Lehenengo bake-prozesua geure buruarekin egin behar dugu, idazten dau Rufino Iraolak bere webgunean.
Ziortzako Bakearen aldeko V. ibilaldia dala-eta, hona dakargu gogoeta interesgarri hau.
Lau urte tiro-hotsik gabe. Egunotan bete
dira. Bi urte eta erdi armak behin betiko uztea erabaki zuenetik. Egun
hartan atera zitzaidan zizpuru luze, sakon eta zaratatsuak oihartzun
dagi oraindik Txindokiko harkaitzaren kontra. Gauzak ez direla deus
aldatu esaten duenak, ez daki zer esaten duen edo sesio bila dabil. Eta
bitxia da korapiloa: bi aldetan ditu kritikoak, batzuk ez dela aski
esanez, eta besteak oraindik gazta politikoak hor dirauela adieraziz.
Segur aski, biek dute arrazoi, eta espero dut arrazoimena ere biek
izatea. Biek izan dezakete egiaren zati bana, hala ere ez da inor egia
nagusiaren jabe: ideia politikoen izenean inor ez hiltzea da lehenengoa
eta, zorionez, betetzen ari da. Bazen garaia!
Ondorioz, puri-purian daude bake-prozesua, elkarbizitza, adiskidetzea, kontaera, biktimak, presoak… Elkartasun, Enpatia eta Errukiaz tratatu beharreko gaiak denak ere. Nik gaur bakarrari helduko diot: ‘elkarbizitza eraikitzea herrian’. Bizikidetza
kinka larrian al zegoen, bada? Bai, borroka armatuaren garaian hala
egon da, batez ere herri txikietan. Badakit giroa ez dela bere onera
etorriko gauetik goizera, baina etorriko da, eta uste dut baikorrak
izateko obligazioa daukagula.
Dena den, boluntarismo hutsak ez du
balio. Asmo onek, lan pertsonalik gabe, ez dute fruiturik ematen.
Lehenengo baketze-prozesua geure buruarekin egin behar dugu: korapiloak
askatu, amorruak eta herrak baztertu… Inportantea da bakoitza bere
buruarekin adiskidetzea: sentitzen duen guztiarekin onartzea,
gero bestea ere den bezala onartzeko. Sakon-sakonean denok bat garela
esperimentatzea, sare batean lotuta bezala gaudela ikustea. «‘Zu’ beste
‘ni’ bat zara», esaten dute maisu espiritualek. Bakoitzak bere bidea
egin behar du besteei ezer exijitu gabe.
Gertaturikoa hor dago, baina aurrera egin
behar dugu horra murriztu gabe, gelditu eta arrazoi nork zuen
eztabaidatzen hasi gabe. Edo egin behar bada, delako kontaera hori
ahalik zuzena izan dadin egin behar da. Egoaren ezaugarrietako bat da
arrazoi izan nahia. Ez dugu tranpa horretan erori behar. Esan dugun
eran, egia osoa ez dauka inork. Beste zerbaitetan hasteko tenorea da.
“Jaiotzeak hiltzea zor du”, esaten da; baina ez hori bakarrik, baita
bizi izan zaren momentuko zirkunstantzia historikoak aitortzea ere.
Adiskidetzea ez da etorriko sortzen diren
foro “artifizialetatik”, nahiz eta onak diren teorizazio-lanerako,
baizik eta bakoitzaren lan pertsonaletik: zabiltzan tokian hitz egin,
parte hartu gabe egon zaren ekintza batzuetan parte hartu,
erlazio-zirkulua zabaldu… baina zeure burua bortxatu gabe, giroak berak
eramanda.
Sekulako garrantzia du presentean bizi
izaten jakiteak; presentea da denbora erreal bakarra. Zergatik diot
hori? Zahartu garelako, etxean geratzeko tentazioak jo gaitzakeelako.
Gure belaunaldian sortu zen gatazka, eta bake-prozesua ondo bideratuta
ikusi nahi genuke.
Horretarako, inportantea da
aurrerapen-zentzua, xedeari, azkenari, begira egiten dena presentean
gozatzeko. Bestela, zaharrak zirkulaziotik erretiratzea dator. Baina
guk ere disfrutatu nahi dugu bakeaz. Nola? Azkenaren aurrerapena
prozesura ekarriz.
Gatazkaren zipriztinek askori ukitu digu.
Pasatu da, ordea. Beste zerbaitetan hasteko tenorea da. “Jaiotzeak
hiltzea zor du”, esaten da; baina ez hori bakarrik, baita bizi izan
zaren momentuko zirkunstantzia historikoak onartzea ere. Gainera,
azkenean, bizitzak beti konpentsatzen du, beti orekatzen du balantza.
Hoierritarra, Bai Horixe, DV: 140327, moldatua
No hay comentarios:
Publicar un comentario