Irakurri hemen lehen atala:
heriotzaren ataria dugu bizitza: Joxan Artze
Bizitzaren saldan urtu eta gustua astiro, bizitza guztian zabaltzeko modukoak. Poeta begetariano batek ez du gustuko izango irudi hau baina irakurleari baliogarri bazaio… Ez jan poemak koilarakadaz, ez bete ahoa letraz. Hartu apur bat, bizitzan urtu, bizitzari bere argia eta gustua eta kolorea eta grazia ematen laga. Izan ahoan, bihotzean, luzaro eta prisa barik poema hura, hurrengoari ahokada egin aurretik.
Artzeren estiloan ohikoa denez, poema batzuk garatzen doaz
orrialdeak pausatu ahala. Bigarren irakurketak lehenari beste argitasun bat
gehitzen dio, beste pausu bat aurrera ematen laguntzen digu. Adibide ditugu: Begiak argi (11, 31 eta 55); Lurrak irrintzi (13 eta 25); Ereilearena (90 eta 158) eta Iturri zaharretik klasiko zoragarriaren bost
bertsio mailakatuak (II 118-119).
Poema asko datatuta ematen dizkigu. Poema batzuk bost urteko
ibilbidea egin dutela dakusagu. Beste askotan jatorria ere argitzen digu bere
oharrak: eguneko santuari dagokiona (30), ebanjelio txatala (176; II, 147) edo
Orduen Liturgiari dagokion aipamena (154). Bere
lehenagoko libururen baten aipua, herri bertso bat, toki bat… horreek ere sarri
dira. Lanak argi egin
nahi dio bizitzari. Lur eta bizitza zehatza dira iturri eta erronka.
Ale biotan hainbat poema anaiaren heriotzari eskeiniak dira
(97, 108, 110-114 eta II 83, 84, 154, 185). Heriotzak izen propioa dauka. Maite
dugunaren izena. Maite gaituanaren izena. Bizitza eta maitasuna, poetaren fede
aitorpena, bilakaera, otoitza.
Jainkoaren isiltasunari buruzko gogoeta sugerikorrak ere
aurki ditzakegu orrialdeton (II 48, 52, 88, 151, 218).
Aipatzekoa egin zait behar dugunaren eta nahi dugunaren
artean dagoen ezberdintasun horretatik poetak ateratzen dituen ondorioak, asko
umeen heziketari dagokiozan arloan, baina helduen bizimoduari ere on dagiguna
kontsumoaren hatzaparretatik libre ibili gaitezen ( 130-134, 141, II 126).
Era kritiko profetiko honetan, ezin utzi aipatu gabe
bederen, diruaren erabileraren aurkako salaketak (129, 210; II 189-190, 193, 196,
202, 210); apaltasunari egindako laudorioak eta harrokeriari emandako egurra
(74-76, 167, 69, 74, 125, 167, 202); edota elizgizonei egindako salakuntza
euskararekiko dugun ez axolakeriaz (147). Gogorrak dira, baita ere, autismoari,
gaurko gizon moderno “autistari” egindako ziri zorrotzak (119-120, 189).
Hainbat gai
gehiago ere badago holako liburu bikoitz aberats honetan. Baina iñurritxo honek egin ditu
hainbat buelta eta hona eskeintzen dizun irakurketa posible bat. Olerkariaren
zereginaz ere badabil poeta. Otoitzaz ere bai. Liburuotan ageri diren poema
batzuk erabiliak izan dira otoitzaldi eta elizkizunetan. Liburuok astiro
hausnartuz gehiago izango direlakoan nago. Horra liburuon beste irakurketa
posible bat.
Horregaitik, eskerrik asko eta zorionak Joxan Artze.
Jose Mari Kortazar, hemen 41 (2014) 80-83
No hay comentarios:
Publicar un comentario