Aurreko artikuluan ukitu bat eman genion
‘Hemen’ aldizkariaren 47. aleari. Orain, hel diezaiogun orduan
utzitakoari. Oroituko garenez, ‘fundamentalismoa’ zen gaia. Eta ohartuko
gara, fundamentalismoa, bizitzako eremu guztietan izan daitekeela.
Joxe
Arregiren esanetan, munduan dena zalantzakor eta zalantzagarri
bihurtzen denean, liburua da ziurtasun eta segurtasunaren euskarri.
Erlijioak pisu soziala eta garrantzi kulturala galtzen dituenean,
erakundeak autoritaterik gabe sentitzen direnean, arrazoimenak dogmak
irentsi ezin dituenean, sineskizun zaharrek indarra galtzen dutenean
(…), orduan josten ditu fundamentalismoak, begiak zorrotz eta tinko
liburu sakratuetan. Heldu da hitzez hitzezko irakurketaren garaia.
Fundamentalistarik fundamentalistena
izanda ere ez dago, ordea, idatzi guztiak literalki irakurriko dituenik,
interpretaziorik gabe onartuko dituenik. Zeren hala balitz, gauza
absurduekin egingo luke topo: masaileko bat hartzen duzunean bestea
eskaini, enborra eta lasto izpiarena, eta abar eta abar (propio ipini
ditut bi adibide esajeratu). Idatzi guztien portzentaje handia
hizkera sinboliko eta metaforikoa da, parabolak dira. Esanahi sakon eta
jakinduriaz beteak. Horrela irakurrita bakarrik dute zentzua, horrela
irakurrita bakarrik konekta dezakegu mezuarekin, bestela absurdo hutsak
dira.
Maria Jose Aranak, bere aldetik,
‘emakumea eta fundamentalismoa’ lantzen ditu. Mendebaldeko gizartean
feminismoak egin duen aurrerakadaren ondoren, uste omen dugu
emakumezkoei eraso egiten dien fundamentalismoa, soilik, islamikoa dela.
Egia omen haiek gogorrago hartzen dituela beste batzuekin alderatuta,
baina erlijioak, oro har, ez dira inoiz eraman ondo emakumezkoarekin:
beti galtzaile izan dira, eta “ate” asko legoke, sartu eta gai honekin
loturik dauden gauza ugari aztertzeko. Denek otzan eta mendetasunean
eutsi nahi omen diete, Eskrituren irakurketa partziala, eta, sarritan, manipulatzailea eginik,
maisu inspiratzaileen portaera liberatzaileak, garai hartako
gizartearekiko, ahaztuta. Oso gauza jakingarriak esaten ditu
emakumezkoak lehen komunitatean izan zuen rol eta eginkizunei buruz ere
(propio ahaztuak). Gomendatzen dizuet.
Azkenik, Ramon Miguel Viguriren artikula
dator: “Zientifismoa fundamentalismo bezala eta fedearekiko eztabaida”.
Hau, besteekin alderatuta, teoriko eta filosofikoagoa da. Orixek esango
zukeen moduan, “legortxoa” eta “buruzkotxoa”. Baina saiatzea merezi
duena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario