Lehen kristau-elkarteak ardura handia izan zuten Joanen
eta Jesusen bataioak bereizteko: Joanek Jordan ibaiko uretan murgiltzen zuen
jendea; Jesusek, bere bataioaz, bere Espiritua ematen zuen, bere jarraitzaileen
bihotza garbitu, berritu eta eraldatzeko. Jesusen Espiritu hori gabe, Eliza
itzali egingo litzateke eta agortu.
Jesusen Espirituak bakarrik egin dezake egiazkoago gaur
egungo kristautasuna. Espiritu horrek bakarrik gida gaitzake geure zinezko
nortasuna berreskuratzera, Ebanjeliotik behin eta berriz desbideratzen
gaituzten bideak alde batera utzirik. Espiritu horrek bakarrik ematen ahal
dizkigu argia eta adorea, gaur egun Elizak beharrezkoa duen berrikuntzari
ekiteko.
Frantzisko aita santuak ondo asko daki, etapa
ebanjelizatzaile berri bat abian jartzeko oztoporik handiena, erdipurdiko
espiritualitatea dela. Biribil-biribil mintzo da. Bere indar guztiaz arnastu
nahi du etapa hau: «kartsuagoa, alaiagoa, bihotz-zabalagoa, ausartagoa,
maitasunez beteagoa azkeneraino, eta bizitza kutsagarriagokoa». Dena, alabaina,
alferrik izango da, «Espirituaren suak bihotza sutzen ez badu».
Horregatik nahi ditu gaurko Elizarako «Espirituaz
ebanjelizatzen dutenak», haren ekintzari irekitzen zaizkionak, Jesusen Espiritu
Santu horrengan aurkitzen dutenak «adorea, Ebanjelioaren egia hots egiteko
ausardiaz, ozenki, beti eta nonahi, baita haize kontra ere».
Aita Santuak gaur egungo Elizan eragin nahi duen
berrikuntza ezinezkoa da baldin eta «espiritualitate sakon baten falta
ezkortasun, fatalismo eta konfiantzarik ez bilakatzen bada», edota pentsatzera
eramaten bagaitu «ezin dela ezer aldatu» eta, ondorioz, «alferrik dela
ahalegintzea», edota erabat amore ematen badugu, «pozgabetasun kroniko batek
edota arima lehortzen duen apatiak mendean harturik».
Frantziskok ohartarazten digu «batzuetan gogo-berotasuna
galtzen dugula, ahazten dugunean Ebanjelioak pertsonaren premia sakonenei
erantzuten diela». Halere, gauzak ez direla horrela. Indartsu adierazi du
Frantziskok bere konbentzimendua: «ez dira gauza bera Jesus ezagutu izana eta ezagutu
ez izana; ez dira gauza bera hura bidelagun izatea eta noraezean ibiltzea; ez
dira gauza bera hari entzun ahal izatea eta haren Hitza ez ezagutzea... ez dira
gauza bera mundua haren Ebanjelioaz eraiki nahi izatea eta giza arrazoi hutsez
eraiki nahi izatea».
Jesusekin izandako norberaren esperientziaz aurkitu behar
dugu hau guztia. Bestela, aurkitu ez duenari, «laster faltako zaizkio adorea
eta suharra; eta, jakina, konbentzitua, gogo berotua, segurtatua, maitemindua
ez dagoen pertsonak ezin konbentzitu ahalko du inor». Ez ote da hau oztoporik
nagusienetako bat Frantzisko aita santuak nahi duen berrikuntza eragiteko?
|
||
|
2 Tiempo ordinario - A
(Juan 1,29-34)
15 de enero 2017
No hay comentarios:
Publicar un comentario