Páginas

viernes, 24 de julio de 2015

Greziako historia: Rufino Iraola

Europako kultura
Grezian sortua,
haren jabea orain
lurpean sartua,
“zikuta edatera
zaude behartua”,
herri izan nahi eta
hori da tratua!
Merkelentzat erbia,
zuretzat katua.


Nire bertsoak izan lezake demagogia-kutsua zenbaitentzat. Baina ez dut uste hala denik. Esango nuke egoera bat hizkera sinbolikoan adierazteko modua besterik ez dela. Eta iruditzen zait errealismotik ere baduela zerbait baino gehiago.

Hasi beharko nuke esanez zaila dela ni bezalako batentzat hain gai konplexu eta korapilatsuaren gainean hitz egitea eta eskribitzea. Hiritar soil garenok ze informazio daukagu? Goikoen interesen arabera filtratua, noski. Parentesi artean bada ere, esan behar dut izugarri gustatzen zaizkidala ‘goiko` eta `beheko’ hitzak, ez, noski, Pablo Iglesiasek erabili ohi dituelako, baizik eta euskaraz, beti, gure ingurumarian horrela esan direlako.

Eta hiritar soilok, informazio gutxi baldin badaukagu eta, bestetik, goikoei interesatzen zaiena bada, nola arraio moldatuko gara hitz egiteko? Hori horrela da, baina informazio-burrunbaren tartean, beti daude datu objektiboak: greziarrak oso gaizki pasatzen ari direla datu objektiboa da, zenbait jaitsiera egin zaizkiela datu objektiboa da, Europatik doan diru-kopuruaren parte handi bat bankuei emango zaiela datu objektibotzat jotzen da, Greziak sekulako ajusteak egin beharko dituela datu objektiboa da, Greziako kaleetan istiluak ikusten direla datu objektiboa da. Eta nik ez dut sinesten horren guztiaren erantzule bakarra Alexis Tsipras denik. Gezur ikaragarria iruditzen zait Grezian hedatu diren gaitz guztiak oraingo presidenteari leporatu nahia.

Bestalde, hitz egin edo eskribitu ahal izateko, baditugu adinak ematen dizkigun eskarmentua eta esperientzia. Intuizioa ere hor dago, berriz. Irudipen hutsa baino zer edo zer gehiago da intuizioa, askoz ere gehiago; nik esan behar banu, noizbait barneraturiko datuen gainean, oharkapean, eraikitako jakintza da intuizioa. Pentsatzen dut eskarmentua, esperientzia eta intuizioa ongi konbinaturik, onestasunez jokatuz gero, irits gintezkeela kritika konstruktibo egokia egitera.

Greziako gaurko historia honetatik konklusio asko atera litezke baina nik, behintzat, bat azpimarratu nahi dut: Europak politikoki eskarmentua eman nahi die Greziako Syrizaren antzeko alderdiren bati botoa emateko “tentazioa” dutenei, Merkel eta konpainiari komeni zaien aldera botoa orientatuz. Horri ze apelidu ipiniko genioke: jarrera antidemokratikoa?, herri bat umiliatzea?, estatu-kolpea?

 Rufino Iraola

No hay comentarios:

Publicar un comentario