Sarritan, kristauok ez dugu gainditzen geure hau erlijio pribilegiatua delako ustea; eta horrek ez digu aintzat hartzen uzten gure fedetik urrun bizi den jendearen artean ere sustatzen den ongia. Oharkabean, kasik, uste izateko joera dugu gu soilik garela egiaren eroale bakarrak, eta Jainkoaren Espirituak gu bitartekoa garela bakarrik jarduten duela.
Jesusen mezua oker hartu izanak Jainkoaren erreinua eta Eliza gauza bera direla uste izatera eraman izan gaitu inoiz. Ikusmolde honen arabera, Jainkoaren erreinua Elizaren baitan bakarrik gauzatuko litzateke, eta Eliza hazten eta zabaltzen den neurrian haziko eta zabalduko litzateke Jainkoaren erreinua.
Halaz guztiz, ez da hori egia. Jainkoaren erreinua eliza-erakundea baino harago zabaltzen da. Ez da hazten kristauen artean bakarrik, baizik eta munduan haurridetasuna, hau da, anai-arreba artekotasuna hazarazten duten borondate oneko gizon-emakume guztien artean. Jesusen ustez, «beraren izenean deabruak botatzen ari den oro» ari da ebanjelioa zabaltzen. Gure gizartetik «deabruak botatzeko» eta, nola edo hala, mundua hobe egiteko zereginean lankide izateko gai den gizon edo emakume oro, talde edo alderdi oro ari zaio bidea urratzen Jainkoaren erreinuari.
Gerta dakiguke geuri ere uste izatea, ikasleei bezala, ez direla gure arteko, gure elizetara sartzen ez direlako edota gure kultuetan parte hartzen ez dutelako. Halaz guztiz, Jesusen ustez, «gure aurka ez dagoena gure alde dago».
Nola edo hala giza arazoaren alde borrokan ari diren guztiak daude gurekin. «Sekretuki, agian, baina egiaz, ez da zuzenaren aldeko borroka bakar bat ere -beraren hondo politikoa alderdi bikokoa izanik ere- Jainkoaren erreinuarekin zerikusirik ez duenik, kristauek aintzat hartu nahi ez badute ere. Umiliatuen, zapalduen, ahulen, bertan behera utzien alde borroka egiten denean, han da borroka egiten egiaz Jainkoaren erreinuagatik, gizakiok jakin ala ez, Jainkoak daki» (George Crespy).
Kristauok baliozkotzat pozik hartzen ikasi behar dugu giza lorpen guztiak, txiki eta handi; baita lortutako zuzenaren garaipen guztiak ere arlo politiko, ekonomiko edo sozialean, apalenak iruditu arren. Gizarte zuzenago baten alde ari diren politikoak, egia eta askatasuna defendatzeko arriskatzen diren kazetariak, solidaritate handiagoa lortzen duten langileak, jendea erantzule izateko jo eta ke ari diren hezitzaileak: ez eman arren beti gure arteko direla, «geure aldeko ditugu guztiak», mundu gizatiarrago baten alde ari baitira.
Salbazioaren eroale bakar, urrundik ere, kristauok garela uste izan ordez, pozik hartu behar dugu salbazio-korronte hori, gizon-emakumeen historian bide egiten ari den hori, ez Elizan bakarrik, baita beraren aldamenean eta beraren erakundeak baino harago ere. Ekinean ari da Jainkoa munduan.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
No hay comentarios:
Publicar un comentario