Páginas

miércoles, 30 de octubre de 2024

heriotzaren ataria dugu bizitza: Joxan Artze


Joxan Artzeren azken liburuaren orrialdeak banatzeari ekin nion aizto batez. Halako baten ate-joka norbait. Bikote bat zen. Jehobaren lekukoak. Edukazio osoz propagandazko esku orritxo bat eskaini zidaten. Luzea, kolore morea, Ipar Ameriketako marrazki topikoa, euskara garbia. Izena: Ba al dago itxaropenik hildakoentzat? Jesus! Ez dagoela ustekabekorik bizian?

Bisitariak agurtu eta nire esku lanari ekin nion. Hemen azala okrea. Irudia lili bat, Ziguin motatakoa, XII. Mendeko Song dinastialdikoa. Izena: heriotzaren ataria dugu bizitza. Holan. Heriotza letra txikiekin. Liburu mardula. 228 orrialde eta inurri, txindurritxo jolasti bat, gora eta behera hainbat 
orrialdetan.
 
 
 
Lehen tomoa, baina ez bakarra. Bere bikoitzak 250 orrialde zenbatuta. Izena: Bizitzaren atea dukegu heriotza. Holan. Bizitza oraingoan letra larriaz, heriotza lehengo moduan, testu barruan, txiki.
Bigarren tomoak dakar liburuon bateo eguna: “agorrilaren 28an, Augustin jaundonearen egunean eman genien liburuoi azken aurreko ukitua; azkenekoa, irakurleak eman beharrekoa baita”. Eta ahalegin honetan hasi naiz. 
Lehen tomoaren inurritxoa legez, hor ibili naiz hor eta hemen, liburu bikoitz hauen gainean zer aurkitzen nuen idatzirik. Oso azalekoa, astiro eta eztiro idatzi beharrekoan, argitaletxeak igorritako parrafoak errepikatuta ikusten nituen hor hemen.  
Lagun teologo batek gogoeta sakon serioa bialdu zidan, lanok Artzeren bibliografian eta ibilbidean kokatuz. Lan ederra, literatura aldizkari batek gustura hartuko zuena.
Aipagarriok liburuok azal eta mamiz. Itxura dotorea, sendoa, gaur egun euskeraz gutxitan aurkitzen dugun paper pisuduna. Marrazkiak, poemen kokapena, orrialdeak kontu eta arreta handiz zabaldu beharra.
Aipagarriok mamiari dagokionez ere. Gaia: bizitza eta maitasuna. Hamaika eratara azaldua. Maitasuna eta maitasun eza. Maitasunik gabeko bizitza eta heriotza gabeko maitasuna. Eta hor, gizakia eta Jainkoa. Jaungoikoa. Ereilea eta maitasuna. Agustinen aipua ez dator amaieran alperrik. Ez dator bukaeran bakarrik. Orrialdeetan ere hor hemen. Gaian sarri-sarri.
Fede gabekoak edo bilatzaileak gustura irakurriko duen lana. Fededunak zinez gozatuko duena.

(jarraituko dau...)

Jose Mari Kortazar, hemen 41 (2014) 80-83


No hay comentarios:

Publicar un comentario