailea Mungiako parrokian.

Bermeon, urriaren 5ean, domekea, 12etako meza ostean Santa Eufemia parrokian.





1 comentario:

Anónimo dijo...

Oso batzar mamitsua izan zen, inondik be. Kate luzen baten lehenengo urratsa, espero dezagun. Aurrera!

Kalekume