Páginas

sábado, 30 de marzo de 2024

Aste Santua: Jarraitu Jesusi 04 Argia eta ogia


Pazko zorionak guztioi! Kristo biztu da, aleluia, aleluia alaiak!

Gabonatik Pazkora, Jesusegaz bide bat egin dogu. Jesusi jarraituz, Jesus bidelagun. Jai nagusi biotan, leku zehatz bi erakusten deuskuz Lukas ebanjelistak. Jarri daigun arreta eurengan:

-aska bat, non ipini umea, gabonetan.

-hilobi huts bat, harria kenduta, non egon dan Jesus hildakoa.

 

Kasu bietan, aingeruak agertuko dira konfirmatzera gertatu dana, eta poz itzela sortuko da kasu bietan.

Aingeruak agertu orduko, nortzuk dira lekukoak? Askan pastoreak, behartsuak, pekataritzat hartzen zirenak. Hilobi hutsean emakumeak, baztertuak, euren testigantzak baliorik ez eukienak judeguen epaiketatan.

 

Zer emoten deusku Jainkoak?

Lehen esaten zan betiko bizitza. Orain, predikatzen, esaten da heriotza aurreko bizitza duina. Gogoan dozue Jn 3,16 garizuman zehar irakurri genduana? Jainkoak bere seme bakarra emon euskun. Semea da oparia. Oparia, doea edo dohaina, bidea, biztuera, bizia, egia, bizitza ogia.

Bere seme maitea, bere mundu maiteari. Zenbat kostetan jakun hau ulertzea!

 


Aquí nos sale al encuentro un Dios impotente, ni un Dios enredado en el mundo, ni un dios sufriente, ni un dios omnipotente, sino un dios que se comporta como un amante, como un enamorado, dando y arriesgando al hijo en favor del mundo amado.

 


Jazoera honeen lekuko eta misiolari artzainak eta andrak badira, ez herriko nagusiak ezta elizako abade eta mojak, hauxe da gure ardurea: poz hau zabaltzea, nahastatzea, kutsatzea…

 

Horretarako biderik argiena Jainkoaren maitasuna eta errukia gure inguruan zabaltzea da. Hau da, errukitasunak edo erruki egintzak. Horrexegatik ba, Pazko guztian zehar, Kristo Biztuaren argipean, kanta eta bete daiguzan ekintzok:






Aste Santua: Jarraitu Jesusi 03 Kurutzea




Jesusen nekaldiaren kontaerarekin badirudi ebanjelariak itaun bat egin nahi deuskula: eta zu, zeinekin zagoz?

Beharbada abadeekin eta agintari erlijiosoekin, Jesusek Jainkoaz hitz egiten eban moduaz harriturik eta eskandalizaturik egozenekin?

Edo agintari politikoekin zagoz, buruan euren pribilegioak besterik ez eta errubakoa hil dagien izten dabenekin, aginteari eutsi ahal izateko.

Edo herriarekin zagoz: hain manipulagarria den horrekin! Erramu-igandean kantetan eban esanez: Hosanna Daviden Semea! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!... Eta gaur, berriz: Kurutzera hori!



Edo ikasleekin zagoz, lehen ordutik Maisuaren jarraitzaile izan diren ikasleekin, haren hitz on-onen eta, batez ere, egintza on guztien testigu direnekin… eta orain, non dagoz?

Edo, azkenik, behar bada emakume harekin zagoz, urrunetik penaz eta halako basakeriaren aurrean negar egiten dabenekin…

Zu, zeinekin zagoz?

         Kurutzea bakearen iturria!

turria: sallebarne.eus

Aste Santua: Jarraitu Jesusi 02 Toailea

Iraultza askoren barri izan dogu bizitzan zehar. Historian aldi bi dagoz: iraultzaren aurrekoa eta iraultzaren ostekoa. Iraultzaren ostean dana da ezbardin. Holan, historian zehar, hainbat iraultzaren barri izan dogu: Frantziakoa, Errusiakoa, industriala, orain 3.0 edo digitala. 5G edo adimen artifiziala.

