Páginas

sábado, 15 de enero de 2011

Euskal herriko bakearen aldeko urratsak

Bake-minez bizi izan den herrian bakea sortzen hasi da Urte Berrian. Zain geunden eta iritsi da ETAren agiria. Eguna joan eta eguna etorri, urtez urte herriaren gehiengo zabalak, erakunde, alderdi politiko, gizarte eragile eta Elizak, indarkeria uzteko esan dio talde armatuari eta sufrimendurik gehiago ez ereiteko pertsona, etxe eta gizartean. Azkenean ezker abertzaleak lau haizetara zabaldu du bere erabakia bereziki ETAri zuzendua: borroka armatua soberan dago politika egiteko, borroka politikotik baztertuta geratzen da indarkeria. ETAk iragarri du su-eten iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria. Eta orain zer?



Aurrenik, poztu. Poztu bakea berri ona delako Euskal Herrirako. Poztu guztiongatik, eta batez ere indarkeriaren makurra zuzenen sufritu dutenengatik, arnasa hartuko baitute etxe askotan, arnasa hartuko baitugu gizarte osoak, poztu herri osoagatik. Egia da poza ez dela poz betea, bizitza ugari hautsita geratu direlako, urratuta. Baina itxaropenez betetako poza da, indarkeria itzultzerik espero ez duena. Irrikaz nahi dugu bakearen berri ona. Eta bakea berri on dugulako, hain zuzen, ez gaitu axolagabe uzten. Hemendik aurrera ere erantzukizunez jokatzeko garaia dugu guztiok. Badakigu, horrelakoetan, azaltzen dena baino gehiago izaten dela errealitatea, baina zabaldu dena ikusiz zenbait gogoeta eta konpromiso adierazi nahi ditugu idazki honetan gure kristau kontzientziak bultzaturik.


1.- Bakea giza eskubideen begiruneari lotua dago. Giza eskubide guztiek sorburu bera dute: gizakiaren duintasuna. Duintasun hori beti zaindu behar dugu guztiok. Ezinbestekoa da giza eskubide guztiak betetzea eta garatzea. Bizi-eskubidea da aurren-aurrenekoa eta lehen-lehenik gorde beharrekoa. Su-eten berrian bakea sor dadin ez dago inor hiltzerik. Ezta ere gizakiaren bizia manipulatzerik: pertsona ez da inoren helburuetarako gauza edo tresna bat. Pertsonak bere-bereak ditu segurtasun eta osotasun fisikorako eskubideak. Torturak eta tratu txarrak ez dira libre. Bakeari bide emateko ezinbestekoa da baita ere poliziak beti betetzea atxilotuen giza eskubideak.

2.- ETAk bakea zor dio herriari: indarkeria uzteak, ezinbesteko baldintza etikoa izateaz gain, bakerako urratsa ematen eta politikari bide egitea eskatzen du. Bestetik, ETAk ez du bere burua herriaren ordezkari izendatu behar, are gutxiago herriaren bake-borondatearen gainetik jarri behar. Ez dezake berriro etsira eraman euskal gizartea.

3.- Halaber, boterea duenak zuzen erabili behar du herriagandik jasotako ahalmena. Bermatu egin behar ditu funtsezko askatasun-eskubideak, hala nola, adierazpen-askatasuna eta elkartzeko askatasuna. Agintariek eta herri-ordezkariek ez dezakete alferrik galtzen utzi bakerako aukera bakar bat ere. Ez da zuzena ez onargarria ETAren su-eten adierazpen hau mesprezatzea eta hutsaren hurrengotzat jotzea, alderdi- edo politika-interesak bakearen gainetik jarriz. Kezkagarria iruditzen zaigu aspaldi bizitzen ari garen politikaren judizializazioa eta justiziaren politizazioa. Uste dugu joera bikoitz hori katea eta kaltea dela bakearentzat. Orobat, agintariak bakearen aldeko lan zintzoa zor dio herriari: politikan esku hartzeari oztopoa jartzen dionak borondate kaxkarra erakusten du bakerako, eta alderantziz, bakearen alde dagoenak politika egiteko ateak zabaltzen dizkio orori.

