Páginas

jueves, 11 de septiembre de 2014

Jai egitea bizitzaren ontasuna aldarrikatzea da



Jaiaren gaia pentsalari askok landu dabe:  R. Caillois, J. Pieper, H. Cox, J. Motmann eta F. Nietzsche. Gaur egungo gizarte arrazional honetan jaiak barruan daukagun mitoa agertzen dau. Begira, adibidez, futbola dala-eta, irabazi ala galdu, zelako ospakuntzak.
Badira negozio jaiak, edo interesagaitik eratzen direnak, kanpaina elektoral baten adibidez. Baina jaia jai danean,...


danok gagoz alkartasunean, ez ikasi edo irakasteko, alkarregaz poztuteko baino. Jaiak nekeak ahaztu azo egiten ditu eta guztiz galdu ez dogun paradisua bizi azoten deusku. “Arnasa apur bat hartu dagigun egin eben Jainkoek jaia” esaten eban Platonek. Jaia ez da gizakien eguna bakarrik, Salmoak dinoan legez (117,4) “Jainkoak egin eban eguna” ere bada. Bizitza bide nekagarria bada, danok daukagu gelditu beharra arnasa hartu eta, barriztaturik, aurrera egiteko, jarraitzeko.
Jaia prestau geinke baina jai espiritua ez, alkoholagaz ere ez, drogagaz ere ez. Debaldekoa da. Ezin da sortu. Onartu beharra daukagu. Gizarte jaia prestau geinke: erropea, adornoak, musika eta dantza, baina nondik sortzen da alaitasuna?
Eguneroko erabakietan, gure beharrean, gure familiako arduretan, lagunekin dogun konbibentzian baietz esaten deutsagu bizitzari. Jai egiterakoan bizitzaren barruko zentzun ezkutu eta gordeari baietz dinotsagu, batzutan konturatu barik bada be. Jai egin eta gero indartsuago goaz bizitzaren eskakizunei aurre egitera.
Erlijioen handitasuna, kristaua izan ala ez, hemen datza neurri handi baten: bere santu eta maisuak, hasierako egunak, aldi sakratuak  ospatu eta jai egiteko ahalmenean. Jaietan zalantzak alde batera itxi eta fededunak bere fedearen alaitasuna ospatzen dau asmo eta amets bardinak dituen senideekin batera, Berba bardina entzuten dau, Jainkoarengandik hur aurkitzen da.
Jaia holan ulertzen badogu, zein urrun dagoen Jainkoaren heriotza! Hilzorian dagoena zera da, negar egiteko ahalmena galdu dauan gizakia, bizitzaren ontasunagaitik, eguzkia sortu delako edota maitemindu biren laztanagaitik pozten ez den gizakia.
Jainko bizia gorde egin dogu gure kultura erlijioso zahartuaren azpian, elizen ortodoxia eta lege zurrunez estaldua. Hori galdu dauelako, gure kulturaren parte handi batek ez daki jai egiten. Ezagutuko ditu jaiaren larregikeriak, jan eta edan larregi, berba gogorrak eta komertzioagaitik edo politikagaitik eratutako jaiak. Dana larregi, alaitasuna eta poza falta.
Jaia aurretiaz prestatu behar dogu eta gero ospatu. Hau egin ezean, jaiaren barruko zentzua galdu daikegu. Holan bizi barik, hamaika jai egin geinkez baina gero hutsik bueltatuz gure bizitzara, atsedena hartu barik, baloreak indartu barik, gure bizitza ilunera argirik eroan barik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario