Páginas

miércoles, 14 de agosto de 2024

Mertzedetako Ama: Jon Enbeitaren bertsoak



Bertso barriak Mertzedetako Amari jarriak, hitzak Jon Enbeita; Doinua herrikoia, Gernikako Errenteriko Mertzedetarako egokituak.

 Aingeruaren agotik zendun
Jaunaren mezua entzun
Hasieratik bere esanera
bihotza zabaldu zendun
Mertzedetako Dama
Bihotz garbiko Ama
zaite gure argi lagun
Jaunaren berba ulertu eta
bere esana egin daigun.


Une gozo zein une latzetan
eztitu zinan federa
eguneroko barritze baten
egoeren arabera
Mertzedetako Dama
gizaki danen Ama
hemen gatoz otoitzera
debozinoa barritu  nahian
inguruagaz batera

Jesusen Ama bihurtu zinan
Jaun Beraren Espirituz
Bizi Barriko misterioan
apaltasunez murgilduz
Mertzedetako Dama
zeruetako Ama
eskutik eroan gaizuz
Zeure laguntzaz ezagutzera
zure seme Jainko Jesus



Ondo ulertu ezarren zendun
Jaunaren nahia jarraitu
eragozpenak, iluntasunak
sinismen sendoz gainditu
Mertzedetako Dama
ardi galduen Ama
gure fedea barritu
zalantzen gaba ilun honetan
bidea daigun aurkitu

Desterruaren mingotza zendun
Jesus haurtxoagaz jazan
Zenbat jazarpen eta mespretxu
gero be izan zenduzan
Mertzedetako Dama
erbestetuen Ama
lagundu jaiki gaitezan
ez bazterturik, ez zapaldurik
gehiago ez daiten izan



Barri Onaren espiritua
laster zendun zeuregandu
Txiroen lagun, txikien babes
eta minduen ukendu
Mertzedetako Dama
Barri Onaren Ama
ez guregandik urrundu
Egia eta justiziaren
langile izaten lagundu.



Lan isilean, etxe eta auzo,
nekea ez zendun neke
Jaunaren  Ama izanagaitik,
handikeritik aparte
Mertzedetako Dama
bihotz apalen Ama
gure ikasbide zaite
Zeuk legez umil egin daigun lan
besteen pozaren truke



Gurutze baten zure semeak
askatu eban mundua
Jarraitzaileok norberekeriz
ahaztu dogu agindua
Mertzedetako Dama
kristau sendiko Ama
Zeu harturik eredua
berreskuratu daigula barriz
maitasun mandamendua

Zinan guztia eskaini zendun
Jesusen egitasmoan
eta saritzat zeruetara
aitak zinduan eroan
Mertzedetako Dama
zorionaren Ama
izan gagizuz gogoan
Zure betiko zorionean
gaitezan zeure ondoan