Páginas

jueves, 5 de abril de 2012

Maribel Egiluz igorreztarragaz berbetan



Mojea da, Franciscanas Misioneras de Maria ordenakoa eta 33 urte daroaz Kongon misiolari. Beragaz alkarrizketan egon gara Zeanuriko gaztetxoak.








Maribel Egiluz Igorren jaio zan orain dala 65 urte. Mojea da, Franciscanas Misioneras de Maria kongregazinokoa. Azkenengo 33 urteetan Kongoko Errepublika Demokratikoan egon da misinoetan, Afrika erdialdean. Hiru urterik behin bi hilabeteko oporrak emoten deutsiez. Baina oraingoan egonaldi luzetxoagoa egin dau hemen, ardura handia izan daualako.

Kongoko Errepublika Demokratikoa zabalera handiko
herria da eta lurralde aberatsa baliabidez.
Baina bertakoak ez dira euren baliabideen jabe eta
esplotatu egiten dabez.
65 milioi biztanle ditu eta gehienak pobre-pobreak
dirala esan deusku.

Bertara joateko erizaintza ikasi eban eta frantsesa be bai. Eskuan bi eraztun dituala konturatu gara. Bata zuria, bere kongregazinokoa eta Jangoikoagaz eta lagun hurkoagaz konprometiduta dagoala esan gura dau. Bestea, baltza da, Hegoamerikakoa, eta konpromisoa pobreakaz esan gura dau.
Berbetan egon ginan beragaz gustora, Zeanurin, San Isidro eleizako kapillan.

G: Zergatik erabaki zenduan misiolari izatea?

MB: Zuon moduko gaztea nintzala, misiolariak etorten ziran geure herrira, Igorrera, eta misinoen kontuak kontetan euskuezan. Holan sortu jatan jakinmina. Zer ete da misiolaria izatea?, zer esan gure ete dau? Misiolari izatea besteakaz pentsatzea da; badago jentea, gure modukoa, gu baino askoz txarrago bizi dana eta gure laguntza behar dauana. Horrexegaitik joan nintzan.
Zuok be pentsau beharko dozue hori. Oraindik umeak zarie, baina gero gazteak izango zarie eta pentsau beharko dozue zelan emon daikezuen zuon denborea besteen alde.

G: Zerk emoten deutsu indarra hara joateko eta hango beharra egiteko zure familiatik eta zure herritik urrin?

MB: Jangoikoak bakarrik. Ikusten dozue hortxe kurutzean dagoan Jesus? (Jesuseri begira) Hori hor dago bere bizia gugaitik emon ebalako. Eta nik be pentsau neban: zer egingo dot besteen alde? Jangoikoak emoten deust horretarako indarra.

G: Hemen zer botaten dozu faltan hangorik? Hango gauzen faltarik asmetan dozu hemen?

MB: Nire bizimodua han dago. Ni hemen pozik nago, baina nire bizimodua han dago, eta denbora guztian nago pentsetan hango jendeagaz, hango lanagaz. Orain internet dagoanez denbora guztian nago komunikazinoan hangoakaz. Nik bidaltzen deutsiet hemen zer egiten dogun eta eurek han zelan dagozan. Nire pentsamendua beti han dago.

Nire pentsamendua beti han dago. Orain internet dagoanez denbora guztian nago eurakaz komunikazinoan.

G: Eta han, zu hemekoa izanda, zer botaten dozu faltan hemekoa?

MB: Nik han danerik daukat, biziteko ez jata falta ezer. Baina ni orain zahartuten noa; 65 urte daukadaz. Nik gurako neunke gure lana ez amaitutea gugaz. Horretarako behar doguz langile gazteagoak. Jende gaztea behar dogu gure lanari jarraipena emoteko. Neu be gaztetan joan nintzan Congora.
Hemen pozik eta ondo nago, baina hara joanda asko aberastu naz. Asko erakutsi deustie han: euren hizkuntza, kulturea, euren bizimodua. Hemen egonda ez neban hori dana ikusiko. Pozik nago nire hango bizimoduagaz. Ez daukat damurik hango bizimoduagaz eta atzera be joateko gogoa daukat. 

Ez daukie ezer baina dana emoten dabe

G: Zelangoak dire kongotarrak? 

MB: Kongotarrak jente ona dira. Ez dabe inoiz ixten inor agurtu barik; beti eskua emoten dabe. adiskidetasun handia euki ezkero mosua emoten dabe. Oso beroak dira. Euren etxean ez dabe ezer izaten oso pobreak diralako, baina gaixo bat ikusten joaten garanean, eta aulkirik ez badaukie auzora joaten dira guretzako ezarlekua ekartera. Ez daukie ezer baina dana emoten dabe. Gauza gitxigaz beti dagoz pozik eta beti irribarrea aurpegian izaten dabe.
Kolorez baltzak dira, baina ez baltz-baltzak. Rwandakoak edo Senegalekoak baltzagoak dira. Ezpanak daukiez urtenagoak eta sudurra zapala. Erlijino handikoak dira, fede handikoak. Beti edozein gauza gertatzen danean Jangoikoaren eskuetan isten dabe, esaterako, ume bat hilten jakenean be, Jangoikoaren eskuetan iminten dabe.

G: Zer jaten da han?

MB: Ez dira jaten hemeko moduko janariak. Ez da jaten bardin leku guztietan, desbardin jaten da kapitalean, Kisanganin, Lugunbasin edo herri txikietan.
Badago oinarrizko elikagai bat, egunero jaten dana eta etxe guztietan egoten dana: FUFU deitzen da. Janari hori egiteko urune erabilten dabe, bertako sustraiakaz egindakoa edo tuberkuloren bategaz. Bola modukoak egiten dabez. Hori derrigorrezko jana da eta ez da faltetan etxeetan. Beste etxe batzuetan arroza da oinarrizko elikagaia.
Okela be badaukie. Arrainak be onak dagoz. Frutea be oso ona da: aguakatea, mangoa, platanoak, naranjak… Gauza desbardinak daukiez, klima be desberdina da eta.

G: Ze erlijino daukie han?

MB: Erlijino asko dagoz. Gehienak katolikoak dira, %80 katolikoak dira. Protestanteak  eta ortodoxoak be badagoz. Musulmanak gero eta gehiago dagoz… Beste erlijino edo sekta modukoa da KINBANGISTA. Sektak ugari dagoz.

G: Zer jainko gurtzen dabe?

MB: Jangoikoa bat daukagu danok. Jangoikoa bera. Baina gure Jangoikoa da euren Jangoikoa, Jangoiko bakarra.
G: Zelangoak dira hango etxeak?

MB: Etxeak ez dira hemeko modukoak. Kapitalean dagoz pisuak eta aberatsen etxeak. Bestelako etxeak lurregaz eta harriakaz dagoz eginda. Teilatua orriekaz eta bedar sikuagaz egiten dabe.
Baina han euriteak, uholdeak eta ekaitzak egoten dira eta urak etxeak danak altxau eta eroan egiten ditu, 40 edo 50 etxe era batera be bai. Holango desastreak sarri egoten dira.

G: Zu non bizi zara? Holango etxeetan?

MB: Ez, gure etxeak ez dira holangoak. Gure konbentoak ez dira holangoak. Gure beharra egiteko etxe sendoak behar doguz. Bestela ezin izango geunke gure beharra ondo egin.
Oihanean be, barrualdean badaukaguz komunidadeak, baina gure eraikuntzak eurenak baino sendoagoak eta hobeto eginda dagoz.
Sistema politikoa terriblea da, ez deutso laguntzen bape herriari

G: Hiriak eta herriak dagoz hemeko moduan?

MB: Herri txikiak badagoz eta kapitala be bai. Kinshasa eta Kisangani hiri handiak dira. Hemen gerrea egon zan. Jende asko hil zan: abadeak, mojak eta bertakoak be asko. Herri honeri “ciudad martir” deitzen deutsie. Lugunbasi, Bukavu, Goma hiri handiak dira.
Baina herri txikiak be badira. Barrualdean oihana dago. Han bizi da jente asko. Arazoa da biderik ez dagoala. Bideak asfaltatu barik dagoz, eta kotxeak joateko zailtasun handiak dagoz. Hori arazo handia da, ze barrualdean nekazaritza dago eta lurra landuten dabe. Lurretik ateratzen daben uzta saldu ahal izango leukie hirietan errepideak izan ezkero. Baina errepiderik ez dagoanez produktuak ezin dabez saldu eta usteldu egiten jakez. Holan, gero eta pobreago egiten dira barrualdean. Bertako sistema politikoak ez deutsie ezertan laguntzen baserritarrari. Horregatik gero eta pobreago bizi dira.
Guk barrualdean badaukagu etxea. Bertara joaten gara todoterreno handietan eta medikamentuak eroaten doguz hirian erosita bertara.

G: Zelan dago irakaskuntza?

MB: Han hemen lez maternala edo haur eskolea daukie. Baina garestia da eta ez daukie dirurik haur eskolara umeak eroateko. Lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntza dago 6 urtetik 16 urterarte. Baina eskolea ordaindu egin behar da estaduak ez daualako laguntzen. Ez dagoanez dirurik ezin dabez umeak eskolara eroan eta orduan asko eta asko dira analfabetoak. Sistema politikoa terriblea da, ez deutso laguntzen ezertan bez herriari. Eskolara joatekotan mutilak bidaltzen dabez neskak baino lehenago. Neskak beti etxean. Horregatik andrazkoen artean analfabetismo gehiago dago gizonetan baino.
Baina orain indarra egiten gabilz andrazkoak eskolara eroateko. Gure etxeetan badaukaguz Centros de alfabetización. Bertan andrazko helduak izaten ditugu eta irakurten eta idazten irakasten deutsiegu. 



G: Zelango lanak egiten dabez hango gazteak?

MB: Ez dau behar asko, langabezi handia dago. Gazte asko joaten dira meategietara. Lan gogorra da hori. Atxurtu eta atxurtu, zuloak egiten dabez mineralak aterateko. Coltana da hango mineral nagusia. 15-16 urteko gazteak euren herrietatik urrin joaten dira meategietara bizitzea ateraten. Han ez dabe etxerik izaten eta kanpamentuetan biziten dira. Meategietan istripu asko egoten dira, lurra jausten jakelako gainera.
Beste asko soldadu be hartzen dabez. 16-18 urte bitarteakoak soldadu hartzen dabez eta armadara bidali. Eta beste asko kalean dagoz.



G: Gerrea dago orain Kongon?
MB: Bai, badago. Bukavun gerrea dago orain. Goma, Bukavu, Ubira, hor alderdian gerrea dago. Jendeak urten egin behar dabe euren etxeetatik eta kanpamentuetan bizi dira sano egoera txarrean.

Gerran gehien sufriduten dabenak andrak eta umeak dira. Gizonak gerrara doaz eta andrak geratzen dira bakarrik. Orduan militarrak andrak hartzen dabez eta danerik egiten deutsie. Horregatik andrak etxetik kanpora joaten dira umeakaz. Nazioarte mailako kontzentrazioa izan zan Congon gerraren bidegabekeriak salatzeko.
Eleizeak be asko egin dau bakearen alde. Kinshasan hauteskundeak izan dira. Hauteskundeetan  barriro be Kabilak irabazi dau ze tranpak egin dabez berak urtetako. Eleiza katolikoak salatu egin dau hori. Horregatik orain gerrea dago eleizea eta politikoen artean.

G: Ze ezbehar gehiago dago han?
MB: Nik ospitalean eta anbulatorioan egiten dot neure lana, gaixoakaz, eta danerik ikusi izan dot han, era askotako gaixoak.
Problemarik handiena da ume txikiekaz. Familiek ume asko daukiez. Horreek umeak txikiak diranean, urte t’erdikoak edo, euren ama egoten da hurrengoa itxaroten eta ez dauka zer emon jateko.
Orduan hasten dira arazoak. Umeak desnutrizinoa daukie, gero eta indar gitxiago, gero eta ahulago. Urtet’erditik bost urtera bitartean izaten da edaderik txarrena. Gaixorik dagozanean, desnutridute, umeak egoten dira triste-triste eta gorputza hotz-hotz izaten dabe. Jaten emoten hasten gara apurka-apurka, hiru ordurik hiru ordura, papillatxoa (esnea, orioa eta azukerea), eta holan hasten dira apurka-apurka indarra hartzen eta eurak bakarrik jaten.

Hamabost egunen barruan barretxoak egiten edo olgetan hasten dira. Holan ume asko daukaguz, berrogeitakak edo ehundakak euki doguz. Ohe berean 5 ume edo sartzen doguz ez daukagulako bakotxarentzat bana. Euren amak zelaiean egoten dira, oihalak lurrean zabaldu eta umeak jamoten ohe ondoan.
Medikamentuak be behar izaten dabez.
Diarreak eukiten dabez, gorputza guztiz
desorekatuta izaten dabelako.
Han zabalduta dagoan gaixoa da malaria.
Gaixo hori eltxoak sortzen dau.
Eltxoak pikau eta gaixoa sartzen dau;
herri tropikaletako gaixoa da eta tratau egin behar da.
Kalentura handia emoten dau.
Holangoak  be asko dira gure ospitalean.

G: Guk hemen emoten dogun dirua eta erropa helduten da hara?

MB: Hemen emoten dana heltzen da hara. Dana helduten da. Caritas be badago han eta asko lagunduten dau hango eskoletan. Eskerrak emoten dogu hemeko herriari emoten dauan laguntasunagatik. Hemen emoten dan diruarekin ziurtatzen dogu lehen esan dodan papillea desnutriduta datozen umeentzat. Urtea hasten danean ziurtatu behar da urte guztirako papillea.

G: Zelan ikusten dozu hemeko gazteria hangoagaz konparaute?

MB: Hemeko gazteriak asko laguntzen dau. Boluntario asko egoten dira han laguntzen. Gazteak balio handia dabe, euren gaztetasuna, indarra; balio hori ondo bideratu ezkero asko lagundu leikie gazteak. 

Hemeko gazteriak asko laguntzen dau

Han eta hemen berbaldi eta bisitatxoak egin ondoren barriro be Kongora joango da. Eskerrik asko Maribel!!!