Páginas

viernes, 18 de abril de 2025

Betiko kurutze bidea


Hasierako oharra

 

Kurutze-bidea kurutzearen bidea da, Jesusen bidea. Bariku santuan egin eban bidea. Badago beste kurutze-bide bat ere, miloeka gizon eta emakumek egiten dabena: langile zapalduek, tratu txarrak jasaten dabezan emakumezkoek, bertan behera itzitako, babes bako eta torturatutako umeek, baztartutako, txirotasun eta gosera kondenatutako etorkinek, intolerantziagaitik alboratutakoek, arreta barik bizi diran hainbeste eta hainbeste zahar eta gaixok.

         Kurutze-bidean, kristinauok geure lepoan hartu behar dogu kurutzea eta Jesusi jarraitu behar deutsagu.

 

Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.

 

Otoitza

 

Jaungoiko Aita,

kurutzeko heriotzaraino beheratutako

Kristo, zure Semea, gure Salbatzailea

emon deuskuzu eredutzat.

Bizitzako probetan, bere nekaldi berreroslean

barru-barrutik parte hartu daigula,

berbizkundearen aintza jadesteko.

Errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldi guztietan.


 

1. egonaldia: Jesus heriotzara kondenatzen dabe

 

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

 

Orduan, Abade Nagusiak, bere jantziak urraturik, hauxe esan eban: Birao egin dau! Zertarako testigurik honezkero? Oraintxe entzun dozue biraoa. Zer deritzazue? Hareek hauxe erantzun eben: Heriotzarako errudun da.

 

 

Edozein aitzakia da ona gizon eta emakumeak kondenatzeko, traba egiten deuskuenak paretik kentzeko. Sekula ez da aitzakiarik falta hiltzeko edo, gitxienez, besteei bizitzen ez izteko.

 

Parkatu eiguzu, Jauna, tolerantziarik, ulermenik, maitasunik ez erakusteagaitik.

 

Abestia: Zu gabe, Jesus, nora...



2. egonaldia: Jesusek kurutzea hartzen dau

 

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

 

Orduan, Pilatok Jesus hareen eskuetan itzi eban, kurutzean josi egien. Beraz, Jesus hartu egin eben; eta bere kurutzea gainean eroiala, Buruazurtegi edo hebreeraz Golgota deritzon lekurantz urten zan.

 

 

Jesusen sorbaldetan guztion kurutzeak dagoz. Bidebakokeria guztiak, krimen guztiak, gorroto guztiak eta sortzen dabezan oinaze guztiak. Jesusek bere gain hartzen ditu munduko pekatu guztiak. Bera munduko pekatua kentzen dauan Jaungoikoaren Bildotsa dalako.

 

Parkatu eiguzu, Jauna, zure aurka pekatu egin dogulako, eta lagundu eiguzu zuri jarrai-tzen.

 

 

Abestia:     Zuk emon, Jauna, arnas barri

                   Sortu guregan bihotz barri.

 



3. egonaldia: Jesus lehenengo aldiz jausten da

 

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

Gu guztiok, ardiak lez, bidea galduta ibili ginan; bakoitza bere bidetik joan zan, Jaunak haren gainean ezarri ebazan gu guztion dongakeriak.Txarto era-bilenean, makurtu egiten zan; ez eban agorrik zabaltzen, hiltera daroen bildotsa lez.

 

 

Zama astuna dira Jaunarentzat gure bizitzak. Zama astuna dira gizon eta emakumeen aurkako gehiegikeriak. Zama astuna dira gure etsipena, gizon eta emakumeak zigortzen dituan guztiaz amaitzeko indarrik eta borondate eza.

 

Parkatu eiguzu, Jauna, gure ezkortasunagaitik, eta emoiguzuz indarra eta adorea Zuri jarraitzeko eta besteei laguntzen jarraitzeko.

 

Abestia: Bihotz garbia nigan sortu...

 

 

 



4. egonaldia: Jesusek bere Ama aurkitzen dau

 

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

Askoren jausialdi eta goratzerako jarria dago hau Israelen, eta kontraesanezko zeinu izateko. Zeuri ezpata batek zulatuko deutsu bihotza, bihotz asko-ren asmoak agerian geratu daitezan.

 

Maria Elizearen Ama da, gure Ama. Beragandik ikasten dogu gure lekuan egoten, Jaungoikoaren berbeari adi, hurkoen beharrizanei adi. Bere antzera, Kristogaz egon gura dogu: Beragaz hil ezkero, Beragaz bizi izango gara.

