Labayru Fundazinoaren informazinoa:
Jose Mari Rementeria zanak dotrinen ganeko ikerketa handia eta zabala egin eban, euskeraz argitaratutako liburu guztien erregistroak jasota.
Lan bibliografiko horren bigarren emaitza argitaratu barri dogu: Euskerazko dotrinak. Kristau katekesia Trentoko Kontziliotik Vatikanoko II. Kontziliora (1545-1962). II. Gipuzkeraz izenekoa. Liburu horretan gipuzkeraz argitaratutako dotrina guztien barri emoten da, baita edizino ezbardinak euki dabezanenak be.Lan hau Euskaltzaindiagaz batera argitaratu dogu, eta Ondarroan aurkeztu dogu, egilearen herrian. Bertan parte hartu dabe Andres Urrutiak Euskaltzaindiaren izenean, eta Adolfo Arejitak Labayrurenean; izan be, Adolfok egindako sarrerea dauka liburuak haren edukiaren nondik norakoak azaltzeko. Eurakaz batera Maribel Aiertzak, Rementeriaren lobeak, emozino handiz gogoratu eban osabearen beharra eta zelako maitasunez jardun eban lan hau amaitzen azkenengo egunera arte.
Lekukotasun honek balio handia dauka hizkuntzaren ikuspegitik, euskeraren bilakaera aztertzeko. Gure hizkuntzaren adierazpen idatziak eleizgizonen eskutik heldu jakuz joan dan mendera arte, eta ibilbide hori ikusteko material interesgarria da Rementeriak inurri-beharra eginda batu dauena.
Aurretik, 2018an, argitaratu genduan lehenengoa, izenburu beragaz baina Bizkaieraz gehigarriagaz. Hau da, bizkaieraz egindako dotrina guztien katalogoa, edizino ezbardinak be bereizita. Nafarroakoa be aurreratuta itxi eban, ia argitaratzerik dagoan egilearen guraria betetzen joateko.
Jatorrizkoa: https://www.labayru.eus/jose-mari-rementeriaren-gipuzkerazko-dotrinen-ganeko-lana-aurkeztu-dogu/

No hay comentarios:
Publicar un comentario