Páginas

domingo, 26 de julio de 2020

Santa Ana eta San Joakin

Jai honetarako liturgia lagungarriak euskeraz. 

Irakurgaiak eta bertsoak euskeraz
Mezea Ipiñako Santiago parrokian goizeko 11:30etan. 
Zorionak aitita amama guztiei! 

Gogoeta bi




Agur zuri Joakin,

agur, santa Ana,

Ipiñan Santiago

hurrengo jai dana:

bioi gure otoitza,

ohore ta fama!



Zuen bion frutua

erraietakoa,

Andra Mari umea

zuen arazoa,

zelako alabea

poza zelakoa!



Umea zuentzako

ardura guztia,

bera zuen saria,

begien argia,

altxorrik ederrena

zuentzat Maria!



Salbatzailearena

asko baekarren,

Maria grazi osoz

betea etorren,

zelan egunsentiak

eguna dakarren!



Otoi zu, san Joakin,

otoi, santa Ana,

Mariaren laguntzaz

ekarri gugana

gaur egungo kristinau

familiongana.



SANTA ANA ETA SAN JOAKIN
JESUSEN AITITA AMAMAK


SARRERAKO OHARKIZUNA

         Egunon, guztioi. Ondo etorriak ospakizun honetara.

         Atzo Santiago Apostulua, gaur Santa Ana eta San Joakin, badoaz aurrera, astiro astiro, gure Ipiñako jaiak.
         Jaungoikoaren Semea Nazareteko familia baten bizi da; eta familia hau izango da Jesusentzat pertsona lez heltzen joateko eta Jaungoikoaren Seme izaten ikasteko eskolarik onena. Familia horrek adar asko ditu, eta gaur Mariaren gurasoak ditugu gogoan.
         Ospatu daigun Eukaristia hau familia giroan. Ana eta Joakin, eta gure herriko hainbat guraso eta aitita amamagaitik eskerrak emonaz, bizia eta fedea emon euskuezalako.
         Hasi dagigun, Eukaristia abestuz

         "Zein gozo ta eder dan."

DAMU-OTOITZA

         Senideok: Nazareteko Jesus familia baten jaio eta hazi zan. Bere aitita amama ditugu gaur gogoratzen. Gu, sarritan, ez gara bizi Jaungoiko Aitaren seme-alaba jator lez. Horregaitik, autortu daigun gure pekatua:

         - Jesus Jauna,  familia bati esker,  gizon izaten ikasi zenduana.   ERRUKI, JAUNA
         - Jesus Jauna, gu Jaungoikoaren familiako egitera mundura etorri zareana. KRISTO, ERRUKI.
         - Jesus Jauna, gure familietako maitasunik eza ikusten dozuna. ERRUKI, JAUNA.

HITZAREN LITURGIA

Sir 44, 1. 10-15:

         Entzun dagigun Itun Zaharreko fededun batek egindako kantua. Gizon emakumeen ontasuna da gaia, eta gure arbasoak goratzera dei egingo deusku.

Erantzun-Salmoa:  131. Salmoa

         Sustrai bako landareak ez dau iraungo. Familia dogu gizakion sustraia. Esker onezko izan gaitezen, beraz.

Mt 13, 16-17

         Gure alde entzungo deutsagu Jesusi ebanjelio honetan. Zorioneko deitu deusku, Bera ezagutu dogulako.
         Goratu dagigun Jauna, zutunik, "Aleluia" abestuz.

JAINKO HERRIAREN OTOITZA

         Fededunok familia bat osotzen dogu. Horregaitik, alkartuta, gure familien alde eta giza familia osoaren alde otoitz egiten deutsagu guztion Aitari:

         - Elizaren alde: Kristoren familia osotzen dogunok, gizarte apurtu eta zatitu honetan batasun eta maitasun testigantza emon daigula. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.       

         - Giza familia osoaren alde. Jesusek mundura ekarri dauan bakearen doea emon deion.   ESKATU DEIOGUN JAUNARI.        

         - Euren familiatik urrunduta dagozanen alde, aberria itzi eta urrun joan beharra izan daben  familien alde, sufritzen eta beharrizanean aurkitzen diran familien alde: Aurkitu dagiezala  gugan eta euren inguruko pertsonengan behar dituen laguntza eta maitasuna. ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

         - Ipiñako gure parrokiaren alde, gure arbasoak baloratu eta zaindu dagiguzan, eta eurek emondako bizia eta fedea aurrera eroan dagiguzan.  ESKATU DEIOGUN JAUNARI.

         Entzun, Aita, gure eskariak. Eta emoiguzu zure seme-alaba eta Jesukristoren anai-arreba izateko behar dogun guztia. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.

AZKEN AGURRA

         Senideok, urten dagigun elizatik. Poz orduetan eta ezbeharretan, beti, alkartuta bizi gaitezala, alkarri lagunduz eta poza emonez.

         "Aingeru batek Mariari... "                                                              



Irakurgaiak


Sir 44, 1. 10-15:

Egin daigun gizon ospetsuen goraipamena,
gure arbasoena, belaunez belaun
Ez, ordea, gure arbasoak, gizon zintzoak;
euren egintza zuzenak ez dira ahaztu.
Hareen ondasunak ondorengoengana pasatzen dira,
euren ondarea seme-alabengana.
Hareen seme-alabek leial gorde dabez itunak,
ondorengoek ere bai eurei esker.
Betiko iraungo dau hareen ondorengotzak
eta euren ospea ez da desagertuko.
Hareen gorpuak bakean dagoz hilobiratuta
eta gizaldiz gizaldi bizi da euren izena.
Hareen jakinduriaz berba egingo dabe nazioak
eta hareen gorespena aldarrikatuko herri-batzarrak.


131. salmoa

«Jaiki, Jauna, zatoz zeure egonlekura,
zatoz zeure kutxa indartsuarekin!
Jantzi bitez zure abadeak salbamen-indarrez,
ekin  poz-oihuka zure fededunek.
David zeure zerbitzariaren maitasunagatik,
ez bota zeure aurretik zeuk aukeraturiko erregea



Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik
Mt 13, 16-17

Aldi haretan, Jesusuek esan eutsen ikasleei: “Zorionekoak, ostera, zuen begiak, ikusten dabelako, eta zuen belarriak, entzuten dabelako. Benetan dinotsuet: profeta eta zintzo askok ikusi nahi izan eban zuek ikusten dozuena, baina ez eban ikusi, eta entzun zuek entzuten dozuena, baina ez eban entzun».


Ipuin bat: Amamaren arkatza


Itxi eidazue ipuin bat kontetan. Amama eskutiz bat idazten egoan eta lobak itaundu ei eutson:
-Gu bioi gertatuko zeozer idazten zabiz? Ni ete naz protagonista historia horretan?

Amamak, idazteari itxi, irribarre egin eta erantzun eutson: Bai, zuri buruz nabil idazten. Baina erabiltzen ditudan berbak baino garrantzitsuagoa da erabiltzen dodan arkatza. Zu ere, handia izatean, bera lako izatea gura neuke.

Umeak, lobak, harrituta, holan esan eban: Zer dauka apartekorik arkatz horrek bada? Danon bardina da-eta!

Eta amamak: Gauzak ikusteko moduan dago kakoa! Baditu bost gauza, mantentzen dituzun neurrian, munduan bake-emakume egingo zaituenak.

Bata. Gauza asko egin daikezu, baian ez ahaztu inoiz esku bat dagoela zure urratsak gidatzen. Esku horri guk Jainkoa deitzen deutsagu, eta beti eroango zaitu bere asmorantza: gizaki zorionekoak, besteen senideak. 

Bigarrena. Batzutan egiten nabilen hori itxi behar dot eta punta zorroztu. Arkatzak zeozer sufriduko dau. Zuk ere min batzuk sufritu beharko dituzu, pertsona hobea egingo zaituenak.

Hirugarrena: Arkatzak beti itxiko dausku borragoma erabiltzen txarto dagoena borretako. Ulertu eizu: egin dogun zeozer zuzentzea ez da berez txarra, beharrezkoa da justiziaren bidetik ez aldentzeko.

Laugarrena: Arkatzean garrantzitsuena ez da egurra edo kanpoko marrazkia, barruko grafitoa baino. Zaindu eizu beti zure barrukoa, zure espirituan gertatzen dana.

Azkena, bosgarrena. Beti ixten dau marka bat. Jakitun egon zaitez, bizitzan egiten dozun danak itxiko dau bere traza. Ekintza bakoitza buruz ondo pentsauta egizu.

 

Gogoeta




Jesusen amaren gurasoak, Joakim eta Ana, antzinako Israel eta Israel barria lotzen daben korapiloa edo katebegia lakoak dira. Eurek bitarteko zirela heldu jakun guri “ herri guztiei hitzemandako salbamena”. Damaskoko San Joanek holan goraipatu dauz:             “ Zorionekoak zuek, Joakim eta Ana! Kreazio osoa zordun dozue; zuen bitartez zuen bitartez emon hal izan deutso-eta Kreatzaileak kreazioak emoitza guztietan emoitzarik ederrena: ama beneragarria, hau da, bera sortu dauen Harentzat duina dan ama beneragarria “.  Anda Mariren gurasoei buruzko “ albisteak “ (ezin baieztatu danak historikoak direnik) II. mendeko Santiagoren Protoebanjelioa izeneko liburu apokrifoak emon deuskuz. Agorrak ei ziran, eta Joakimek berrogei eguneko baraualdia egin ei eban basamortuan, umea emoteko Jainkoari eskatuz. Horren ondoren, aingeruak jakinazo eutson entzuna jakola Jainkoak eskaria. Itzuli zanean, Jerusalemgo ate urreztatuan eukan Ana emaztea zain.



Ebanjelioa:

Zorionekoak Jesusen parabolen mezua jaso dabenak. Askok aurpegi txarra egin deutso Jesusi; jende asko ez da gauza izan haren mezua ulertzeko; askoz gitxiago mezu hori bizitzeko; bihotza gogortua dau askok; sorgorra da, ardurabakoa da; bihotz-fintasuna falta jako; aldien ezaugarriez konturatzeko bihotz-zorroztasuna falta jako. Jende apalak baino ez dau ulertu Jesus, Jesusen mezua. Honetarikoak dira ikasleak, santuak; Jesus bera, Jesusen mezua, Jesusen parabolak ulertu eta hausnartzeko gauza izan dira ikasleak, santuak. Zorioneko deitu dau Jesusek holako jendea. Izan ere, zorion-iturri da Jesus.



Dionisio Amundarain, Egunean eguneko ebanjelioa, Bilbo 2007, 755/756. or. Bizkaieraz edo jarrita.



Gaur egun:

Aitita eta amamen eguna be ospatzen dogu gaur. Batzuk arazoak baino ez dabez gogoan: pentsioak agortuko direla, dependentzia eta osasun gastuak, egoitzen egoera… Politiko batzuen ez axolakeria.

Esker onez be ospatu dagiguzan. Egindako ekarpena eta gaur egun be egiten dabena. Familiengan, pentsioagaz langabetuei laguntzen, lobak jagoten… Biziaren eta fedearen dohaian egin deuskuelako.