Páginas

sábado, 20 de diciembre de 2014

Martin Orbe abadeari omenaldi hunkigarria Zeanurin

Argazkiak: Miren Idigoras


Martin Orbe abadeari omenaldi hunkigarria egin jakon Zeanuriko San Isidro Eleizean. 20 urte egon zan abade Don Martin Zeanuriko parrokian eta bere jubilazio sasoian esker onez gogoratu dau hori herriak.
Martinen agurra. Urutxurturen kronikea. Amurizaren bertsoak.


Eñaut Intxaurragak zuzendu eban ekitaldi batean hainbat talde eta pertsonak hartu eben parte, Martin Orberen beharraren ikuspuntu ezbardinak azpimarratuz eta gogoratua.

Parrokiaren ordezkari Mila eta Bibiñe aritu ziran. Baita ere Zeanuriko txistulariak eta korua, Gontzal Mendibil kantariak, Zulaibar Ikastegiko ordazkari Gorostizagoiza jauna...

Martinek berak ere berbalditxoa eskaini eban, hasiera urduri, hunkituta gero.




Martinen mezua arratia.tk-rako



         Hunkigarria izan zan niretzat barikuko Zeanuriko ekitaldia. Zeanuritarren sortze-ahalmenaren erakus-leiho bikaina izan zan:
ekitaldiaren aurkezlea, dantzariak, bertsolariak, txistulariak, korua, antzerkilariak, kantariak (Gontzalez gain beste kantari bikain  neska gazte bi), elizaren eta eskolaren langintzetako lekukoak ... danak Zeanurikoak!
        Jende asko egon zan; San Isidroko eliza bete-bete.  Urte hareetan Sortzez Garbiaren bederatziurreneko egunetan izaten ziran betekadak bururatu jatazan.
         Argazkiak eta jentearen esaldiak jasotzen dituan koaderno dotorean zure poematxoa be jarri dozu; Interneten irakurrita neukan aldez aurretik
         Hainbeste jenteren maitasunezko alkarlana eta jendeak  hartu ahal izan eban gozamena, herritarren arteko giroa hobetzeko izango al da. Mereziko leuke horreri erreparatzea .
         Baderitxozu, eskertu nire partez herritarrei eta eliztarrei egindako lana eta erakutsitako maitasuna.
         Esker onez, nire agurrik beroena
        Martin

Martin Orbe abadea omendu eben Zeanurin
Jon Urutxurturen kronikea

1958 eta 1978 urteen bitartean Zeanurin abade egon zan Martin Orbe omendu eben zeaniztarrek abenduaren 15ean. Omenaldia Zeanuriko Gabon Kulturaleko egitarauaren barruan antolatu zan eta herriko txistulari taldearen iniziatiba izan zan.
Herria itxi ebanetik 36 urte igaro badira be, oraindino zeaniztar askok gogoan daukie Martin eta omenaldi xumea baina aldi berean hunkigarria antolatu eutsien. Zeanuriko eta Arratiako beste herri batzuetako jende asko hurreratu zan San Isidro eleizara, “Don Martin” omentzeko. Herriko kultur-talde eta erakundeetako ordezkariak protagonismo berezia izan eben ekitaldian: txistulari taldeak, dantzariek, Eñaut Intxaurraga eta Olibares bertsolariek, Zeani Antzerki Taldeak, Esti eta Olatz, eta Gontzal Mendibil abeslariek, abesbatzak, Martinegaz Zulaibargo eskolan behar egin eben lankideek, udaleko ordezkariak… Danek eskerrak emon eutsiezan Zeanurin egon zan hogei urteetan arlo ezbardinetan egin eban beharragaitik: bai eleiza arloan, bai irakaskuntzan Zulaibarko Eskolako zuzendari eta irakasle moduan, eta baita kultura arloan be, hainbat eta hainbat ekintza kulturalen eragilea izan zan eta.
Martinek berak be berba egin eban eskerrak emoteko eta Zeanurin bizi ebazan urteetako anekdota bitxi eta barregarri batzuk aitatu ebazan: abade barri legez, 23 urtegaz, bildurtuta etorri zala gogoratuz eta hogei urte igaro ondoren, 1978an Zeanuri itxi ebanean  On Pedro Atutxa abade beteranoak esan eutsazan berbakaz amaitu eban: “Hi hemen egin haz gizon”.
Ekitaldiari Xabier Amurizak emon eutsan amaierea, bertara hurreratu ziran  guztiakaz batera Martin Orberen Zeanuriko bizipenak laburtzen ebezan bertso idatziak abestuz.
 


Hona Xabier Amuriza lagun eta bertsolariak egindako koplak, partaide guztien laguntzaz kantatu ziranak.

MARTIN ORBE ZEANURIN (2014-12-19)

1) Kantatu behar doguz
lau-bost historitxo
merezimentuentzat
arean gitxitxo.
Gizon bat esker-ondu
gure geunke zintzo
Don Martin edo Martin
askontzat Martintxo.

2) Kantinen emon eutsan
ostatu Nikasik
Juanita ta Txarito
arreba bi kasik.
Bitoriano aita
harro eta pozik
Bizentak lapikoa
lar gazitu ezik.

3) Parroki-eskolatik
abiatu behar
gero hain entzutetsu
egin zan Zulaibar.
Maisu ta zuzendari
urteetan zehar
zenbat behar handi ta
zenbat ames edar!

4) Otzemendi, Uribe
San Migel, San Lontzo
honek hari: “Don Martin
badator” dinotso.
Ziur berau ez dala
ez sugoi, ez otso
paraje guztiari
ondrea damotso.



5) Parrokian be hantxe
fede baten hargin
herri gauzetan barriz
zintzo ta behargin.
Berba suabeakaz
egiak be bardin
danentzat ez zan beti
izango “On Martin”.

6) Mogimentu handi bat
Herri Gaztedi zan
aro garrantzitsua
Martinen bizitzan.
Buruak gogoetan
gogoak ekintzan
asko ikasi gendun
zer egin, zer izan.

7) Baltseoa Zeanin
galazota egoan
Martin tipleak lantzen
eta solfeoan.
Txistulariena be
sortu zan geroan
beitu gaur be zelako
martxea daroan.

8) Ezkontza ospetsu bat
A ze antzez-lana!
Hainbat herritar bertan
aktore zirana.
Guztiei ezin emon
hemen izen bana
“Doctor Pinto” esanda
aituko da dana.

9) Herriko adin eta
ofizio danen
erakusketa eder bat
ibili zan hemen.
Bilboraino heldu ziren
arte eta sormen
arteak majo hartuz
Hotel Nervionen.

10) Su ganean dingiliz
laratzu bal-baltza
hauspeko memoria
hain da aberatsa!
Joten badogu urte
batzuk atzerantza
danean agertzen da
Martinen lorratza.

11) Lan guztiek ez eutsen
ondo-ondo urten
Zamoran, adibidez
argi lotu daiten.
Han ekin eutsan fin-fin
ia urte biten
tunel luze-luze bat
alperrik egiten.

12) Egun honegaz Martin
ondrau gura gendun
lehengo gure abade
eta gaurko lagun.
Baia ez dogu esan
eta esan daigun:
Zenbatek zenbat maite
gendun eta dogun!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario