Páginas

jueves, 23 de julio de 2015

Zoazte eta hots egin berri ona: Gogoeta Astea 2013



Bost arrazoi liburu hau irakurtzeko

Gogoeta Asteak tradizio luzea dauka gure herrian. Iaz 30. astea ospatu zuten, baina liburu honek 29. astearen berri dakarkigu, 2013. urtean ospatu zena, hain zuzen ere. Izenburuan daukaguz gaia bera eta urtea.
 
         Azken urteotan Bilboko IDTPk (Bilboko Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak), Sebastian Gartzia Trujillo irakaslearen editore moduko lan neke ezinari esker, asteotako komunikazio nagusien testuak plazan jartzen ditu.
         Gogoeta Astea agorrilaren azken astea izanik, han parte hartzeko aukera ez dugun askok, liburu hauen bitartez bertako giroa eta gogoetak ezagutu ditzakegu. Egia da testu batek ez duela hango berotasuna, elkarrizketa, eztabaidaren balioa. Baina bestetik, hangoa edozein une eta tokitan irakurtzeko aukera ematen digu, gogoeta egiteko, sakontzeko, astiro hausnartzeko.
         Ezer kritikatzekotan, testuen huts txiki horiek zuzenduz liburuak asko irabaziko luke. Normalean errakuntza eta tipografia akats arinak dira, ulermena galtzeko arrisku gabeak, baina egindako lan ederrari “ai ene!” bat sortu erazten diena.
         Goazen argitara emandako gogoetak aurkeztera. Irakurle bakoitzak aukera beza bere gustukoena.

Kontzilioaren argi-ilunak.
        
         Bilboko Elizbarrutiko Bikario Nagusi den Angel Mari Unzuetaren eskutik edo ahotik. Gai hau maisutasunez darabil egileak, sakontasunez landu baitu eta gaurkotasunez azaldu.
         Europako Elizan zehazturik, gehien bat, Euskal Herriko erreferentzia argiekin. Diagnostiko fina, zehatza, alde onak eta ilunak beldur barik agertuz. Sarri irakurtzeko modukoa, gure elkarteak ebaluatzeko tresna bikaina.
         Faltan botatzekotan, nire ustean, euskal elizbarruti askotan azken gotzain izendapenek sortu duten egon ezina, mina, fededun askorengan.  Pastoral norabide behartu eta derrigortu horien aurrean, bera, kargu ofizialduna izanik, isilik egon da gogoeta honetan. Ez dakit astean bertan, ondorengo eztabaidan, hau argitzeko aukerarik egon zenik… idaztian hutsune hau  egon badago.

Elizaren dotrina soziala.

Gasteizko Elizbarrutiko Caritasen arduraduna den Ramon Ibeasek idazten du honen gainean.
Honek ere onartzen du bere eurozentrismoa. Komunikaziorik luzeena dugu berau liburu honetan. Teoriaz gain, hainbat bide berri sujeritzen ditu, nondik ibili adierazi. Gai honi sarrera baliosoa, edonork irakurri eta ulertzeko modukoa.
Komunikazioak bere mugak ditu, ezin denetaz hitz egin, eskertuko nuke nik herri eta nazioen gaia zerbait gehiago garatzea. Hala da guztiz ere, lan erraldoia egin duena egileak.

Itsas pastoraltza

         Gehien gustatu zaidan komunikazioa, gogoeta eta testigantza uztartuta, bizitzaz, kolorez eta kresalez bustia, fedez eta maitasunez idatzita. Mikel Epalza apaiza da egilea, eta antzematen zaio mundu honetan bizitza guztia bizi eta sufritu duela.
Adiskidetasunaren zortzigarren sakramentuaz hitz egiten digu, itsas munduan bizi, lan egin, gozatu eta sufritzen duten langile eta familien egoera, sarritan ezezaguna, baina presentea gure kostaldeko hiru probintzietan.

Ebanjelioaren indarra askatu

         Jose Antonio Pagolaren testu hau gaur egun oso zabalduta dago, internetez, hainbat hizkuntzaz. Pagolak ez du behar aurkezpenik gure artean. Testu laburra baina harribitxi bat. Gure ohizko transmisiozko pastoralari senide arteko kritika eginaz. Misio proaktiboa eta entzuteko jarreraz gain, berak argi uzten du Jesus dela eskain dezakegun gauzarik onena, eta taldeka balitz hobe.
         Liturgia, sakramentuak (eta ondarea jagoteaz gain) hortik harago Jesusen taldeen bidea proposatzen du.
         Gaur egun taldeok martxan daude, materialak argitara emanda eta prest, webgune baten laguntza ere badu.
         Jatorria eta helburua: Jesus.

         “Ebanjelioetan Jesusengandik ikasten den aurreneko gauza ez da doktrina, bizitzeko era bat baizik: bizitzan egoteko modu bat da, mundua bizi, ulertu eta eraikitzeko era bat; bizitza gizakoiagoa egiteko molde bat. Bizitzeko estilo honen ezaugarririk bereziena zera da: Kristo den
Jesusengandik hartzen du arnasa. Harekiko harremana du iturburua. Haren Espiritua kutsatzen zaigu. Haren pentsatzeko era ikasten dugu, haren sentitzeko, maitatzeko, sufritzeko, sortzeko, uste ona izateko eta hiltzeko era”.

Komunikazioan, zer berri?

         Jesusen Lagundiaren komunikazio arduradun den Xabier Riezuren ekarpen honek bide asko uzten ditu zabalik eta nondik nora jo ere argi esaten digu. Komunikazioaren arloan Eliza ez da inoiz belu ibili, interneten munduan ere ez.
         Hainbat internet toki aberats eta positiboak azaltzen dizkigu eta eskuin muturreko toki batzuen “katolikotasuna” kili-kolo jartzen ditu Elizaren Testu nagusiekin konparatuz.
         Arlo honetan amateurismotik alde egiteko deia eta oharra behin baino sarriago dagigu, profesionalen laguntza eskatuz.
         Estatu Batuetan, internauta katolikoen artean egindako ikerketa baten, gehien baloratzen zuten webguneak parrokietakoek ziren, behar bada hurbiltasunagatik. Inkestako erantzuleen %70ak ere eskertzen dute euren parrokoak blogaren bat izatea. Datuok eta gogoeta hau kontuan harturik, eta aurkezpen hau Hemen aldizkarirako idazten dudala kontuan izanik, itaun batekin bukatuko dut:   ez al da ordua Hemen erlijio gogoeta aldizkariaren webgunea profesionalen esku utzi eta gaurkotzeko?

Jose Mari Kortazar

Fitxa:

Zoazte eta hots egin berri ona: Gogoeta Astea 2013,
Sebastian Gartzia Trujillo (Edit.),
Bilboko Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutua, Bilbao, 2014, 113. or.

in  

HEMEN, erlijio gogoetarako aldizkaria, 46 (2015) 92-94. or

No hay comentarios:

Publicar un comentario