Páginas

lunes, 23 de noviembre de 2015

60 urte arratiagintzan: Escuela parroquial de aprendices. Gaurko Zulaibar



1955. urteko San Martin eguna zan, azaroaren 11an. D. Jose Maria Gardoki larri ibiliko zan. Egun haretan bedeinkazio berezia eukan egiteko. Sasoi hartan Andra Mari Parrokiko koadjutorea zan. Eguneko errezoak egin eta burutik be pasatuko ez jakon bedeinkapena egin behar eban.

Zeanuriko Udalak Etxebarria eraikina itxia eukan, baina hainbat udal-zerbitzuz okupatua, atxilotuak jagoteko ziegak, adibidez, Martin Orbe abadeak kontatzen deuskunez. San Martin egun haretan, 25 ikasle zeanuriztar egoan egokitu zan eraikinean, lan franko egin ostean. 

Egun haren aurretik hainbat behar egin eben Iñaki Rotaetxe eta Don Pedro Atutxa abadeak. Proiektu hori nahiko barria eta ezezagun izanik, Don Pedrok herrian eukan izen onak asko lagundu eban herrian asmoa zabaltzen. Gainera, etxez etxe ibili zan gurasoak gonbentzidu gurean umeak hara bialtzeko.

Heldu zan eguna. San Martin. Gure herri kulturan be Martiniko esku langile trebe eta buru argia izan da, euskaldunei hainbat aurrerapen ekarria mitoei kasu egin ezkeroz: garia, zerrea… Txikia bezain trebea. Ez zan zaindari txarra holako proiektua bedeinkatzeko.

Urte hareetan, arazoak arazo, ekimen pribatuko eskolen artean aukera bat baino gehiago izanik, holan idazten dau Martin Orbek, Eleizearen Eskola izatea aukeratu zan. Holan, Zeanuriko Andra Mari eta Santiago parrokia bien gidaritzapean jardungo eban Escuela Parroquial de Aprendices izenaz.

Bedeinkazio na izan zan, baina ez nahikoa. Luis Arregi maisuak hartu eban ardura nagusia, Gardokik laguntzen eutson eskola batzuk emoten.

Etorkizuna danok ezagutu dogu. 1967. urten Zulaibar Ikastegi legez, eta gaur egun ere, zelako beharra eta dinamismoa emon deuson Zeanuri eta Arratia osoari, gazteak prestatuz eta lanbide duin baterako hezkuntza bermatuz.

Arratia egiten, arratiagintzan tresna nahi eta nahiezekoa izan da Ikastegi hau, hasieran Escuela Parroquial de Aprendices. Holakoak ez daiguzan ahaztu. Historia ez da gugaz hasi. Amaituko ere ez. Baian aitormena eta esker ona behar beharrezkaok ditugu gizakian oinarritzen dan hezkuntza eta ekonomia bat eraiki gura badoguz.
                
                 Jose Mari Kortazar

No hay comentarios:

Publicar un comentario