4.- Bakea ez da edozer gauza. Jesusen bakea ez da edozein bake. Ez da bake abstraktua, gorputzik gabea, deslokalizatua. Euskal Herriko bakea ere ez da bake des-herritua, ez da bake deserrotua. Gure herrian ezaugarri bereziak ditu bakeak. Gure herriko bake ezaren jatorrira jo beharra dago bakea zinez ondo sustraitu nahi badugu. Gatazka politikoak konponbide politiko zuzena eskatzen du alde guztietan, eta gure herrian ere bai. ETAk indarkeria uztearekin batera, Euskal Herriko bakeak eskatzen du gatazka politikoa aitortu eta konponezinik dauden aldeek akordio politiko berri bat adostea, inork inor menderatu gabe, herriaren aniztasuna kontuan izanez, inolako aukera politiko bazterrera utzi gabe eta guztiok guztioi emandako demokraziaren legea onartuz, alegia, herriaren gehiengoaren borondatea errespetatuz, betorik ezarri gabe. Desadostasuna adostasun bilakatu arte, bide luzea egin beharko da aurrerantzean. Alferrik ibiliko gara ezinbesteko bidelagun bati heldu gabe: elkarrizketari.

5.- Elkarrizketa da gizon-emakumeok gure arteko arazoak konpontzeko eta bakea egiteko dugun giza bidea, elkarri entzunez eta elkarrekin hitz eginez, elkarri egia esanez, leialtasunez jokatuz eta konfiantzazko harremana sortuz. Elkarrizketa ezin dugu itxitura batean sartu, batzuei atea itxiz eta kanpoan utziz. Nahi duten guztien arteko elkarrizketak posible izan behar du gurean, elkarrizketaren bidez adostu daitekeen akordioa guztiontzat izango bada. Ezingo dugu gauzak bere onean daudenik esan herriaren zati bat bere aukera politikoa libreki egiteko gauza ez den artean. Bakea bake izango bada, ezinbestean libreki esku hartu ahal izan beharko du nahi duen herritar orok politikagintzan. Areago: guztion esku hartzea ahalbideratzea demokrazia kontua da, eta esku hartzea zenbat eta zabalagoa, demokrazia orduan eta sendoagoa. Eta demokrazia zenbat eta sendoagoa, bakea orduan eta zindoagoa. Ezin ditugu banatu bakea eta demokrazia. Banatu ezkero bizikidetza ahultzen da. Kostata eraikitzen ari garen bake, demokrazia eta bizikidetzaren zoruan dugu baita ere Euskal Herriko jatorrizko kulturaren begirunea eta garapena, bereziki euskararena, izan ere euskara normalizatzea baita bizikidetza baketsuaren oinarrietako bat. Ezin dugu orain arte eraikitakoa eraitsi eta hemendik aurrera altxatzea dagokiguna hondatu, ez kristau ez herritar bezala.

6.- Euskal Herrian bakea eraikitzea ez da batzuen lana bakarrik, erakundeetako agintariena, politikoena, talde bakezaleena, etab. Herri osoaren eginkizuna da eta gutako bakoitzarena, zer esanik ez Jesusen jarraitzaileona. Kristauok ondare bat hartzen dugu goizetik arratsera: “Bakea zuei” (Jn 20, 19) esanez agurtzen gaitu Jesusek, gurutzeko heriotza jasan eta Jainkoak pizturik. Gurean bidegabekeriaren gurutzetik igarotako bakea ari da sortzen, erdiminez ari ere. Armak isilduz, giza eskubide guztiak errespetatuz eta Euskal Herrirako itun politiko zuzen bat adostuz, bake ezak egindako zauriak sendatzea faltako da oraindik. Pertsonen arteko adiskidetzea eta gizartean bakezkoak egitea geratuko da. Mendeku-nahirik gabe. Besteari kaltea opa gabe. Guztiontzat bizitza humano, duin eta zuzenagoa eraikitzen saiatuz. Ez da goizetik arratsera burutuko adiskidetzea, bizitza asko betiko hautsita geratu baitira bidegabeki gure herrian alde bateko eta besteko indarkeriagatik. Benetako bakeak gogotik ahalegintzea eskatzen digu.

