Monitoreak: Senide maiteok, gabon. Jesusi
une larri honetan lagun egiteko alkartu gara. Heriotza hain gertu ikusteak
danok ikaratzen gaitu. Jesus ere halan egoan atxilotu aurreko une haietan. Une
batez isilune bat egin eta giroan sartuko gara.
Kanta: Izan bake.
(Kandela bat biztuko dogu,
Jesusegaz gagozala eta beragaz batera gagozala beila egiten adierazteko. Ixilik)
Zugaz egon gura dogu gau latz honetan, alkartasun gau
honetan, zuri begiratu, hil aurretik. Itxi eiguzu zure isiltasunak gure arimak
barrura begira jarri daizan, gure aurpegi ilun eta ikaratuok biztu daitezan.
Gau honen sagaratutasuna errespetatu gura dogu, isilik otoitz eginez. Mundu
osoan zehar lorik egingo ez daben milioika lagunen alde otoitz egin nahi dogu,
zoritxarrez, pertsona horreen azken gaua izango dalako: familia osoak izango
dira, kasu askotan, Gazan, Yemenen, Sudanen, Ukrainan eta beste toki askotan.
Zuretzat, maite
izatea dana emotea da; Zure maitasuna ez da ezkutukoa, barneratu ezina. Zeure
burua maitasunez emoten dozu gizateria osoaren alde, ezin zara ezkutuan bizi,
kanpora urteten dozu, harrapatzeko arriskuan egon arren. Burura jatorkuz agurra
emoteko berbak, biguntasun larriz beteak, ordu latza izan arren. Oinak
garbitzeko egin dozun keinuan pentsatzen gagoz: “Zuen esanetara jartzen naz,
maitasunez”. Zuk ondo asko zenkian Zure gorputza saldu eta zauritu egingo
ebela. Gorputz horretatik hartzea dana jasotzea da.
“Munduan ziren beretarrak maite
izanik, bete-betean maitatu zituan”. (Jn 13)
Kanta
Zeure
adiskideekin pasatu zenduzan azken ordu intimo horreetan, Zure maitasunaren
azken proba emon gura izan zeuntsen. Maitatzeko ahalmena ia agorturik,
gizateriari eskaini zeuntsazan Zure gorputz-odolak elikagaia izan egiezan.
Azken afarian, Zure karitatezko testamentua itxi zeuskun, Maiatasunaren
Sakramentuagaz batera: testamentu bizi eta argia, Zure umiltasunaren eta
errukiaren adibidea, adiskideei oinak garbitu zeuntsezanean. Hori amaitutakoan,
halan esan zeuntsen: “Ulertu dozue zer egin deutsuedan?”
(Ixilik)
Kanta: Ubi
caritas et amor.
Jesusen arabera, maitasuna geure
burua guztiz emotea da. Guri asko kostatzen jaku, bildur gara lehenengo mundu
honetako segurtasuna eta bizimodu ona galduko ete ditugun. Bestalde, Jesusen
maitasuna ez da ezkutuan geratzen, inorengana heldu barik. Jesusek maitasunez emoten
dau bere burua gizateriaren alde, ezin dau ezkutuan bizi, kanpora urten eta
besteen aurrean agertzen da, nahiz eta harrapatzeko arriskuan egon. Goi mailako
juduek atzamarraz seinalatzen dabe. Gaur egun ere, badira senideen alde euren
burua emoten dabenak, pertsona ahulen eskubideen alde hots egiten dabenak,
laguntzeko, faltsukeriaz eta guzurretan bizi direnak salatzeko. Pertsona
horreek ez dira komunikabideetan agertzen, baina hortxe dagoz, dauken guztia
emoten. Eta nik, zer egiten dot? Dana emoten dot ezer ez daukenen alde?
Bardintasunaren eta alkartasunaren alde lan egiten dot?
(Ixilik)
Zelan
egin ete eutsen agur, azken orduko biguntasun larri horretan? Oinak garbitzean,
halako zerbait esango eutsen: “Ni neu naz eta zuen esku izten dot neure burua, zuei deutsuedan maitasunagatik”. Bazenkian zure
gorputza saldu eta zauritu egingo ebela. Gorputz horretatik hartzea dana
jasotzea zan.
“Eta, apur bat aurreratuta,
lurrean ahuspeztu zan eta, ahal bazan, ordu ha aldendu eitean egin eban otoitz:
‘Aita! Dana dago zure esku, ahal badozu aldendu egizu kaliz hau nigandik. Baina
egin bedi Zeure borondatea, ez nirea’. Itzuli zan eta apostoluak lotan
aurkituta, esan eutson Pedrori: ‘Simon, lotan zagoz? Ezin izan dozu beilan egon
ordubete ere?’” (Mt 26, 35-42) Jesusek Getsemanin sentitu eban bildurra geuk ere
egunero sentitzen dogu: bildur bete-betean bizitzeko, guk geure buruari jartzen
deutsaguzan arauei loturik, nahiz eta arauokin ados ez egon beti; sarritan alde
egin gura izaten dogu. Jesusek horretarako badauka tresna bat: otoitza. Dana
jartzen dau Aitaren eskuetan, zintzo jokatzen dau Haregaz.
Kanta: Zure
kalizak bat gaitu egin.
Jauna,
eskerrik asko gugaz geratu zaralako. Oraindino ez dogu guztiz ulertu zer egin
zenduan gau hartan, baina Zugan sinesten dogu. Argia, indarra, maitasuna zara.
Gaua izan arren, argi egiten deuskuzu. Gau santu honetan, ahul sentitzen dozu
gorputza. Hala eta guztiz ere, indarra emoten deuskuzu, alkar maitatzeko esaten
deuskuzu, baina zeuk maite izan gaituzu lehenengo eta behin. Ez daukagu
ahaztuta asko dirala gaur eta egun guztietan bakarrik sentitzen diranak:
gaixoak, sufritzen dabenak, justizia dala eta jazarriak, seme-alabei jaten emon
ezin deutsenak, boteretsuen gerra sufritzen dabenak… Horreek guztiok euren
“Getsemania” bizi dabe. Ondo dakizu Zuk, bakoitzaren bizitzan eta ondoan
zagozalako. Horregaitik, geuk ere eurekaz bat egin gura dogu.
(Ixilik)
Kanta: Gurekin egon.
Barriro ere
aldendu eta otoitz egiten eban eta berba bardinak errepikatu. Itzuli eta
lozorroan aurkitu zituan, begiak handituta. Ez ekien zer erantzun. Eta hau esan
eutsen: ‘Egin lo eta hartu atseden. Nahikoa da! Heldu da nire ordua. Gizonaren
Semea pekatarien eskuetan itxiko dabe. Jagi zaiteze, goazen! Hurbil dago
salduko nauana’” (Mt 26, 43-46). Zenbat persona itxi doguz bertan behera,
salduta, miserian, saminean, irainduta?
(Ixilik)
Kanta: Bihotz garbia gugan sortu
Heldu
da zirt edo zart egiteko unea, geratu edo ihes egitekoa. Gizakiok egingo ez
geunkeana egin dau Jainko gizon eginak: geratu eta atxilotzen itxi. Bihotzetik
darion maitasuna da, ausardia eta itxaropen bihurtua, baina ez dau etsi.
Jesusek onartu egin dau Aitaren nahia eta konfiantzaz egin deutso aurre. Zer
egin behar dogu guk halako konfiantza izateko, bihotzetik bihotzerako lotura
hori lortzeko eta Jaunaren asmoak ulertzeko, ihesik ez egiteko zentzua eta
indarra izateko, aurrera jarraitzeko, jakinik gure babesik handiena gugaz
dogula?
(Ixilik)
Kanta: Eskerrik asko, Jauna.
Euskeraz: Agurtzane Mallona Legarreta
No hay comentarios:
Publicar un comentario