Páginas

domingo, 9 de junio de 2019

Bagilaren 15an egingo da Arratiatik Urkiolarako errogatibea

Lehengo urte bateko errogatibaren kartela
Autobusez, eta Dimatik, Igorretik eta Zeanuritik oinez egiteko aukerea izango da
“Urkiola joan, zapatak urrutu... Aita San Antoniok barriak egingo ditu…” dino kopla zaharrak, eta oinetakoak urrutzeko aukerea be izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek.
 

Bagilearen 15ean, zapatuan, egingo da aurten  Paduako San Antonioren Urkiolako santutegira errogatibea. Tradizinoa jarraituz, San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken urteotan,  Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera. Horretarako, Arratiako Udalen Mankomunitateak lau autobus ipiniko dauz; autobusean joan etorria egiteko edo etortzeko bakarrik bada be, izena emon behar da aste bete lehenago. Dana dala, erromes guztiak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira eta.

 

Oinez Dimatik, Igorretik eta Zeanuritik

Aurten be Arratiatik Urkiolara joateko oinezko ibilaldi gidatuak izango dira Dimatik, Igorretik eta Zeanuritik abiatuz. Dimako plazan goizeko 07:00ean izango da urteerea; Igorren be ordu berean aterako dira San Antonioren ermitatik eta Zeanurin San Antonio txikerraren (plaza ondoan) ermitearen aurretik abiatuko dira,  07:30ean. 

Zeanuri eta Urkiola lotzen dituen ibilbidea orain dela hiru urte seinalizatu zan PR-BI 1  moduan; Joko Alaiko Alkarteko boluntario talde batek seinalizatu eban Zeanuriko Udalaren laguntzeagaz eta errogatiba eguna bide hori erakusteko eta ezagutzera emoteko aprobetxatuko da. PR-a Zeanuriko plazatik abiatzen da, Soloeta eta Makaztui auzuneetatik igaroz, Zumeltzako atsedenlekura zuzentzeko, eta hemendik santutegira dagozan 5,5 kilometroak egiten dira, GR 12 (Euskal Herriko bidezidorra)  ibilbide luzea jarraituz. Martxa normalean, hiru ordu eta hamabost minutuan egin daiteken ibilbidea da. 

Joseba Segura gotzain laguntzailea mezaburu

Antolaketeagaz arduratzen dan parrokia, Areatzakoa da eta aurtengo errogatibearen lemak Bere antz eta irudiko egin gaitu” izenburua daroa.  Joseba Segura Etxezarraga, Bilboko gotzain laguntzailea izango da meza buru; Bittor Garaigordobil gotzain misiolaria hil zanetik, hauxe da lehen aldia gotzain bat bertaratuko dana. Joseba Segurak Arratian ditu zuztarrak, amaren partetik, aitita-amamak Zeanurikoak ziran eta.

Egitarauari jagokonez, hamaikak baino lehentxoago, ongietorria emongo jake oinez, autobusean edo euren kotxeetan Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko usadioa jarraituz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako santutegira, 11:00etan Joseba Segura gotzainak eta Arratiako abadeak emongo daben mezea ospatzeko.

 Meza ostean, eta talde-argazkia egin eta gero, Gorbeialde Landa Garapenerako Alkarteak eta Areatzako Jubilatuen Alkarteak kopau bat eskainiko deutsee Urkiolara hurreratzen diran arratiarrei. Ekitaldi honegaz  egitarauari amaierea emongo jako eta Autobusean etorritakoak 13:00etan euren herrietara itzuliko dira.


Aurten be argazki lehiaketea izango da. Zulaibar Lanbide Ikastegiak antolatu dau, Arratiako herriak Urkiolara egiten daben errogatibea gai moduan hartuta. Gaiagaz zerikusia daukan edozein argazki aurkeztu ahal izango da, balio antropologikoa, etnografikoa, erlijiosoa edo naturalistikoa euki daikena. Irabazleak 200 euroko balioa izango dauan saria eroango dau, Arratiako Merkatarien Elkarteko edozein denda edo zerbitzutan gastatu ahal izango dan bonoa. Argazkiak emailez edo postaz bialdu ahal izango dira honako helbideetara: errogatibea@zulaibar.org edo Arratiako Andra Mari Parrokia, Elexalde 22, 48140, Igorre.

No hay comentarios:

Publicar un comentario