 

Baina iraultzarik iraultzaileena Toailaren edo eskuoihalaren iraultza dogu. Bai horixe.

 

Jesus jagi zan mahaitik, erantzi eban soingainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu eban; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi jaken, eta gerrian eban eskuzapiaz lehortzen.

 



Keinu profetiko honek Jesusen jarrera argi eta garbi ixten dau. Opari bat da guretzat. Opari eta jarraibide. Guk be antzekoa egin daigun. Bera maisu eta Jaun izanik hori egin badau, guk be jarraitu beharko genduke haren eredua.

Gu, Jesusen jarraitzaileak, XXI. mendeko gure Gernikaldean, gonbite bera jaso dogu. Horretarako hiru jarrera behar doguz:

1.- Jagi: gure txoko ziur eta erosoetatik urten bestearen bila.

2.- Soingaineko erantzi: gizarte edo eliz aginte eta prestigioko ezaugarriak erantzi, kendu.

3.- Makurtu: gizakiengan bajuen oinak dagoz, eurak garbitzeko beharrezkoa da makurtzea, behetik begiratzea.

 


Hiru gauza horreek beharrezkoak doguz toaila hartu eta oinak garbitzeko keinu iraultzailea egiteko. Oinak hartzea historia onartzea eta harrera egitea da, oinak zikin egoten dira bizitzako bideetan ibili eta gero. Morroi eta neskame eta esklabu eta emakumeen beharra zan hori egiteak apaldu egin behar gaitu. Zauriak osatzeko. Uraz garbituteko.

Oin asko dago oraindino garbituteko gure artean: gaixoak, kartzelatuak, tratu txarrak jasaten dabezan andrak, etorkin eta errefuxiatuak, Gaza eta Ukrainako errubakoak…




Aste Santua: Jarraitu Jesusi 01 Erramuak 


     Herriko nagusiak eta maisuak bat egiten dabe: Jesusen bizitzagaz amaitu behar da. Hauxe da une egokia aspalditik euken asmoa betetzeko. Asmo horretan Jesusen taldeko batek ere parte hartuko dau.



         Jesusek badaki bere bizitza zelan amaituko dan. Jakin badaki zer gertatuko jakon. Jakitun dago eta askatasunaz onartzen dau. Nekaldia ez da porrot baten istorioa. Garaipena baino. Jainkoari esker. Nekaldi eta aste santu honetan, Jesus hobeto ezagutuko dogu, bere asmoak hobeto ulertuko doguz. Nahiz eta herriak eta bere ikasleak, gaur hain sutsu agertu beragaz bat, bere alde, gero bertan behera itxiko dabe, bakar bakarrik. Jaunaren morroiak, bere berbeari leial eta zintzo, azkenean garaile agertuko da Pazko Bigilian. Sufrimenduan ere, detaile politak agertuko dira, laguntzen deutson andra-gizon talde hori lez.



         Eta guk, aste honetan, zelan biziko dogu Jesusen jarraipena? Ez dot uste kondenatuko dogunik. Baina badaukagu arriskua bertan behera ixteko bakarrik eta nekepean. Lagundu eutson gizon-andra horren antzera, guk be berari laguntzeko gauza izango ete gara? Gauza txikietan bada be?



         Jesus Jauna, gaur egun ere, munduak erruki barik epaitzen zaitu. Hainbat baztertu eta sufritzen daben pertsonengan. Bihotzez damutzen gara ez bazaitugu lagundu behartsu guzti horreengan!

Oharra: goiko argazkian agertzen danez, esku  baten erramua, otoitza, kanta, Jainkoa goratu, eta beste eskuan Harribide Fundazinoagaz konpartituko dogun janari kiloa, solidaritza, alkartasuna, senidea aintzat hartu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario