Hau artikulua hau! Karmele Jaio DEIAn.
Lagunak zein inportanteak diren. Mirenek dio hori izan dela konfinamendu
honetatik atera duen irakaspen handiena. Gaur geratu da lehen aldiz bere
lagun Ainhoarekin zerbait hartzera terraza batean, eta esan dionez,
egun berezi hauetan ikusi du nor den benetako lagun, konturatu da nor
dagoen bere buruan eta nor ez, nor sentitu duen faltan, nork deitu dion
zer moduz dagoen galdetzeko, nor desagertu den bat batean bere mapatik.
Oso argigarriak izan direla egun hauek, bere bizitzari eta harreman
sareari erradiografia bat egitea bezalakoa izan dela. Den dena ikusi du:
organo osasuntsuak eta oraindik diagnostikatu gabeko orban susmagarriak
baita ere.
Ados
dagoela erantzun dio Ainhoak, baina, bere kasuan, irakasgai nagusia
beste bat izan dela, hau ere laguntasunarekin harremanetan badago ere.
Ainhoa bakarrik bizi da, eta ordu asko egin behar izan ditu azken
hilabeteetan bakardadean. Hasieran bakardade horrek beldurra eman ziola
aitortu dio Mireni, baina gero, poliki-poliki, zerbait gertatu zaiola,
bilakaera moduko bat. Egunetik egunera, bere buruarekin adiskidetzen
joan dela esan dio. Lagun berri bati bezala, zer gustatzen zaion eta zer
ez galdetu diola bere buruari, zer nolakoa izan den bere iragana, ze
gustatuko litzaiokeen etorkizunera begira€ Sekulako hizketaldiak izan
ditugu, aitortu du, eta badakizu? Nire buruaren lagun egin naiz. Lagun
berri bat egin dudala sentitzen dut, esan dio, pozik.
Norberarekin
adiskidetzea besteen benetako lagun izateko beharrezko pausua dela
erantzun dio Mirenek. Norberaren lagun izan ezean, zaila dela besteekin
ere harreman on bat izatea. Bere burua maite ez duenak nekez maite
dezakeela inor, eta arriskutsua bihurtzen dela askotan besteentzako,
bere buruaz gustatzen ez zaizkion guztiak besteengan ikusten hasten
delako. Bere gaitz guztiak aurpegiratzen dizkie besteei.
Bi
hilabetez elkar ikusi gabe, terrazan hartu duten zerbezak bete-beteta
utzi ditu bi lagunak. Ez alkoholez, ez karbonikoz, adiskidetasun
zintzoek ematen duten bakeaz baizik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario