Alferrik saiatuko gara egileak
bere lanean azaltzen dituen ideia eta argudio guztiak laburbiltzen, hain
baitira ugariak eta onak. Bere ideia
garrantzitsuenak laburtzen ahalegintzea ere ez da ez lan samurra, iruzkinentzat
tarte txikia izan ohi da eta.
Beraz, era soilagoan saiatuko naiz
adierazten zein den Jesus Martinez Gordok bere saiakeran egiten duen planteamenduaren esanahia.
Liburuan lehenbizi arreta
erakartzen duena zera da: “Jainko” kontzeptua argitzeak teista batek erabiltzen
duenean edo deista batek edo ateo berri batek. Kontzeptu horren esanahiaren
funtsezko esanahia aldatu egiten da, are egile berberengan ere, segun eta
eztabaida zein esparrutan planteatzen duten. Bi gauza bederen nabarmentzen ditu
Jesus Martinez Gordok: lehenbizikoa, “ateo berri” direlakoek “Jainko”
kontzeptuaz egiten duten erabilera mordoiloa –eta batzuetan umekeriaren
neurrikoa–; bigarrena, aipatu ateo horiek erabat ezjakinak direla azken 200
urte honetan izandako teologia-garapenez (transzendentzia edo Jainkoa ukatzeko
joera duten bestelako planteamenduen aldean askozaz zehatzagoak pentsamendu
aldetik, eta nabarmenki egituratuagoak arrazoi aldetik).
Deigarria gertatzen den bigarren
alderdia: ateoek beren feudoa dela –zela– uste duten “joko-zelai” berean
planteatzen du eztabaida egileak: zientzia
esperimentalaren alorrean. Dokumentatze lan handia dago saiakera honetan,
zientzia moderno ilustratuaren berariazko paradigma materialista mekanizista
auzitan jarri duten arazoak eta aurkikuntza zientifikoak aipatzen ditu
(paradigma hori oraindik indarrean dago filosofo eta zientzialari askorengan
positibismo zientzialariko molde berrien pean). Liburuaren lehen zati honi
helduko diot, irakurlea harrapatu egiten duelako, eta ikuspuntuaren
berritasunagatik (eta ausarta delako Jainko kreatzaileaganako fedearen
sendotasun arrazional eta egiaztagarriaz ahobizarrik gabe hitz egitean).
Lan honetan aurkezten diren datu
zientifikoek –zorroztasun eta argitasun handiz aurkeztu ere– argi eta garbi erakusten dute honako hauxe:
Unibertsoa sistema konplexua eta ebolutiboa dela, bai txiki-txikia baino
txikiagoa denaren mailan, bai biziaren bilakaera mailan, bai maila handiko Kosmosaren bilakaeran. Izaera dinamiko, ireki eta ebolutibo horren
funtsa aurreko oinarri fisikotik sortzen joan diren ezaugarri sorta batean
dago, baina ezin dira horretara mugatu. Hau da, Eboluzioaren gertaera
–frogatua– onartzeak izadian, edo materian bertan, nolabaiteko transzendentzia
oinarri bat dagoela onartzea dakar (“burutranszendentzia aktiboa”, deitu zion
Karl Rahner-ek). Alabaina, datu hau hobeto josten da, noski, teismoarekin
ateismoarekin baino, izan ere, Gustavo Bueno irakasleak bizkor asko galdetu
zuenez: «Nola jaio daiteke ezer berririk, aurrez moldatua egon gabetanik,
sortua izan gabe?». Errealitatearen izaera ebolutiboa onartzea errealitatean
dagoen eta ari den transzendentzia onartzea da.
Aipatutako transzendentzia,
azpimarratzen du Jesus Martinez Gordok, hobeto bat egiten da Jainko kreatzaile
bat izatearekin “zoriarekin” baino (“baietz delako” erantzutearen antzekoa da
hori; “ez dakigu eta jakin nahi ere ez”
esatea bezala, azken batean). Zientzian, galderei eta erantzunei uko ez egitea
da arrazoizkoa eta zentzuzkoa. Zientzialariek eta filosofoek, zientzialari eta
filosofo badira, ulertu, azaldu… egin nahi izaten dute eta horretarako ez da
aski deskribatzea. Datu enpirikoak errealitate baten kuantifikazioa dira
(nahieran murriztua) eta ez dute beren kabuz esanahia ezartzen. Ondorioz,
egileak dioen bezala, azalpena emateko datu enpirikoak interpretatu beharra
dago, eta hori egiteko bide bakarra dago: eztabaida filosofiko eta teologikoa.
Egileak, bere arrazoiketan, beste
makina bat datu fisiko jasotzen ditu (adibidez, printzipio antropikoa), datu matematikoak
(esate baterako, sistema formal guztien
osagabetasuna), datu kosmologikoak (konstante unibertsalak xuxen egokitzea,
adibidez), antropologikoak, e.a. Ezin da hainbeste informazio laburtu eta,
batez ere, ez dago laburtzerik hain arrazonamendu orekatuaren dotorezia.
Onena dugu egilearen liburua
irakurtzea eta gozatzea. Utz diezaiogun lan honi, liburua hartzerako geok geneuzkan galderak baino askoz gehiago
eragiten (beste galdera askori erantzuten laguntzen digun bitartean).
Miguel Ramón Viguri
ATEOS Y CREYENTES.
Qué decimos cuando decimos “Dios”.
PPC, Madrid, 2019
JESÚS MARTÍNEZ GORDO
Qué decimos cuando decimos “Dios”.
PPC, Madrid, 2019
JESÚS MARTÍNEZ GORDO
No hay comentarios:
Publicar un comentario