José Antonio Pagola. Itzultzailea:
Dionisio Amundarain
Maitasunerako deia liluragarria izan
ohi da beti. Segur aski, jende askok onartu zuen Jainkoa eta lagun hurkoa
maitatzeko Jesusek egindako deia. Legearen sintesirik hobena zen dei hura.
Baina imajina ez zutena izan zen, behin batean arerio edo etsaiak maitatzeko
eskatuko ziela.
Alabaina, horixe eskatu zien
Jesusek. Bibliako tradizioaren inolako sostengurik gabe, bere herriaren otoitza
elikatzen zuten mendekuzko salmoetatik urrunduz, bere ingurunean arnasten zen
gorrotozko giro orokorrari aurre egunez, ezin argiago hots egin zuen Jesusek
dei hau: «Nik, ordea, hau diotsuet: Maitatu
zeuen etsaiak, egin on gaitzesten zaituztenei eta otoitz egin izen txarra
jartzen dizuetenei».
Eskandalagarria
da Jesusen hizkuntza, eta harrigarria; baina bat dator Jainkoaz berak duen
esperientziarekin. Aita ez da gogorra: maite ditu bere etsaiak berak ere, ez
dabil inor nola galduko.
Bere handitasun ez du jartzen mendekuan, baizik
guztiak baldintzarik gabe maitatzean. Jainko horren seme edo alaba dela uste
duenak, ez du munduan gorrotorik ereingo, ezta ere inor suntsituko.
Etsaia
maitatzea ez da Jesusentzat bigarren mailako bat, ez da zuzentasun heroiko
batera deituak liratekeen pertsonentzat. Dei horrekin, etsaiarekiko beste
jarrera bat txertatu nahi du historian: errotik atera nahi du mundutik gorrotoa
eta indarkeria suntsitzailea. Jainkoaren antzeko izan nahi duen batek ez du
elikatuko inoren aurkako gorrotorik, baizik eta gizon-emakume guztien ona
bilatuko du, etsaiena barne.
Etsaiarekiko
maitasunaz mintzo denean, Jesus ez da ari, gaitza egiten digunarentzat gugan
txera-, sinpatia- edo maitasun-sentimendua elikatzeko eskatzen. Etsaiak kalte
egiten ahal digun etsai izaten jarraituko du, eta nekez aldatuko dira gure
bihotzeko sentimenduak.
Etsaia
maitatzeak hau esan nahi du lehenik eta behin: halakoari kalterik ez egitea, ez
ibiltzea nola kalte egingo, ez desiratzea kalterik. Ez dugu harritu behar halakoarentzat
maitasunik sentitzen ez badugu. Berezkoa du batek zauritua edo umiliatua
sentitzea. Hau da kezkatzekoa: gorrotoa eta mendeku-egarria elikatzen
jarraitzea.
Baina,
jakina, kontua ez da gaitzik ez egitea bakarrik. Urrats
batzuk aurrera egin genitzake, premian ikusten badugu on egiteko prest
egoteraino. Ez dezagun ahaztu, gizakoiago garela barkatzen dugunean, ez eta
mendekatzen garenean halakoaren zoritxarraz poztuz.
Ez da gauza erraza etsaiari zinez
barkatzea. Zenbait inguruabarretan, gerta dakioke jende bati, izatez, ezinezko
gauza izatea bere bihotza ukapenetik, gorrototik edo mendeku-egarritik
liberatzea. Ez genuke juzgatu behar inor ere kanpotik. Jainkoak bakarrik
ulertzen gaitu, hark bakarrik barkatzen digu baldintzarik gabe, baita
barkatzeko gai ez garenean ere.
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario