Páginas

viernes, 23 de marzo de 2012

Alkartasunez beteriko erakusketea: Dimara helduko da zapatuan


 


Joan den zemendiaren 25ean Igorren inauguratu zan Arratia-Palenque. Elkartasun zubiak eregiten erakusketa ibiltariak bere ibilbidean aurrera egiten jarraitzen dau; orain arte Igorren, Zeanurin, Artean, Bilboko Begoñazpi Ikastolan egin ditu geldialdiak, eta martiaren 24tik aprilaren 1era bitartean Diman izango da ikusgai. Ondoren, Arratiako gainontzeko herrietan zehar ibiliko da, irakurten dogu gaurko Berria-Hitzan. 
 
Arratiako Eleizeak antolatzen dauan erakusketa honen helburu nagusia zera da: Arratia eta Ekuadorreko Los Ríos probintziaren artean orain dala 64 urte eregi zan alkartasun zubia sendotzea. Kontuan hartu behar da, 1948. urtean Los Ríosko misinoa zabaldu eben espedizinoko 8 misiolarietatik 3 arratiarrak zirala: Maximo Gisasola eta Eusebio Ozerinjauregi zeaniztarrak, eta Frantzisko Arraibi lemoarra, azken hau oraintsu hil dalarik.

            Erakusketea

            Argazki, mapa eta testuen bitartez, misinoaren historia eta baita gaur egun lurralde hareetan egiten dabiltzan lana be batzen da erakusketan. Palenque mapan kokatuz eta misinoaren historiari gainbegiratua eginez hasten da erakusketea. Beste sail batean, gaur egun lankidetzan, garapenean eta askapenean egiten dabiltzan lana erakusten da: nekazal kooperatibea, emakumearen lana, osasuna, herri kulturea, heziketea…

Ez dira ahazten munduko txoko ezberdinetako misinoetan lanean dabiltzan arratiarrak be: Juanita Agirre eta Maribel Egiluz Igorreko mojak, bata Perun, Congon bestea; Bediako Conchita Basaguren, Venezuelan; Dimako Maria Luisa Artabe eta Felipe Bustinza, Kolonbian eta Madagaskarren, Javi Pertika, Txilen, Blas Esparta., Argentinan; Zeanuriko Joan Etxebarria, Justo Artaraz eta Xabier Goikuria, lehenengo Jerusalemen, bigarrena, Bogotan (Kolonbia)  eta hirugarrena, Congon …

            Azken atalean, gaur egun Arratian misinoen alde egiten diran hainbat ekintza azaltzen dira: Igorreko tonbola solidarioa gabonetan, Santa Ageda eguneko diru batzeak,  Caritas Arratiak jairik jai, herririk herri antolatzen dituan Bidezko Merkataritzako postuak edo etxerik etxe hiruhilabetean behin Arratian zabaltzen diran Los Ríos izeneko aldizkariaren 400 aletik gora.
                             
Aurrerantzean erakusketak jarraituko dauan ibilbidea:

Herria
Eguna
Tokia
Dima
Martiaren 24a, 25a, 30a, 31 eta aprilaren 1a
Parrokian
Bedia
Aprilaren 22tik 29ra
Elizpean  eta Katekesi etxean
Lemoa
Maiatzean
Aste kulturalaren egitarauaren barruan, Elizondon
Areatza
Bagilearen 4tik 10era
Ludotekan
Arantzazu
Bagilearen 29tik garagarrilearen 1era
Bibliotekan