"Azkenik, elizbarrutiko apaizek laguntza behar dute gotzainak izan ditzakeen errakuntza edo bidegabekeriei aurre egin ahal izateko. Gotzainok ez gaude grazian berretsita. Eta ez gara hutsik gabekoak gure erabakietan. Eta ez gaude jatorrizko bekatuaren ondorioetatik libre. Apaiz asko kexu da bere gotzainagandik ulermenik jaso ez duelako eta beste asko aintzakotzat hartu ere egin ez duelako. Eta apaiz batzuk euren gotzainaren inguruan dituzten adierazpen eta jarrera batzuk -gogor samarrak izanik ere- beti eta aurretik ez zaizkio apaiz-senik ezari egotzi behar. Behin baino gehiagotan ez zaie arrazoi apur bat falta eta".
Vatikanoa, 1964-09-23
[euskara batuara egokitua]
“Gaur egungo gotzainaren irudia
zehazterakoan, Kontzilioko guraso ugarik ezaugarri bat nabarmendu dute
hainbat ikuspuntutatik: ezinbestekoa dela Gotzainak bere ardiak ondoen
ezagutzea, ahalik eta ondoen bazkatu ahal izateko. Bat egiten dut,
bete-betean, ikuspuntu horretatik jardun izan dutenekin.”
Edozein izanda ere gotzainak helburu hori lortzeko darabilen metodoa, nahitaez eta beste edozer baino lehen, bere apaizak aintzakotzat hartu beharko ditu lankide estu moduan. Zentzuz hitz egin du guraso batek kontzilio-aretoan, apaizak gotzainaren begi eta esku direla adierazi duenean.
Begiak, horien lankidetza gogotsu eta
eraginkorri gabe, bere elizbarrutiko arazoak sekula ezagutuko ez
lituzkeelako, ezta egoki lehenetsiko ere. Gotzainak bakarrik bere begiez
edo bere inguruko gutxi batzuen begiez ikusten badu, gerta liteke bere
elizbarrutiko arazoen ikuspegi oso eta objektiborik ez izatea eta,
batzuetan gainera, delako ikuskera hori lar interesatua izatea.
Gotzainaren inguruan ke-kortinak ere zabaldu daitezke, parrokietako edo
elizbarrutiko arazoen nondik norakoak ezkutatzeko. Errealitate
zehatzekin zerikusirik ez duten egoera artifizialak ere aurkeztu
diezaizkiokete gotzainari.
Gotzainak, dagokiokeenez, bere
elizbarrutiko arazoak, beharrizanak eta aukerak bene-benetan ezagutu
nahi baditu, horren guztiaren berri emateko egoeran dauden apaizen
lankidetza eta aholkua izan behar du eta ezinbesteko konfiantza jarri
behar du egia osoa esan diezaioten, arimen ona soilik xede izanik. Bide
horretatik bakarrik eratu ahal izango ditu arrakasta izango
duten egitasmo eta helburuak.
Gotzainaren eskuak, egitasmoak eratu eta
helburuak egituratu ondoren, gauzatu ere egin behar direlako. Eta hemen
bai dela beharrezkoa apaiz guztien lankidetza gogotsu, bizi eta
borondatezkoa. Apaizek euren gotzainarekin gustura eta atseginez
elkarlanean jarduten ez badute, alferrik da egitasmoak bikain eratzea
eta egintzei gogo handiz ekitea, hala-moduzko burutzea izango baitute,
kasurik onenean ere.
Eta delako egitasmo horiek apaizen
irizpide eta ikuspuntuak behar den moduan kontuan hartu gabe ezartzen
badira, zaila izango da apaiz horiek gotzainarekin gogotsu, bizitasunez
eta atseginez elkarlanean jardutea. Gaur egun gogoan hartzen eta
mamitzen ari diren ideien arabera, ulermena, elkarrizketa eta lankidetza
nahitaezkoak dira gotzainaren eta bere apaizen arteko batasun orekatua
eta sendoa egituratu ahal izateko.
Beste alde batetik, gotzainak euren
elizbarrutietan aldi baterako daudela eta bitartekoak direla kontuan
hartuta, halako garrantzia duten argibide edo egitasmo eragileak
elizbarrutiko apaizek sentitzen eta pentsatzen dutenekin bat egin
dezatela da zentzuzkoena. Izan ere, gotzaina hil egin daiteke edo
beste egoitza batera lekualdatu dezakete gutxien uste denean, baina
argibide eta egitasmo batzuek jarraipena izan behar dute elizbarrutiaren
onerako. Eta izan, elizbarruti bereko apaizak dira jarraipen horren
bermerik onena.
Azkenik, elizbarrutiko apaizek laguntza
behar dute gotzainak izan ditzakeen errakuntza edo bidegabekeriei aurre
egin ahal izateko. Gotzainok ez gaude grazian berretsita. Eta ez gara
hutsik gabekoak gure erabakietan. Eta ez gaude jatorrizko bekatuaren
ondorioetatik libre. Apaiz asko kexu da bere gotzainagandik ulermenik
jaso ez duelako eta beste asko aintzakotzat hartu ere egin ez duelako.
Eta apaiz batzuk euren gotzainaren inguruan dituzten adierazpen eta
jarrera batzuk -gogor samarrak izanik ere- beti eta aurretik ez zaizkio
apaiz-senik ezari egotzi behar. Behin baino gehiagotan ez zaie
arrazoi apur bat falta eta.
Gotzainok gure apaizengan
esanekotasunezko krisia antzematen dela esaten dugu. Ez ote genuke hitz
egin behar gotzainengan antzematen den aginte krisiaz ere? Bolo-bolo
entzuten da apaizen artean Vatikanoko II. Kontzilioari buruzko
komentario isekari samarra. Vatikanoko I. Kontzilioak Aita
Santuaren hutsezintasuna erabaki zuela diote. Eta gotzainok izan dugun
lehen aukeraz baliatu garela Vatikanoko II. Kontzilioan geure eskubideak
aldarrikatzeko, eta eurek patxadaz itxaron beharko dutela Vatikanoko
III. Kontzilioaren etorrera, apaizek Elizan duten lekua zehaztu dezan,
“officio et munere Prebyterorum” (apaizen eginkizuna eta ordainketak)
dotrina zaharra berrituz. Beldur dira, Kontziliotik ez ote garen gure
agintea sendotuta eta Aita Santua txiki bihurtuta itzuliko.
Hori guzti ikusita eta, Elizaren egiturak
berak eskatzen duenaren arabera, gotzainaren eta bere apaizen arteko
batasun orekatua gauzatu ahal izateko, batzordekideek komenigarrien jo
dezaten lekuan eta eran, Kontzilioko Dekretuan honako hauek jaso
daitezela proposatuko nuke:
1. Elizbarruti
bakoitzean antolatu dadila, -ad modun presbyterii-elizbarrutiko
aholkularien kidegoa, elizbarrutiko zuzendaritzazarduratzen diren
apaizez eta horiek zuzenean aukeratutako beste batzuez osatuta.
2. Elizbarrutiaren
administrazio eta gobernuan garrantzi handia duten gaietan, gotzainak
kontuan izan dezala aholkularien kidego horren iritzia.
Vatikanoan, 1964ko irailaren 23an.
No hay comentarios:
Publicar un comentario