Bizkaiko parroki baten ataratako argazkia |
Danok ditugu gogoan sasoi hareek: euskerea zaletasunaz eta militantziaz mantendu gurean boluntarismo hutsez egiten genduzan itzulpenak erderatik euskerara. Gogoan dot Manos Unidas alkartearen kanpaina baten material batzuk nik neuk euskeratu nituela urte baten eta liburu bat oparitu eustien sari moduan. Behin eta akabo. Gehiago ez zan gertatu. Zelako itzulpena izango ete zan!
Halan da guztiz ere, inguruko boluntarismo giroan parrokiko kartelek duintasun eta zuzentasun egokia mantentzen eben: euskerea eta gaztelania parera edo, euskera egokia eta ulertzeko modukoa.
Aurten Infancia misionera edo Haur misiolarien kanpaina dala-eta, parrokietara misil misiolari bat bota deuskue: kartela elebiduna, euskereak badauka bere lekua, baina ze euskera! Ez dau inork errebisatu! Infancia Nisionera jarriko baleu ontzat emongo ete eben?
“Santuaren ardurapeko ekintza misiolariak” ez al da umezurtz geratu “Aita” barik edo? Euskeratu ebanak egoki jarriko eban, inprentan edo batan batek aita hil (Freudek abisatu euskun arrisku honetaz), eta ez da inor konturatu eta konpontzeko eskatu inprentan?
Elizbarrutiak euskera zerbitzu egoki eta bizkor bat dauko testuak itzuli eta zuzentzeko. Ez deutso inork eritxirik eskatu?
Kaparra batzuk garela esango deuskue, ez dogula beste beharrik edo, baina gure eskakizuna normalizazioa baino ez da, kartelak elebidunak badira hizkuntza bietan duintasun minimo bat izatea, euskera argi eta korrekto bat.
Bitartean, aurten, ume misiolariak direla eta, parrokiko ume eta gurasoak Arratia Palenque erakusketa misiolaria ikustera joateko gonbidatuko ditut. Misioek merezi dabe-eta!
Jose Mari Kortazar