7.- Gipuzkoako Elizbarrutiak, beste euskal elizbarrutiekin batera, itxaropena erein du joan deneko lau hamarkadatan, ondo garai ilun eta zailetan. Euskal Herriko gotzain izandakoak gidari eta lagun izan ditugu urte askotan bake-bidean. Ebanjelioaren zerbitzura jokatu nahirik eta Euskal Herria maite duten seinale, makina bat aldiz deitu izan gaituzte apezpikuek bakegintzara eta otoitzera. Munduko beste lekuetan bezala, gurean ere bakea posible zela sinetsi dute etsian erori gabe eta arnasa ez galtzen lagundu digute milaka euskal seme-alabari, Elizan nahiz herrian. Orain ere itxaropen aldia dugu, eta bakearen alde apalki bezain kartsuki saiatzekoa. Gipuzkoako kristau elkarteak ezin dio bizkar eman orain arteko ildoari. Ez gara inozoak eta badakigu bidea ez dela xamurra izango, bakea borroka baketsuan irabazten dela, egunez egun aurreratuz, gehienetan neke eta sufrimendu artean. Hori da gure konpromisoa, bakera daraman ibilbide-orriari erne begiratzea eta hainbat eragilerekin batera gure herriko bakearen aldeko urratsak egitea. Helmugan goza dezagula denok bakearen berri ona, «guztion artean guztiontzat eraikitako bakea».

ose Agirre Lizarribar Julian Buitron Escorza Pablo Letona Badiola
Carlos Agirrebengoa Ormazabal Maria Teresa Canal Arce Iñaki Lopez Castañares
Ibon Alberdi Urrestarazu Jose Ignacio Eguskitza Iruretagoiena Maria Carmen Mendez Calvo
Luzia Alberro Goikoetxea Marcos Eizaguirre Zubiarrain Merche Murguiondo Múgica
Juan Aldasoro Zurutuza Eustakio Eizmendi Juan Luis Murua Pagola
Olatz Altuna Olano Angel Elorza Biain Manuel Odriozola Lesaka
Raquel Alvarez Canal Daniel Eskisabel Zurutuza Juan Carlos Olaeta Alvarez
Maria Jesus Amundarain Tolosa Leonardo Esnaola Ollakindia Isabel Pagola Aizpurua
Xabier Andonegi Mendizabal Jabier Etxeberria Arrese Milagros Pagola Aizpurua
Jose Luis Aperribai Madinabetia Antton Etxebeste Goikoetxea Mikel Gotzon Rekondo Amenabar
Fco.Javier Aranberri Mendizabal Ignacio Esnal Lasa Aranzazu Rezola Aristizabal
Ramon Aranburu Otaegi Marian Goenaga Aizpurua Jose Ramón Trebiño
Arantzazu Aranguren Errasti Marije Gerra Gorrotxategi Maria Dolores Udabe Borda
Joxe Arregi Olaizola Miren Gurrutxaga Sagarna Ramon Udabe Borda
Marije Arregi Uzin Maria Pilar Heras Galarza Garate Urrategi Alberdi
Consuelo Ayerbe Cortadi Angel Maria Iturbe Yarza Jose Ignacio Usabiaga Martin
Gloria Balza De Vallejo Urrezola Joxe Mari Izeta Martiartu José Zabaleta Iturrioz
Esther Beobide Larrañaga Jose Maria Iztueta Leunda Pello Zabala Bengotxea
Iñaki Beristain Uzkudun Antonio Labaka Landa Coro Zatarain Gordea
Amaia Bikendi Zendoia Joxan Larrañaga Urain Jesus Zubillaga Zubillaga
Bakartxo Bravo Agirre Romualdo Larrañaga Zubizarreta Feli Zuriarrain Urretabizkaia
Arantxa Larrea Garmendia

No hay comentarios:

Publicar un comentario