Bakearen eta adiskidetzearen alde bosgarren urtez
egiten dogu Ziortzako otoitzaldia, IV. eta V. bikarietako parrokiek deituta. Aurten
inoiz gertatu ez dana gertatu da, gure gotzaiak bera hara joateko baldintza
moduan jarri dau otoitzaldiaren gogoetaren zati batzuk aldatzea. Gure bikarioak
lurraldeko batzarrean abade eta laikoei esandakoaren arabera, holan aberastu
egiten zan testua.
Bikarioaren esanetan biktima guztiak ezin dira
maila berean jarria. Hori dala-eta, gogoetaren zati batzuk kendu egin ziran,
eta otoitzaldi osoan aipatu ere ez ziran egin presoak, torturatuak, bide
bazterretan isilean lurperatuak…
Adiskidetzearen bide luze
honetan biktimak dira kapitulua garrantzitsua, baina ez bakarra. Biktimak
tratetako orduan ere kontuan hartu behar dira giza eskubideak eta estatu
demokratikoa. Eskubide bat apurtu denean, biktimen artean asimetriak eta
graduak, lehen mailakoak eta hirugarren mailakoak jartzen direnean,
bardintasunaren printzipioa apurtzen da, holan egiten da diskriminazioa. Adibidez
ezin dira eskubide, keinu, politika, justizia, egia, erreparazio eta gure
kasuan, fededun lez, otoitz ezbardinaz tratatu hildakoak, ETAk, GALek edota
arrazoi politikoz Estatuak hil dituelako. Banatu ezina banatzen badogu, onartu
ezina diskriminatzen badogu, ze adiskidetze gabiz eraikitzen? Gure otoitza
printzipio moral orokor hutsetan geratzen bada, ze ekarpen egingo deutsagu gure
herriaren adiskidetzeari.
Eta presoak? Honeek ere ibilbidearen
bazterrean geratu ziran, ahaztuta. Gaur egun motibazio politikoz 500 preso
baino gehiago dagoz, ETAren terrorismoaz salatuak. Kantidade esanguratsu batek
ez dau inoiz odolik isuri, eta, kasu batzutan, delito bakarra ezker
abertzalearen inguruko politak defendatzea baino ez da izan. Ez da bardina
gartzelan egotea hiltzeagatik edo ideia batzuk defendatzeagaitik, gustatu ala
ez ideiok. Eta badira, baita ere, inon aipatzen eta ez dagozen presoak,
Estatuaren menpeko uniformedun, terrorista, kontralatu bako edo paramilitarrek,
200 hilketa baino gehiagoren egileak, non dagoz? Presoen humanidade eta
bergizarteratze printzipioak ukatzea, edo ez aipatzea, ez al da demokrazia ukatzea, ez al da
ebanjelioaren deia?
Torturatuak ez aipatzea,
gerra zibilean hildakoak, (elizeak ere urte luzez bere seme batzuk ahaztuz eta
besteak beatifikatuz) ez dira hutsune nabarmenak?
Hona nire gogoeta batzuk,
zapatuan, Ziortzako bidean ahaztu genduzan pertsona batzuen gainean.
Jose Mari Kortazar
No hay comentarios:
Publicar un comentario