Puntako euskal idazleek erlijioaz adierazi dutena aztertu du
'Hamaika euskal literato eta Jainkoa' liburuan Sebastian Gartzia
Trujillo idazleak, Felix Ibargutxiren elkarrizketa bat Diario Vascon.
Sebastian Gartzia Trujillo (Barakaldo, 1944) 'Hamaika euskal literato eta Jainkoa' publikatu du, non idazle batzuek erlijioaren inguruan idatzi dutena aztertu duen. Domingo Agirre, Jean Etxepare, Orixe, Lizardi, Mirande, Txillardegi, Juan Marilekuona, Gandiaga, Aresti, Lete eta JosAnton Artzeren obrak aztertu ditu, hain zuzen ere.
Ekonomia ikasi zuen Gartzia Trujillok, eta gero Euskal Filologian doktore egin. Banku batean atera zuen bizimodua eta orain Bilboko Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuan ari da, bolondres moduan. Aurretik bazituen beste liburu batzuk plazaratuak, batik bat euskal idazleen inguruko ikerketa-lanak.
–Liburu benetan lodia da hau, 893 orrialdekoa. Urteetako lana izango zen.
–Gai honetaz mintzatu al zinen idazleekin, ez
dakit... Lete eta Juan Mari Lekuonarekin, adibidez?
–Leteri bidali nion lana, eta gustatu zitzaion.
Artzeri ere bidali nion lana eta ez zion aldaketarik egin.
Lekuonarekin behin baino gehiagotan berba egin nuen, baina
ez gai honetaz, artean hasi gabe nengoen eta. Txillardegiri
ere galdera batzuk egin nizkion, baina modu informal batean.
Lan hau, azken batean, ez dut egin elkarrizketen bitartez,
baizik eta idazle horien testuen bitartez.
–Inpresioa daukat ez daukagula euskal idazle
ateorik. Agnostikoak bai, dezente.
–Lan hau egin nuenean ez nuen alde hori kontuan
hartu. Txillardegiri bai, zuzen galdetu nion: zu zer zara,
agnostikoa ala ateoa? Eta esan zidan: begira, ni agnostikoa
naiz, baina muturrekoa, ia-ia ateoa. Gai honetaz bere buruaz
garbien berba egin duena Aresti izan da; esan zuen bera
sinesgabea zela. Baina sinesgabea bazara ez duzu zertan ateo
izanik.
–Zuk Arestiz hau idatzi duzu liburuan: «Erlijio
traszendentzia laiko bat dauka».
–Kuriosoa da Arestiren kasua. Nik gai hau
aurreiritzirik gabe hartu nuen. Gainera, kontsulta batzuk
egin nituen, Aresti hartu edo ez hartu. Haren kasua
paradigmatikoa da: garbi esaten du bera sinesgabea dela,
baina gero, nire ustez bera da erlijio eskemak gehien
erabiltzen dituena. Arestiren heroiak erlijiosoak dira:
profetak, Zaratustra, Jesukristo, Juan Bataiatzailea... eta
'Maldan behera' poemategian katedral handi baten metafora
erabiltzen du europar zibilizazioaz berba egiteko. Batzuek
ateo moduan ikuste dute Aresti, baina gero hasten zara haren
obrak aztertzen eta...
–Bera Joxe Azurmendiren adiskide izan zen, hau
Arantzazun zebilenean fraide frantziskotar. Eta uste dut
errieta egin ziola Joxeri, honek nolabait federa erakarri
nahi izan zuelako.
–Beno, hori gutunetan azaltzen da. Baina ez ziren
haserretu, adiskide jarraitu zuten. Arestiren olerki
ezagunena badakizu zein den, 'Nire aitaren etxea'. Metafora
hori Ebanjeliotik hartua da, hor mila bider agertzen da
aitaren etxea eta aitaren erreinua. Eta poeman azaltzen den
protagonista martiri bat da. Gainera, azken aldera esaten du
arimarekin defendituko duela etxea. Aresti, zerbait izan
bazen, materialista izan zen, baina olerkirik gehienak
idazterakoan erlijiotik ateratako eskemak eta kontzeptuak
erabili zituen.
–Halaber, liburuan esaten duzu Xabier Letek
fedearekiko izan zuen jarrera hori ez dela hain arraroa
Elizan bertan ere. Lete izan zen pertsona bat sinesten
ahalegindu zena, eta ez dakigu azkenean zenbateraino lortu
zuen sinestun izatea.