 

Otoitz gure alde, Jaungoikoaren Ama Maria, orain, zailtasunetan, tentaldian eta beti.

 

 

Abestia: Pekatariok Ama Birjiña...

 



5. egonaldia: Zireneko Simonek Jesusi laguntzen deutso kurutzea eroaten

 

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

Zireneko Simon, Alexanderren eta Erruporen aita etorren orduantxe landatik, eta Jesusen kurutzea eroatera behartu eben.

 

Gitxien uste ebanean, bizitza korapilatu jakon. Bera lanetik etorren, etxera joian atseden hartzera, baina heriotzara zigortutako bati laguntzera derrigortu eben eta Jaungoikoari lagundu eutson. Honeetako bati, txikienei, egiten deutsazuena, neuri egiten deustazue. Prestasun haundiagoa dogu Jaungoikoagaitik gauzaren bat egiteko, besteengaitik bizitza korapilatzeko baino.

 

Parkatu eiguzu, Jauna, anai-arrebearengan, atzerritarrarengan, txiroarengan aurkitzeko federik ez izateagaitik.

 

Abestia: Jesukristo guri mintza...

 

 

 

 

 


6. egonaldia: Veronikak aurpegia garbitzen deutso Jesusi

 

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

Baina ni har bat naz, ez gizakia: jentearen iraina, herriaren destaina; ikustean, burla egiten deuste, keinuak egiten dabez, burua astintzen: Jaunagana jo eban, salbu jarri dagiala, askatu dagiala hainbeste maite badau.

 

Emakumezko bat izan zan, gizonezkoen eredu izateko, Jesusen aurpegia garbitu ebana eta Jesusek bere irudia, bere aurpegia, Jaungoikoaren aurpegia oparitu eutson. Jaungoikoaren aurpegia sufritzen dabenek, gosetiek, zapalduek, baztartuek, ahaztuek emoten deuskuelako agertzera.

 

Jauna, hurkoarengan ikusi zaiguzala eta arretea eskeini deizugula.

 

Abestia: Jauna dot argi eta salbamen...



7. egonaldia: Jesus bigarrenez jausten da

 

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

Handik urten eta, ohiturea ebanez, Oliomendira joan zan, eta ikasleak jarraitu egin eutsoen. Hara helduta, hauxe esan eutsen: Otoitz egizue, tentaldian jausi ez zaitezen. Eta harekandik harrikada bat bide edo urrindu zan; eta belaunikatuta, otoitz egiten hasi zan, esanez: Aita, nahi badozu, kendu egidazu edontzi hau; baina ez bedi nire gogoa egin, zeurea baino!

 

Jesus barriro jausten da. Indar barik dago. Adorea falta jaku. Askotxo dira egitekoak, la-rregi arazoak. Beraz, adorea galtzen dogu. Eta ez. Aurrera egin behar dogu, altxatu egin behar da, bihotza altxatu behar da.

 

Jauna, lagundu eiguzu zutitzen, Zuri azkeneraino jarraitzeko.

 

 

Abestia:     Gure ondoan, Jauna, egon zaitez beti.

Zu zara gure bide eta gure bizi.

 



8. egonaldia: Jesusek emakumezko errukiorrak kontsolatzen ditu

 

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

Jerusalengo alabok: ez egin negarrik nigaitik, zeuekaitik eta zeuen semeakaitik baino. Etorri ere etorriko dira egunak, eta orduan hauxe esango dabe: zoriontsuak sabel-legorrak, umerik sortu ez eben sabelak eta umerik hazi ez eben bularrak! Izan ere, egur bizian hau egiten badabe, igarrean zer egingo ete da?

 

Ez dakigu zenbat emakume izan ziran. Baina salbuespena eta arintasun haundia izan ziran. Eta, azkenean, kontsolatua euren kontsolamendu bihurtu zan, saihestezinaren aurrean ez etsitzeko eta euren seme-alaben eta gizon-emakume guztien alde borrokatzeko esanez.

 

Jauna, munduko pekatua hartu zenduan zeure gainean, emoiguzu adorea zure egintza sal-batzailean esku hartzeko.

 

 

 

Abestia: Erruki hutsa dogu Jauna.

 


9. egonaldia: Jesus hirugarrenez jausten da

 

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

Gerotxoago, han egozanak Pedrogana hurreratuta, hauxe esan eutsoen: bai, zu ere hareetarikoa zara, zeure hizkerak berak ere salatu egiten zaitu-ta! Orduan, biraoka eta zin egiten hasi zan: ez dodala gizon hori ezagutzen, ba! Berehala, oilar batek kukurruku egin eban. Eta Pedrok Jesusek esan eutsan hau ekarri eban gogora: oilarrak kukurruku egin baino lehen, zuk hiru aldiz ukatuko nozu. Eta, kanpora urtenda, negar batean hasi zan.

 

Jesus behin eta barriro jausten da eta bere erorialdiek bere makaltasuna erakusten deuskue eta geurea osatzen. Sekula ez dago arrazoi nahikorik etsitzeko eta itxaropena galtzeko. Hirugarrenez jausi dan Jesusi begiratzeak, Jesusen begiradak, aldatu egin gaikez, Pedro lez. Sekula ez da berandu damutzeko.

 

Jauna, erruki zakiguz gure etenbako makaltasunengaitik eta zatoz guri laguntzera.

 

 

Abestia: Damu dot, Jauna.

 


10. egonaldia: Jesusi erropak kentzen deutsoez

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

Gudariek, Jesus kurutzean josita gero, Haren jantziak hartu eta lau zatitan banatu ebezan, gudari bakoitzarentzat bana. Soingainekoa ere hartu eben; soingaineko hau josturabakoa zan, goitik beheraino dana ehunduta. Horregaitik, alkarri hauxe esan eutsoen: ez dagigun urratu; zotz egin dagigun ea no-rentzat dan. Liburu Santuko hau bete zedin: nire jantziak euren artean banatu dabez, eta nire soingainekoa zotz egin dabe.

 

Uko egin eutsen ohoreei, haunditasunari eta aberastasunei eta apaltasun osoz jaio zan. Ez eban burua non etzun. Orain bere jantziak banatzen dabez, geratzen jakon bakarra. Gaur ere txiroei dana kentzen jake, baita garapenerako itxaropena ere.

 

Parkatu eiguzu, Jauna, eta ez deiogula inoiz uko egin gure seme-alaba izatearen duintasunari, ez dagigula sekula onartu giza duintasunaren aurkako erasorik.

 

 

Abestia: Zabaldu egizuz, Jauna...

 

 


11. egonaldia: Jesus kurutzean josten dabe

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

Beste gaizkile bi ere baeroiezan, Jesusegaz batera hilteko. ‘Kalbario’ izeneko tokira helduta, hantxe josi eben kurutzean, baita gaizkileak ere, bata Haren eskumaldean eta bestea ezkerraldean.

 

Kurutziltzaketea heriotza lotsagarri eta mingarria da. Gaur egun, kondekorazino bihurtu dogu kurutzea. Horrelakoxea da gure mundua: batzuek ohoreak jasotzen dabez, beste batzuek gerren, zapalketearen, bidebakokeriaren, intolerantziaren eta baztarketearen ondo-renak jasaten dabez.

 

Jauna, ez dogu zure kurutzea besterik nahi, zerbitzatzearen, laguntzearen, bereizketa barik maitatzearen kurutzea.

 

 

Abestia:     Kristo bizi da, bizi

lehen, orain, beti.

 

 



12. egonaldia: Jesus kurutzean hilten da

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

Eguerdi aldean, eguzkia iluntzean, lur osoa ilundu egin zan arratsaldeko hirurak arte. Jaunaren Etxeko oihala erditik urratu egin zan. Eta Jesusek, deiadar haundi bat eginik, hauxe esan eban: Aita, zeure eskuetan izten dot nire espiritua. Eta hori esanda, azken arnasea emon eban.

 

Jesus kurutzean hilten da. Ezinbestekoa zan Jesus hiltea, aintza betean sartu eiten. Heriotza misterioa da gaur ere. Jesus hil egiten da, bat guztiongaitik, heriotzaren botereak makurtuazo ez gaizan. Hilez heriotza hil eban.

 

Jauna, biziaren alde gagoz. Bizia emoteko prest gagoz danak bakez eta duintasunez bizi daitezan.

 

 

 

Isilik joan hurrengo egonaldira

 



13. egonaldia: Jesus kurutzetik jaisten dabe

 

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

 

Iluntzean, Jose eritxon Arimateako gizon aberats bat etorri zan; hau ere Jesusen ikasle izan zan. Eta Pilatogana joanda, Jesusen gorpua eskatu eutson. Orduan, emon eioela agindu eban Pilatok. Eta Josek gorpua hartu eta miesa garbi batez batu eban.

 

Jesus oraintxe hil da. Zer egin daiteke heriotzaren aurrean? Heriotzak ez dauala azken hi-tza. Heriotza lehenengo itauna baino ez da. Hiltea Jaungoikoaganako maitasunaren egintzarik gorena da.

 

Jauna, badakizu maite zaituguna. Egin bedi zure nahia eta ez gurea.

 

 

 

Isilik joan hurrengo egonaldira

 



14. egonaldia: Jesus hilobian jarten dabe

 

 

-Gurtzen zaitugu, Kristo, eta bedeinkatzen.

-Zure Kurutze santuaren bidez mundua salbatu dozulako.

 

Jose eta Nikodemok Jesusen gorpua hartu eta, usaingarriakaz batera, zapiakaz batu eben, juduek hilobiratzeetan egin ohi dabenez. Kurutzean josi izan zan lekuan, ortu bat egoan, eta ortuan hilobi barri bat, ordura arte han inor ipinia izan ez zan hilobia. Juduen Gertatze-eguna zan ezkero, eta hilobia hurran egoala-ta, Jesus hantxe ipini eben.

 

 

Jesusen gorpua hilobian ipini eben eta harlauzaz estali eben hau. Aldi berean, hantxe gera-tzen dira giltzaperatuta ikasleen ilusino eta itxaropena. Baina, badago itxaropenerako arrazoirik. Hilobian geratzen dira betiko heriotza eta gorrotoa. Bizia eta maitasuna atarako dira garaile.

 

Jauna, ez deigula fedeak huts egin, ez deigula itxaropenak huts egin, ez dakigula maitasuna amaitu.

 


Otoitza

 

Entzun, Aita, Itun barri eta betikoa ezartzeko,

kurutzean hilteraino esaneko egin dan

zure Semearen deiadarra.

Gogoan izan dagigula beti

bere nekaldiaren irakaspen haundia,

geuk ere bere berbizkundearen aintzan

parte hartu dagigun.

Errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldi guztietan.

 

 

 

Azken oharra

 

Kurutze-bidea argi-bidea da.

Kurutze-bidea ez da kurutzean amaitzen.

Kurutzean, itxurak itxura,

bizia da garaile heriotzaren gainetik.

Kurutzea aintzazko tronua da,

berbizkundearen lekua.

Bihar gauean entzungo dogu barri haundia.

Hilobira etorriko gara eta hauxe esango deuskue:

Ez bilatu hilen artean bizi dana, ez dago hemen.

Biztu egin da!


KURUTZE BIDEKO BERTSOAK

 


1 Pilatok agindu du,

lapurren artean

iltzez gogor josteko

Jesus Gurutzean.

 

2 Sorbaldan harturikan

gurutze astuna,

hiltzera bai dijoa

Jesus gure Jauna.

 

3 Lurrera erortzen da

Jesus nekaturik,

altxatzen laguntzeko

ez da errukirik.

 

4 Agertzen zaio Ama

negarrez bidean:

ai, zer samintasunak

bien bihotzean!

 

5 Simon Zirenetarra

hartzen dute lagun;

gurutzea_eramaten

ikasi dezagun.

 

6 Pekataria, non da

zure errukia,

Jesusi garbitzeko

Malkoz aurpegia?

 

7 Munduko pekatuen

astunaren haundiz,

gurutzepean Jesus

erortzen da berriz.

 

 

8 Jerusalemgo_alabak,

ez neri negarrik,

negar egin zazute

pekatuagatik.

 

9 Hainbeste neke-minez

ahul eginik Jauna,

hirugarren aldian

hemen jo du lurra.

 

10 Munduaren aurrean

jantzia kendurik,

hor dago Jesus ona

oso lotsaturik.

 

11 Gurutziltzatu dute

zainak urraturik,

hezurrak askatuaz

beren giltzetatik.

 

12 Gurutzean jasota

minez aseturik,

hilda Jesus maitea

gure onagatik.

 

13 Semearen Gorputza

jaitsi dutenean,

ai, zer ezpata daukan

Amak bihotzean!

 

14 Hobira dutenean

Jaunaren Gorputza,

itsaso samina da

Amaren bihotza.


No hay comentarios:

Publicar un comentario