Páginas

viernes, 3 de mayo de 2013

Soloak bedeinkatu

Mariano maiordomoa bedeinkazioa organizatzen
Soloak bedeinkatzea aspalditik datorren ohitura da Santikurutz egunean. Labrantza bizi dan bitartean usadioak jarraituko dau, bizimodu barriagaz aldatuko dana behar bada. Nekazariak badaki norberaren lan finaz aparte eguraldia ere lagun euki behar dauela. Horra bedeinkatzea edo ondo esatea. Dan dana ez dago gure esku, apaltasuna behar. Gure behar fina beharrezkoa da, beraz horra hor ardura eta lana.
Ardiak bedeinkatu dala-eta egin genduan ohar liturgiko etnografiko bat.

Haren osagarri hona hemen gaur Santikurutz ermitan egindako otoitza, Bitoriano Gandiagaren berbakaz. Argi dago bertan Ernesto Cardenal poetaren aztarna, bibliaren abiapuntua, herriko sentiberatasuna...

Kurutzea ermitaren atarian
Lurrak bere uzta eman du,
gure Jainkoak, bedeinkatu gaitu (66. Sal. 7).



Lurretik bizi gara lurrean:
lehorretik eta itsasotik.
Lurretik bizi gara lurrean:
lur-amak ematen digunetik.
Emankor da lurra, emankor;
bai itsasoz bai lehorrez
emankor da lurra, emankor;
ematen zaionari
esker oneko zaiolako
zein itsasoz zein lehorrez.
Onartzen du euria,
onartzen eguzkia,
onartzen du haizea,
onartzen lainoa.
Leorrez
onartzen du hazia
onartzen du goldea,
onartzen ongarria,
itsasoz onartzen du
arrantzaleen sarea,
Transatlantikoen bidaia,
onartzen du buru onez
dagiogun ongia
ta itzultzen du hartu duen
ehun holako hobaria
fruitu eta emaitza ederretan bihurtu
duen adei guztia,
Jainkoaren bedeinkapen
handiak eman dion
lehor eta itsasoko
ondasun bizigarri
oparo eta eztia.
 

(Bitoriano Gandiaga)

Meza osteko barauskarria