–Are gehiago esango dizut: jatorriz-jatorriz,
fededunen jarrera otoizlariena izan zen. Duela gutxi zera
irakurri diot teologo famatu bati: zer da fedea?; otoitz
egitea. Gure artean jarrera hori ongien azaldu duena Xabier
Lete da. Berak esan zuen dogmen bidez ez zuela Jakinkorik
aurkitzen, baina berak otoitz egin nahi ziola, eta bera
sinestuna zela otoitz egiten zuelako. Hori oso inportantea
da, zeren apurtzen baitu ohiko sinestunen eskema. Hemen,
mendebaldean, egia batzuk sinestu behar ditugu, eta egia
batzuk onartzen baditut sinestuna naiz. Buruz sinetsi behar
dugu. Nik diot ezetz, hori ez dela hola. Letek nahi zuen
bere aitarekin egon, Lurdesekin egon, eta horretarako otoitz
egiten zuen. Hain zuzen ere, hori da gaurko teologo batzuek
azpimarratzen ari diren sinestunen jarrera.
–Beste pasarte batean horixe diozu, etorkizuneko
fedea zalantzatia izango dela.
–Moisesena ere halakoxea izan zen. Eta Jesukristok
sekula ez zuen esan berak sinesten zuela Jainkoa zenik.
–Hau diozu baita ere liburuan: «Euskal munduan
erdal kolonizazioa, inon gertatu bada, erlijioaren arloan
izan da».
–Guk, momentu honetan, euskal erlijioaren
sinboloak aukeratu beharko bagenitu, Agirre Asteasukoa,
Txomin Agirre, Resurreccion Mª Azkue eta holakoak aukeratuko
genituzke. Gure abaderik adierazgarrienetakoak izan dira.
Baina irakurtzen baduzu Axular eta horien denen sermoiak,
Trentoko Kontzilioko teologia topatuko duzu. Eta konparatzen
badituzu euskal mitologia eta Trentoko teologia, guztiz
desberdinak dira. Etorri ziren kristau berriak eta hasi
ziren esaten monumentu zaharrak jentilen harriak eta mairuen
baratzak zirela. Nola baina! Hemen sekula ez omen da mairu
edo mororik egon eta! Apaiz haiek ez zuten kontuan hartu
hemengo erlijiotasuna, eta Erromako teologia zabaltzen
jardun ziren. Bada euskal ipuin bat oso polita, uste dut
Beasain inguruko baserri batean jasotakoa. Bazen familia
bat, non ama jatorrizkoa baitzen, eta aita kristaua. Aitak
nahi zituen seme-alabak bataiatu, eta amak ez. Hori posible
zen garai batean. Zer gertatzen da? Kristauek asmatutako
ipuina dela eta ama hori sorgina da eta bukatzen du esanez
bera badoala hortik, eta infernura alde egingo duela.
Erlijio jatorrizkoaren kontrako ipuina da. Holako gauzak
aztertzen ditut Bitoriano Gandiagari eskainitako atalean.
–Bai, hor diozunez, Gandiagak amatasuna itsatsi
zion Jainkoari. Jainko ama nahi zuen berak.
–Bai, Jaungoikoari amatasuna itsatsi zion, eta
gertutasuna, eta askatasuna, eta lurrarekiko harremana...
Gure mitologian Jaungoikoak oso etxekoiak dira eta hildakoak
presente daude. Baina Erromatik etorritako erlijioaren
Jaungoikoa beti urruti dago, oso ondo jantzita dago eta oso
boteretsua da. Nik proposatzen dudana da euskal teologia bat
sortu behar dugula, gure erlijio esperientzian, gure
mitologian, gure erritoetan, gure ohituretan oinarritua.
–Eta zer diozu Orixez? Pertsonaia polemikoa,
inondik ere.
–Banituen erresistentziak nik Orexerekiko, baina
sorpresa hartu dut. Orixeren meritua izan zen
mistika-hizkera sortzea, hitz berri pila bat asmatuta. Eta
bada beste gauza bat Orixerengan ikusi dudana. Mistikoen
ereduei dagokie. San Ignaziorentzat zein da fededun
puntakoena? Gudaria; bekatuaren kontra borroka egiten duen
gudaria. Santa Teresarentzat zein da kristau ideala? Noblea.
Orixek, berriz, gauza bat guretzat mesedegarria egin zuen;
harentzat, mistikoen eredua baserritarra da. Hori, 'Quito'n
arrebarekin' liburuan kontatu zuen. Hor agertzen da alegoria
bat, zer izango den euskaldunen zerua. Eta badakizu nolako
zerua deskribatzen duen? Herri txiki bateko enparantzako
euskal jaia, eta hantxe dantzan San Frantzisko Xabier,
Balentin de Berriotxoa eta beste batzuk. Mahaian, berriz,
Andre Maria, Jesukristo... eta inguruan bertsolariak
kantuan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario