Páginas

viernes, 29 de marzo de 2024

Laikoak, kristau ospakizunen buru

 

Azken hamarkadetan behera egin du abade kopuruak Bizkaian. Hala ere, kristau komunitateak astero elkartu ahal izateko, 'Jaunaren Eguneko elizkizunak' izeneko otoitzaldiak egiten dituzte mezarik ez duten domeketan. Fededun laiko batek gidatzen ditu, Ibai Mauri Bilbaoren artikulua BERRIA egunkarian.

Atxondok ia 1.400 biztanle eta lau parrokia ditu: San Pedro, Apatamonasterion; San Migel, Arrazolan; San Joan, Axpen; eta San Martin, Martzaan. Aste Santuko egunotan urteko jai nagusiak ospatzen ari dira haietan biltzen diren kristau komunitateak. Baina, gaur egun, ez dago behar beste abade lauretan dagozkien eukaristia, ospakizun eta otoitzaldietan buru izateko. Horregatik, urtero, haietako batean elkartzen dira Eguen, Bariku eta Zapatu santuetan lau komunitateetako kideak. Hala gertatzen da Bizkaiko landa inguruko beste hainbat herritan ere. Urte osoan ibili ohi dira larri abadeak parrokia guztietara ailegatzeko. Ezin dute ziurtatu domekero denetan meza egongo dela, baina bai kristauak elkartuko direla fedea ospatzera. Duela hiru hamarkadatik, Jaunaren Eguneko elizkizunak izeneko otoitzaldiak egiten dituzte abadea joan ezin den Bizkaiko elizetan.

Fededun laiko bat izaten da haien buru; Atxondon, Martzaako San Martin parrokian, Ana Berrizbeitia dabil zeregin horretan duela 23 urtetik hona. Lehenago beste komunitate batzuetan ibili izan da; guztira, 34 urte egin ditu dagoeneko. Berrizen hasi zen, sorterrian. Are gehiago: erretiroa hartu duen arte, Bilboko Elizbarrutian kristau komunitateak sendotzeko zerbitzuaren ardura izan du. Berrizbeitiak Euskal Filologia ikasi zuen, eta irakaskuntzan jardun zuen hasieran, baina, elizbarrutiak eskatuta, Teologia ikasi zuen gero, ardura hauetan hasteko. Joan den zapatu iluntzean hura buru zela ospatu zuten San Martin parrokiako fededunek Erramu domeka. Esaterako, Berrizbeitiak berak bedeinkatu zituen erramuak elizpean, elizara sartu aurretik. Hiriburuan eta herri handietan egiten ari diren ospakizunen aldean, umilagoak dira herri txikietan.

Atxondon eta inguruan abade bi eta laiko bi daude, eta, horri esker, sei parrokiatan hala antolatzen dira: hamabostean behin eukaristia dute abadearekin, eta beste domeketan Jaunaren Eguneko elizkizuna egiten dute, laikoetako bat buru dutela. «Helburua da Jaunaren Eguna kristau batzarrean ospatzea. Kristautasunak elkarte sena Jesusengandik jaso zuen; hori da asteroko kristau batzarraren oinarri nagusia. Hau da, astero kristau batzarra eratu, elkarte sena sendotzeko. Batzarra ez da Jaungoikoa eta ni bakarrik; denok batera elkartea ospatu behar dugu, eskerrak eman».

Hori egiteko modu bat baino gehiago egon daitezke, Berrizbeitiaren esanetan: «Nagusia da eukaristia edo esker oneko otoitz nagusia, Jesusek Eguen Santuan ezarri zuen eredua jarraituta. Baina, esaterako, Amazonian ere beti ospatzen dute asteroko batzarra, nahiz eta abadea urtean behin baino ez zaien joaten. Misio lurraldeetan ohikoa izan da eredu hori». Bizkaian ere, abade eskasiari erantzuteko sortu ziren.

Funtsean, ezberdintasun nagusi bi dituzte mezak eta Jaunaren Eguneko elizkizunak. Batetik, lehenengoan abadea izaten da buru, eta, bigarrenean, laiko bat. Bestetik, egitura aldetik antzekoak dira biak, baina bada salbuespen bat: Jaunaren Eguneko elizkizunetan ez dago eukaristia liturgiarik; hau da, ez dira ogia eta ardoa sagaratzen. Ospakizun horien buru egiten duten laikoek, bada, abadeak mezatan sagaratuta utzi diena banatzen dute jaunartzeko sasoian. Mezak dituen gainontzeko atal guztiak modu berean egiten dituzte, tokian toki egokituta. Bilboko Elizbarrutiak eredu proposamen bat egiten die; web orrian izaten dute eskura.

«Jesusek bere garaiko kultura ikuspegitik utzitako eredua jarraituta, Elizak esaten du sagaratzea abadeak egin behar duela. Eta abade izateko eredu baten arabera, gainera», azaldu du Berrizbeitiak. Ez dago ados erabaki horrekin. «Eredu hori aldatu beharko da; bestela, kontraesanean erori zara: alde batetik, esaten duzu eukaristia kristau bizitzaren oinarria dela, baina, beste aldetik, eukaristia ospatu ezinean zaude». Datozen urteetan arazoa larriagoa izango dela iruditzen zaio, gainera.

Ardura berriak

Elkarte batean astero abadea joateko zailtasunak egongo direnean, batzar bat egiten dute elizbarrutiak sustatuta. «Azaltzen diegu zein den egoera, hausnarketa bat egiten dugu denon artean, eta proposamen bat egiten dugu. Kristau elkarte guztietan egoten dira abeslari lanetan edo irakurgaiak irakurtzeaz arduratzen direnak, eta haiei proposatzen zaie elizkizunaren buru izateko. Onartzen badute, formakuntza ematen zaie». Berrizbeitiak zazpi urte egin ditu Bizkaiko parrokietan prestakuntza saio horiek gidatzen. Kristautasunaren oinarrietan sakontzen dute, baina, baita jendaurrean berba egiten ikasi ere. Aitortu du ez dela erraza izaten erronka onartzea.

Berrizbeitia buru izan zen lehen komunitateak berak eskatu zuen ospakizun eredu hau martxan jartzeko. Parte hartu duen gainontzekoetan ere fededunek ondo hartu dutela deritzo. «Ez zait inoiz suertatu berba edo keinu txarrik. ‘Hau gauza berria da, eta ea zelan doan’. Hori bai. Baina kontrako jarrerarik sekula ez». Elorrioko kasua kontatu du: behin, abadeak ezin izan zuen meza ospatzera joan, eta parrokiako fededunen artetik inor ez zen ausartu ospakizunaren buru izatera. Abadeak Berrizbeitiari eskatu zion kargu egiteko. «Egoera zein zen azaldu nien. Esan nien gura bazuten mojen komentuan izango zutela eukaristia. Bost minutu emango nizkiela pentsatzeko parrokian geratu ni buru izango nintzen ospakizunean edo komentura joan mezatara. Ez zen inor joan».

Abadeen aldetik ere ez du jarrera uzkurrik sumatu. «Zein da beste aukera? Elkarteak bertan behera uztea?». Inguruko elizbarruti batzuetan beste lurralde batzuetatik etorritako abadeak dituzte. Horrek badu traba bat: ez dakite euskaraz. «Kristautasunean, Jesusen berri ona leku batean eta kultura batean egin behar da haragi. Nik hori ikusi dut txikitatik Elizan. Euskal Filologia ikasi nuen arren, eskolan ez nuen euskaraz ikasi. Euskara etxean eta elizan zaintzen nuen». Gaur egun, Bilboko Seminarioan badira Latinoamerikako abadegai bat eta Madrilgo bat, eta euskara ikasten ari dira.

Heldutasuna eta boteretzea

Berrizbeitiak azpimarratu du fededunek estimatu egiten dutela bere lana: «Eskertu egiten didate tokatzen zaidanetan hutsik ez egitea». Iruditzen zaio halako komunitate txikietan «kristau sena oso sendoa» dela. Uste du ospakizun eredu honek harrera ona izan badu, Bilboko Elizbarrutiak duela 40 urte apustu «ausarta» egin zuelako izan dela: «Erabaki zuen nork bere kristau bizitzari heldutasun eta burujabetasun bat ematea». Iruditzen zaio Elizan andreak «ahalduntzeko» pauso bat ere izan daitezkeela Jaunaren Eguneko elizkizunak. Gehienetan haiek arduratzen dira. «Gure inguruan 80 urteko jendeak keinu oker bat ere ez du egiten andre bat dagoelako aldarean abadearen ordez. Haien fedearentzat ez dakar arazorik».

Berrizbeitiak ez du abade izan gura. Ez, behintzat, gaur egungo ereduan bada. Iruditzen zaio hori ere aldatu egin beharko litzatekeela. Azaldu du Frantzisko aita santuak bultzatutako sinodoan hasi dutela horren inguruko gogoeta bat. Hala ere, aitortu du bidea luzea izango dela: «Milioika fededun gara, eta bakoitzak gure kultura eta pentsaera dugu. Oso zaila da denok pausoak eman ahal izatea erritmo berean».

Bizkaiko kristau komunitatea txikituz joan da azken urteetan, eta fededunen batez besteko adinak ere gora egin du. «Gure gizartean, gure kultura esparruan —ez da horrela gertatzen munduko beste leku batzuetan—, aldaketa antropologiko itzela gertatzen ari da. Zer sortuko da hemendik? Lokartu barik baina urduritu barik, erne egon beharko dugu», egin du gogoeta. Uste du luze gabe komunitate txiki batzuk desagertu egingo direla. Arriskua handiagoa da landa inguruan, hiriburuan baino. «Bilbon atonduko dira. Handiak eta sendoak garenean, firin-faran. Baina ahul eta makalak garenean... Zorionez, Elizak ahulak zaintzen ditu, eta gizatasun sendoa eskainita».

Edozelan ere, dagoeneko behar baino tenplu gehiago ditu Bilboko Elizbarrutiak. Bilbon, ondare aldetik garrantzi gutxi duten batzuk zarratu ditu. Baina zer egin eliza historiko eta ederrekin? Landa inguruan makina bat dira. Gaur egun, «fededunen eta gizartearen konpromisoari esker» mantentzen dira, ondare diren heinean. «Gizartearen konpromisoa» azpimarratu nahi izan du Berrizbeitiak, erakunde publikoek herritar guztien zergetatik laguntzen dituztelako zaharberritze lanak.

Dena den, ez daki babes horri noiz arte eutsiko zaion. «Badago gizartean jarrera ezkor eta kaskar bat kristautasunari begiratzeko orduan. Ez dira bereizten erlijio sistema eta erlijio bizipena. Ez da esaten: ‘Aitari edo amari entzunda, bazegoen abade zital bat gure herrian, baina, gaur egun, fin begiratzen badut, nortzuk dira nire herriko kristauak: boterearen jarlekuan daude, edo beste joera bat daukate?’. Gizartean ez dut ikusten begirada fin hori». Oraingoz, abade faltaren arazoari topatu diote konponbidea; hurrengo auzia eraikinena izango da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario